Gizentasuna, arazo handia eta negozio mamitsua
Gizentasuna izurrite bihurtu da mundu guztian, eta zabaltzen eta zabaltzen jarraituko duela dirudi. Osasunaren kaltetan izaten da gizentasuna, eta handitu egiten du zenbait gaixotasun jasateko arriskua (diabetesa, eritasun kardiobaskularrak edo minbizia), baina osasunaren esparrua gainditu du, eta beste eremu batzuetan ere neurtu behar dira gaitz horren eraginak. Kalkuluen arabera, urtean bederatzi milioi euro mugitzen ditu gizentasunaren eta pisu gehiegiaren negozioak, eta diru hori jendearen sakelatik ateratzen da. Pisua galtzeko eginahaletan joaten zaie batzuei dirua, eta euren ezaugarrietara egokitzen diren produktuak erosteko erabiltzen dute beste batzuek (arropa, tresnak, altzariak…).
Azken bi hamarkadetan, gizentasuna hiru halakotu egin da Europan, eta Espainiako datuek honako hau erakusten dute (2006ko Osasun Inkesta Nazionaletik aterata daude): helduen % 37,8k pisu gehiegia dute, eta % 15,6 gizen daude; haur eta gazteen artean ere antzekoa da egoera: % 30ek dute pisu gehiegia eta % 13,9 daude gizen.
Gizentasunak eragin ukaezina du osasunean: bizi-kalitatea txartzen du, arazo psikologikoak eragiten ditu, autoestimua galarazten du, beste gaixotasun batzuk agerrarazten ditu, bizi-itxaropena gutxitzen du eta heriotza tasa handitzen. Kalkuluek diotenez, hiltzen diren hamabi heldutatik bat pisu gehiegiaren ondorioz hiltzen da; urtean, beraz, 28.000 heldu hiltzen dira arazo horren erruz.
Osasun esparrutik harago
Pisu gehiegiak ez dio soilik kalte egiten osasunari eta osasun esparruari. Izan ere, baliabide ekonomiko eta sozial ugari erabili behar izaten dira lehen mailako eta bigarren mailako prebentzioan, eta ez gutxiago gizentasunari lotuta dauden gaixotasunei sendabidea jartzeko. Zenbait datuk erakusten dute Osasun Sistema Nazionalak dituen kostuen % 7 joaten direla epidemia horri erantzuten, nahiz eta aditu guztiak ez dauden ados zenbaki horiekin.
Arazo larria da, beraz, eta halakoetan beti izaten da patrika gizendu nahi duenik ere. Gizentasun tasak gora eta gora ari dira, gure gizarte ereduak gorputz lirainen eredu jakin bat gurtzera jo du, eta, ondorioz, espekulazio, negozio eta are iruzur ugari dabil bazterretan. Jende askok ez du onartzen bere gizentasuna, eta konplexu handiak eta estutasuna izaten dituzte horregatik. Zernahi egiteko prest egoten dira egoera hori bukatzeko, eta bitan pentsatu gabe eskuratzen dituzte era guztietako metodoak, itxuraberrituko dituzten esperantzan (horixe agintzen dute, hain zuzen ere). Metodo horiek, ordea, ez dute eskaintzen ez bermerik ez ziurtasun zientifikorik, eta halaxe erakusten du CONSUMER EROSKI-k berriki egin duen ikerketa batek (pisua galtzeko hainbat produktu ikertu ditugu, eta www.consumer.es gunean irakur daitezke emaitzak). Datuak argi mintzo dira: gizentasun arazoak dituzten % 80k produktu eta metodo miragarriak erabiltzen dituzte, eta argaldu nahi dutenen % 6 soilik joaten dira medikutara edo espezialistarengana.
Oraingoz ez dago esaterik zein eragin ekonomiko duen negozio horrek, baina kalkuluei kasu eginez gero, esan liteke gizentasun arazoak dituen pertsona bakoitzak hilean 60 euro gastatzen dituela Espainian. Eta botikak erabiltzera jotzen badu, urtean 1.000 euro joango zaizkio (bi botikari onartzen zaie argaltzeko balioa, baina ez daude Gizarte Segurantzaren barne).
