Hobetzeko modukoa: segurtasunean, asko; erosotasunean, aski
Oinezko ibilaldiaren ostean eskia, alpinismoa, hipika, txirrindularitza eta bela etorri ziren ondoren. Tradiziozko jarduera horiei, egun, beste batzuk erantsi zaizkie: moderno hauen funtsa, inondik ere, denbora-tarte motz batean kirol jarduera jakin bati ahalik eta zuku gehien ateratzea da, jarduera horiek berezkoa duten arriskua eta ondoriozko beldurra gainditzea pizgarri izaki. Ibai eta arroilak jaistea, parapente edo delta hegoan paseatzea, puenting edo rafting kirola praktikatzea, bakanen bat baizik ez aipatzearren, egungo kirolen zerrendako osagai berriak dira. Urterik urte ugaltzen da jarduera horien zaletuak, eskarmentua eta monitoreak eskaintzen dituen enpresa aritu eta aditu baten eskutik, gehientsuenetan.
Kirol-jarduera berri horiek zein baldintzatan praktikatzen diren, arrisku-faktoreak noraino kontrolatzen diren eta 13 urteko bizitza baizik ez duen sektorean diharduten enpresa horien profesionaltasuna nolakoa den arakatu du CONSUMER-ek. Oraingoan, espainiar Estatu osoan urpeko jarduerak, parapentea, delta hegoa, jausketa librea, eskalada, trokarte-jaitsiera, piraguismoa, rafting-a, hidrospeed-a (hau da, ur biziko ibaietan barna plastikozko lera antzekoetan jaistea), flysurf-a (parakaidismoa, ohol eta guzti) edota puenting-a praktikatzeko aukera ematen duten 93 enpresa aztertu dira. Delta hegoan egun pasa egitearen kostua 15.000 pezetaraino igo daitekeen bitartean, rafting-ean emaniko eguna 3.500 eta 8.000 pezeta bitartean kostako zaio erabiltzaileari. Jakina denez, horrelako kirol-jarduerak praktikatzeko ohiko garai egokia uda da.
Azterturiko 93 enpresen batez besteko balorazioa, beraiek harturiko segurtasun-neurrien eta eskaintzen dituzten zerbitzu eta prestazioen arabera, aprobatu hutsa baizik ez da. Haietako erdiek baino gehiago aitortzen dutenez, bezeroarekin ez dute kontratu bidezko inongo harremanik, nahiz betebehar hori autonomi erkidego batzuk horrelakoak bete daitezen agintzen hasiak diren. Osotasunez, banan-banan konparatzen badira (zerbitzuaren segurtasun eta kalitatea) naturako kirol-enpresa horien %26ak ez du aprobatzen eta %30etik gora erdipurdiko aprobatu hutsean geratu dira. Guztien %30ak edo, onak direla esan dezakegu eta oso ongi agertzen dira enpresa guztien %12ak bakarrik. Azterketa eta erabilitako metodologiaren fitxa teknikoari buruzko informazioa: www.consumer-revista.com
Abenturako kirol horien praktikak gizakia natur mundurako itzulerarekin omen du zerikusia, baina ez da hori bakarrik: metropoli eskergan estresaturik bizi den gizarteak badu “adrenalina erretzeko” premia galanta. Eliteko kirolariek burututako azainek zein bestelako mentura-kirolezko ekitaldiek ere badute eraginik, nola ez, praktika udatiar horietan: motibazio behinena eragozpenak gainditzea da.
Segurtasuna: gaizki ez dagoen arren, hobetu beharra dago
Azterturiko 93 enpresetatik, %36 “ongi” daude segurtasun aldetik. Suspentsoa lortu dute %16ek eta %19a aprobatuan geratu da; %27ak, azkenik, notablea irabazi du. Meteorologia alorrean dute gehienek bekatu larriena (denen %6ek aitortu bezala, ez dute inolako neurririk hartzen eta %38ek oso kontrol xumea daramate), nahiz eta istripu batzuen sorburua -arroilen jaitsieran edo airezko kiroletan, adibidez- fenomeno meteorologikoetan datzan.
Bezeroei betebeharrak eskatzeko unean (egoera fisiko eta aldarte egokian daudela bermatzearren) ere, ez dabiltza sendo: guztien %11ak ez du inongo betebeharrik eskatzen eta %15ek betetzen dute atal hori, baina oso oinarritik. Ekipoko osagarriei ez zaie eskaintzen arreta berezirik (%21ak ia ez darama horrelako materialik, hau da, botikina, komunikagailua, ipar-orratza edo larrialdietarako elikagaiak). CONSUMER-ek eginiko balorazioaren arabera, azken hiru alderdi hauetan enpresa guztien batez besteko kalifikazioa suspentsoa da. Nolanahi ere, bezeroa beti laguntzen du gehienetan behar bezalako prestakuntzaz edo tituluaz hornitutako (%11etan, horrela gertatzen ez den arren) monitore batek. Bestetik, enpresa guztiek diotenez, badute erantzukizun zibileko asegurua eta, bidezko osagarri, asistentzia sanitarioko aseguruaren zerbitzuak ere kontratatuak ditu bakarren batek.
