Usteak ustel, ogi tartean ere
Hutsik jan liteke edo tartean zerbait sartuta. Zuria izan liteke edo osoko irinez egina. Batzuei labean luzaz egona gustatzen zaie eta beste batzuek nahiago dute gutxi egosia. Elikagairik unibertsalenetakoa da ogia, oso hedatua eta estimatua, baina ez da falta haren inguruko mito eta uste okerrik ere. Gaur egun, oinarri handirik gabe bada ere, zenbait alderdi txar egozten zaizkio ogia jateari, batik bat argaltze kontuak tartean daudenean. Herri-jakinduriak dio ogiak asko gizentzen duela, eta jendeak utzi egiten dio ogia jateari “dieta egiten” ari denean; jendeak uste du, halaber, mamiak gehiago gizentzen duela azalak baino; edo argaldu nahi duenarentzat egokiagoak direla biskoteak, barrako ogia baino; edo dietaren bat egiten ari direnean soilik jatekoa dela osoko irinez egindako ogia (argaldu nahi dutelako, diabetesa dutelako, idorreria, kolesterola). Ogiari lotuta dauden mitoei edo uste okerrei buruzko argibideak ematea lagungarria gerta daiteke jende askorentzat, jakin dezaten ogia ez dela ez dietaren etsaia eta ez osasunarena ere, eta berriz ere lasai asko jaten has daitezen.
Ogia eta argaltzeko dietak
Elikagai guztiek ematen dituzte kaloriak, eta ogiak ere bai, jakina. Egia esan, ogiak ez dauka balio energetiko handi-handia ere: 80 kcl dauzka, 30 gramo bakoitzeko, eta, nagusiki, karbohidratoetatik datoz horiek (proteina gutxi dauzka, eta are gutxiago gantza). Alabaina, kaloria askorik ematen ez badu ere, argaltzeko dietetatik lehenbiziko desagertzen den elikagaietako bat da. Oso ohikoa izaten da hori, baina ez da batere jokabide egokia. Eta zer arrazoi egon litezke, bada, hori gertatzeko? Honako hauek, adibidez:
- Ba al dakigu zenbat ogi jaten dugun? “Jateak gosea zirikatzen, goseak jaten laguntzen”, halaxe dio atsotitzak, eta jaki gutxi izango dira ogia bezain zirikatzaileak. Ohikoa izaten da ogia jaten hasi eta, ohartu gabe, ogi laurdena falta izatea. Otordu bat egin ondoren, gutxi-gehiago denok oroitzen dugu zenbat otarrainxka jan ditugun, zenbat zainzuri atera dizkiguten edo paella-errazioa nolakoa izan den. Aldiz, ez genuke asmatuko esaten zenbat ogi jan dugun. Ogia, izan ere, gutxiago kontrolatzen da beste elikagaiak baino. Irtenbidea izan liteke modu kontzientean eta ohartuki zaintzea (hemen eta orain) elikadurarekin zerikusia duten alderdi guztiak. Jokabide osasungarriagoa da hori, kontrolik gabe jatea baino, azken horrek elikagai-murrizketa gogorrak egitera eraman gaitzake-eta gero.
- Ez da ogia bakarra. Ogia, maizenik, beste elikagai batzuekin jaten da, eta ogiarekin jaten diren elikagaiek, askotan, ogiak berak baino kaloria gehiago ematen dituzte. Ogiak ez du izaten zapore handirik gehienetan, lehorra eta zurruna izaten da; hau da, ezaugarri ezin hobeak ditu jaki koipetsuagoen eta zaporetsuagoen euskarri izateko. Eta jaki horietako askok, hain zuzen, gantz kopuru handi samarrak dauzkate (gurinak, saltsek, maionesak, pateek, hestebeteek…). Neurtzen hasita, jaki horien kaloria kopuru erlatiboa askoz handiagoa da, ogiari berari atxikitzen zaiona baino. Irtenbidea, beraz, ogiarekin zer jaten den kontrolatzea izango litzateke, eta ez ogia jateari uztea. Berriz ere, elikagaiak kontrolatzea da kontua, eta ez baztertzea.
- Mamiak kaloria gutxiago ematen ditu pisu-unitate bakoitzeko, azalak baino. Ogia bera bakarrik hartzen denean ere, hau da, ogiarekin jan litezkeen gainerako elikagaiak kontuan hartu gabe, orduan ere ez da falta izaten uste okerrik. Zenbaitetan, ogiari mamia kentzen dio jendeak, uste baitu horrexek ematen duela kaloria gehien, baina guztiz bestela da. Mamiak eta azalak osaera berbera dute, baina azalak ur gutxiago du mamiak baino; beraz, berdin pisatzen duten bi zati hartuz gero bakoitzetik, azalak kaloria gehiago biltzen ditu gramo kopuru berean.
