Ibilgailurik gabeko bizimodua

Autorik gabe ere bizi daiteke... eta komeni ere bai

Egunero-egunero lantokira autoz joateak gastu ugari eragiten ditu; biltegia erregaiz hornitu behar izaten da, baina ez da hori bakarra: autoari mantentze-lanak egin behar zaizkio, asegurua, eta bidesarietan eta aparkalekuetan ere ordaindu beharra izaten da
1 iraila de 2009
Img informe listado 615

Autorik gabe ere bizi daiteke... eta komeni ere bai

Etxeko atea ireki eta lantokira bidean jartzen da jende asko astelehenetik ostiralera. Autoaren atea irekitzea izaten da lehen urratsa, baina autoaren ateak ez dira beste gabe irekitzen: aseguru etxearen bulegoan jo behar izaten da atea lehenbizi, konponketa-garajean ere bai maiz, eta aterik handiena ere zain egoten da noiznahi, bankukoa, alegia.

Espainiako Sustapen Ministerioak 2008an egin duen inkesta batek erakusten duenez (Mugikortasun Inkesta da), egunero 18 milioi lagun joaten dira lanera Espainian, eta gehien-gehienek autoz egiten dute bidea (11 milioi herritarrek baino gehiagok); beste 4 milioi bizikletaz joaten dira, 3 milioik garraiobide publikoak erabiltzen dituzte (autobusean edo trenean ibiltzen dira, edo bietan), eta milioi bat oinez joaten dira.

Askorentzat autoa da aukerarik erosoena, eta beste zenbaitek ohituraz hartzen du autoa, baina inor gutxi joango da autoz lanera irtenbiderik merkeena horixe zaiolako. Autoan egiten dugun kilometro bakoitza 20 euro zentimo baino gehiago kosta dakiguke, eta kontuak egiten hasita, 5.000 euro inguru izango lirateke urtean. Garesti ateratzen zaigu, beraz, eta are garestiago ordaindu behar izaten du ingurumenak: errepideetan dabiltzan ibilgailuek egiten dituzte gas-isuri kutsagarrien erdiak baino gehiago. Hainbat eta hainbat ekimen jarri dituzte abian erakunde publikoek jendea horretaz ohartarazteko, baina ikusiak ikusi, ezin esan emaitza on-onik eman dutenik, eta jendearen kontzientzia ekologikoa ere apal samar ibili da… krisia iritsi den arte. Kataluniako Automobil Errege Kluba (RACC) elkarteak ikerketa bat egin berri du Espainiako hiri nagusietan, ikusteko zenbateraino eragin duen krisiak herritarren mugikortasun-ohituretan. Gidarien % 66k esan dute lehen baino gutxiago erabiltzen dutela autoa edo motorra, eta % 44k jakinarazi dute orain maizago hartzen dituztela garraiobide publikoak. Krisiak, beraz, izan du eragina herritarren jokabidean, ohartu direlako, nonbait, autoz lanera joatea dirutza handi samarra ateratzen dela hilabetean. Garraiobide merkeagorik ba ote den pentsatzeko garaia da, inondik ere.

Nola gutxitu gastuak: zenbait alternatiba

Autoaren aseguruak eramaten du dirurik gehien urtero-urtero. Egokia izan liteke begiratzea konpainia batean eta bestean zer eskaintzen duten, eta on line edo sarean aritzen diren aseguru etxeen aukera ere aztertzekoa izan liteke. Garajean leku bat alokatuta badaukagu, pentsatu egin beharko dugu ea merezi ote duen etxetik urrunxeago dagoen aparkaleku batean uztea autoa eta gutxiago ordaintzea aparkalekua. Autoari erregaia botatzen ere diru dezente joaten da; Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Espainiako Institutuaren arabera (IDAE), ohitura egoki batzuk hartu eta modu eraginkorragoan gidatuko bagenu, % 20 erregai gutxiago xahutzera irits gintezke, eta autoaren mantentze-lanetan ere sumatuko genuke hori, autoa ez baikenuke hainbeste behartuko (batik bat, galgatze-sistema, enbragea, aldagailu-kutxa eta motorra). Aurrezteko biderik onena, hala ere, garraiobide publikoak erabiltzea da.

Gutxiago kontsumitu eta gutxiago gastatu

Nola lortu erregai gutxiago kontsumitzea eta dirua aurreztea?

