'Infozaborraren' kiratsa
Infozaborra terminoa esparru askotan agertu izan da kazetaritza modernoaren historian. Informazio-programa batzuek edo arlo jakin batzuetako prentsak ematen duen informazio arin, azaleko eta egiaztatu gabea aipatzeko erabili izan da hainbatetan, baina komunikabide gutxitan hartu izango du kontzeptu horrek Interneten adina leku.
Sarea informazioz gainezka dago, eta ezinezkoa gertatzen zaigu zaparrada hori guztia modu logiko eta antolatuan prozesatzea. Egunean milaka informazio iristen zaizkigu hainbat iturritatik (blogak, komunikabideak, gizarte-sareak…), eta gure garuna ez da gauza horiek prozesatzeko, gogotik saiatuta ere. Ondorioak ere ekarri dizkigu egoera horrek: adituek diotenez, galdu egin dugu gaitasun kritikoa, eta irakurtzen dugun guztia sinesten dugu, baita itxurarik gabekoenak ere, egiaztatzeko lanik hartu gabe. Zenbait soziologok infoxikazioa esaten diote horri (informazio-toxikazioa), eta informazio-betekada batek eragina da, zeinak errazago manipulatzeko bidean jartzen baititu erabiltzaileen iritziak eta emozioak.
Ustezko infoxikazio horri estu lotua dago infozaborra. Gizakiok gaitasuna galdu dugunez bitarteko digitaletan ageri den informazioa kalitatezkoa den edo ez bereizteko, gabezia hori baliatuz edo, onura ekonomikoa bilatzen izaten da era horretako informazioaren helburua. Infozaborra ez da erabiltzaileek eskaintzen duten informazioa; Sarean, izan ere, modu askean eta berdintasunez parte hartzeko aukera dago (hori da arau nagusietakoa), hasiera batean, behintzat. Eduki horien artetik zer den baliozkoa eta zer ez erabakitzeko, tresna bat baino gehiago daude: bilatzaileak, adibidez, edo gure lagunek gizarte-sareetan egiten dituzten gomendioak (Facebook, Twitter eta gisakoetan).
Infozaborra, beraz, honela defini liteke: modu askean eta berdintasunez parte hartzeko arauak betetzen ez dituen informazioa. Adibide bat jartzearren: demagun erabiltzaile batek gogoeta bat idazten duela bere blogean; eduki hori irakurtzen duenak edo bilatzaile baten bidez eskuratzen duenak informazioa bereganatuko du. Baina erabiltzaile horrek berak besteren informazioa hartu, kopiatu eta bere blogean itsasten badu, izenburu berarekin, edo komunikabide batetik hartu eta gauza bera egiten badu, orduan infozaborra sortzen ariko da. Agian, ez du asmo txarrez jokatu izango, baina ez du egiten inolako ekarpenik, eta bilatzaileen lana zaildu egiten du, gero eta material gehiagoren artean bereizi behar baitute zer informazio den originala eta baliozkoa. Zenbat eta infozabor gehiago, bilatzaileei hainbat eta nekezagoa gertatuko zaie guk eskatu dieguna eman diezaguten eta eraginkor izan daitezen.
Blog batean irakurri duena bere horretan kopiatzen eta errepikatzen duen erabiltzaileak, jatorrizko informaziora joateko loturarik jarri gabe, ez du zintzo jokatzen, nahita ari baita eragozten bilatzaileak jatorrizko informazioa non dagoen jakin dezan, eta, hartara, horren bila ari den erabiltzailea orri horrexetan gera dadin lortzen du, non ez baitu aurkituko infozaborra baizik. Bilatzaileek, izan ere, testuetan ageri diren loturei jarraituz aurkitzen dute jatorrizko informazioa; edukian loturarik ageri ez bada, ezin aurrera jarraitu: basoan barrena oinez abiatu, eta bideak erreka batekin topo egin eta zubirik ez egotea bezala litzateke. Ondorioz, ez aurrera ez atzera gelditzen da bilatzailea, infozaborrez betea dagoen orrian atxikita, eta horixe erakusten dio emaitza gisa erabiltzaileari, jatorrizkoa beharrean.