Ohikoa da, beste aldetik, esku hartu ahal izateko bezeroa alderdi psikiko zein fisikotik prest dagoen ala ez, enpresek nola edo hala -behapenez edo elkarrizketaren bidez- balioztatzea; halaz ere, haien %21ek ez dute inongo neurririk hartzen adiera horretan eta, benetako kirol-jardueran aritu aurretik, erdiek ez dute egiten batere saiakerarik. Dena den, monitore bakoitzari dagozkion bezero edo (ur-kirolen kasuan) txalupa nahiz ontzien gehieneko kopurua dela eta, enpresek agerturiko zorroztasuna ereduzkotzat jo dezakegu, alor honetan ere salbuespenak ditugun arren: kirol-eskaladan diharduten enpresak aprobatuaren ertzean geratu dira, Estatu espainiarreko Goi Mendiko Eskolak ematen dituen ikastaroetan xedatutako baremoekiko.
Horixe da, izan, legeak araututa ez dagoen arriskudun kirol-jarduera bakanetako bat, baina hutsune horri konponbidea aurkitzeko urratsak eman dira, Hezkuntza Ministerioak eta autonomi erkidegoetako mendi federazioek horretan baitihardute egun. Hemen azterturiko hamaika kirol-motak beraien artean alderaturik, segurtasun-gaietan enpresek emaniko xedapenek “erdipurdi” baino kalifikazio hoberik ez dute jaso delta hego, eskalada, flysurf, kaiak, puenting, parapente eta rafting-ean. Gainerako lauak (trokarte-jaitsiera, jausketa libre, hidfrospeed eta urpeko jarduerak) nota hobexea dute: “ongi” daude baina, halaz ere, atal batzuetan (meteorologiaren kontrolean edota irteeran bezeroak daramatzan osagarriak, adibidez) suspentsoa eraman dute. Arreta gutxien hartu duten segurtasunari buruzko bi parametroak dira aipaturiko biak eta bezeroei exigitzen zaizkien betebeharrak.
Praktikatu nahi duenari galdakizun gehien aurkezten dizkiona urpeko jarduera da, ondoren jausketa librea datorkiola. Biak dira, izan ere, atal honetan aprobatu duten bakarrak, gainerakoek suspentsoa jaso dutelako. Jausketa librea da bezeroaren prestakuntza xehetasun handienez ebaluatzen den kirola, ondotik urpeko jarduera datorrela.
Jendearenganako arreta, oinarrizkoegia
Enpresa horiek dezente dute hobetzekoa, abenturazko kirola eta erosotasun pittin bat elkarren etsai ez direla pentsatzen duen bezeroa asebete nahi badute, bederen: enpresen %47ak suspentsoa darama CONSUMER-ek ezarritako azterketa eta %19a aprobatu hutsean geratu da. Datu kezkagarri bat: 93 enpresa horietako arduradunen %62ak aitortzen duenez, bezeroari ez dio kontratu bidezko inolako harremanik eskaintzen, betebehar hori erkidego batzuk arautzen hasiak badira ere. Sinatzen duten (hau da, legez onartzen duten konpromiso) bakarra, gehienez ere, enpresak ezarritako obligazioak bezeroak, jabeturik, onartzen dituen agiria da, jarduera aldez aurretik ordaintzetik hasita, istripurik gertatzekotan enpresak inolako erantzukizunik ez duela aitortzeraino.
Beste aldetik, enpresa horien erdiek bakarrik antolatzen dituzte ezinduentzako jarduerak. Enpresa horien %8ak, antolatzen dituzten jardueren aurreko ikastarorik ez du eskaintzen, besteren esku utzita. Gainontzekoek ikastaldiak dituzte paratuak. Konpainia horien profesionaltze-mailaren adierazgarri bat: hirutik bik urteko hamabi hilabeteetan ateak zabalik ditu eta gehientsuenek bezeroak beharrezkoa duen ekipo osoa alokatzen diote. Azpiegitura asebetetzekoa izatetik urrun dago, halarik ere: enpresen %62ek bakarrik dute jarduera gauzatzeko basea edo instalakuntza egokia edo egokitua. Baina gune horien erdiak ez du ibilgailua aparkatzeko tokirik eta %13ak ez du aldagelarik, ez eta dutxarik ere; %44ek ez dute ezindu fisikoentzat egokitutako instalaziorik eta hauetako %17ak, amaitzeko, zerbitzu osagarririk (kafetegia edo telefono publikoa, adibidez) ez du.
