Haurtzaindegi publikoetan ez dago leku nahikorik
Oraindik ez duzue haurtzaindegirik bilatu?” Seme-alaba berria besoetan, erditzearen izerdiak pasa direlako pozik, guraso berri askok zur eta lur hartzen dute ingurukoen eta lagunen galdera, behin eta berriz errepikatzen zaiena. Haurtzaindegia erraz aurkituko dutela uste dute guraso asko eta askok baina errealitateak ezetz dio, ez dutela hain erraz lortuko, bereziki plaza publikoa lortu nahi badute. 2008-2009 ikasturtean, sei urte arteko ia milioia eta zortzirehun mila haur joan ziren Espainian dauden 6.843 haur-eskola edo haurtzaindegietariko batera. Horietatik % 67ak zentro publikoa aukeratu zuen eta beste guztiek pribatura jo zuten, askok, nahita baino egoerak behartuta, ez bai-tzuten plaza publikorik aurkitu. CONSUMER EROSKI-k 164 haur eskola eta haurtzaindegi aztertu ditu (83 publikoak, 69 pribatuak eta 12 kontzertatuak), Espainiako 18 lurraldetan eta kalitatea ez, kantitatea, horixe dela arazoa ikusi du. Eskaintza publikoak ez du asebetetzen gizartearen eskaera, eta hobetu ere, apenas hobetu da. Izan ere, 2005an antzeko beste ikerketa batek egoera oso antzekoa eraku-tsi zuen. Ez da edonolako arazoa, kontutan izan behar baita eskola publikoan lekua askoz merkeagoa dela eta orohar, baita hobea ere, nahiz eta zentru pribatuen maila egokia den.
Prezioei begiratzeko orduan, denetarik dagoela esan behar da. Gurasoen maila ekonomikoari begiratzen zaio normalean kobratzeko orduan eta beraz, era guztietako prezioak aurki daitezke, famili-egoeraren arabera. Pribatuen kasuen, haurra egun osoan uzten bada, bazkari eta askaria ordainduta, batez-besteko prezioa 310 euro izaten dira hilean (2005an 254 euro ziren, % 22 gehiago orain). Baina aurkitu ditugu 200 eurotakoak zein 400dik gora euro kobratzen dutenak. Alde horiek lurralde batetik bestera nabarmenak dira (Bartzelonan, adibidez, 410 euro kostatzen da zerbitzua batez-beste eta Kordoban, ostera, 200 euro eskas) baina lurralde berean ere aurki daitezke. Murtzia, Sevilla eta Alacaten, adibidez, 240 euro kosta-tzen da hilean zerbitzurik garestiena eta merkeena, berriz, 45 euro baino ez. Bizkaian 60 eurokoa aurkitu dugu eta Errioxan, beste horrenbeste. Gehiago ordaintzeak, gainera, ez du esan nahi zerbitzu hobea jasoko dugunik. Eskola publikoetan, batez-beste, hezitzaile gehiago dituzte guk aztertu ditugun hiru adin-taldeetan (urtea egin arteko umeak, urte bete eta bi artekoak eta bitik hiru bitartekoak). Eskola publikoak dira, halaber, patio eta lorategi propio gehiago dituztenak. Ordutegiak, ostera, malguagoak dira zentru pribatuetan eta ordutegi ofiziala 8 ordu badira ere, zentroaren jabetza pribatua denean hamar ordu ere gera litezke haurtxoak eskolan. Haurtzaindegi publikoen % 96ak onartzen dituzte hezkuntza behar bereziak dituzten umeak (2005an proportzioa berdina izan zen) eta pribatuetan berriz, por-tzentaia % 88koa da (hobetu egin da, hala ere, % 81 zen duela lau urte). Gurasoak lasai egon daitezen zera esan daiteke, bai pribatu bai publikoetan, hezitzaileen maila eta trebakuntza egokiak direla (Haur Heziketako Irakasleak dira, Haurtzaindegietako Teknikari Adituak edo Haur Heziketako Goi Teknikariak).
