Lau laginetik bakar batek ematen du iragarritako babesa, eginiko probek egiaztatu dutenez
Beltx egon behar, kosta ahala kosta. Eguzkitan ez da giro, ordea: eguzkia neurriz hartzea osasunarentzat eta gure barne-giroarentzat mesedegarri gerta daitekeen arren, eguzkipean makina bat ordu edo maizegi egotea ez bide da gomendagarria: egunetik egunera, jokamolde horiek larruazaleko minbiziarekin lotura hertsiagoa dutela egiaztatzen ari da. Gaitz horrekin batera, izan ere, larruaren behar baino lehenagoko zahartzea erdiesten ari da, nahitaez, herrialde garatuetan.
Giza organismoak baditu eguzki-erradiazioetatik babesteko mekanismoak baina “larruazalaren zaindari” horien eraginkortasuna mugatua da. Horrenbestez, hainbat eguzki-filtro erabili beharra dago, hala nola udan larruazalean aplikatzen ditugun kremek dauzkatenak: horiei esker, izan ere, datozen beroaldietan milioika lagunek hartuko dituzten eguzki-bainuak jasan ahal izango dituzte.
200 mililitroko ontzian (bat izan ezik: 250 ml-koa baita) merkaturatuz, bere burua 8. babes-mailakotzat duten eta litroko 3.750 pezetatik (Zeozon) eta 9.800 pezeta (Isdin) bitarte kostatzen diren zortzi eguzki-krema aztertu ditu CONSUMER-ek oraingoan. Zeharo izaera desberdinetako bi proba pasa behar izan dituzte krema horiek: aurrenekoan, bakoitzaren egiazko babes-indizea zehaztu beharra zegoen. Bigarrena erabilpenari buruzko saiakera izan zen eta kontsumitzaile panelak krema bakoitzaren itxura, trinkotasun, usaina, aplikatzeko erraztasuna, larruazalean barrena sartzeko denbora eta larruazala nolako leuntasunez utzi duen neurtzea zen helburua.
Batezbesteko babespen-faktorea neurtzeko azterketa, estandarizatutako protokolo (Colipa, hainbat pertsonarekin egiten den saiakera enpirikoa, alegia, gutxi gorabeherako datuak eskaintzen dituena) baten arabera egin zen. Proba horren arabera (oso litekeena da emaitzak dezente bestelakoak izatea, proba egin duten pertsonen larruazalaren fototipoa ere beste bat izan balitz) Pizbuin eta Johnson´s markakoek -biak ere, prezioz erdi paretik goi aldera- bakarrik ematen dute etiketan adierazitako kalitatea. Gainontzekoak, Chen Yu (bigarren garestiena), Zeozon (denetan merkeena) eta Isdin (garestiena) batez ere, 5 faktore inguruan dabiltzala, aitortutako 8 hartatik arras urruti geratu dira.
Ikusten denez, prezioak ez du ia zerikusirik krema horien egiazko babes-indizearekin; areago, Pizbuin laginarena adierazitakoaz gainetik dago, 9,25ekoa baita. Delial, Nivea eta Nenuco laginena, berriz, 6 ingurukoa da. Gauzak horrela, gizabidezkoa da gure larruazalak behar duen maila baino altuagoa (adierazten) duten kremak baliatzea. Beste aldetik, gogora dezagun, denbora igaro ahala eta ura tarteko dela, adierazitako babes horren parte bat galdu egiten da. Nolanahi ere, gutxienez 15 faktoreko kremak aplikatzea gomendatzen dute dermatologoek. Erabiltzaile-panelak erdietsitako emaitzei goazkiela, horrelako kremen balorazioa (Piz Buin salbuetsita, “zuzen” baino ez baitzuen lortu) kontuan izaki, asebetetzeko modukoak dira, batetik bestera alde handirik gabeak, gainera. Itxurari dagokionez, “ongi” edo “oso ongi” izan zen balorazio orokorra.
