Bizar-makinak

Aurpegiko gune zailetan eraginkortasun urriagoa agertu dute batzuek

Fagor, Panasonic, Braun eta Philips marketako bizar-makinen zazpi lagin aztertu dira. Merkeena, Braun 5010, 9.392 pezeta kostatzen da eta garestiena, berriz, Philips HQ5425A, 14.900 pezeta.
1 azaroa de 1998

Aurpegiko gune zailetan eraginkortasun urriagoa agertu dute batzuek

Bizarra moztean, eraginkortasun egokia erakutsi dute makina guztiek. Beste horrenbeste esan daiteke ile luzeei (sudur-belarrietan) eta erabiltzailearen azalean bizarra kentzeak eraginiko ondorioei (narritadurarik ez da gertatu) dagokienez. Ertz edo ingeradak –aurpegiko gunerik zailenak– ebakitzean agerturiko zehaztasunaz, Panasoniceko bi makinek oso emaitza onak eskaini zituzten bitartean, Philipseko biak arrunt aritu zirela esan behar da. Atal honetan, Philipsekoak baino hobeak izaki, Panasonicekoak bezain onak izatera ez ziren iritsi gainontzekoak..

Bestetik, ez dirudi loturarik dagoenik bizarra kentzeko sistema (saretxoa, xafla dardarkariekin edo buru birakariekin hornitua) eta eraginkortasun orokorraren artean; aldea, ingerada eta ertzen ebakeraren kalitatean hautematen da. Saretxoa da gehienek darabilten sistema. Philips markako bi makinek buru birakariak dituztenez, gune zailetan (sudurpean, lepoan, etab.) zehaztasun gutxiago agertzen dute. Neurrietan alderik ez dagoen arren, Panasonicekoak dezente arinagoak ditugu (ez dira iristen 150 gramora). Erabiltzeko errazak dira denak eta eskuin nahiz ezkerrek balia ditzateke, berdin-berdin. Panasonic eta Philips markakoak, diseinu ergonomikoa dela bide, besteak baino erabilgarriagoak dira.

Elikatze elektrikoa ere ez da denetan berdina. Philipseko biek eta Braun 5010ak sarean konektaturik bakarrik funtziona dezaketen bitartean, Panasoniceko biak bateriaren bitartez soilik ibil daitezke. Fagorek eta Braun 5414k bietako elikadura har dezakete, sarekoa eta baterietakoa, alegia. Kalitate-prezioari dagokionez, erlaziorik hoberena Panasonic ES876k eskaintzen du.

Ebakera ona.

Bizar-makina bakoitzarekin aste oso batez, egunean behin bizarra moztu zuten erabiltzaile-multzo batek probatu zituen makinak. Erabiltzaileen iritziz, aparailu guztiek eginiko ebakera egokia da. Belarrondoko ile luzeak edo bibotea ebakitzeko makinek agerturiko eraginkortasuna ere handia da, tiraketa mingarririk ez baita nozitzen. Aurpegiko gune zailetan (sudurpean, belarrondoetan, lepoan, etab.) Panasoniceko bien eraginkortasuna oso handia den bitartean, Philipseko biena arrunta baizik ez da. Gainontzekoena egokia da, oro har. Edozein makinarekin bizarra moztu ondoren, ebaki, narritadura edo azalaren gorridurarik ez dutela nozitu diote erabiltzaileek; atal honetan, beraz, lagin guztiei balorazio ona eman zitzaien.

Laburbilduz, bizarra kentzeko eraginkorrenak Panasonicekoak dira, ondotik Fagor eta Braun (bi modeloak) datozela; azkenik Philipsekoak ditugu, buru birakariak hauek bakarrik dituztela. Horrenbestez, badirudi sistema hau xafla dardarkariz hornituriko saretxoa bezain ona ez dela.

Ebakerak dirauen bitartean, makina dar-dar egiten du, eta dardarizoa erabiltzailearen eskura ere heltzen da. Eraginik txikiena Philips HQ5425A-k du, ondotik Panasonic ES366 eta Philips HQ3445/A datozela. Bizarra kentzean eta belarrondoko ileak ebakitzean egiten duten hotsa ere neurtu egin da: denetan ere, onargarriak dira dezibelio-kopuruak. Panasonic markakoek, aparrez (bustirik) mozteko aukera ematen duten arren, egindako probetan ez da (lehorreko) bizar-kentze arruntarekin alderik atzeman.