CONSUMER EROSKI-k 164 haur eskola aztertu ditu, beraien ezaugarriak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak. 83 ziren publikoak, 69 pribatuak eta 12 kontzertatuak. Honako lurralde hauetan: A Coruña, Araba, Alacant, Asturias, Bizkaia, Bartzelona, Errioxa, Gipuzkoa, Granada, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Seme edo alabarentzat leku bila zeuden gurasoen itxura eginez, aldizkari honetako teknikariek banan-banan bisitatu zituzten 164 zentruak eta hori baino lehen telefonoz eskatu zuten beharrezko informazio guztia, haurtzaindegietako arduradunekin hitz eginez (eskola publiko batzuetan ezin da bisitarik egin ez bada lehenik eta behin zuzendariaren edo erakunde publikoen baimena eskatzen eta kasu horietan teknikoek esan egin behar izan zuten CONSUMER EROSKI-rentzat ari zirela).
Prezioak eta ordutegiak
Hileroko kuota… eta beste hainbat gastu
Hamar eskola pribatutik bederatzik matrikula egiteagatik kobratu egiten dute. Batez-beste 127 euro izaten dira (duela bost urte baino % 48 gehiago), baina alde nabarmenak daude (215 euro kobratzen dira batez-beste Araban eta 65 euro Asturiasen). Gainera, zentruen % 10ean ez da matrikularik ordaindu behar.
Izen ematea, ostera, lehenbiziko gastua baino ez da, bereziki eskola pribatua aukeratu duten gurasoentzat. Gero etorriko dira uniformearen gastua, kanpora egiten diren ibilaldiena, igeriketa klaseena (igerilekua duten eskoletan), jaiena (Gabonetan eta ikasturte amaieran egiten direnena), psikomotrizitate klaseena, psikologoarena, Guraso Elkartearen kuota eta baita berogailuarena ere. Aztertu ditugen hamar eskolatik zortzitan (denak pribatuak ziren), umeei janaria berotzen bazaie kobratu egiten eta, nahiz eta etxetik ekarritakoa izan. Sevillako bost eskoletan, eta Zaragoza, Asturiaseko eta A Coruñako banatan 10 eta 80 euro artean kobratzen dituzte hilean esandakoagatik: janaria berotu edota haurrari emateagatik.
Haurtzaindegi publiko eta pribatuen prezioak
Haurtzaindegi publikoetan 3 urtetik beherako haurrentzat leku nahikorik ez dagoenez, guraso asko eta asko kanpoan geratzen dira. Erkidego autonomoen arteko arauak bateratzeko, Administrazioak ezartzen ditu denentzako irizpideak, gutxi-gora-beherakoak behintzat. Nori ematen zaion plaza? Ba, gurasoek irabazten dutena hartzen da kontutan, etxetik urbil edo gurasoen lantokitik gertu dagoen zentroa zein den, ume bakarra ala seme-alaba asko ote diren etxean, gurasoen lan egoera zein den, ezindurik ote dagoen familian edo eskola berean beste anai-arrebarik ote duen umeak. Irizipide hauexek erabiliko dira hileroko kuota ordaintzeko eta horiexek baita ere garraioaren, izen ematearen eta jantokiaren gastuak kobratzeko. Eskola publiko gehienetan hilero ordaintzen denarekin umeak egun osoa egin dezake eskolan eta jantokia erabili. Prezio aldaketa nabarmenak ikusi ditugu guk, hala ere (367 euro Gasteizen eta 136 Murtzian) eta erkidego autonomo batek edo besteak, nork duen eskuduntza, hori ere nabaritu dugu (279 euro kostatzen dira Andaluziako Juntak jarritako eskolak eta 198 euro Eusko Jaurlaritzaren esku daudenak).
Prezio publiko hauek, ostera, gehien-gehienezko tarifak dira eta oso gutxitan kobratzen dira. Leku nahikorik ez dagoenez diru gutxien duten familien beharrak hobesten dira eta beraz, gastuaren zati bat diruz lagunduta izaten dute.
Ordutegietan, denetarik
Zortzi orduz egoten dira zabalik, normalean, eskola publiko zein pribatuak. Hala ere, egon baduade sei orduz bakarrik aritzen diren zentruak eta hamar orduz ateak zabalik dituzten eskolak ere, gehienak pribatuak. Aztertu ditugun eskolen erdietan gera daitezke umeak hasieran adostutako orduak baino gehiago (pribatuen % 70ak ematen du aukera hau eta publikoen % 39ak soilik). Hori bai, gurasoek zerbitzu hori erabiltzen badute, ordaindu egin behar dute, batez beste, 35 euro hilean, duela lau urte baino 9 euro gehiago.