Usainean, ordea, Delial bakarrik gertatu zen atsegina. Johnson´s eta Nivea trinkoenak izan ziren eta larruazalak azkarrenen xukatzen duena, aldiz, Nivea, aplikazio errazenekoa, aldi berean. Larruazala leunen uzten dutenak, erabiltzaileen panelaren iritziz, Delial, Chen Yu eta Johnson dira. Emaitzak aztertuta, ondorioa nabarmen hautematen da: zortzi kremetan kalitate-prezioa erlazio egokiena Johnson´s (hirugarren garestiena, litroko 7.062 pezeta kostatzen dena) da, babes-indizeagatik (egiazkoa eta adierazitakoa bat datoz: 8) eta, erabilpen-saiakeretan, kontsumitzaileek onartu dutelako.
Indizeak eta babesa
Planeta honetara iristen diren eguzki-erradiazioen %5 ultramoreak (UV) dira; hauetatik %8, B eta C motakoak dira, hau da, larruazala erre egiten dute. UVC guztiek eta UVB-etako askok ozonoko geruza ez dute zeharkatzen, baina UVA-etatik %39 larruazaleraino iritsi eta horren pigmentazioaren eragile dira. Hala UVA nola UVB erradiazioek, larruazalean erreakzioak eragiten dituzte eta, hauen ondorioz, ehun konektiboetako zelulen ADN-aren eta proteinen sintesia eta funtzionamendua aldarazten dituzte.
UVA erradiazioak UVB baino hamar aldiz handiagoko maiztasuna duten arren, hauek baino dezente ahulagoak dira erredurak sortzeko unean. Gainontzeko erradiazioek -argi ikuskorrak eta izpi infragorriek, alegia- ez dute larruazalean minik eragiten baina, halaz ere, UV erradiazioen eragin kaltegarriak areagotu egin dezakete. Eguzki-krema baten babes- edo zaintza-faktoreak produktuaren eraginkortasunaren berri ematen du, kalterik jasan gabe larruazalak eguzkitan iraun dezakeen denbora adierazten baitigu. Esate baterako eguzki-krema baten 8 babes-indizeak hauxe esan nahi du: gizaki batek kremarik aplikatu gabe iraun lezakeen minutu-kopurua bider zortzi egon daiteke eguzkitan. Dena den, eguzki-krema baten indizea aukeratzean geure larruazalaren ezaugarriak gogoan izan behar ditugu: izan ere, zazpi fototipotan sailkatzen dira larrualazak, eguzki-izpiekiko tolerantziaren arabera: gizaki albinotik hasita (0 fototipoa) arraza beltzeko pertsona bitarte (6 fototipoa).
1. fototipoa (ile eta begi argikoa, larruazal zuri-zuria duena, orintsua tarteka) arras sentibera da eta, eguzkitan jartzeko, 15 indizetik aurrerako kremen premia du, beltzarandu baino lehenago erre egin ohi baita. 4. Fototipoa, berriz (espainiarren artean, biziki arrunta: ile eta begi ilun, larruazal zurixka edo xigortuxekoa) inoiz edo behin baizik ez da erretzen eta beti jartzen da beltzaran; beraz, 8 indizeko eguzki-krema aski du. Badira, dena den, pertsonaren larruazal-motaz gainera, eguzki-kremen eraginkortasunean eragina duten eta ingurugiroari dagozkion beste hainbat alderdi: latitudea (ekuatorean poloetan baino bertikalagoak datozkigu eguzki-izpiak) eta altitudea (mendian erradiazioak kaltegarriagoak dira haranean baino, eta UV erradiazioen ahalmen eritematogenoa %4an areagotzen da altueran igotzen garen 300 metro bakoitzeko).
Era berean, eguzki-erradiazioa kaltegarriago gertatzen zaio gure larruazalari eguerdiko 12etatik arratsaldeko 16ak bitartean: horrenbestez, ordu horietan eguzkitan ez egotea komeni da, jakina. Beste aldetik, elurrak, urak eta hondarrak eragiten duten erradiazioaren biderkatze eta erreflexioa ere kontuan izan behar ditugu. Ohar gaitezen, amaitzeko, eguzkitiko erradiazioetako askok eta askok (batzuen arabera, %90eraino) lainoa, hodeiak eta inguruneko poluzioa zeharkatzen dutela.
