Gripea, urterokoa

Botikak sintomentzat dira bakarrik

Gripea gaixotasun infekto-kutsagarria da, batez ere goiko arnasbideei eragiten dien birus batek eragindakoa eta gizakion organismoan eragin handia duena.
1 azaroa de 1998
Img salud listado 155

Botikak sintomentzat dira bakarrik

Normalean gaitz larria izan ez arren, oso gogaikarria izaten da gaixoarentzat. Ikuspegi sozialetik begiratuta, gripe-epidemia batzuk hondamendia lirateke, sortzen duten baja kopuru handiarengatik eta lantegietan sortzen dituzten arazoak direla eta; baita medikuen kontsulta eta larrialdi zerbitzuetako gaixo-pilaketak sortzen duen blokeoarengatik ere. Eta hori guztia gripeak osasun-aseguruentzat, herri ogasunarentzat, enpresentzat eta orokorrean herritarrentzat dakarren diru-galera aipatu gabe.

Birusaren edo, hobeto esanda, gripearen birus ezberdinen ezaugarri nagusia, mutatzeko duten gaitasuna da. Urte batetik bestera ezezik, urte berean ere gertatzen da aldaketa eta birusaren azpimotak agertzearen ondorioz, txertoak ez dira eraginkorrak, urte guztirako prestatzen baitira.

Harrigarria den arren, birusa oso erraz eta arin hedatzen da, tanten bidez, ukimen bidez, airearen bitartez… hori gutxi balitz, oso inkubazio-aldi laburra du, 24 eta 72 ordu bitartekoa. Herrialde batetik bestera ere oso erraz zabaltzen da. Biztanlego guztiarentzat benetan larriak diren gaixotasunak (minbizia edo HIESa, adibidez) hain erraz kutsatuko balira, mundu osoko drama baten aurrean izango ginateke. Geure harira itzuliz, mundu mailan epidemia edo pandemia (herrialde askotara hedatzen den edo herri nahiz eskualde bateko ia biztanleria osoari eragiten dion epidemia) eran agertzen da gripea. Ezaguna dira, tamalez, 1889, 1918, 1957 eta 1968ko pandemiak, heriotza ugari eragin baitzuten. 1919koa, Asian ere sortu zen arren gripe espainiar deitua, hondamendi itzela izan zen gizateriarentzat: 20 milioi hildako utzi zituen. Zorionez, ez dira ohikoak hain hilgarritasun handiko pandemiak, baina epidemia normal batek ere eragin ditzake hildakoak, batez ere adinekoen eta arnas-aparatuko edo bihotzeko patologiak dituzten pertsonen artean, horientzat baita gripea arrisku larria.

Birus ustekabekoa eta apetatsua.

Guztiok dugu gaixotasuna jasateko arriskua, baina aukerak urriagoak izaten dira adinak gora egin ahala. Infekzioa pasatakoan, inmunitatea lortzen da, baina birus infektatzaile jakin horretarako baino ez. Birusaren izaera mutagarria dela eta, gripea pasatu izanak ez gaitu hurrengo denboraldikoa jasatetik babesten. Gripeak eskolumeen artean izaten du eraginik handiena eta tasak gutxitu egiten dira helduetan, adinak gora egin ahala. 1978ko izurriteak, H1N1 motako gripearenak (jatorriz Errusiakoak) 25 urtez beherakoen artean izan zuen batez ere eragina, eta helduek eta adinean aurrera zihoazenek inmune ziruditen. Hilkortasuna oso urria izan zen. Gripearen birusa, beraz, ustekabeko jokaera, jokaera apetatsua duen birus bat da. Birusa gure mukosetara iristen denean, zeluletan sartu eta ugaldu egiten da barruan. Birusaren erasoa jasaten duten zelulak hil egiten dira eta birusak berak baino gehiago, zelula horien heriotzak sortzen ditu eztula, sukarra eta mukosetako sufrimendua: kongestioa, hantura, eztarriko mina, laringitisa eta afonia eta rinitisa. Gorputz guztiko ondoeza (batzuetan handia), garondoko mina, gerrikoa eta gorputz-adarretakoa, badirudi zelula hilen produktu eta detrituekin daudela erlazionatuta, birusarekin baino areago.

Gripearen koadroa bortitza eta zorrotza izan ohi da: sudur eta eztarrian katarroaren sintomak, eztula, sukar handia, giharretako mina, makalaldia, ahulezia, hotzikara eta beste zenbait izaten dira ezaugarri arruntak eta prozesuak hiru-lau egun irauten du. Gaixotasunaren fase biziena gainditzean, makalaldiak jota geratzen da gaixoa eta ahultasuna sentitzen du. Gehienetan ondoriorik utzi gabe sendatu ohi da gripea, gerorako konplikaziorik gabe; baina gripeak ahuldurik utzi duen gorputza arnas-aparatuko infekzio oportunistek harrapatzen dute sarritan eta horrek ere hainbat egunez iraun dezake. Kasu horietan eztul handia, gogaikarria eta iraunkorra azal daiteke. Batzuetan beste birusen batek sortutako arnasbideetako gaixotasunekin nahasten da gripea, arnasbideetako eritasun bizia sortzen baita. Gripearen diagnostikoa gaixotasunaren izaera epidemikoaren bidez egiten da (berez diagnostiko epidemiologikoa da) eta baita kutsatzean izan dituen ezaugarriengatik ere. Baina epidemiarik gabe azaltzen denean, laboratorioko frogen bidez bakarrik egin diagnostikoa.