Garbitu eta maneiatzeko errazak

Panasonic markakoen garbiketa eta mantenua soil-soila da eta eraginkorra. Fagor, Braun 5415 eta Philips HQ5425A laginena, ona izan arren, ez zen Braun 5010 eta Philips HQ3445/A-rena bezain egokia. Osagarri gisa, denek dakartzate garbitzeko eskuila eta bidai kaxatxoa (zurruna Fagorrekoak, malgua gainontzekoek). Fagorek ispilua ere ipini du kaxatxo horretan.

Erabiltzeko erraz-errazak dira denak. Bestetik, T60.1, Braun markako bi eta Panasonic ES366 makinei dagozkien argibide-liburuak ere oso onak dira. Makina denak erabil ditzakete eskuin zein ezkerrek. Erabiltzailearen araberako egokitzapenik hoberena Panasonic eta Philips markakoek agertzen dute, ergonomia benetan onargarria dutelarik, oro har. Fagor eta Brauneko bien ergonomiari, “ona” besterik ez zitzaion puntuatu. Kanpoko agerpena eta bukaera ere desberdina da, batetik bestera, ohikoa eta bidezkoa denez. Panasonic markakoei, kalifikazio “oso ona” eman zitzaien, Braun 5415-ari “ona” eta gainontzekoei, azkenik, “normala”

Bateriak

Philipsekoek eta Braun 5010-ek sare elektrikoan (100-240V) konektaturik bakarrik funtziona dezaketen bitartean, Panasonic markakoak bateriaz soilik dabiltza. Fagor eta Braun 5414 laginek bietara erabiltzeko abantaila dute, bateriaz nahiz sarean konektaturik, alegia. Bateria duten lauetatik, Fagor eta Panasonic ES876 laginek nikel-kadmiozkoa (NiCd) daukate. Panasonic ES366 modeloak nikel-metal-hidruro (NiMH) motakoa behar du, hots, NiCd plegukoek baino dezente kutsadura gutxiago sor dezakeena, kadmioaren (metal toxikoa) arrastorik ez baitu. Gaikako zaborren bilketari esker, erabilitako pilentzako berariazko edukiontzietan utz daitezke batzuk zein besteak. Nolako bateria mota daukan adierazten ez duen bakarra Braun 5414 dugu; halaz ere, nikel hibridoko metagailua baliatzen duela eta metal astun kutsatzailerik ez duela dio argibideen liburuskan.

Bateria elikatzeko, erabiltzaileari kargatzailea ere eskaintzen zaio (barnean dagoena Fagor eta Braun 5414 laginetan, eta kanpokoa, berriz, Panasonic markakoetan). Panasonic ES876 laginekoa konbentzionala da (sarrera 100-120/220-240V, 22/25 mA, irteera 1,3 Vcc) eta Panasonic ES366-koa indukzio bidezkoa da (sarrera 100-120/220-240V, 40-55 mA), hots, sistema berritzailea. Bateriak kargatzeko denborak ere alde handiak agertzen ditu: argibide-liburuan Fagorek adierazten du lehendabiziko kargaldia zortzi orduz egin behar dela eta hurrengoak 30 minututan; laborategian, hala ere, azken karga hauek burutzeko egiazko denbora 47 minutukoa dela egiaztatu da. Braun 5414 laginak, bere aldetik, aurreneko kargaldia lau orduz eta hurrengoak gutxienez 60 minutuz egin behar direla dioen arren, 75 minutu iraun izan dute hauek. Panasonic ES366-k estraineko kargaldia 15 orduz eta hurrengoak 12 orduz egin behar direla xedatzen badu ere, aski dira azken hauek betetzeko 3 ordu. Panasonic ES876-k adierazten du lehendabiziko karga betetzeko 8 ordu behar direla, baina ez du esaten hurrengoetan zenbat denbora behar den.