Autoa arduraz erabiltzea eta gehiegikeriarik egin gabe gidatzea, hori da lehen baldintza. Hori aintzat hartu gabe, alferrik izango dira gainerako neurri guztiak. Kalkuluek erakusten dutenez, modu batean edo bestean gidatu, handitu edo txikitu egin daiteke erregai kontsumoa, % 15-20 arteraino ere bai:

  • Irten aurretik, ongi planifikatu zein bidetatik joango garen, eta auto pilaketa gutxien izango duten errepideak hautatu beti.
  • Autoa ez gehiegi zamatu, eta maletategian alferrik dauzkagun gauzak atera. Autoan sartzen ditugun 100 kilo bakoitzeko, % 5 erregai gehiago erretzen du autoak. Auto gainean parrilla eramateak, adibidez, % 2 eta 35 artean handitzen du erregai kontsumoa.
  • Aire girotua piztuta eramanda, % 20 ere handitu liteke erregai kontsumoa. Neurrian erabili behar da, beraz. Auto barruan giro atsegina egon dadin, 23-24 ºC inguruko tenperatura eduki behar da.
  • Leihoak ez dira eraman behar guztiz irekita gidatzen ari garenean, % 5 erregai gehiago xahutzen baita. Horren ordez, autoaren aireztapen-sistema erabil dezakegu.
  • Pneumatikoak behar bezala puztuta eta lerrokatuta eduki. Ekoizleak agindutako presioa baino 0,3 bar gutxiago edukiz gero gurpilek, % 3 inguru handitzen da kontsumoa.
  • Azeleragailua zapaldu gabe piztu motorra. Gasolinazko motorra duten autoetan, abian jarri eta berehala hasi behar da ibiltzen, eta gasoliozkoetan, segundo batzuk itxaron behar da piztu eta bidean jarri aurretik.
  • Hirian goazela, eta ahal bada, behintzat, laugarren eta bosgarren abiadura sartuta joan. Autoak erregai gutxiago erretzen du abiadura luzeetan eta erreboluzio gutxirekin doanean.
  • Bidaia abiadura berdin samarrean egin, eta gehiegizkoa ez bada, are hobeto. Abiadura % 20 igotzen den aldiro (100 km/h joatetik 120 km/h joatera, adibidez) % 44 handitzen da erregai kontsumoa (8 l/100 km behar izatetik, 11,5 l/100 km behar izatera).
  • Abiadurak eta tarteak aukera ematen badute, aldagailuan abiadurak gutxitu gabe geratzea komeni da.
  • Autoa gelditu badugu eta 60 segundo baino gehiago egingo baditugu egonean, motorra itzaltzea komeni izaten da.

RACC erakundeak eman dituen datuen arabera, oinarrizko arau horiei jaramon eginez gero eta batez besteko abiadura gutxi beharrik izan gabe, % 25 gutxitu daiteke istripu arriskua, % 20 erregai kontsumoa, % 20 CO2 isuriak, % 70 CO isuriak (karbono monoxidoa) eta % 50 nitrogeno oxidoena. Horrez gainera, kutsadura akustikoa ere gutxitu egiten da, eta berdin autoaren mantentze-lanak ere.

Zenbat kostatzen da autoan egindako kilometro bakoitza?

Alderdi bat baino gehiago hartu behar dira aintzat kalkulu hori egin ahal izateko: hilabetean zenbat kilometro egin ditugun; erregaiak zenbat balio duen; autobidea zein maiztasunekin erabiltzen dugun eta bidesaria zenbatean dagoen; eta aparkatzeko zer ordaindu behar izaten dugun. Horiei guztiei erantsi behar zaizkie ibilgailuak dituen gastu finkoak (asegurua, zirkulazio zerga eta aparkalekua alokatzea, halakorik egingo bagenu), eta konponketa-garajean maiz-maiz egin behar zaizkion azterketei dagozkien gastuak ere kontuan hartu behar dira (gurpilak aldatzea, kilometro jakinetan azterketa egitea…). Datu horiek guztiak eskuetan hartu, eta autoz lanera joatea hilero zenbat kostatzen zaigun jakin ahal izateko, honako formula hau erabil dezakegu: gastu finko bakoitzak hilean zer portzentaje hartu duen kalkulatzen da lehenik; emaitza horiek hartu eta gastu aldakorrei gehitzen zaizkie, eta, azkenik, hilabete horretan egin dugun kilometro kopuruarekin zatitzen da.