Beste aukera bat irteera eta sarrera ordutegi malgua da. Modu horretan, haurrak adostutako orduak baino ez dute egingo gelan baina gurasoen ordutegira moldatu ahal izango ditu. Duela lau urte eskolen % 94ak ematen zuen aukera hau, baina orain % 47,5ak baino ez du ematen. Beharbada, azalpena dirudien baino errazagoa da: eskola horietako asko eta askok ordutegi malguaren ordez, ordutegi zabala eskaintzea erabaki dute. Oraindik orain, eskola pribatuak dira malguenak, % 69ak ematen du aukera hau eta publikoek artean, % 25ak soilik.
Hamarretik zazpi haur eskola edo haurtzaindegik irailetik uztailera egiten dute lan (% 10ak abuztuan ere zabalik izan ditu ateak, gehinetan pribatuek). Baina askok udako hilabete horietan ordutegi laburragoa dute eta Aste Santuan, Gabonetan eta herriko jaietan itxi egiten dute.
Haurraren heziketa osoan zehar, baina bereziki jaiotzetik hiru urte bitartean, gurasoak ezin bestekoak direla esan beharrik ere ez dago. Eskolak badu, jakina, hezitzeko ardura baina familiarekin batera egin behar dio aurre erantzunkizun horri. Haur txikiari bere ‘egokitze prozesuan’ laguntzeko, hona hemen zenbait aholku:
- Lehenbiziko egunetan umeak ordu gutxi egingo ditu bakarrik haurtzaindegian eta ordutegia zabaltzen joango da, pixkanaka. Zenbait eskolatan gurasoak bertan geratzen dira, haurra inguru berrira egokitu arte.
- Ulertu egin behar da umearen deserosotasuna. Egokitzeak denbora eskatzen du.
- Ez da komeni agur esateko unea luzatzea. Eta umea denboraz eraman behar da eskolar, presaka ibili beharrean.
- Klaseak bukatzen direnean, haurrari galdetu egin behar zaio zer egin duen eta aurrerakuntzak ilusioz hartu.
- Duda edo kezkarik badugu, hortxe daude hezitzaileak. Trebaturiko profesionalk dira eta lasaitu egingo gaituzte.
Haurra eskolan dagoen bitartean, gurasoek bere garapenari buruzko informazioa behar dute. Azken baten, eskolan irakasten zaiena eta etxean esaten zaiena, bide beretik joan behar dira eta bat etorri.
- Haurra eskolan hasi baino lehen, guraso eta hezitzaileen arteko elkarrizketa antolatzea komeni da. Umea ezagutzeko eta haurraren ingurukoak ere ezagutzeko lehen pausua izango da.
- Gurasoek noizean behin zentrua bisitatzea komeni da, haurra nola dabilen jakiteko, hezitzaileek ze tratu duten berarekin, ze eratako jolasak antolatzen dituzten… etabar.
- Joan egin behar dute gurasoek hezitzaileek antolatutako bileretara eta beharrezko ikusten badute, beraiek ere bilerak eska ditzakete.
- Zentroak antolatzen dituen jardueretan parte hartu behar dute gurasoek.
Hezitzaileen trebakuntza eta zentroen hornidura
Hezitzaileen trebakuntza egokia da
Zentro hauetan lan egiten duten profesionalen trebakun-tza egokia dela esan liteke (denak dira Haur Hezkuntza egin duten Magisteritza diplomatuak, Haurtzaindegietako Tekniko Adituak edo Haur Hezkuntzan Goi Teknikariak). Hiru eskolatik batek psikomotrizitatean adituren bat dauka eta psikologoa ere bai. Baina % 11ak bakarrik terapeutaren bat. Hala ere, era honetako aditurik ez duten lekuetan kanpoko aholkularitza izaten dute beharrezkoa denean, pediatren laguntza (zentruen % 41ak), elikaduran adituena eta logopedian adituena (% 45a, bi kasuetan).