Metodoak, estandarizatua dagoen arren, gutxi gorabeherako datuak baino ez dizkigu eskaintzen
Azterketa honetako metodoa estandarizatuta dago: UVB izpien aurkako babes-faktorea neurtzea dela eta, nazioartean aintzat harturiko Colipa sistema horren oinarritzat, hainbat pertsonari (hainbat fototipo desberdinetako 10 gizaki, eskuarki) proba enpirikoa egiten zaie. Pertsona horiei, bizkarreko bi azalera berdinetan krema bana ezartzen zaie: bata, aplikatutako produktua duena; bestea, produktu hori gabekoa.
Ondoren, UVB izpietan ipintzen dira gizakiak. Gunerik gune, erredura sortzeko beharrezkoa den dosia idatziz jasotzen da eta horren bitartez kalkulatzen da izpien aurreko zaintza- edo babes-indizea. Metodoa estandarizatua bada ere, dezente aldatzen dira datuak pertsona batetik bestera. Krema berarekin saiakera eginez, larruazal-fototipo bereko bi gizakik zeharo babes-faktore desberdinak (4 eta 9, alegia) agertu zituzten: ederki erakusten digu horrek metodoaren emaitzen aldagarritasuna eta -kontsumitzaileak gogoan jaso beharrekoa- krema horiek adierazten duten zaintza-indizearen balioaren erlatibotasuna, produktuen eraginkortasuna erabiltzailearen larruazalaren fototipoaren araberakoa baita, hein handi batean.
Aipa dezagun bidenabar pertsona guztiek ez dituztela zortzi kremen eragin edo emaitzak nozitu: proba jasatea erabaki zutenei ezin zitzaien eskatu bizkarrean zortzi erreduraraino (hau da, azterturiko eguzki-krema bakoitzarekin eginiko saiakeraren ondoriozkoak) pairatzea onar zezaten. Egia aitortuz, proban parte hartu zuen taldea hamar lagunek baino dezente gehiagok osatua zegoen. Colipa metodoa enpirikoa da eta proban esku hartu duten 10 lagunetan krema bakoitzak agertu duen batez besteko balioa eskaintzen du. Gutxi gorabeherako balioa da, hortaz, eta halakotzat hartu beharra dago. Larruazal guztiak -fototipo berekoak ere-, banan-banan, berariazko errealitate fisiologikoak direnez, UVB izpien aurrean joera berezia erakusten dute. Beraz, saiakera analitikoan 10 larruazal desberdin sartzeak bariabilitatea murriztu egiten du.
Dena den, hobe litzateke ehun edo mila lagunen larruazalak aztergai hartzea, krema bakoitzaren batez besteko babes-faktorea zehatz-mehatz adierazi ahal izateko; nolanahi ere, lagun horiek aukeratzeko moduaren arabera, emaitzak ere desberdinak izango lirateke. Laburbilduz: hemen egin dugun proban beste lagun talde bat jarri bagenu, emaitzak ez ziren gaurkoak berak izango. Dena den, gutxienez normalizaturiko testak gainditzen dituzten eguzki-kremak eskaini beharko lituzkete fabrikatzaileek: CONSUMER-ek azterketa honetan baliatu duen Colipa dugu adibide egokia, konparazio baterako. Izan ere, beraiek produktuaren kalitate-probetan (test bakoitzean, 10 laguneko taldeekin, hain zuzen ere) darabiltena da metodo hori. Taulan, krema bat 8 (+/- 1,5) indizekoa dela esaten denean adierazi nahi dena hauxe da: produktua probatu duten 10 lagunen batez besteko indizea 8 baldin bada ere, pertsona horiei dagokienez, kalkulatutako indizeen batez besteko bariabilitate estatistikoa plus/minus 1,5ekoa dela, hau da, proba honetan ohiko edo normaltzat jo dezakeguna. Bariabilitate txikiago bat agertu balitz, larruazal mota desberdin horietan kremak jokaera egonkorragoa erakutsi duela adieraziko liguke; bariabilitate handiagoa izanik, ordea, (Piz Buin laginekoa, adibidez: plus/minus 2,15) indizeak aldakorrago azaldu direla.