Modu grafikoagoan ikusi ahal izateko, CONSUMER EROSKI-k bi gidari mota sortu ditu. A gidaria Madril kanpoaldean bizi da, eta egunero hartzen du autoa Madrila lanera joateko. 50 kilometro egiten ditu egunero (joan eta etorri), Toyota Auris batean. Duela 18 hilabete erosi zuen autoa, eta 100 km bakoitzeko 6 litro gasolio behar izaten ditu; langileentzat prestatuta dagoen aparkaleku batean uzten du autoa, eta ez du ezer ordaintzen horregatik. Etxetik lanera joateko eta handik itzultzeko, ez du bidesaririk ordaindu beharrik, eta etxera iristean, kalean uzten du autoa.

B gidaria, berriz, Bartzelonako probintzian bizi da, herri batean, hiriburutik 42 kilometrora. Bartzelona hirira joaten da egunero lanera, duela 10 urte erosi zuen Peugot 309 batean (100 km bakoitzeko 10 litro gasolina erretzen ditu). Etxera joandakoan, aparkaleku alokatu batean uzten du autoa (60 euro kostatzen zaio hilean), eta lantokira joaten denean, aparkaleku pribatu batean utzi behar izaten du autoa (6 euro ordaintzen du lanegun bakoitzeko). Egunean behin autobidea erabiltzen du, eta 5,30 euro joaten zaizkio horretan. Aurten, gainera, aurreko gurpilak aldatu behar ditu, eta, ondorioz, igo egingo zaizkio mantentze-gastuak.

Erregaiak zenbat balio duen kalkulatzeko, gasolinaren eta gasolioaren batez besteko balioa hartu dugu kontuan (Espainiako Industria Ministerioak hilero egiten du kalkulu hori). Hilabete honetan, 94,74 zentimo egin du gasolinak eta 86,49 zentimo gasolioak.

Bi ibilbideetako bakoitzaren hileko gastuak
Km/hil Erregaia/hil Bidesaria/hil Parkinga/hil Urteko asegurua*
A gidaria 1.000 km 51,89 € 773 €
B gidaria 1.680 km 159,16 € 106€ 120 € 525 €
Zirk. Zerg.
(urtekoa)
Garajea/hil Urteko Mantentzea Hilean, guztira (€) Prezio, 1 km
A gidaria 130 € 350 € 156,31€ 0,15 €
B gidaria 90 € 60 € 750 € 498,91 € 0,29 €

*. Aseguruen prezioak jartzeko, CONSUMER EROSKI-k aurtengo ekainean egin duen ikerketa bat hartu dugu oinarritzat. Autoen eta motorren aseguruak eskaintzen dituzten etxeen inguruko azterketa egin dugu, prezioetan zer alde duten ikusteko. (2009ko ekaina).

Garraio publikoan edo autoa banatuta

Eta garraiobide publikoak hartuta?

Zenbat aurreztuko lukete A eta B gidariek autoa etxean utzi eta garraiobide publikoren bat hartuko balute? A gidariak hilean 156,31 euro gastatzen ditu Madril kanpoaldeko hiri batetik Madrilera joaten. 25 kilometroko bidea dauka etxetik lanera, eta horrek esan nahi du, Madrilgo garraiobide publikoaren sarean, B2 eremuan daukala abiaburua. Astean 10 bidaia egiten ditu, eta hilabetean 40, eta dezente direnez, merezi du ongi begiratzea zein den modurik merkeena. Madrilgo garraiobide publikoek erabiltzen duten tarifa-sistemaren arabera, hiru aukera ditu erabiltzaileak: 10 bidaiako txartela erostea, 14,50 euroren truke (hilabetean, beraz, 58 euro gastatuko lituzke). Hilabete osorako txartela egitea da bigarren aukera; 60,60 euro kostako litzaioke, eta nahi adina aldiz erabili ahal izango luke, eta ez soilik laneko joan-etorrietarako. Azken aukera, berriz, urte osorako txartela egitea litzateke; 590,70 euro balio du B2 eremukoak (hilean 49,22 euro), eta nahi adina aldiz erabili ahal izango luke garraiobide publikoetan. Hiru aukera horietako edozein hartzen duela ere, autoarekin alderatuz, hilean 100 euro aurreztuko ditu, batez beste.

B gidariak, berriz, 498,91 euro gastatzen ditu hilean herritik Bartzelonara autoz joan eta etorri. Honek ere 10 bidaia egiten ditu astean, eta 40 hilabetean. 42 kilometroko bide hori garraiobide publikoetan egiteko, aldirietako trena hartzea izango luke aukerarik onena. Gidari horrek 3. eremuan hartu behar luke trena, horixe dagokio berari, eta bi aukera izango lituzke Bartzelonarako joan-etorriak egiteko: hilabete osorako txartel mugagabea har lezake, 59 eurorekin, edo, bestela, 10 bidaiako txartela, 16,10 eurorekin (hilean 64,40 euro egiten du). Bata zein bestea hartu, autoz joatea baino % 70 merkeagoa irtengo litzaioke trenez joatea: hilean 429 euro aurreztuko lituzke.