Ikasketa egokiak izateaz gain, bada beste irizpide garrantzitsurik umeak ondo jagonda daudela jakiteko. Hezitzaile bakoitzak zenbat umeren kargu hartzen duen, alegia. Zenbait autonomi erkidegotan exijitzen diren gutxienekoak zabalagoak badira ere, adituen iritziz, hauek dira bete beharreko kopuruak: urte betetik beherako haurren kasuan, hezitzaile bat zortzi haurrentzako eta umeak 8 urte baino zaharrogoak badira, hezitzaile bat 13 umerentzako. Beti ere, gutxienekoez ari gara, eta bi urte edo hiru urte izatearen artean alde handia dago. Bi urtetik beherako umeen kasuan hogeiren ardura izan dezake pertsona bakarrak, hiru urte eta sei artean hogeitabost ere har ditzake.
CONSUMER EROSKI-ren txostenak erakutsi duenez, hezitzaile bakarra dago haurtzaindegi publikoetan 6,3 ume bakoitzekiko eta 6,9 ume bakoitzekiko haurtzindegi pribatuetan. Urte betetik beherako haurren kasuan beti ere. Urrengo taldean ere (urte bete eta bi urte arteko taldean), egokia da hezitzaile eta ume kopuruaren arteko harremana, 9 umeekiko hezitzaile bakarra publikoetan eta pribatuetan 9,8 umeekiko bat. Bi eta hiru urte arteko umeen kasuan ere, hezitzaileek ez dute behar baino ardura handiagorik. Hezitzaile batek 12 umeren kargu hartzen du, batez-beste, berdin publiko zein pribatuetan.
Zentroak oso seguruak dira, garbiak eta txukunak
Bisitatu ditugun eskolak seguruak direla esan dezakegu eta segurtasuna hobetu egin dela 2005ko txostenarekin alderatuta. Zentro gehienetan larrialdietarako plana dute, nahiz eta erdiak soilik (publiko zein pribatu) egin zuten aurreko urtean sute-itxurarik. Zentro gehienetan daude su- itzalgailuak, larrialdi irteera ongi argiztatuak eta alarma egokiak, baina faltan bota ditugu suaren kontrako ateak eta ke detektagailuak.
Ume txikienek eskatzen dituzten segurtasun neurriak ere betetzen direla ikusi dugu. Loki edo entxufeak babestuta daudela, berogailuak ere bai, ateak ez direla kolpe hutsarekin indarrez ixten eta leihoak gorago jarrita daudela. Zoluak ere ez direla labainak ikusi dugu, ez gelan bertan, ezta komunetan ere.
Gurasoentzako gogorra izan da ume txikia beste inoren esku uztea eta maiz, beste ezerk baino gehiago ardura die eskola egokiarekin asmatzeak. Beldurra ematen du beti hautaketak eta beldurra uxatzeko modu bakarra eskola egokia aukeratzeari denbora eskaintzea da. Komeni da, hori egiterakoan, honako alderdi hauei erreparatzea:
Zentroa
- Eskola edo haur eskola bat baino gehiago bisitatu: zerbitzuak, azpiegiturak, ordutegiak konparatu.
- Etxetik urbil dagoena aukeratu, posible denean. Haurrari on egiten dio bere inguruarekin harremanetan egoteak.
- Ordutegi malgua duten zentroak hobeak dira gurasoentzako. Jakina, beti ere, norbere ordutegiekin eskolakoei ezin zaiela trabarik egin argi izanik.
- Jantokia badu, garbi dagoela bermatu behar da eta haurrei ematen zaizkien menuak elikadura ikuspegitik begiratuta egokiak direla ikusi.
Hezitzaileak eta heziketa-programa
-
Haurrak adinaren araberako talde txikietan banatuta egon behar dira. Hona hezitzaile bakoitzak bere ardurapena euki beharko lituzkeen haurrak:
- 0 eta urte bete arteko haurrentzat: hezitzaile bana zortzi haurrentzako.
- Urte bete eta 2 arteko haurrentzat: hezitzaile bana 13 umerentzako.
- Urte 2 eta 3 urte artean: 18 edo 20 umeren kargu har dezake hezitzaileak.
- Hezitzaileak Haur Heziketako Irakasleak, Haurtzaindegietako teknikari adituak edo Haur Heziketako Goi Teknikariak izan behar dira.
- Haurrekin lan egiteko pazientzia behar da, xamurtasuna eta irmotasuna. Haurrak nola tratatzen dituzten begiratu.
- Eskolak hezkuntza programa izan behar du: experimentazioari bideratutako jarduerak, materiale desberdinak deskubritzeko jokuak eta musika zein zentzumenekin harremana duten ariketak egin. Hizkuntzak irakasten badituzte, hobe.
