Naturan argazkiak ateratzean, errespetuz jokatu
Paisaia, txorikume, lore, egunsenti eta abarri ateratako argazkiak izaten dira edozein argazkilariren ametsa. Horietakoa bazara, gogoan izan arrotza zarela miresten duzun eta irudietan jaso nahi duzun mundu horretan. Errespetatu egin beharko dituzu, beraz, izaki bizidunak eta beren ekosistema eta argazkilaritzaren alderdi teknikoak ezagutu eta ulertzea eta naturari ahalik eta eraginik txikiena egiteko eran erabiltzea esan nahi du horrek.
Paisaia naturalak, argazkiak isiltasunean
Ingurune horietan zehar autoz ibiltzean sekula baino gehiago errespetatu behar dira zirkulazio arauak. Ibilgailu bat geldik dagoela eta bertatik argazkiak ateratzen ari direla ikusten baduzu, gelditu behar adinako distantziara. Beste autokoari argazkia hondatuko ez diozula dakizunean, abiatu berriro. Ez hurbildu animalia arriskutsuengana autoz, eta bidaiariak badaramatzazu, errespeta ditzatela ingurunearekiko segurtasun eta kortesia arauak. Itzali irrati, walkman, disc-man eta antzekoak. Edozein animalia aztoratuko balitz, alde egin handik, animalia alde egitera behartu beharrean, arriskutsua baita bere habitata utzi araztea.
Habiak, txori-kumeei trabarik egin gabe
Edozein argazkilarik maite du kumeei jaten ematen ari direnean hegaztiei argazkia ateratzea. Horretarako, lehenik eta behin jaten emate hori nola egiten den jakin beharko duzu eta kumeak hazten ari direnean txoriek zein portaera izaten duen jakin. Irakurri egoera hori deskribatzen duten liburuak eta kontsultatu natura ikertzen duten taldeei argazki mota hori atera aurretik. Horretarako, berariaz saltzen diren babestoki (hide) horietako batean gordetzea izango da egokiena, animaliei trabarik ez egiteko.
Baina ez jarri gordelekua edozeinek ikusteko moduko lekuan, jendea erakarri eta animalia aztora ez dadin. Ez zaitzatela ikusi (ezta zure tresneria ere) babeslekuan edo handik kanpora eta ez hurbildu larregi animaliaren habiara. Animaliak beren kumeak elikatzera luzaroan agertu ez badira, jaso kanpalekua eta alde egin, batez ere hotz edo bero dagoen egunetan. Hegaztiak edo animaliak kumeak egin aurretik jarri beharko duzu gordelekua, ezer arrarorik sumatu eta habia zapuztu ez dezaten.
Intsektuak eta sugeak, motelen daudenean
Animalia horiei naturan argazkiak ateratzea izango da egokiena, beren bizitza den bezala jasoko bailitzateke; baina ahal bezain azkar berezko habitatera itzuli beharko dira animaliak. Aurrez, behar den baimena eskatu beharko diezu ingurumen arduradunei. Baina argazkilariak sekula ez du arriskuan jarri behar inongo espezieren bizia. Argazkiak goizean goiz, arratsaldeko azken orduan edo eguraldi freskoa dagoenean eta sugeak motelen dauden unean ateratzea izaten da onena.
Mareak, geologia eta botanika
Itsasoan bizi eta hazten diren animaliek, harkaitzen gainean zein azpian eta mareen mende bizi direnek, eginkizun jakin bat izaten dute ekosisteman eta akabatu egingo lirateke argazkiak atera ondoren aurkitu ditugun moduan utziko ez bagenitu. Haitzei dagokienez, ez da sekula ezer bota behar argazki ikusgarri edo koloretsuagoa lortzeko. Kobazuloetako formazio eta kristalak ere ez dira erauzi, apurtu edo dauden lekutik atera behar, ez bailirateke sekula bere onera etorriko. Lore eta landareei argazkiak ateratzerakoan, ez zapaldu ingurua, ekosistemako espezie guztiei egiten baitzaie kalte. Sekula ez jaso basoko lore edo lore endemikorik estudioan argazkiak ateratzeko: atera argazkia landarearen berezko ingurunean, emaitza argi aldetik hain ona izan ez arren.
