Hirugarren adinean bidaiak egitea

Sasoia puri-purian zaharrentzat

Benidorm, Kanariak, Mallorca, Torremolinos, Fuengirola... Behe-denboraldia den arren, eguraldi ona izateko desioaz eta ongi pasatzeko asmoaz gainera, adin handia ere ezaugarri orokorra duten milaka turistei zabalduko dizkiete ateak Espainiako itsasertzek ostera.
1 azaroa de 1998
Img miscelanea listado 137

Sasoia puri-purian zaharrentzat

Jubilatu eta pentsionistak, udaraldiko turistei txanda harturik, hotel, diskoteka, denda, pasealeku eta hondartzetan patxada ederrean dabiltza. Adinean aurrera doazenek ere oporraldia gustuko kontua dute eta, haietariko askorentzat, denboraldia puri-purian dago oraintxe.

Urte-sasoia –norbaiten iritziz, agian– ez da egokia. Beste batzuek, uda baino nahiago dute sasoi hauxe. Nolanahi ere, jubilatuak oraintxe du aukera Imserso-k diruz lagunduriko bidaiak egiteko. Behe-sasoian, hirurogei urtez gorako turista ugariren etorrera dela medio, Estatuko hiri turistikoenetako hotel eta bestelako azpiegiturek arrunt prezio apalak eskain ditzakete, udazkeneko okupazio honi esker, berebiziko diru-sarrerak atzematen ez badira ere, instalazioek eta pertsonal finkoak iraun dezaketelako.

Aurtengoan, 390.000 jubilatuk –iazkoak baino %6 gehiago, beraz–, 15 egun eman ahal izango dituzte Espainia edo Portugalgo itsasertzetako guneren batean, Imsersok diruz lagunduriko bidaia eginez. Beste zenbaitek diputazio, kontseilaritza, udal edota era askotako elkarte nahiz kreditu-erakundeek eginiko eskaintzak nahiago izango dituzte. Aukerak, ugari izan arren, ez dira behar bezainbeste: aspaldiko ohiturei helduta, pertsona batzuek bidaia turistikoak arazotzat (bidaia edo lojamendu deserosoak, janari txarra, osasun-asistentzia eskasa, etab.) edo nolabaiteko fribolitate gisa jotzen badituzte ere, geroz eta ugariago dira sasoi hauetan lekuz aldatzen diren zaharrak. Behingoz, bederen, bizitza gozatu, ilusioari heldu eta egunerokotasun hitsari alde egin nahi diotelako. Seme-alaba eta bilobengandik urruti, beraien oporraldia gestionatu nahi dute, adina dela bide, arazo eta zaletasun amankomunak dituzten pertsonekin bizi ahal izateko. Harrera egiten dieten tokian tokiko (Benidorm, Torremolinos, etab.) hoteletan dena prest dute giro erlaxatuan egon edo bizi-bizian aritzeko, nor bere nahiaren arabera. Dantzaldiak, hitzaldiak, bisita kulturalak, petanka, musa, gimnasia, nahi den oro, hitz batez: dena dute gogotsuenek aisia eta astiaren betegarri. Paseoak, solasaldi luzeak, biagoak, telebista eta irakurketa lasaia izango dira egonkorrenen pausaleku atsegina.

Esandako hauek dira, besteak beste, Termalismo Sozialeko oporraldietarako programen osagarri. Estatuko bainuetxe erdietan plazak eskaintzen ditu Imsersok, asteko 27.000 pezetatik 55.000ra bitarteko prezioetan. Honelako egonaldietan, bidaiariaren kontura izaten da garraioa.

Oporraldiak, prezio sozialetan.

1985 urtean, Migrazio eta Zerbitzu Sozialerako Institutu espainolak (IMSERSOk) zaharrei eskainiriko bidai programa bati ekin zion: honi esker, merkatuko ohiko baldintzetan nekez ordain lezaketen kalitatezko turismoaz gozatzeko ateak zabaltzen zitzaizkien edadean aurrera doazenei. Aurtengo kanpainan, berriz, 375.000 jubilatu eta pentsionistak, 30.000 pezeta baino gutxiago ordaindurik, Portugal, Andaluzia, Murtzia, Valentzia, Katalunia, Balear eta Kanarietako itsasertzetan astebeteko edo bi asteko oporraldiak gozatu ahal izango dituzte.