Lege egoera: berariazko debekuak
Espainiako legediak (1907/96 Errege Dekretuak) galarazi egiten du substantzia anorexikoak eta psikotropikoak nahastea, eta diuretikoak eta heste-aringarriak erabiltzea argaltzeko, eta tiroide hormonak erabiltzea ere bai. Galarazi egiten du halaber produktu batek argaltzeko dohainak dituela iradoki eta “modu naturalean” egiten duela eranstea, publizitatea egiterakoan ahaleginik egin gabe argaldu omen den jendearen testigantzak erabiltzea, edo osasun langileen irudiez baliatzea -izan egiazkoak edo izan asmatuak- produktuaren emaitzak bermatzeko.
Arauak garbi uzten ditu gauzak, baina oso gutxitan hartzen dute aintzat arau hori, eta ehunka produktu miragarri merkaturatzen eta saltzen jarraitzen dute, eta argaltzeko zentroak irekitzen ere hasi dira; dieta miragarriak eskaintzen dituzte, dohainez beteta dauden landareak eta osasunari berebiziko kaltea eragin diezaioketen botika eta produktu koktelak. Botiken eta Elikagaien Administrazio Federalak (FDA), Ameriketako Estatu Batuetakoak, oharra egin berri du argaltzeko erabiltzen diren 25 produkturen gainean, arriskutsuak direla-eta osasunarentzat; telebistan, Interneten, aldizkarietan eta belar dendetan eskaintzen dituzte, eta jendearen esku-eskura daude.
Milioika euro xahutzen ditu jendeak alfer-alferrik ustezko sendabide horietan; hasieran galtzen dute pisu pixka bat, baina pertsonen % 80 berriz lehengora itzultzen dira denbora baten buruan, eta horrek ilusioa eta itxaropena galtzera eraman ohi ditu. Bestalde, argaltzeko zentroen % 68k ez dituzte gainditzen kalitate probak: gaixoari ebaluazio probak egin behar zaizkio, eta zer informazio ematen dioten ere aztertu behar izaten da, zein teknika erabiltzen dituzten argaltzeko, profesionalek zein tratamendu jartzen dituzten edo zein prestakuntza duten.
Medikuntzan bereziki bi alorretan agertu ohi dira mediku-jokabide desegokiak eta intrusismo salaketak: gizentasunaren aurkako sendabideei lotuta dagoen arloa da horietako bat, eta kirurgia estetikoarena bestea. Baina gizentasunaren arazoak hedadura handia hartu du, asko zabaldu da, eta horren erakusgarri dira Interneten agertu diren hainbat produktu: gizentasun arazoak dituzten pertsonentzako tresna eta gailuak dira, altzariak eta osagarri bereziak, gizenentzako baskulak (ohikoek 140 kilotan dute muga), segurtasun uhalentzako luzagarriak (60 euro balio du bakoitzak) edo arropa. Zenbait daturen arabera, urtean 17.000 milioi euroren salmentak egiten dira Internet bidez pertsona gizenentzat eta pisu gehiegia dutenentzat bideratuta dauden produktuetan.
Informazioa eta heziketa, prebentzioaren oinarri nagusiak
Txiki-txikitatik eman behar zaie haurrei osasun heziketa, eta haurtzarotik bertatik erakutsi behar zaizkie zein diren ohitura egokiak gizentasunari aurre egiteko. Funtsezkoa da hori. Baina etxe guztietan ez dute berdin ikusten, eta Almerian egin berri duten inkesta bat izan liteke horren erakusgarri: nerabeen artean egin dute, eta % 97k ez dakite zer den Mediterraneoko dieta, % 76k ez dute etxean gosaltzen, % 73k aldatu egingo lukete beren gorputzaren itxura, eta sasoian egoteko, Internetera jotzen dute dieta baten bila. Ezin da ahaztu, gainera, institutuetako kafetegietan ez dituztela aintzat hartzen Osasunerako Mundu Erakundearen gomendioak (gantzei dagozkienak), eta salgaien artean opilak, patata frijituak eta era guztietako litxarreriak saltzen direla gehien. Horrek guztiak argi erakusten du gizentasuna zergatik zabaldu den hainbeste nerabeen artean. Hori dela eta, adituei funtsezkoa iruditzen zaie bizi-ohitura osasungarriak heziketaren ardatz bihurtzea eta osasun arazo honen inguruko informazioa eta prestakuntza eskaintzea alternatibak bilatu ahal izateko.