Larruazala

Arimaren ispilua baino gehiago

Gure organismoaren kanpoalde guztia janzten duen gainazaleko organoa da larruazala
1 uztaila de 2000
Img salud listado 115

Arimaren ispilua baino gehiago

1,6 eta 2 m2 bitarte ditu, 1,5 eta 4 milimetro bitarteko lodiera eta 5 kilo inguru. Bizitasun izugarriko ehuna da, kanpoko munduaren eta organismoaren artean hesiarena egiten duena eta hainbat zainketa behar duena, sarritan ematen ez dizkiogun arren. Aitzitik, gehienetan hondatu eta gaixotu eta behar baino lehen zahartzea ekarriko dioten erasoen mende jartzen dugu.

Hiru geruza daude larruazalean:

  1. Epidermisa: azalekoena da, hainbat zelula-geruzaz osatua. Azpi-azpikoan, hozi-geruzan hasten da birsortze zelularra. Hortxe sortzen dira, etengabe, zelula berriak eta gora igo eta beste zelula-geruzaren (geruza korneoa) babes-funtzioa betetzen duena osatu arte eraldatzen dira. Hori, geruza hidrolipidiko fin batek estaltzen du, pH azido samarrez, eta germen, bakterio, onddo eta birus gehienek baldintza txarrak aurkitzen dituzte bertan bizi eta ugaritu ahal izateko. Estalki azido horrek babestu egiten gaitu infekzioetatik eta horregatik da hain garrantzitsua horri kalterik ez eragitea.
  2. Dermisa: azala indartzen duen ehun konjuntiboa, elastikotasun eta leuntasuna ematen dio zuntz, ur, azukre eta proteinaz osatutako gela dituelako. Dermisean kokatzen dira odol-basoak, linfatikoak, nerbioak, izerdi-glandulak eta ile-folikuluak.
  3. Larruazalpeko gantz-ehuna: zelula adiposo eta ehun konjuntiboak osatua. Organismoko gantzen erdia baino gehiago hortxe kokatzen da.

Funtzioak

Azalak hainbat funtzio betetzen du. Batez ere, kanpoko munduaren aurrean hesi lana egiten du, girotik datozen eraso termiko eta kimiko, erradiazio eta mikroorganismoetatik babestu egiten gaitu. Iragazkaitz egiten gaitu, kolpeak moteldu egiten ditu, gorputzeko tenperatura erregulatu eta hainbat sentsazio sentitzen lagundu eta berebiziko garrantzia du komunikazio psiko-sozial, afektibitate eta plazerrean. Larruazalaren egoera funtsezkoa da pertsonaren adina, gogo-egoera eta nortasuna baloratzeko. Barruko gaixotasunak ere azaltzen dira larruazalean.

Larruazala nola zahartzen den

Urteen joana da azalaren etsairik handiena eta oraindik ez da asmatu horri aurre egiteko erremediorik. Larruazala zahartu egiten da eta prozesu horrek aldaketak eragiten ditu:

  • Azkura hori areagotu egiten da hotzarekin, giro lehorrarekin eta tenperatura aldaketa bortitzekin. 75 urtetik gorako pertsonen %70ek izaten du arazo hau.
  • Azala finago bihurtzen da eta zimurrak agertzen dira.
  • Baskularizazioa gutxitu egiten da eta ondorioz, azala zuriago eta zurbilago bihurtzen da. Birsortzeko gaitasuna galdu egiten du eta zauri txikiak, urradurak eta antzekoak nekezago sendatzen dira. Birsortzeko gaitasuna galtzean, zelula korneoak pilatu egiten dira eta azala laztu egiten da. Gaur egun oraindik denboraren eraginari aurre egiteko ezer aurkitu ez den arren, larruazalaren zahartzea atzeratzeko, hobeto zaindu eta kanpoko erasoak saihesten ahalegindu gaitezke.
  • Erabili beti pH azidoa aldatzen eta gantza kentzen ez duten xaboiak. Ez erabili xaboi larregi. Noizean behin, dutxatu xaboirik gabe. Utzi urari gorputzean labaintzen eta bustian, eman gorputzerako olioa. Uraren tenperaturak ez du 37-38 gradu baino beroago egon behar.
  • Etxean edo lanean koipe-kentzekoak, disolbagarriak, alkoholak edo antzekoak erabiltzen badituzu, babestu azala eskularru egokiekin edo azalerako berariazko produktuak erabiliz. Zikin-zikin egon arren, sekula ez erabili produktu urratzailerik azala garbitzeko.
  • Hidratazio egokia ezinbestekoa da. Edan egunean 1,5 edo 2 litro ur.
  • Egin ariketa fisikoa: azaleko odol- eta linfa-zirkulazioa bizkortu eta hobetu egiten da eta itxura osasuntsu, fresko eta leunagoa ematen dio.
  • Dieta ere garrantzitsua da. Fruta, barazki eta lekariek dituzten bitamina eta mineralak lagundu egiten dute azala gazte zaintzen. A bitaminak berritu egiten du kolagenoa eta zimurrak leundu. C bitaminak badirudi elastikotasuna eta malgutasuna ematen diola azalari eta zimurrak leundu egiten dituela eta A bitaminaren eratorri batek, azido retinoikoak, gutxitu egiten ditu pigmentazio anomaloak.
  • Lan estresagarria baduzu, praktikatu erlaxazioa. Estresak kapilarren baso-uzkurdura eragiten du eta azaleko odol mugimendua gutxitu egiten da.
  • Gauez loarekin birsortu egiten da azala. Atseden egoki baten onura ezagun izaten da larruazalean.
  • Ahal dela, kotoizko jantziak erabili.
  • Kontuz eguzkia hartzean. Eguzkiaren erradiazioak, azaleko minbizia izateko arriskua gehitzeaz gain, bizkortu egiten du larruazalaren zahartzea.
Zaindu ezazu azala, eskertuko dizu eta

Kanpoko organo honen egoerak eta itxurak erabakitzen du pertsonaren irudia eta horregatik zaintzen da hainbeste antzina-antzinatik. Duela hamarkada batzuk arte, emakumeek bakarrik zaintzen zuten larruazala. Gizonezkoek ez zioten jaramonik egiten kutisari, zenbait gauza emakumekeriatzat hartzen baitzen. Baina azalak zainketa berbera behar du gizonezko zein emakumezkoetan eta ondo zaindu beharra dago itxura osasuntsua izatez gain bere funtzioak bete ditzan.

Zoritxarrez, garai batean egiten zen hainbat zainketa larruazalarentzat eraso ikaragarriak direla ikusi ahal izan dugu orain eta gaur egun azalaren fisiologia ezagutzean aurrerapen handia egin den arren, oraindik ere hainbat tortura eragiten diogu. Eguneroko bizitzak, etxeko eta lantegietako lanak, xaboi eta krema desegokiek, makilajeak, estresak, tentsioak, kutsadurak eta abarrek kalte egiten diote ehun delikatu bezain gogor honi. Udan, erradiazio larregia, itsasoko eta igerilekuetako ura, kremak, izerdiaren eraginez ura galtzea eta beste asko erantsi behar ohiko kalteei.

Hori dela eta, funtsezkoa da larruazalaren zainketa areagotzea, sekula baino gehiago zaintzea. Azalari bere horretan eusten saiatu behar dugu: geruza azidoari eutsi, geruza korneoa zaindu, hidratatu eta geruza lipidikoari kalterik ez egitea esan nahi du horrek. Ezaugarri horietan edozein aldaketa egiteak efektu kaltegarriak ditu eta aldaketak izaten dira itxuran eta babeserako gaitasunean.