Zenbat iraun lezake bateriak ahitu arte? 10 minutuko funtzionamenduak eta 24 orduko pausatzeak osaturiko zikloetan erabilita, karga berarekin luzeen jardun duen makina Fagorekoa izan da (78 minutu), ondotik Braun 5415 (38 minutu) datorkiola. Panasonic ES876 laginak 36 minutu dirau eta Panasonic ES366-k 24 minutu besterik ez. Azken makina hau, indukzio bidezko metagailua daukala, metagailu konbentzionalekoak baino azkarrago deskargatzen da. Indukzio bidezko sistemak, ordea, makina ezartzeko euskailu bat dauka: euskailu hau sarean konektatuz makina kargatu egiten da, erabiltzaileari maniobra arretaz jardun dezan agindu gabe, eragiketa burutu den unean karga berez gelditu egiten delako. Era honetan, biharamunean makina behar bezala kargaturik egongo da. Beste aldetik, berriz kargatzeko bateria dakarten lau makinek ez dute bateriaren egoeraren adierazgailurik: ebakera egiten duten xaflen abiadura mantsotu bitartean erabiltzaileak ez du hautemango makinak karga gutxi daukala. Bateria kargatzen ari den bitartean kargaren egoera Fagorek bakarrik erakusten du: gehieneko kargara iritsita, dar-dar egiten du argiak eta, bateria kargaturik dagoela, abisatu egiten du. Gainontzekoek argi gorria besterik ez dute (LED: light electric display); hau, kargatzen hasten direnean, piztu egiten bada ere, ez du adierazten kargaren egoeraren berririk.

Seguruak dira.

Segurantzia elektrikoa zehazteko, makinek hainbat proba gainditu behar izan zuten: talka elektrikoak, isolamendua eta beroaren kontrako erresistentzia, besteak beste. Laginetatik ezeinek ere ez zuen arazorik izan. Beste aldetik, zazpietatik bostek, sare elektriko berean konektaturik edo bizarra mozteko makinatik gertu dauden bestelako aparailu elektrikoen funtzionamenduan arras higuingarriak diren gora-beherarik (irratian hotsak, pizturiko telebistan irudiaren aldaketak, etab.) ez zuten sortu. Salbuespen gisa, Fagor T60.1: gainontzeko aparailu elektrikoen baitan eragina duenez, ez da gauza arauari egokiturik dagoela bermatzeko; eta Philips HQ445/A, honek, sarean konektaturik ez dauden gertuko aparailuetan aldaketak sortaraz ditzake. Gainerakoek, arauaren araberako emaitza eskaini dute, eta Panasonic markakoek merezi izan dute baloraziorik hoberena. Arauaren arabera, bizar-makina hauek ikusteko moduko eran adierazi behar dituzte hurrengo alderdiak: tentsio izendatua, korrontearen izaeraren ikurra, frekuentzia izendatua, potentzia izendatua, fabrikatzailearen izena, modeloa, izendapen-mota, etab.; gainera, errotulu horiek ez dute erraz ezabatzeko modukoak izan behar. Aztertu ditugun makina denen ezaugarrien xafletan, eskatzen diren datu guzti-guztiak agertzen dira eta, gainera, aparailuaren ezaugarriekin bat datoz, gaztelaniaz idatzirik daude eta ezin ezabatuzkoak dira. Gainera, xafletako ikurrak normalizatutakoak direnez, lagin guztietakoak zuzentzat jo dira. Adierazpenei dagokiela, denetan daude ingelesez; Braun 5414 eta 5010, eta Philips HQ3445/A laginetakoak normaltzat baloratu dituzte, Fagorekoa ontzat eta Panasonicetakoak, oso ontzat. Baloraziorik okerrena Philips HQ5425A laginak eraman du, interruptorearen eta belarrondoko ileak ebakitzekoaren funtzionamendua adierazten duen argibiderik ez baitu.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Zazpi bizar-makinek ondo kentzen dute bizarra, denak berdintsu. Aurpegiko gune zailetan bizarra moztean nabarmentzen dira batetik besterako alderik handienak. Panasoniceko biak dira hoberenak.
  • Maneiu, mantenu, garbiketa eta erabileran, denek aprobatu dute. Panasoniceko biak eta Philipseko biak, nabarmenki onak.
  • Elektrikoak dira eta, mekanikoki, seguruak. Martxan dabiltzala ez dute sortarazten (Fagor T60.1 eta Philips HQ 3445/A plegukoek izan ezik) aldaketa elektromagnetikorik sare berean konektaturik dauden edota gertu funtzionatzen ari diren gainontzeko tresna elektrikoetan.
  • Bost makinaren ebakera-sistema, xafla dardarkariak dituen saretxoaz horniturikoa da. Philipseko bietan, laminen ordez, buru birakariak daude: gune zailetan (sudurpean, belarrondoan, lepoan, etab.) eta ingerada edo ertzetako ebakeran zehaztasun urriagoa du ebakera-mota honek
  • Prezioak, 9.392 pezetatatik (Braun 5010) 14.900etara (Philips HQ5425A) doaz. Merkeenetakoa dugu Panasonic ES876 (9995 pezeta): bateriaz bakarrik dabilela, honen emaitzak hobexeak izan dira beste guztienak baino (baina marka bereko beste makina garestiagoak eman dituenen antzekoak).
  • Kalitate-prezioz, Panasonic ES876 da onena. Dena den, bateriak kargatzeko zenbat denbora behar duen adierazi behar du. Eta, bestetik, NiCd-ko bateriaren ordez, kutsadura gutxiago sor dezakeen beste bat ipini.
  • Bateria kargatzeko aparailu berezia behar da. Makina batetik bestera, bateria kargatzeko denbora dezente aldatzen da: Fagoreko argibide-liburuan 30 minutu agertzen den arren, egiazko denbora 47 minutu da. Braun 5414k 60 minutuan kargatzen duela adierazten badu ere, benetan 75 minutu behar ditu.

