25 pauso, fakturetan aurrezteko bidean
“Urtarrileko aldapa” aipatzen zen garai batean, baina krisiak beste hamaika koska erantsi dizkio atzetik, eta esan liteke hilero-hilero igo behar izaten duela familia bakoitzak bere maldatxoa. Gero eta zamatuago, gainera. Uztailaren 1etik aurrera, adibidez, % 5,70 eta % 1,50 artean igo dira -horiek ere gora! – butanoa, gas naturala eta argindarra. Ekainean arnasa pixka bat hartu ahal izan zuten kontsumitzaileek, Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) hiru hamarren jaitsita (% 3,2an geratu zen urteko tasa). Gorabeherak gorabehera, gastuak murriztea da orain kontua, inoiz baino gehiago, eta saihestea, ahal dela, etxera iristen diren fakturek ezustean harrapa gaitzaten. Neurri erraz-erraz batzuekin lor liteke hori guztia. Argindarrari dagokionez, adibidez, Azken Baliabideko Tarifa (TUR) % 1,5 igoko da, batez beste, eta, ondorioz, ohiko kontsumitzaile batek hilean 0,50 euro gehiago ordaindu beharko ditu. Ez da izango, gainera, urteko lehen igoera. Urtarrilean % 9,80 garestitu zuten argindarra, eta bi igoerak batuta, beraz, iaz baino % 11,30 gehiago ordainduko dugu. Are igoera handiagoa izan du gas naturalak: ohiko erabiltzaileek hilean 2,37 euro gehiago ordaindu beharko dute, eta hori baino gehiago garestituko zaie, sukalderako eta ura berotzeko ez ezik, berogailuetarako ere gasa erabiltzen dutenei. Butano-bonbona, berriz, 14,80 euroan da gaur egun, aurreko hiruhilekoan baino % 5,70 garestiago (80 zentimo).
Aurrezteko ohitura erraz batzuk
KPIaren datuek arnasa hartzeko modua eman duten arren, behera egin duen bezala egin dezake gora. Aurrezteko garaia da oraingoa, gastuak murriztekoa, eta horretarako, aholku batzuk emango ditugu guk, 20 pausotan, etxera iristen diren fakturak zertxobait murrizteko:
- Etxea argiztatzeak hartzen du argindar-fakturaren laurdena edo bostena. Baina etxeak barrura ematen badu, edo, kanpora emanagatik ere, leku ospel edo itzaltsuan badago, gastuaren erdia ere joan liteke etxeari argia ematen. Gastu hori murrizteko modu ona izaten da eguzkiaren argiaz baliatzea: egun argitan pertsianak eta gortinak zabalik edukita, kanpoko argiari etekina aterako diogu.
- Argiak beharrezko direnean soilik pizten baditugu eta inor ez dabilen lekuetan itzaltzeko ohitura hartzen badugu, faktura txikiagoa etorriko zaigu hurrengo hilean.
- Sabaiak eta hormak kolore argiz margotu. Hondo zuriek, krematsuek edo pastel-kolorekoek argitasun gehiago ematen diote etxeari, eta argiak gehiago irauten du horietan.
- Ohiko bonbillak kendu (goritasunezkoak), eta eraginkorrak jarri; argi bera ematen dute, ohikoek halako zortzi irauten dute eta % 80 energia gutxiago kontsumitzen dute. Etxean gehien kontsumitzen duten hiru bonbillak ordezkatuz gero, erdira murriztuko genuke argindar-gastua.
- Hodi fluoreszenteak jarri argi asko behar den lekuetan eta argia luzaroan piztuta egoten denetan: bainugela, sukaldea, trastelekua… Ez da komeni fluoreszenteak piztu eta itzali ibiltzea.
- Bainatu beharrean, dutxa hartu: lau aldiz gutxiago kontsumitzen dira ura eta energia. Uraren termostatoa 50 ºC-ren eta 60 ºC-ren artean doitu. Tenperatura horretatik gora, energia alferrik xahutzeaz gain, murriztu egiten da termoaren bizia, ur bero-beroa korrosiboa gertatzen baita.
- Sua bera baino hondo handiagoa edo haren neurri berekoa duten ontziak erabili.
- Eltzeak-eta tapatu, eta errezetak aukera ematen duen aldiro, presioko eltzean egin.