Beltzaran naturala
Eguzki-erradiazioa larruazalera iristean, ehun horrek defentsa-mekanismoak abiarazten ditu; zaintza-metodo hori eguzkitan denbora-tarte mugatu jakin batean bakarrik izango da asebetetzekoa; baina muga ez da berdina pertsona guztientzat, ez eta pertsona berarentzat egoera guztietan ere. Horrenbestez, premiazkoa dugu kanpotik ezarri beharreko foto-babesa: eguzki-filtroak.
Gure organismoaren defentsazko mekanismo behinena melanogenesia da, hau da, melaninak (larruazal eta ilearen kolorearen ardura duten zelulak) sortu eta epidermisean zehar hedatzeko prozesua. Erradiazio ultramorea larruazalera iristean gure epidermisak melanina ekoizten du, ikusten dugun beltzaran kolorea, alegia.
Hiperkeratosia, beste aldetik, eguzki-erradiazioarekiko epidermisaren egoera jakin bat da eta adarkizko geruza loditzea du bereizgarria. Eguzki-erasoaldiari larruazalak, ehuna den heinean, ematen dion erantzun geroratua da, 2 edo 3 babes-koefiziente xeheen pareko egokitzapenezko erreakzioa, alegia. Erradikal askeen (hau da, zeluletan kalteak eraginez, erreakzio fotokimikoei ekiten dieten molekulen) aurrean ere bere burua babesten du larruazalak. Enzima-sistemek, zelulek kalterik jasan gabe, hauen jarduerak aurrera egin dezan moduko kopuruetan mantentzen dituzte erradikal aske horiek. Bitamina eta oligoelementuek erradikal askeak atzitu eta zelulen hondamena prebenitzen dute. Dena den, babes-sistema hauek guztiak ahuldu egiten dira gizakia adinean aurrera joan eta eguzkitan egon ahala.
Epidermiseko zelulak konpontzeko ahalmena eta melanina-kopuruaren arteko erlazio orekatua herentzia genetikoaren bidez jasotzen dugu. Baina eguzkia hartzen denean herentzia horren parte bat kontsumitu egiten da: horregatik, 50 urte inguruan metaketa hori murrizten hasten da, behin betirako desagertzerako bidean. Gure organismoa babesteko mekanismoak aski ez direnean -eguzkitan emaniko egonaldiaren intentsitateagatik edo kanpo-fotobabesleak ez erabiltzearren-, larruazala kaltetu egiten digu eguzkiak. Nahiz eta berehala gorriuneak eta baba ikusgarriak (are mingarriak) gertatu, eragin kaltegarrienak epe luzera ager daitezkeenak dira: larruazalaren behar baino lehenago zahartzea eta denok ikaratzen gaituen minbizia, alegia.
Hobe, filtro eta guzti
Eguzki-izpien kontrako babespenerako krema edo faktoreak ez dira farmakopearen asmakuntza bakarrik. Eguzki-bainuetan babesteko premia-premiazko neurri dira. Estreinako eguzki-filtroak Estatu Batuetan (1928) agertu ziren, izaera kimikokoak: benzilo-salizilatoa eta benzilo-zinamatoa. Handik urtebetera Australian beste filtro kimiko bat merkaturatu zen, fenilo-salizilatoa, alegia. Frantzia izan zen (1943) horrelako filtroak fabrikatu zituen Europako lehen estatua.