Banan-banan

Zazpi bizar-makinak, baban-banan

Panasonic ES876

  • 9995 pezeta. Arinena: 120 gramo.
  • Kalitate-prezioaren aldetik,
    onena.. Ez dago sarean konektatzerik. Bateria kargatzeko zenbat denbora behar duen ez du adierazten.
  • NiCd-ko bateriaren ordez, kutsadura gutxiago sortzen duen beste bat ezarri behar du. Gune zailetan, zehaztasun handikoa.
  • Mantenu eta garbiketa erraz eta eraginkorrekoa. Belarrondoko ileen ebakeraren abiadura erregula daiteke.

Panasonic ES366

  • Garestienetako bat: 12.450 pezeta.
  • Halaz ere, aurrekoarekin batera, aztertu ditugun guztietan hoberena da. Ez dago sarean konektatzerik.
  • Bateriak oso iraupen laburra du: 24 minutu, eta kargatzeko denbora asko behar du: 3 ordu. Belarrondoko ileen ebakeraren abiadura erregula daiteke.

Braun 5010

  • Merkeena: 9.392 pezeta.
  • Ez du bateriarik, sarean konektatuta
    soilik funtzionatzen du.
  • Honen mantenua eta garbiketa ez dira beste makinenak bezain onak. Buru baskulatzaileak du.

Philips HQ3445/A

  • 9.712 pezeta.
  • Ebakera-sistema (buru birakariak) ez dabil xafla dardarkarien metodoa bezain zehazki aurpegiko gune zailetan.
  • Sarean konektaturik bakarrik funtzionatzen du. Sare berean konektaturik edota makinatik gertu dauden beste aparailu elektrikoen seinalea distortsionatu egiten du

FagorT60.1

  • 10.490 pezeta. Sarean konektaturik edota berriz karga daitekeen bateriaz funtzionatzen du.
  • 47 minutu behar ditu kargatzeko, 78 minutuko zerbitzua eskainiko duelarik (denbora luzeena).
  • Sare berean konektaturik edota makinatik gertu dauden beste aparailu elektrikoen seinalea distortsionatu egiten du.

Braun 5414

  • Garestia: 13.563 pezeta.
  • Sarean konektaturik edota berriz karga daitekeen bateriaz funtzionatzen du. Astunena da hau: 240 gramo.
  • Bateriak kargatzeko denbora asko (75 minutu) behar duelarik, martxan 38 minutu bakarrik ibil daiteke makina. Buru baskulatzailea du.

Philips HQ5425A

  • Garestiena: 14.900 pezeta.
  • Buru birakariak darabiltza: sistema honen eraginkortasuna gune zailetan ez da oso ona.
  • Sarean konektatuta besterik ez du funtzionatzen. Ebakeraren abiaduraren erreguladorea eta buru baskulagarria ditu.