Beste 15.000 bidaiarik, martxotik aurrera, Estatuan barrena zirkuitu kulturalak egiteko aukera izango dute. Bidaia horietan, Europa, Iberoamerika, Ipar Afrika, Australia eta SESB ohian dauden herrialdeetan bizi diren pentsionista eta jubilatuek esku har dezakete. Bidaia hauetan parte hartzeko zoria ez dutenek, beste aukera bat izan dezakete, kreditu-erakunde eta diputazio batzuek eskaintzen dituzten 15.000 bidaietako batean. Programa hauetako eskaintzan, Estatu espainoleko hiriak ez ezik, Israel, Kuba, Dominikar Errepublika, Paris, Herbehereak eta Italia ere sartzen dira, esate baterako. Eskatzailearen diru-sarreren arabera, azken bidaia hauen ohiko prezioari %85erainoko murrizketa egin dakieke.

Atseden osasungarria, bainuetxean.

Naturgune eder baten magalean sarri, estazio termalak oporraldi osasuntsuetarako egiazko gune bilakatu dira. Oraindik orain eginiko ikerketa batean, tratamendu termala hartu duten zaharren %76ak bere osasun-egoera hobeturik hauteman du; hobekuntza honek, beste aldetik, botiken kontsumoaren beherakada ekarri du. Farmazi gaietako aurrezkia %40ra iristen omen da produktu antirreumatikoetan, susperketa-indizerik garaiena lokomozio-aparatuan gaitzak nozitzen dituzten pertsonek agertzen baitute. “Oporraldi osasuntsuak” gozatzeko aukerarik merkeena, erakunde publikoek diruz lagundu eta babesturiko Termalismo Sozialeko programak dira. Bere burua gobernatzeko gauza den zeinahi jubilatu edo pentsionistak, gaitz psikiko larriak edo gaixotasun infekto-kutsagarriak jota ez badago, programetan esku har dezakeen arren, Imserso erakundeak xedatua du onuradunak tratamendu termala beharrezkoa duela sendagileak egiaztatu behar izatea, bete beharreko baldintza gisa. Ia 70.000 pertsonak erdietsiko dituzte diru-laguntzak aurtengoan eta, horrela, 13.000 pezetatik 88.000 bitarte (bainuetxeen, denboraldiaren eta erakunde antolatzaileen arabera), hamabost egunez ur termalen onura terapeutikoak gozatuko dituzte. Laguntzarik lortu ez dutenek edo bere kontura joatea nahiago dutenek, bi aste hauetako egonaldia 85.000tik 156.000 pezeta bitartean ordaindu beharko dute.

Amaiera zoriontsuko oporraldiak bizitzeko
  • Zehaztu idatziz bidaiaren baldintzak eta eska ezazu kontratuaren kopia sinatua. Eraman ezazu gainean kopia hori, badaezbada: arazoak sor daitezke eta.
  • Lojamendua zuk hitzartutakoa bezala ez bada, adieraz iezaiozu horrela pertsonal arduradunari. Beharrezkoa bada, eskatu eta bete ezazu erreklamazio-orria. Eskatu horren kopia.
  • Hoteleko zerbitzuen prezioek harrera-gunean eta geletan agertu behar dute. Egiaztatu fakturan sartu dizkizuten “estrak” zuk erabili dituzula.
  • Telefonoz deitzeko unean, zoaz lokutorio edo kabinara. Ez deitu hoteleko gelatik, askozaz ere garestiago da eta.
  • Ez eraman diru guztia gainean. Gorde bidai txartelak edo dirutza handiak hoteleko segurtasun-kutxan. Argi ibili tarjetekin. Saiatu ez galtzen.
  • Egin itzazu dokumentuen fotokopiak eta gorde hauek hotelean, badaezbada.
  • Gizarte Segurantza edo seguru pribatuko osasun-tarjeta ere eraman aldean.
  • Atzerrirako bidaian bazoaz, jakin ezazu osasun-asistentzia hartzeko nolako tramiteak bete behar diren.
  • Abiatu aurretik, sendagileari bisita bat egitea ez da alferrikako kontua. Ez utzi botikina etxean. Botika-tratamenduan bazaude, eraman gainean beharrezko izango dituzun produktuak.
  • Egokitu ariketa –eta dibertsioa, oro har– zeure ahalbide fisiko eta osasun-arazoen arabera. Hobe, hauetan, motz geratzea. Datorren urtean eta hurrengoan ere, ongi bizi behar dugu eta.