Filtroek energia ultramorearen energi fotoien absortzioz dihardute: energia hori aldarazi eta, bestelako onda-luzerako energia bihurtzen dute. Legeria zorrotzaren kontrolpean daude, tolerantzia dermatologiko ona dute eta UVA eta UVB erradiazioak absorbitzen dituzte.
Merkatura azaldu den azkeneko produktua filtro biologikoa da: honek, tradizio handiko filtro fisiko eta kimikoen ahalmena indartzeko, bitaminak dauzka. A eta B5 bitaminek eragin antioxidatzailea dute eta erradikal askeen jarduera indargabetu egiten omen dutenez, larruazalaren foto-zaharkitzea eta minbizia prebenitzeko eragiletzat agertzen dira.
A bitaminak larruazalaren harresi-eginkizuna indartzeaz gainera, haren itxura eta malgutasuna hobetu egiten du. Era berean, epidermiseko zelulen ugaltze-prozesua areagotu, entzimen kalitatea hobetu eta larruazala mehartzea mantsotu egiten du. Bitaminaz hornitu eta, eguzki-erradiazioetatiko erradikal askeen eragin hondatzaileetatik babesten ditu zelula-mintzak eta, gainera, erradikal horiek zelulen baitara sar ez daitezen, ezkutuaren antzekoa osatzen du. B5 bitaminak dermiseko epitelioaren hazkuntza bizkortzen du, larruazalaren hanpatzea galarazi eta babesten duen bitartean: eguzki-filtroak zauriak itxi, larruazala hidratatu eta leuntzeko ahalmenaz hornitzen du. Bitamina hauetan oin hartuta beste produktu bat plazaratu da: beltzaran kolorea hartzeko pastillak, hau da, larruazalaren pigmentazioa areagotzen eta beltzarantze-prozesua bizkortzen duten bitamina-konplexuak edo nutrizio-ekarpenak. Baina ez gaituzte eguzki-izpi kaltegarrietatik edo intsolaziotik babesten.
Gutxienez, 15 babes-indizea duten produktuak erabiltzea eta, erabiltzailearen larruazala zenbat eta argiago izan, orduan eta indize hori altuago izatea gomendatzen dute dermatologoek. Beste alde batetik, hobe da krema hauek uraren kontra erresistente edo iragazkaitz izatea (eskuarki, hondartza eta igerilekuetan erabiltzen direlako) eta erabateko espektroa agertzea, larruazala UVA eta UVB erradiazioetatik babesteko. Eguzkitan jarri aurretik eta, hortik aurrera, bi edo lau orduz behin aplikatu behar dira, eguzkiaren intentsitatearen, larruazal-motaren, ur-bainuen kopuruaren arabera eta azalera islatzaileak (ura, hondarra, elurra) kontuan izanik.
Behar bezala erabiliz, larruazalaren babesleek eguzki-erradiazioaren espektroaren parte bat islatu edo absorbitzen dutenez, erredurak gertatzeko aukerak murriztu eta, hala eta guztiz, horrelakorik jazotzen bada ere, kaltearen intentsitatea apaltzen dute, izpi ultramoreak (UV) blokeatzen dituztelako; dena den, krema guztiak modu berean antolatuak ez daudenez, batzuen eta besteen eraginak ere desberdinak izan ohi dira. Azterketako emaitzen arabera (esana dugun bezala, gutxi gorabeherakoak baizik ez dira), zortzi kremetatik bik bakarrik betetzen dute ontzian agindutako babes-indizea. Areago, PizBuin laginekoa adierazitako 8 hori baino altuagoa da: batez beste 9.25era iritsi da. Johnson´s laginak, egiaz ere 8 indizea duela, adierazitakoa betetzen du. Gainontzekoak, ordea, ez dira iragarritako faktorera (8ra, alegia) iristen, Colipa metodoari jarraikiz CONSUMER-ek egin duen probako emaitzen arabera. Delial eta Nivea 6,5 eta 6,2 indize benetakoetan geratu dira; Nenuco (5.9), Chen Yu (5.3), Zeozon (5.2) eta Isdin (5.2) beheragotik dabiltza, hau da, agindutako indizetik urrutiago. Bitxia bada ere, garestiena eta merkeena (Isdin eta Zeozon) dira batez besteko indizetik (8) urrutien dabiltzanak, krema horien babespen-faktorea 5,2 apal-apalean dagoela.
