Bertigoa: oreka zorabiatu zait
Bertigoa edo zorabioa. Hitz horiek entzun, eta berehala lotzen ditugu altuerarekin eta beldurrarekin. Baina bertigoa ez da soilik fobia bat edo Hitchcok maisuaren film ezaguna oroitarazten duen terminoa. Sintoma bat da berez, baina ez eritasun batena. Barne-belarrian zerbait ongi ez dabilela adierazten duen seinalea da, edo barne-belarriaren eta garuneko nerbio-sistema zentralaren arteko konexioren batek huts egiten duela. Arazo hori daukatenei iruditzen zaie gorputza edo inguruan dituzten objektuak biraka ari direla. Edozein adinetako pertsonek eduki dezakete arazoren bat belarriko oreka-sisteman, eta, beraz, edozein adinetako pertsonei erasan diezaieke bertigoak. Zorabiatu egiten dira, eta sentsazio desatsegina izaten dute mugitzean. Goragalea ere senti dezakete, beherakoa, izerdia eta hotzikarak, bihotz-erritmoa bizkortu egin dakieke eta belarrian ere sintomak senti ditzakete (zaratak entzun, entzumena galdu…). Autoan bidaiatzeak sortzen duen ohiko zorabioarekin (zinetosia) edo altuerak eragiten duenarekin aldera daitezke bertigo mota honen sintomak eta ondorioak, baina ez dute zerikusirik. Bertigo honi aurre egiteko, gorputz-jarrera berezi batzuk landu daitezke, eta oreka lehengoratzeko ariketak egin ere bai.
Orekaren hiru zutabeak
Hiru sistemak egiten duten lanari esker eusten dio orekari gizakion organismoak, eta arazoaren iturburua batean egon edo bestean, era bateko sintomak edo bestelakoak pairatuko ditu bertigoa daukanak. Honako hauek dira orekaren hiru zutabeak:
- Ikusmen-sistema. Gauzak ikusi egin behar izaten dira orekari eusteko.
- Sistema bestibularra. Sistema honen zati bat neurologikoa da, eta buruaren menpe dago, garuneko nerbio eta konexio ugarik parte hartzen baitute; beste zatia, berriz, belarriaren menpe dago.
- Muskulu- eta hezurdura-sistema. Muskuluek eta tendoiek, eta, zehazki, oin-zolak, pertsona bakoitzaren grabitate-zentroaren berri ematen dute orekari euts diezaion; gorputz-adarren presioari esker, gorputzak egonkor eusten dio.
Hiru sistema horiek hargailu batzuk izaten dituzte, eta nerbio-sistemari informazioa bidaltzen aritzen dira etengabe, jakin dezan gorputzak zer jarrera hartu duen eta zer mugimendu egin dituen. Garunak prozesatu egiten du informazio hori guztia, eta agindu jakinak ematen dizkie muskuluei, orekari eutsi eta erorikoak saihesteko. Baina ikusmenak (ikusmen-sistemak) huts egiten duenean, belarriak eta nerbio-sistemak (sistema bestibularrak) informazioa ongi prozesatzen ez dutenean, edo gorputz-adarrak behar bezala ez dabiltzanean (muskulu- eta hezurdura-sistema), arazoak sor daitezke orekarekin, eta, orduan, bertigoa agertzen da.
Belarriko bertigoak dira ohikoenak
Belarriko sistema bestibularrean izaten diren arazoek sortzen dituzte bertigorik gehienak. Sistema horri eritasunen batek erasaten dionean sortzen dira bertigo horiek, edo bestelako gertaeraren batek kalte egiten dionean: barne-belarrian malformazioren bat dagoelako, buruan kolpea hartu delako, hezur tenporalean hausturaren bat gertatu delako, traumatismoren bat, infekzioak, hantura-prozesuak, belarriko likidoetan nahasmenduak, otosklerosia (ondoretasunezko gaitza da, gorreria ematen duena) edo belarrian tumoreak agertu direlako. Beste zenbait eritasunek ere egin diezaiokete kalte belarriari eta entzumena galarazi: diabetesa, hipertentsioa, kardiopatiak eta giltzurruneko gaitzak. Bertigo mota bat baino gehiago daude, eta honako hauek nabarmentzen dira:
- Jarrerazko bertigo paroxistiko onbera. Horixe da ohikoena. Onbera izanagatik ere, oso desatsegina da, bertigo mota hori daukaten pertsonak izututa esnatzen baitira, goragalez, eta inguru guztia biraka ari zaiela eta erori egingo direla iruditzen zaie. Une labur batez agertzen dira sintoma horiek, bat-batean, burua mugitzen dutenean eta burua jarrera jakinetan jartzen dutenean, eta zutik jartzen edo makurtzen direnean. Ohikoa izaten da ondoez hori zerbikalei egoztea, baina ez dator handik.
- Ménière-ren bertigoa. Ez da aurrekoa bezain ohikoa. Baliteke bertigo mota hau daukanaren familian beste kasuren bat agertu izana lehenago, edo estres motaren bat jasan eta bertigo-krisia agertzea. Krisi horietan, belarri bat itxita edukiko balu bezala sentitzen da pertsona, entzumena galdu eta tonu apaleko burrunba bat entzungo balu bezala, eta bertigoak ohiko dituen beste sintoma batzuk ere izaten ditu: goragalea, izerdia eta desoreka-irudipena. Krisi horiek bar-batean ager daitezke eta ordu batzuk iraun, eta batzuetan beharrezkoa izaten da atseden hartzea.