Gripea ere oker daiteke

Gripearen konplikaziorik larrienetako bat bronkoneumonia gripala da. Birusak ez dira normalean trakeatik aurrera ez joaten, baina defentsak orokorrean edo gorputzatal batean makal daudelako, edo bihotzeko, biriketako edo metabolismoko gaixotasunengatik, bronkioetako mukosetara edo birika-albeoloenera heda daiteke birusa; hori, berez, konplikazio larria izanik –adineko pertsonengan batez ere– hilgarri ere izan daiteke. Gripearen tratamendua, terapeutika berezirik ez denez, sintomei aurka egitea da soilik, sukar handiaren, minaren eta eztularen aurka jotzea. Likido ugari edatea gomendatzen da (ura eta fruta-zukuak bereziki) eta atseden hartzea. Jabetu beharra dugu, behingoz, gripeak ez duela sendabiderik. Pasa egin behar da. Antibiotikoak hartzeak ez du ezertarako balio. Aitzitik, horiek hartzeak nekea eta ahulezia areagotu dezake edo beherakoa eragin; konplikazioak sortzen direnean baino ez dira hartu behar antibiotikoak eta beti medikuaren aginduz. Orokorrean, alferrikakoak izaten dira gaixotasun horren aurrean eta bestelako efektuak eragin ditzakete. Gripeari aurre egiteko espektro zabaleko antibiotikoak hartzeko ohitura txarra albora utzi behar dugu.

Gaur egun, arreta berezia jartzen diote gripeari Osasunerako Mundu Erakundeak eta herrialde ezberdinetako osasun-agintariek, epidemia edozein unetan ager baitaiteke, batez ere neguan gertatzen den arren. Herrialde batean gripearen agerraldia antzematen denean, berehala jakinarazten zaio OMEri eta horrek identifikatu egiten du birus eragilea, kasurik gehienetan aurrez agertutakoren baten aldaera izaten baita. Birusa identifikatutakoan txertoak prestatzen dira, horretarako birusaren hainbat azpimota eta aurreko urtetako andui ugari eta birus berri gisa identifikatu direnak erabiliz. 35 urterekin, normalean, hartutako inmunitate handia izaten da eta gazteen txertaketa zalantzan jartzen du hainbat adituk (salbuespenetan edo agerraldi pandemiko zein azpimota berriko epidemien kasuan izan ezik). Horrela, baldintza normaletan arrisku taldeentzat bakarrik gomendatzen da txertoa: adinekoentzat eta bihotz-, arnasketa-, giltzurrun- edo metabolismoko arazoak dituzten gaixoentzat, gripeak ondorio larriak sor baititzake horientzat.

Jende multzo handiak biltzen diren lantokietan ere gomendatzen da gripearen aurkako txertoa, giro horietan gaixotasuna oso erraz zabal eta kutsa daitekeelako. Ordu luzetan zehar leku berean biltzen diren kolektibitateek gripea harrapatzea ekidin nahi da: industrian, bulegoetan, ospitaleetan, … Edozein kasutan ere, eraginkor izango bada, gaixotasuna eragin duen azpitalderako bereziki prestatua behar du izan txertoak eta epidemia iritsi baino lehen hartu behar da.

Zenbaitek kontrakoa dioen arren, txertoak ez du kontraindikaziorik, arrautzaren proteinari alergia diotenentzat izan ezik, proteina horretan kultibatzen baita txertoan inokulatzen den birusa. Profilaxi gisa amantadina erabili izan da, baina birus banaka batzuen kasuan baino ez da eraginkorra eta, beraz, oso mugatua geratzen da.

Zer den: gaixotasun infekto-kutsagarria da gripea, batez ere goiko arnasbideei eragiten dien birus batek eragindakoa, gizakion organismoarengan eragin handia duena: sukarra, eztula, kongestioa, eztarriko mina, ahulezia, hotzikarak…

Zergatik urteroko leloa?: Gripearen birusen (asko dira) ezaugarriak erraz aldatzen dira, ez urte batetik bestera bakarrik; urte berean birus beraren mota ezberdinak ager daitezke eta horrelakoetan ez da eraginkor izaten hasierakoentzat prestaturiko txertoa.

Jokaera ezustekoa eta apetatsua izan ohi dute birusok eta zaila da horien aurka borroka egitea, Osasunerako Mundu Erakundeak mundu zabalean zeregin horretan diharduen arren. Gainera, ez dago gripeari aurre egiteko botikarik. Terapia posible bakarra prebentziozkoa da, txertoa. Eraso egiten digun birusa aurreikusitakoa ez bada, txertoa ez da seguru aski eraginkor izango.

Gripeak ba al du preferentziarik? Gripea harrapatzeko arrisku gehien umeek eta gazteek izaten dute, baina arrisku-taldea gripearen aurrean konplikazioak izateko aukera gehien dutenak dira: adinekoak eta bihotzeko, arnas-aparatuko, giltzurruneko edo metabolismoko gaixotasunak dituztenak.

Gripearen aurkako txertoa, bai ala ez? Zenbait adituk zalantzan jartzen du (35 urteko pertsona osasuntsu batek hartu du nahikoa inmunitate gripea eragiten duten hainbat birusen kontra), baina ez du kontraindikaziorik (arrautzaren proteinari alergia diotenen kasuan izan ezik) ez eta bigarren mailako efekturik ere. Goian aipatutako arrisku-taldeetan bagaude, txertoa hartzea komeni da. Jende multzo handiak biltzen diren lantokietara (industria, bulego, ospitale eta antzekoetara) joaten direnentzat ere gomendagarria da txertoa.