- Janariak prestatzeko azken unean, bitrozeramika itzali, eta geratzen zaion beroaz baliatu.
- Ezinbestekoa denean soilik ireki labearen atea.
- Hozkailua jartzeko, leku freskoa hautatu, aireztatua eta bero-guneetatik urrun dagoena.
- Hozkailuen atzealdea garbi eduki, eta inguruko hormetatik bi zentimetrora, gutxienez.
- Hozkailua maiz desizoztu eta garbitu, izotz-geruza handitu baino lehen. Gaizki instalatuta badago, % 15 energia gehiago kontsumi dezake.
- Izozkailua -18 ºC eta -15 ºC artean eduki; hozkailua, 3 ºC eta 5 ºC artean.
- Behar denean soilik ireki hozkailuaren atea, eta ez utzi irekita: segundo gutxitan, galdu egiten da han metatu den hotza, eta berriz maila horretara iristeko, energia gehiago gastatu beharko du.
- Telebista itzalita eduki, ikusten ari ez bagara. Baina ez da nolanahi itzali behar: tresnak berak dauzkan etengailuekin egin behar da; urrutiko aginteari eraginez egiten bada, osagai batzuk aktibo jarraitzen dute eta energia kontsumitzen.
- Garbigailuak eta ontzi-garbigailuak erosterakoan, A energia-etiketa daukatenak hautatu. Gainera, ziklo motzak eta gutxi gastatzen dutenak eduki behar dituzte, eta garbitzerakoan tenperatura bat baino gehiago hautatzeko aukera eman behar dute. Garbigailuek eta ontzi-garbigailuek ura berotzerakoan gastatzen dute energia gehien, eta, beraz, tenperatura txikiak hautatuz gero, argindarra aurrezten da: 40 ºC-an garbitzen duen zikloak halako bi gastatzen du 60 ºC-ko zikloak.
- Bete-bete eginda erabili behar dira garbigailua eta ontzi-garbigailua, baina ez neurriz kanpo beteta.
- Arropa lisatzerakoan, ahalik eta kopuru handiena egin aldi bakoitzean. Saihestu egin behar da jantziak banaka lisatzea, gaur bat eta hurrena beste bat, askoz energia gehiago behar izaten da eta.
- Bero-ihesak murriztu eta etxea ongi isolatu, kristal bikoitza jarrita eta haize-babesgarriak itsatsita leiho eta ateen zirrituetan. Isolamendu termiko onarekin, % 20 eta % 40 artean aurreztu liteke berogailutan.
“Ene bada!, 95 euro telefonotan!”. Ez dago horretara iritsi beharrik telefono finkoarekin edo mugikorrarekin egiten den gastua kontrolatzen ikasteko.
- Lehenik eta behin, prezio-planen berri jakin behar dugu edo guk zer tarifa kontratatu dugun. Askotan, ez da kontuan hartzen nori deitzen zaion eta zer ordutan, eta, hain zuzen, hartzaileak eta ordutegiak zehazten dute deiaren tarifa. Behin hori guztia jakinda, ordu-tarterik merkeenetan deitzen saiatu behar da.
- Dei motzak kontrolatu egin behar dira. Horiexek izaten dira garestienak, zeren lehen minutuan kobratzen baitute, hitz egiten emandako denbora ez ezik, baita deia ezartzea ere. Hori dela eta, hobe da testu-mezu bat bidaltzea, dei motz bat egitea baino, eta hobe da, halaber, solaskide bati dei luze bat egitea, egunaren buruan zenbait dei motz egitea baino.
- Mugikorra azken belaunaldikoa bada eta datu-tarifa bat baldin badauka, mezularitzako multimedia-aplikazioak oso egokiak dira mugikorraren faktura murrizteko (adibidez, Whatsapp, Ping Chat!v edo Kik Messenger): hitz egin beharrean, mezuak truka litezke, kostu gehigarririk gabe.
- Internet ere lagun ona izan daiteke telefonoaren fakturekin borrokan ibili beharrik ez izateko. IP teknologiari esker, eta Skype programarekin, adibidez, edo Messengera bera erabiliz, mugikorretara deitu daiteke, telefono finkoetara eta atzerrira ere bai, oso modu onean, gainera. Eta gure solaskideak kontu bat sortua badu horrako sistema horietan, musu-truk hitz egingo genuke. Horixe onena!