- Gurasoei haurrari buruzko ze informazioa ematen den galdetu.
Azpiegiturak
- Arretaz begiratu eskola non dagoen, hezkuntzarako prestatuta dagoen eraikinen baten edo beste nonbait. Hala bada, bere sarrera propia duen begiratu behar da.
- Era berean, udalak baimena emateko behar duen osasun egoeran egon behar du, bizigarritasun, segurtasun eta irisgarritasun baldintza gutxienekoak errespetatu behar ditu.
- Geletan argia sartu behar da, argi naturala, ahal dela. Eta zabalak eta garbiak izan behar dira. Bakoitzak bere ikasketa eremua izan behar du eta urte birik beherako haurrentzat atseden lekua izateaz gain, jolastokia ere izan behar dute, beste haur nagusiagoen lekutik bananduta, beti ere.
- Gela bakoitzean komuna dagoen begiratu. Hezi-tzaileek erabiltzen dituzten komunak eta haurrenak ongi banatuta egon behar dira.
Segurtasuna
- Begiratu arretaz zolua eta hormei: zoluak epela izan behar du eta ondo egina egon, estropozurik ez egiteko moduan. Garbitzeko errazak izan behar dira eta labain egiten ez dutenak. Hormak leunak izan behar dira eta horiek ere, garbitzeko errazak, inolako eragozpenik gabeak.
- Umeek jolasteko erabiliko duten lekuari begiratu. Kanpoan egongo badira, lurra laua izan behar da, ez gogorregia, eta segurua. Harri koxkorrik eta harerik gabea. Zauri eta infekzioei aurre hartuko zaie horrela.
- Leihoak umeen eskuetatik urrun egon behar dute edo, hesituta. Kristalak apurtzen ez direnak izan behar dira.
- Eskaileretan ume txikienek oratzeko altueran jarriko da eskudela.
- Ateak hatzamarretan minik ez hartzeko moduan eginda egongo dira.
- Loki edo entxufeak umeen eskuetatik urrun egongo dira.
- Osasunerako kaltegarri edo arriskutsu den edozer giltzaz itxitako arasean gordeko da.
- Mahaiek eta bestelako altzairuek ezingo dute ertz arriskutsurik euki.
Gurasoen partehartzea, jantokiak eta konparaketako taula
Gurasoak informazio egarri dira, normala da haurraren garapenari buruz dena jakin nahi izatea semea edo alaba txiki-txikia denean. Eta hala ere, zentruen % 6ak baino ez ditu hilero haurrei buruzko idatziak etxera bidaltzen (duela lau urte gehiago ziren, % 20). Hori bai, % 44,5ak egunero informazioa ematen duela dio (% 64 ziren duela lau urte) eta % 2,4ak (% 7 zen aurreko txostenean) onartzen du komunikazioa gurasoek eskatzen dutenean bakarrik gertatzen dela. Gainera, hamarretik sei eskolatan ikusi dugu gurasoek inoiz edo oso gutxitan parte hartze dutela modu aktiboan eskolan hartzen diren erabakietan.
Eskolan jan dezakete?
Guk bisitatu ditugun eskolen eta haurtzaindegien % 93an bai, haurrek bertan jan dezakete, bai jantokia dagoelako edo katerin zerbitzua datorrelako. Gehienetan, haurrak alergikoak badira etxetik bazkaria ekartzeko gomendioa egiten zaie, bai behintzat, menuak ez baditu beraien beharrizanak asebetetzen. Horregatik komeni da, besteak beste, gurasoek menua ongi ezagutzea.
Haur eskoletan jateko ordua ere umeak hezitzeko unea izaten da, nola jan erakusten zaielako, autonomia ikasten dutelako eta besteekin harremanak izaten. Zentru batzuetan gurasoei eskatzen zaie prozesu honetan parte har dezatela eta menuak osatzen lagun dezatela. Ohikoa izaten da, bestalde, umeei litxarreriak, goxokiak eta antzekoak eramatea debekatzea.
Askaria bertan hartzea, hori ez da izaten hain ohikoa (hamarretik bitan ez da egiten) eta gosaria ere ez da normalean zentruetan ematen, umea gurasoen lan ordua baino lehen ekartzen duten kasuetan (zentruen % 66ak aukera hori ematen die gurasoei). Pribatuetan dira ohikoago, beti ere, halako zerbitzuak.