Baina garraiobide publikoaren aukera beti ez da izaten aintzat hartzekoa, zenbait erabiltzaileri ez baitie eskaintzen aukera zinez egokirik. Maiztasun gutxirekin ibiltzen dira batzuk, eta besteek zerbitzu aski mugatua eskaintzen dute; denbora ere autoan baino gehiago behar izaten da batetik bestera joateko -dezente gehiago, batzuetan-, eta, ondorioz, kalitatezko garraiobide publikorik ezean, jende askok autoa hartu behar izaten du, garestiagoa bada ere. Elkarte eta plataforma ugarik salatu dute egoera hori, eta eskariak ere egin dizkiete erakunde publikoei behin baino gehiagotan, herritarren mugikortasuna hobetzeko neurriak hartu eta garraiobide publikoa egiazko alternatiba bihur dezaten, eta ez daitezen geratu hitz eta asmo ederretan. Proposamen batzuk ere egin dituzte: autobusen eta trenen abiadura handitzea; bus-BUI (bidaiari ugarirentzako ibilgailuak) motako bide gehiago jartzea; bidesari ekologikoa kobratzea hiru lagun baino gutxiago daramatzaten autoei…

Lanera autoz edo garraiobide publikoak erabiliz joateak hilabetean sortzen dituen gastuak
Autoz joatea Garraiobide publikoetan joatea *
A gidaria 156,31€ 49,22€
B gidaria 498,91 € 93€

* Aztertu ditugun hori garraiobideetan merkeena jarri dugu.

Autoa besterekin banatzea: hasieratik adostu behar da guztia

Zenbaitetan, garraiobide publikorik ez dagoelako edo konbinazio egokirik eskaintzen ez dutelako, autoa erabili behar izaten da ezinbestean. Sakelak astindu handi-handia har ez dezan, autoa beste erabiltzaile batzuekin banatzea izan daiteke irtenbide egoki bat. Gauzak ongi atera daitezen, ordea, hasieratik beretik finkatu behar dira arauak, gero ez dadin arazorik eta liskarrik etorri.

Autoan doan pertsona taldea homogeneoa dela ziurtatu beharra dago eta lan ordutegi berdintsua dutela guztiek. Zehatz-mehatz finkatu behar izaten da zein ordutan eta nondik irtengo garen lanera joateko eta handik itzultzeko, eta beti utzi behar da tartetxo bat irteteko ordua atzeratu ahal izateko, ezusteko edo gorabeheraren bat gertatu eta norbait noizbait atzeratuko balitz ere. Zein gasturi aurre egin beharko zaion hitzartzea ere komeni izaten da; honako gastu hauek hartu beharko lirateke kontuan: gasolina, bidesariak, asegurua, aparkalekuak, konponketa lanak, ibilgailuari ibilian-ibilian sortzen zaizkion matxurak eta etor litezkeen isunak. Azkenik, ordainketa horiek nola egingo diren zehaztuta uztea ere lagungarria izaten da oso: egunero ordaintzea izan daiteke aukera bat, taxi bat izango balitz bezala, edo hilabetean behin ordaindu liteke bestela (hilabete hasieran egitea izango litzateke bidezkoena).

Interneten aspalditik ikus daitezke autoa beste jende batekin banatzeko eskaintzak. Web orriak ere sortu dituzte autoa banatu nahi dutenek hara jo dezaten (batzuk ekimen publikoz sortu dira eta ekimen pribatuz beste batzuk): www.compartir.org, www.compartircoche.net, www.ciberdedo.com. Benetan erabilgarriak gerta daitezke orri horiek, beti ez baita modurik izaten autoa lantegi bereko jendearekin banatzeko. Horretan hasi aurretik, hala ere, autoan joango den jendearekin elkartzea komeni da, aurrez aurre hitz egin, izenak eskatu eta non lan egiten duten jakiteko, badaezpada ere.