Jendearenganako arreta-alorrean kirol eskasenak eskalada, trokarte-jaitsiera eta kaiak dira. Bakar batek (hidrospeed-a) lortu zuen “ongi” kalifikazioa, gainerakoak erdipurditzat geratu zirelarik; rafting-a, berriz, “ongi” notaren ertzean agertu zen. Alderdi larrienak, oro har, inolako kontraturik ez izatea da (eta horrek ondorioztatzen duena: bezeroaren aurrean, enpresak inongo konpromisorik bereganatu ez izana), ezinduentzako instalaziorik eza eta, kirolak garatzen diren tokietan zein enpresak egoitza duten lekuetan dauden azpiegituren eta zerbitzuen txirotasuna dira. Kaiak edo piraguismoa eta flysurf-a dira, denboraz, gutxien praktika daitezkeen kirolak eta jausketa librea, delta hegoa edota ur azpiko jarduerak, aldiz, urte osoan zehar praktika daitezkeenak.
Ikastaro gehien eskaintzen dituen jarduera urpekoa da eta aukera gutxienekoa, jausketa librea eta kaiak. Jausketa askean dituzte ezinduek aukera gehien eta zeharo kontrakoa gertatzen da delta hegoa eta puenting-ean. Beste aldetik, hydrospeed-ak eta delta hegoak base-eskaintza oparoagoa dute, mendi-kirolen aldean: eskalada eta trokarte-jaitsiera, gaizki hornituta daudelako hauek. Jausketa askeak ditu parking gehienak erabilgai. Kontratu gehien egiten dituzten konpainiak, berriz, delta hegoa eskaintzen dutenak dira eta zerrendaren beste muturrean piraguismo edo kaiak antolatzen dutenak dira.
Natur jarduera horiek praktikatzen duten kirolari gutxik egingo luke duda zauritutako edo gaixo bati asistentzia eman edo garraiatzeko orduan, bere taldeko kidea izan edo ezezaguna izan. Laguntzeko obligazio moralaz zalantzarik ez dago. Halaz ere, horrelako egoeretan osasun-laguntza ematea erabakitzen dutenek legezko erantzukizun zehatzak bereganatuak dituzte. Estatuen arabera, egoera legalak aldatu egiten direnez, istripu batean bere burua tarteko ikusten duenak, her4rialde horretantxe nola jardun behar duen jakin behar luke. Larrialdian dagoen gizakiari laguntzeko obligazioa estatu bakan-bakanek ezarria dute. Arriskutan –are bizi-arriskutan– dagoen pertsona laguntzeari uko egin diezaioke mendizale batek. Natur mundu horretako obligazioak moralak edo azturakoak ohi dira, ez dira lege bidezkoak. Trafiko-istripuetan, aldiz, zeharo bestelakoa jazotzen da.
Asistentzia medikoa eta bestelakoa emateko obligazio legala dago lagun dezakeen horixe izan baldin bada ezbeharraren errudun, eragile edo arduraduna. Osasun-asistentzia ematea erabakitzen denean -legez xedaturik ez badago ere–, horrelako egoeran pertsona arrunt eta zuhurrak jardungo lukeen bezalaxe aritzea komeni da. Istripua jasan duenari laguntza ematen dionak kalteturik ikus baitezake bere burua, zaurituari kalteak eragiteko akusaziopean, behar bezalako zaintza gauzatuz gero kalte horiek ebita balitez. Zauri eta gaitz batzuek, gainera, basoan bertan eta tresneria egokirik gabe eman daitezkeenak baino tratamendu konplexuagoa, xehekapen handiagoko ardura eta kualifikazio pertsonal handiagoa izatea eskatzen dute. Abentura-kirola praktikatzen duenak lehen sorospenen teknikak sakonki ezagutu behar ditu. Legez eskatzen den arreta edo zaintza, dena den, arazoak gertatzen diren egoera horretako gizabidezkoak dira. Biktimaren egoera, laguntzera doakion pertsonak izan ditzakeen arriskuak, baliagarri dagoen ekipoa eta taldearen egoera fisikoa hartzen ditu legeak kontuan. Halaz ere, inoiz edo behin judizio-auturen bat sortarazten badute ere ez da ohiko kontua istripua jasan duenari laguntza ematea lege-arazoen sortzaile izatea. Naturan bertan, gaixo edo zaurituei borondate onez laguntza eskaintzen duena ia inortxok ez du salatzen. Nahiz eta, elkartasunaren elkartasunez, laguntza eman duena oker bazegoen ere.