Eguzkia, arriskutsu
Beltzarantze-prozesuan, erradiazio ultramoreek azaleko zelulak hil eta kolagenoaren eta elastinaren funtzioa aldarazi egiten dute. Odol-basoen dilatazioa (“karramarroa bezain gorria” jartze hori) ere eragin dezakete. Erre ondoren, larruazala erori egiten da eta, melaninaren aldaketa lokalen ondorioz, baliteke orbanak agertzea. Aldaketa horiek, ordea, eguzkiak eragiten dituen aldaera berehalako eta ikuskorrak dira, gure osasunean eragin kaltegarri arinena dutenak.
Zahartze fisiologikoarekin batera, azala laxatu egiten da, meharrago, zimurtsu eta erantzun mantsoagoko (zikatrizazioa moteldurik eta infekzio-arriskua areagotuta) bihurtuz, eta inmunitatea apaldu egiten da baina, eskuarki bederen, tumore onberak bakarrik azalduz. Eguzkiaren (edo solariumetako lanparen) eraginez foto-zaharkituriko azala, aldiz, lodia da, pigmentazio irregularra eta ildo sakonak agertzen ditu eta tumore gaiztoak azal daitezke. Azken 15 urte hauetan, melanoma (larruazaleko tumore denetan larriena) eragina gehien areagotu duen minbizietako bat izatera iritsi da. Estatu espainiarrean urtero beste 35.000 edo 40.000 kasu berri diagnostikatzen dira.
Eguzkia hartzeak, ordea, baditu ondore mesedegarriak: eragin antidepresiboa, hezurren mineralizazioa eta D bitaminaren aktibazioa, larruazaleko gaitz batzuen hobekuntza eta melanotoninaren sekrezioaren ugaltzea, adibidez. Eguzki-krema horiek ematen duten babesak sekulako mesedea egiten dio gure azalari baina haurtzaroan, behar bezalako babesik izan ez duelako, erredura ugari edo larriak nozitu dituenak, melanoma edo azaleko minbizia jasateko aukera handiagoa du (helduaroan babespena arretaz egin badu ere) behin erredurarik izan ez duenak baino, nahiz eta honek lehenago eta orain bertan babes-kremarik ez darabilen. Eguzki-erradiazioen eragin kaltegarrien aurrean haurrak oso minberak direnez, eguzkitan jarri aurretik haien larruazalaren babesa zorrozki zaindu beharra dago. Haurtzaro eta gaztaroan, eguzki-erradiazioek melanozito izeneko azaleko zelula pigmentatuetan aldakuntza mutatzaileak eragin ditzakete, tumorea geroago agertuko delarik.
Larruazala ez ezik, begiak orobat
Eguzkitan denbora gehiegi egotearen ondoriozko kalterik ez izateko aholkuak larruazalari bakarrik dagozkio: begiak, erradiazio ultramorearen aurrean oso-oso sentiberak izaki, baztertu eta babesgabeturik daude, nonbait. Larruazala kremekin zaintzen den bezala, begiak betaurrekoekin magaldu behar dira. Horietan ere, edozeinek ez du balio. Kristala bermeduna izateko, Eguzkitarako Betaurrekoei buruzko Arauen Institutu Europarrak agindu bezala (EN 1836:1997) fabrikaturik, 89/686/EEC Europako Arauak xedatutakoa bete behar du.
Betaurrekoak arau horien arabera fabrikatuta baldin badaude, horrelaxe adierazi behar da produktuaren etiketan. Honek, aipatutakoez gain, kristalaren ezaugarrien eta absorbi dezakeen eguzki-argitasunaren berri eman behar du.
- Eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago babeslea aplikatu, larruazal osoan zehar hedatu eta sartzeko tartea premiazkoa baitute kremek.