Ingurumenari kalte

Ingurumenaren kaltetan

Automobilek isurtzen dituzte negutegi efektua eragiten duten gasetako asko, eta kutsadura akustikoaren eragile ere badira, partikula kutsagarrien igorle ez ezik. Horrek guztiak, jakina, kalte egiten dio ingurumenari eta osasunari. 1990. urtetik 2005era, % 80 igo da Espainian autoek isurtzen duten karbono dioxido (CO2) kopurua. Kyotoko Protokoloak % 15eko igoera ezarri zuen aldi horretarako, eta Espainiak ere bere egin zuen konpromiso hori, baina ez du bete. Zergatien artean, honako hau izan liteke nagusia: auto kopurua erruz ugaritu da Espainian. RACC erakundearen arabera, 1990ean 14 milioi auto zeuden Espainian, eta egun, berriz, 22 milioi dabiltza.

Froga egin dugu: Bartzelona inguruko herrian
bizi eta hirian lan egiten duen lagunak
autoa beharrean trena hartuaz gero hilean
429 euro aurreztuko lituzke

Gaur egungo auto bakoitzak, hala ere, lehengoek baino gutxiago kutsatzen du. 2002. urtean, Europako auto berriek, batez beste, 200 gramo CO2 isurtzen zituzten kilometro bakoitzeko, eta handik bost urtera, 160 gramotara jaitsi zen betez bestekoa. Bada zerbait, baina ez aski. Auto ekoizleek muga bat jarria dute 2007. urteaz geroztik (Europako Batasunak agindua da): kilometro bakoitzeko, ez dute isuri behar 130 gramo CO2 baino gehiago. Lortzeko modukoa al da hori? Hala dirudi. 2015. urterako lortuko dutela ematen du, baldin eta egoki konbinatzen badituzte teknologia eta bestelako neurri batzuk (bioerregaien erabilera, adibidez). Baina lan guztia ezin da utzi berrikuntzaren eta ingeniaritzaren esku. Batez besteko hori lortuko bada, gidarien esku egongo da zeregin nagusia.

Partikula-iragazkiaren garrantzia

Auto guztiek ez diote berdin eragiten ingurumenari. Hainbat alderdiren araberakoa da hori, baina badira bi alderdi bereziki aipagarriak: autoak zenbat erregai kontsumitzen duen eta zer pisu duen. Diesel autoetan, jakin behar da ea autoak baduen partikula-iragazkirik. Diesel motorrak gasolinazkoak baino eraginkorragoak dira, eta CO2 gutxiago isurtzen dute, baina badute alde txar bat ere: kedar asko uzten dute airean (karbono partikulak) eta nitrogeno oxidoak ere bai. Iragazki on batek partikula horien % 90 ere atxikiko lituzke, nahiz eta iragazkirik gehienek % 70 edo 80 inguru atxikitzen dituzten. Nitrogeno oxidoak harrapatzeko gailuak ere badira; iragazkiek bezala jokatzen dute, baina berrikiago sortuak dira. Gure autoak urte batzuk baldin baditu, segur aski ez du edukiko partikula-iragazkirik, eta halakorik ez badauka, nekez eduki du nitrogeno oxidoak harrapatzeko gailurik. Ibilgailuaren dokumentazio teknikoa aztertuta jakin dezakegu gureak iragazkirik baduen, edo, bestela, modu erraz-errazean egiaztatu ahal izango dugu: azeleratzerakoan ke beltz-beltz trinkoa ateratzen zaion begiratu dezakegu (iragazkirik balu, apenas irtengo litzatekeen kerik).

Partikula horiek, ingurumenari ez ezik, osasunari ere egiten diote kalte. Arnasketa-sisteman barneratzeko gaitasuna daukate, eta birika-ehunean pilatzen dira.

Partikula zenbat eta txikiagoa den, orduan eta kalte gehiago egin dezake, errazago barneratuko baita biriketako zeluletan.

Orain artekoez gain, ibilgailuek badute kontuan hartu beharreko beste osagai bat ere: aire girotuak erabiltzen duen hozgarria. Askok eta askok fluorokarbonatoak erabiltzen dituzte, eta konposatu horiek negutegi efektua eragiten dute. Horien arazoa zera da: tresna behin erabiltzeari utzi eta atmosferara isurtzen badira, CO2 baino are kaltegarriagoak dira. Azken batean, beroa xurgatzeko erabiltzen dituzte gas horiek. Hainbat kalkulu egin dira, eta horiek esaten dutenez, hidrofluorokarbono (HFC) kilo baten eragina 3.830 kilogramo CO2-rena adinakoa da 20 urtez. Europako Batasunak zenbait neurri hartu ditu 2011. urtea bitarte HFC-134a substantzia poliki-poliki desagertuz joan dadin autoen aire girotuetatik, eta horien ordez beste gas hozgarri batzuk erabil ditzaten.