Zergatik jokatzen dute horrela zenbait pertsonak? Gerta liteke, oharkabean, lotura jartzea ahantzi izana, baina maizenik, merkatu-estrategia bati jarraituta egiten da, publizitatea lortzeko asmoz alegia, nahiz eta ez izan batere jokamolde zintzoa. Jatorrizko orriei lekua kentzen badiete, iturri gehiagok aipatuko dituzte (gezurrezkoak direla jakin gabe), eta garrantziagoak izango dira bilatzaileentzat. Bilaketak egin, eta lehen postuetan agertuko dira, eta erabiltzaileak maizago sartuko dira orri horietara.
Gisa horretako orri batera sartu, eta hauxe aurkituko du erabiltzaileak: informazio gutxi eta publizitate-lotura ugari; spama edo infospama esaten zaio horri, eta posta elektronikora heltzen denak bezalaxe, publizitate trabagarri eta desatsegina baino ez dakarte. Are gehiago: zenbaitetan, publizitate engainagarria izaten dute edo legez kanpoko materialak saldu nahi izaten dituzte.
Infozaborra sortzen dutenek dirua jasotzen dute orrialde horiek edukitzeagatik, eta bilatzaileetan zenbat eta garrantzi handiagoa izan, orduan eta diru gehiago jasoko dute, gainera. Negozio oso etekintsua da orrialde asko kontrolatzen dituzten pertsonentzat; beste zenbaitentzat, lan handirik egin gabe dirutxo bat ateratzeko modua da, baina internauta-komunitatearentzat, aldiz, arazo larri-larria da: aditu batzuek diotenez, zaborra da Sarean mugitzen den informazioaren % 90. Hau da, hainbeste informazio errepikatu dago, ezinezkoa izan baitaiteke guk nahi dugun hori aurkitzea.
Infozaborra, gainera, oso kutsatzailea eta antiekologikoa da, energia mordoa gastatu behar izaten baita hura zerbitzarietan biltegiratzeko, eta eraginkortasun falta handia eragiten du plataforma ugariren prozesuetan. 2005. urtean, mundu osoko datuak biltegietan gordetzeko, energia kontsumo guztiaren % 1 behar zen, eta azken bost urteetan gastu hori bikoiztu eta are hirukoiztu egin dela esaten dute zenbait kalkuluk. Ameriketako Estatu Batuetako 2,4 milioi etxek argindarretan gastatzen dutena behar da munduko spam guztiak biltegietan gordetzeko, eta CO2 isuriak, berriz, 3,1 milioi autok egiten dituzten adinakoak dira.
Googlek asko hobetu ditu azken urteetan jatorrizko informazioa aurkitzeko metodoak eta infozaborra saihestekoak. Beste zenbait neurriren artean, estrategia batzuk landu ditu egiazkoa den informazioa eta baliorik ez duena bereizteko, eta zigortu egiten ditu zintzo jokatzen ez duten erabiltzaileen orriak. Bilaketak egiteko parametroak ere sortu ditu (informazioaren dataren arabera, hizkuntzaren arabera, euskarriaren arabera: testua den, bideoa, argazkia…), eta horri esker, nahi duen hori bilatuko du erabiltzaileak eta infospama saihestuko. Googlerekin batera, Bing da beste bilatzaile handia, eta horrek ere abian jarri ditu bere estrategiak.
Era horretan, hobetu egin da bilaketen kalitatea, eta orain errazagoa da nahi den informazioa topatzea, bidean iruzurgilerik eta publizitate desatseginik agertu gabe. Bilatzaileek ez ezik, ordea, erabiltzaileek ere aurkitu dute infozaborrari aurre egiteko modua: askok eta askok gizarte-sareetan parte hartzen dute (Twitter, Facebook…), eta elkarri gomendatzen diote zer loturatan aurkituko duten informazio interesgarria; hartara, ez dute bilatzaileetara jo beharrik. “2.0 iragazkia” esaten zaio horri, edo iragazki soziala. Benetan garrantzi handia dute giza iragazki horiek, eta horren adierazgarri, datu bat: Google, Bing eta beste bilatzaileek ehunka milioi dolar ordaintzen dizkiete gizarte-sare horiei, erabiltzaileen gomendioak baliatzeagatik.