- Ezpainak (berariazko krema hidratatzaileekin) eta begiak (betaurreko bermatuekin) babestu behar dira. Aurpegiak gainerakoek baino ardura bereziagoa eskaintzea merezi du.
- Lehendabiziko hiruzpalau egunetan ez da eguzkitan egon behar ordu laurdenean baino gehiago. Hortik aurrera, egonaldia pixkanaka luzatu egin ahal izango dugu, jarraian bi ordu baino gehiago inola ere izan gabe.
- Ez egon eguzkitan eguerdiko 12etatik 16ak arte. Erabili zure azalak behar duen bezalako krema babeslea. – Aplikatu produktu hori bi orduz behin eta uretatik atera ondoren. Aurreneko egunetan, aplikatu krema orduoro.
- Eguzkitan jarri aurretik, ez aplikatu kolonia, perfume eta antzekorik, larruazalean alergiak, narritadurak edo orbanak sortaraz ditzaketelako eguzki-erradiazioek.
- Oso litekeena da ohikoak diren botika batzuek erreakzioak eragitea, hartzen dituena eguzkitan jartzean. Tratamendua egiten ari bazara, galdegin sendagileari.
- Uretatik ateratzean toailarekin lehortu behar dugu: ur-ttanttek lupa gisako eragina izan dezakete, erredura edo orbanak sortuz.
- Eguna laino badago ere, ipini krema babeslea, izpiek hodeiak zeharkatzen baitituzte.
- Azala gorri badago edo erredurarik agertzen bada, ez jarri eguzkitan eta ezarri pomada analgesikoa edo after-sun bat.
- Zaindu arreta bereziz larruazal sentsiblea, hala nola ilehori, begi argi edo azal zuri-zuriko pertsonena, haur eta zahar guztiena. Gizaki horiek, denetan, oso babes-indize altuko krema baliatu behar dute beti. Lehendabiziko egunetan, egonaldi laburra eguzkitan edo, areago, kotoizko elastikoa.
- Ez erabili iazko produkturik, hasi gabe badago ere. Formularen egonkortasun zeharo bermatzerik ez dago eta
- Ez erabili babes-faktorerik gabeko kremarik, ez eta 8 indizea baino apalagoa dutenik.
- Eguzkiaren kontrako babes-neurriek harik eta zorrotzagoak izan behar dute azalera islatzaileetan gaudela: elur, izotz, hondar edo uretan.
- Erabili kapela eta eguzkitarako betaurrekoak, eguzkitan luzaro egoteak kataratak agertzea lagun dezake eta.
- Eguzkitan egon ondoren, larruazala hidratatu eta freskatzea komeni da, dutxa hartu eta krema hidratatzaileak aplikatuz.
En síntesi
En síntesi
- Bere burua 8 babes-faktorekotzat jotzen duten zortzi eguzki-krema aztertu dira. Litroko, 3.750 pezeta (Zeozon) eta 9.800 pezeta (Isdin) kostatzen dira. Bi proba egin dira, krema horiek aztertzeko: lehendabizikoan, bakoitzaren batez besteko babes-indizea zehaztea; bigarrenean, krema hauen ezaugarriei (aplikatzeko erraztasuna, kremaren trinkotasuna, etab) buruzko iritziak eskatu zaio erabiltzaile-talde bati.
- Etiketan adierazitako babesa PizBuin eta Johnson’s laginek bakarrik ematen dute (egindako proba-metodoaren arabera: honek, nazioartean entzute hoberenekoa izan arren, gutxi gorabeherako batez besteko balioak besterik ez du agertzen). Delial, Nivea eta Nenuco 6 inguruan dabiltza; Chen Yu, Zeozon eta Isdin ez dira 5,5era ere iristen. Batez besteko babes- edo zaintza-indizearekin ia zerikusirik ez du laginen prezioak.