Prezioa: batetik bestera, sekulako aldeak eta konparaketako taula
Prezioen aldearen (are kirol-jarduera berean) zergatia nekez uler daiteke: egun osoko eskalada, laguneko, 2.100 pezetatik 8.000 pezeta bitarte kosta dakioke bezeroari; parapentean ordubetea, 5.000 pezetatik 11.000 pezetaraino; delta hegoan ordubete ibiltzea, 9.000tik 15.000 pezeta arte, zerbitzuak zein enpresarekin kontratatzen diren. Kirol garestiena delta hegoa da: 11.500 pezeta orduko. Prezio handikoak, era berean, parapentea (8.000 pezeta) eta rafting-a, trokarte-jaitsiera, hidrospeed-a eta ur azpiko jarduerak, denak ere 5.000 pezeta kostatzen baitira lagun eta eguneko.
Prezio handikoak, era berean, parapentea (8.000 pezeta) eta rafting-a, trokarte-jaitsiera, hidrospeed-a eta ur azpiko jarduerak, denak ere 5.000 pezeta kostatzen baitira lagun eta eguneko. Kirol-jarduerak praktikatzeko denbora-tarteak ere biziki desberdinak direla nabarmendu behar dugu: puenting-a da merkeena, denetan: 3.000 pezeta, eguneko. Datu hauek irakurtzeak zerbait erakusten du, argi eta garbi: horrelako kirol-praktika bat planifikatzeko unean informazioa jasotzea komeni da, enpresen prezioak elkarren artean aldedratzeko, alde gaitzak baitaude batetik bestera. Halaz ere, prezioak ez du izan behar kontuan hartzeko alderdi bakarra, badira beste zenbait elementu funtsezko, hala nola kirol-proposamenaren kalitatea, monitoreen kualifikazioa eta hauek jendeari ematen dioten tratua, enpresak dituen aseguruak, eskaintzen diren ikastaroak, kirolariak aurkituko dituen instalazio eta zerbitzuak, etab. Enpresa bat baino gehiagok, seguruenik, zerbitzu egokiak prezio onean eskaintzen ditu: zaletuaren eginkizuna da orain enpresa horiexek aurkitzea.
Erabiltzaile askok bizilekutik bidaia egin beharko du aukeratutako abentura-kirola praktikatzeko toki egokiraino; horrek aparteko gastua eragiten dio: lekualdaketa, lojamendua, janariak, etab. Asteburu osoa, lojamendu eta pare bat eguneko kirolaldiak (rafting-a eta rokarte-jaitsiera ohiko bikotea da) 12.000 pezeta inguruko kostua izan dezake, monitore eta ekipo egokia alokatuta, baina bidaiak, janariak eta antzeko gastuak sartzeke.
Berariazko legerik ez
Aragoi burutzen ari da orain autonomi erkidego horretan abentura eta turismo aktiboaren enpresen jarduera arautuko duen dekretua: honek, kirol-elkarte eta -federazioek antolatzen dituzten jarduerak salbuetsi egiten ditu, eta enpresa behartuko du erregistro batean izen ematera eta erabiltzaileari egiazko informazio osoa ematera. Enpresek, gainera, erantzun zibileko asegurua (100 milioi pezetakoa) izenpetu beharko dute eta titulu ofiziala dutenak bakarrik enplegatu ahal izango dituzte. Dekretua onetsitakoan, enpresak eta bezeroak kontratua sinatu beharko dute. Neurri horrek egungo abentura-kirolaren panorama aldarazi egingo du: sarregi, bi alderdien (erabiltzailea eta enpresa) arteko lehen harremana jardueran hasi baino minuturen bat lehenago gertatzen da eta dagoen dokumentu bakarra faktura izaten da.
Aragoiko Gobernua eta 22 konpainiak osatzen duten Kirol Turismoaren Enpresen Elkartearen arteko akordioa jasoa zuen zirriborroa geldiarazi egin dute, segurtasun eta inguruari dagozkion betebehar batzuk erantsi baitzaizkio testuari. Zatika bada ere, 1991 urteaz geroztik Katalunian aplikatzen den dekretuan oinarriturik dago oraingo hau. Galiziak eta Kantabriak ere badituzte antzeko arautegiak. Galizian, esate baterako, testu hura indarrean jartzeak abentura-turismoan ziharduten enpresa ia guztiak desagertzea ekarri zuen eta Kantabrian, berriz, enpresa erregistro batean izen ematea bakarrik betearazten du Dekretuak. Askoz ere informazio ugariago (hamaika kirol-jarduera hauen azalpena, haietako bakoitzean aritzeko aholkuak eta abar) hurrengo orrian aurkituko duzu: www.consumer-revista.com