Oro har, emakumeetan maizago agertzen dira bertigo mota guztiak, baina zahartu ahala, kopuruz berdin eragiten die emakumeei eta gizonei. Adinari dagokionez, berriz, edozein garaitan ager daitezke bertigoak. Hain zuzen, bada haurrek soilik izaten duten bertigo mota bat: haurtzaroan agertzen da eta helduaroan erabat desagertzen da. Adineko pertsonek arazo gehiago izaten dituzte jarrerazko bertigoarekin, gazteek baino; adinarekin, izan ere, otolitoak higatu egiten dira (sistema bestibularrean dagoen kaltziozko egitura bat da, eta kaltziogabetu egiten da, hezurrak bezala).
Diagnostikoa
Bertigo-krisiak segundo gutxi batzuetakoak izan daitezke, edo luzatu egin daitezke, eta orduak iraun, edo egun osoak. Krisiak oso deigarriak direnean, baretu ez eta errepikatu egiten badira, larrialdietara joaten da jendea. Dena den, ohiko medikuarengana joatea da aukerarik onena, kasurik gehienak medizina orokorreko kontsultetan konpontzen baitira (kasu gutxi batzuk baino ez dira iristen otologiako espezialistengana edo beste espezialista batzuengana).
Ohiko medikuaren lehen lana izaten da arazoa non dagoen jakitea, eta ikustea ea gaixoak bertigoa daukan egiaz, eta ez ohiko zorabioren bat, tentsio apaltze bat edo arritmia bat (jendeak nahasi egiten ditu horien sintomak), edo depresioa, antsietatea edo neurosia. Arrazoi neurologikorik ez dagoela ere ziurtatu egin behar da, eta bestelako espezialista baten esku-hartzea beharrezko den edo ez ere erabaki behar da. Gaixoaren historia klinikoa eta audiometria bidezko miaketa egiten dira bertigoa diagnostikatzeko. Jatorria belarrian ez baina beste nonbait dagoela susmatuz gero, proba konplexuagoak egiten dira. Eta jatorria tumore bat izan litekeela uste denean, erresonantzia magnetikoa egiten dute edo irudi bidezko beste probaren bat.
Arrazoia tratatu
Oinarrian zer patologia dagoen jakin ondoren, aukera terapeutiko bat edo beste hobesten da. Gehien-gehienetan, bertigoa kontrolatzeko ariketak eta aholkuak izaten dira tratamenduaren gakoak.
- Jarrerazko maniobrak. Bertigorik gehienak jarrerazkoak izaten dira, eta aurre egiteko, jarrerazko maniobra batzuk egin ditzan agintzen zaio gaixoari, bertigoa zerk eragiten duen jakin eta konpentsatzeko. Ariketa horiek errepikatzeak lagundu egiten du bertigoa kontrolatzen. Era askotako ariketak izaten dira, eta belarrian zer-nolako arazoa dagoen aztertu ondoren erabakitzen da batzuk edo besteak egin; zehazki, arazoa zer kanaletan dagoen ikusi ondoren (kanal bakoitzak bere maniobra espezifikoak eskatzen ditu). Maniobrak behin eta berriz errepikatuz, hilabeteren buruan sendatzen da jarrerazko bertigo paroxistikoa.
- Gentamizina-injekzioak edo belarrirako kortikoideak. Ménière-ren bertigoarentzat eta luze irauten dutenentzat erabiltzen dira. Krisia tratatzea da helburua. Kontuan hartu behar da, gainera, kasurik gehienetan, sendagairik ez ematea dela onena edo, behintzat, epe motzean ematea, zeren sendagai horiek moteldu egiten baitute nerbio-sistema zentrala. Sendagai lasaigarriak dira, eta krisiak eragiten duen herstura murrizteko erabiltzen dira. Baina zorabio-irudipena gutxitzen duen neurri berean gutxitzen ditu oreka-sistemaren suspertze-mekanismoak ere.
- Oreka lehengoratzeko ariketak. Azken urteetan, oreka lehengoratzeko lagungarri diren ariketak agertu dira. Yoga, Tai-chi-a eta fisioterapia-ariketak baliagarri gerta daitezke horretarako.
- Ebakuntza. Muturreko kasuetan, entzumen-nerbioaren neurinoma antzematen diotenean gaixoari (tumore onbera bat), ikusi egin behar da zer komeni den: kontrolatzea, erauztea edo tratamendu alternatiboak erabiltzea (erradiokirurgia, adibidez). Tumorea beste mota batekoa bada (onbera hori ere), kirurgia eginez erauzten da.
- Ez itxi begiak, nahiz eta hori izaten den berezko joera inguru guztia biraka ari dela iruditzen zaigunean.
- Saiatu puntu jakin bati begiratzen, zorabio-irudipena baretzeko.
- Sakon eta poliki hartu arnasa. Arnasaldi motzak eta sarriak eginez gero, hiperbentilazioa eragin dezake, eta hori beti da txarra.
- Saiatu lasaitzen eta pentsatu krisia luze gabe pasatuko dela.
- Ez mugitu burua (non eta ez den jarrerazko bertigoa), ez eserita bagaude eta ez etzanda. Burua atzerantz mugitzeak areagotu egiten du bertigo-irudipena.
- Ez jan deus ere bertigoa eduki eta hurrengo 5-6 orduetan, ohikoa izaten da-eta goitika egitea eta goragalea edukitzea.
- Norabait igota bagaude (esku-eskailera batera, adibidez), berehala jaitsi eta toki egonkor bat bilatu ez erortzeko.
- Bertigo-krisia 12 orduren buruan pasatu ez bada, joan medikutara.
Iturria: Anna Maria Garcia Arumi, Otologia eta Otoneurologia saileko burua Valle de Hebron Unibertsitate-Ospitaleko Otorrinolaringologia Zerbitzuan, Bartzelonan.