Spook Skelton argazkilariaren arauak, argazkilaritzaren, obserbazioaren eta erakusketaren bidez naturaren kontserbazioa eta ezagutza bultzatzeko:
- Izaki bizidun bakoitzaren ongizatea beti garrantzitsuagoa da haren argazkia lortzea baino.
- Bildu dokumentazio zabala argazkietan jaso nahi duzun espeziearen biologia eta portaeraren inguruan, behar bezala joka dezazun. Ikasi prestakuntza teknikoa izaki bizidunei argazkiak ateratzerakoan segurtasunez jokatzeko.
- Legeak babesturiko espezie edo gune naturaletan argazkiak ateratzeko, eskatu baimena agintariei eta lursail pribatuen jabeei.
- Faunari argazkiak ateratzeko animalia libre eta basatiak beren ingurune naturalean hartzea izaten da onena, beren portaera normala aldatu gabe eta egoera delikatuak saihestuz, adibidez txitoak ateratzen edo kume jaio berriekin dagoenean.
- Floraren argazkiak ere naturan bertan hartuko dira, babestutako espezieak erauzi gabe.
- Zaindu bizikleta egoera onean. Edozein ibilbide edo txango hasi aurretik, egiaztatu kontu handiz bizikletaren atalak eta osagarriak.
- Ez ebaki zuhaitz-adarrik animalia basatiei argazkiak ateratzeko gordeleku edo hide-ak ezkutatzeko. Kamuflajeko sare artifizialak erabili.
- Estudioko argazkiak ateratzeko hartutako fauna eta florako espezieak itzuli kalterik gabe eta ahalik eta azkarren bere jatorrizko lekura. Sekula ez mugitu bere ingurunetik legeak babesturiko edo desagertzeko arriskuan den espezierik. Ez aldatu formazio geologiko edo paleontologikoen osotasunik.
- Lanean ari zarenean, saiatu atentziorik ez ematen, jendearen edo animalien arreta erakarri gabe. Ez inori esan espezie bitxi edo mehatxatuak non dauden, animalia horiek babesten lagunduko duten ikertzaile fidagarriei izan ezik.
- Zaindu beti garbi zure ingurunea.
- Eman agintariei naturan aurkitzen duzun edozein arau-hausteren berri.
- Beste lankide batzuekin elkarlanean aritu naturako lanean baldintzak hobetzeko eta eman kode honen berri ezagutzen ez dutenei.
Ia edozein ekipok balioko du argazkigintzako espezialitate honetarako. Prestazio teknikoak erreprodukzioetan lortu nahi den kalitatearen eta argazkietan jaso nahi denaren araberakoak izango dira.
- Kamera: Eskuzko zein automatikoek balio dute, baina egokienak 35 mm-ko reflex autofokusak izango dira (aldagarriak, erabiltzeko errazak eta objektibo eta osagai ugarikoak direlako). Garrantzitsua da kameren ezaugarri eta mugak ezagutzea.
- Objektiboak: Optikarik onenak garestiak izaten dira. Aukera on bat: objektibo angularra (24 mm), teleobjektibo ertain bat (70-200 mm) eta luze bat (300-800 mm). Landare eta animalia txikiei argazkiak ateratzeko, makro objektiboa edukitzea ere ona izaten da. Aukerarik merkeena, hala ere, zoomak dira: prezio egoki batekin hainbat objektibo izango dugu tresna bakarrean.
- Tripodea: Konpaktua, iraunkorra eta gutxienez 150 cm-ko altuera duena. Tripoderik onenak karbono-zuntzezkoak dira, arinak direlako, baina gastu handia eskatzen dute.
- Argazkilari poltsa: Motxilak egokitzen dira ondoen argazkilaritza mota honetara. Barruan duten lekua eta antolaketa argazkilaritzako tresneria eramateko egokiak diren aztertu beharko da, eta poltsiko osagarririk duen (gida, prismatiko eta antzekoak eramateko) eta eramateko erosoa den.
- Hide: Oihalez estalitako metalezko egitura da (1-1,5 m2 ingurukoa), eserita egoteko behar adinako altuera duena, argazkilaria ezkutatzeko balio duena.