- Barrako ogia baino egokiagoak al dira biskoteak dieta garaian? Zenbaitetan, argaltzeko dieta bati ekitean, barrako ogia baztertu eta biskoteak jatera jotzen du jendeak. Baina inork ez dezala pentsa biskoteek kaloria gutxiago dauzkatela eta horregatik egiten dela aldaketa hori, ez baita horrela: pisu bereko zatiak eginda, biskoteak kaloria gehiago emango ditu, barrako ogiak baino. Aldatzeko arrazoia beste bat da: biskoteak banaka etortzen dira (“dietako ogia” esaten diete batzuetan), neurri eta pisu estandarrak dituzte gutxi-gehiago, eta errazago kontrolatzen eta zenbatzen da zer jaten den. Aldi berean, lehorragoak ere badirenez, gehiago kostatzen da murtxikatzea eta ur gehiago edaten da. Horren ondorioz, lehenago asetzen garela iruditzen zaigu. Gainera, zaila gertatzen da ogi mota hori saltsetan-eta bustitzea, eta, beraz, kaloria gehigarri gutxiago hartzen dira.
Laburbilduz: ogia ez da dietatik desagerrarazi behar; arretaz erreparatu behar zaio zenbat jaten den, sukaldaritza-tradizioarekin bat datozen elikadura-ohiturei eutsi behar zaie eta janariarekin gozatu egin behar da.
Elikadura-Piramide berriak ogia jateko gomendioa egiten du (zerealetatik lortutako elikagai guztiak gomendatzen ditu, oro har), eta, ahal dela, osoko bertsioa edo integrala lehenesteko eskatzen du. Zuntzaz gain, osasunarentzat onuragarri diren beste zenbait substantzia ere badituzte osoko zerealek eta horien eratorriek. Azterketa zientifiko batek dioenez, garia fintzeko prozesuan, jatorri fitokimikoa duten 200-300 substantzia osasungarri galtzen dira.
Dieta orok askotarikoa izan behar du, eta ogiari ere leku egin behar zaio, baita lehentasuna argaltzea bada ere. Honako ondorio hau atera dute zenbait ikerketak: ogiz ongi hornituta dagoen dieta batek, batik bat ogia osoko irinez egina bada, lagundu egiten du pisua, gerrialdea eta gorputz-masa murrizten, edo, gutxienez, ez du eraginik alderdi horietan. Baieztapen zientifiko horren arabera, egokia da ogia jatea, baldin eta dieta bera, osorik hartuta, orekatua bada energetikoki eta elikagaiei dagokienez.
Zenbat ogi, hainbat uste oker
Gaur egun, ogi mota ugari daude merkatuan, eta iritziak ere asko entzuten dira jendearen ahotan, bat hobea dela bestea baino, eta abar. Oinarri handirik gabeko baieztapenak izaten dira zenbaitetan.
- Gatzik gabeko ogia. Sodio gutxiko dieta egin behar dutenei gomendatzen zaie ogi mota berezi hori, eta alde horretatik ohiko ogia baino hobea den arren, egiaz den baino onuragarriagoa dela uste izaten da. Gaur egungo dieta-ereduan, komeni baino sodio -eta gatz- gehiago hartzeko ohitura hedatu da, eta aukera ona izan daiteke ogi mota hori hautatzea, baina ez zaizkio atxiki behar berez dauzkan ezaugarriak baino gehiago. Oroitarazi behar da, gainera, egun egiten den ogiak askoz gatz gutxiago daukala, orain dela urte batzuetakoak baino: % 25,9 gutxiago, hain zuzen.
- Zer esan moldeko ogiaz? Uste eta esamesa ugari daude ogi mota horren inguruan ere, eta, zenbaitetan, elkarren kontrakoak ere badira uste horiek. Batzuek esaten dute, pisu bereko zatiak hartuta, barrako ogiak baino kaloria gehiago ematen dituela moldekoak, eta beste batzuek, aldiz, kontrakoa uste dute. Bada, kaloria kopuruan, antzera dabiltza biak (250 kcal inguru dauzkatete, 100 gramo bakoitzeko); gantzei eta azukreari dagokionez, ordea, badira aldeak. EROSKI CONSUMERek egindako azken analisi konparatiboak azpimarratzen duenez, maiz jateko, moldeko ogia ez da ohikoa bezain osasungarria: gantz gehiago izaten du, baita azukrea eta gatza ere, eta hainbat gehigarri eransten dizkiote, gainera.
Osoko irinez egindako ogiak (integralak, alegia), ogi zuriak adina kaloria dauzka. Oinarri zientifiko horretatik abiatuta, beraz, kaloriak ezin dira izan osoko ogiaren alde egiteko arrazoia, nahiz eta ogi mota hori osasungarriagoa den. Argaltzeko dietei eta bestelakoei (diabetesa, kolesterola…) lotua agertzen da osoko ogia, egoera horietarako soilik balitz bezala, baina ez du zertan hala izan; are gehiago, dieta osasungarria egiteko oinarritzat hartu behar litzateke. Ogi zuriarekin alderatuta, zuntz gehiago dauka osoko irinez eginak, eta, ondorioz, lehen aukera izan behar luke elikadura-eredu integral edo osoko baten barruan, eta ez luke izan behar argaldu nahi dutenek soilik jateko. Osoko irinez egindako ogiak, beraz, hobeak dira elikadura orekatua egiteko.