- Erabiltzaile taldearen iritziz, Delial laginaren lurrina zen nabarmentzeko modukoa. Johnson, Chen Yu eta Nivea dira krema trinkoenak eta Nivea, berriz, dermisean azkarren sartzen dena eta aplikatzeko errazena. Larruazala leunen utzi dutenak Delial, Chen Yu eta Johnson´s dira. Erabilera-proba horietan, Piz Buin (“egokia” baizik ez) izan ezik, krema guztiak asebetetzeko modukoak gertatu ziren.
- Kalitate-prezio erlazio egokiena Johnson’s da.
- Eguzki-babes faktoreari dagokionez, 15etik gorakoa erabiltzea eta, azala zenbat eta argiago izan, orduan eta altuagoa baliatzea gomendatzen dute dermatologoek. Uraren aurrean, erresistente edo iragazkaitz agertzea, erabateko espektro izatea eta UVA eta UVB erradiazio ultramoreetatik azala babestea ezinbesteko lagungarri dute.
Un a un
8 babes-indizedun eguzki-kremak, banan-banan:
Johnson´s
- 200 mililitroko ontzia. 1.412 pezeta kostatzen da, hau da, 7.062 pezeta litroko: prezio ertain-altua.
- Kalitate-prezio erlazio egokiena. Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 8, etiketan adierazitako bera.
- Erabiltzaileek, krema honen trinkotasuna eta, aplikatu ondoren, larruazalaren leuntasuna nabarmendu zuten.
Nivea
- 200 mililitroko ontzia. 1.040 pezeta kostatzen da, hau da, 5.200 pezeta litroko: prezio ertain-apala.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 6,2, hau da, etiketan adierazitakoa baino apalagoa.
- Erabiltzaileen arabera, krema onenetako bat da hauxe: aplikatzeko errazena eta larruazalean barrena sartzen azkarrena. Asebetetzeko moduko trinkotasuna.
Pizbuin
- 200 mililitroko ontzia. 1.325 pezeta kostatzen da, hau da, 6.625 pezeta litroko: prezio ertain-altua.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 9,25, altuena. Erabiltzaileen arabera, krema txarrena, osotasunean “zuzen” kalifikazioa eman bazitzaion ere.
- Akats nagusia: larruazalean mantsoegi sartzen da; koipetsua den bakarra.
Delial
- 200 mililitroko ontzia. 1.100 pezeta kostatzen da, hau da, 5.500 pezeta litroko: prezio ertaina.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 6,4, etiketan adierazitakoa baino apalagoa.
- Erabiltzaileek, krema honen lurrina eta, aplikatu ondoren, larruazalaren leuntasuna nabarmendu zuten.
Nenuco
- 200 mililitroko ontzia. 906 pezeta kostatzen da, hau da, 4.530 pezeta litroko: bigarren merkeena.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 5,9, etiketan adierazitakoa baino apalagoa.
- Erabiltzaileek ez zuten ezaugarririk nabarmendu, ez alde ez kontra.
Chen yu
- 250 mililitroko ontzia. 2.400 pezeta kostatzen da, hau da, 9.600 pezeta litroko: bigarren garestiena.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 5,3, hau da, etiketan adierazitakoa baino askozaz ere apalagoa.
- Krema honek trinkotasuna eta, aplikatu ondoren, larruazalaren leuntasuna ditu nabarmen. Larruazalean sartzen bigarren azkarrena.
Zeozon
- 200 mililitroko ontzia. 750 pezeta kostatzen da, hau da, 3.750 pezeta litroko, merkeena.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 5,2, etiketan adierazitakoa baino askoz ere apalagoa.
- Erabiltzaileek ez zuten ezaugarririk nabarmendu, ez alde ez kontra.
Isdin
- 200 mililitroko ontzia. 1.960 pezeta kostatzen da, hau da, 9.800 pezeta litroko, garestiena.
- Proban agerturiko batez besteko babes-indizea: 5,2, etiketan adierazitakoa baino askoz ere apalagoa.
- Erabiltzaileen arabera, hau baino koipetsuagoak dira beste guztiak.