Haurren txertoak: guztiek egutegi bera azkenean
Haurrek txerto dezente hartu behar izaten dituzte lehen urteetan. Orain arte, autonomia erkidego bakoitzak bere egutegia izan du, baina Espainiako Osasun Ministerioa eta autonomia erkidegoak ados jarri dira, eta aurrerantzean guztientzat berbera izango da haurrak txertatzeko egutegia. 2014. urtetik aurrera hasiko dira horrekin. Haurren txertoak: nola funtzionatzen dute? Txertoak prebentzio-neurriak dira, haurrak gaixotasun arriskutsuetatik babesteko: hepatitisa, poliomielitisa eta meningitisa, besteak beste. Injekzio horiek izaten duten prestakinak iratzargailu gisa jokatzen du haurraren gorputzeko defentsentzat. Aktibatu egiten da haien immunitate-sistema, eta prestatu egiten da gaixotasunen batek erasota ere babesteko. Espainiako Estatuan ez da nahitaezkoa txertoak hartzea, baina aditu gehienek jartzeko gomendioa egiten dute. “Txertoekin, haurrek aurre hartzen diete infekzio bidezko gaitzei eta aktibatu egiten dute beren organismoa, gaitz horien kontrako defentsak sor ditzan”, azaltzen du Espainiako Pediatria Elkarteak.
Haurrak txertatzeko egutegi bat eta bakarra
Haurrak immunizatzeko egutegiak lagundu egiten du haurrak babesten gaixotasun larrien arriskutik. Autonomia erkidego bakoitzak bere txerto-egutegia izan du orain artean, baina 2014. urtetik aurrera ez da hala izango: egutegi bat eta bakarra izango dute guztiek.
Espainiako Osasun Ministerioa ados jarri da erkidego guztiekin, eta bateratu egin dituzte immunizatzeko programak, lurralde batzuen eta besteen arteko desberdintasunak murrizte aldera (medikuek eta pediatrek urteak daramatzate eskari hori eginez). Haurrei zer txerto eta noiz jarri behar zaien zehazten du txertatzeko egutegi bateratuak; hau da, haurren osasunerako egin den agenda horrek esaten du zer-nolako txertoak hartu behar dituzten haurrek beren bizitzan, adinaren arabera. Haurrari jartzen dizkioten txerto guztiak txertaketa-liburuxkan idazten dira, eta haurrak egutegia ongi bete duen jakin liteke dokumentu horri esker, baita hurrengo txertoa noiz izango duen ere.
Nolakoa da haurrak txertatzeko egutegi bateratua?
Egutegi bateratu horrek zortzi txerto mota finkatzen ditu haur guztientzat (berdin du zein autonomia erkidegotan bizi diren). Hona hemen zein diren txerto horiek eta zein adinetan hartu behar diren.
- Poliomielitisaren aurkako txertoak lau dosi ditu. Haurrak bi hilabete dituenean hartuko luke lehenengoa, laurekin eta seirekin hurrengo biak, eta 18 hilabeterekin azkena, sendogarri gisa.
- Difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurkakoa. Sei dositan ematen dute. Haurrak bi, lau eta sei hilabete dituenean lehenbiziko hirurak. Eta sendogarri gisa, beste hiru, 18 hilabeterekin, sei urterekin eta 14rekin.
- B erako Haemophilus influenzae. Lau dositan ematen dute txertoa: haurrak bi, lau, sei eta 18 hilabete dituenean.
- Hirukoitz birikoa: elgorria, errubeola eta paperak. Bi dositan banatzen da: lehenbizikoa haurrak 12 hilabete dituenean, eta bigarrena, hiru eta lau urte artean.
- B hepatitisa. Hiru dositan hartzekoa da: haurrak zero, bi eta sei hilabete dituenean. Amak birusa baldin badu, zero, bat eta sei hilabete dituenean ematen zaizkio txertoak haurrari.
- Meningitisa (C meningokokoa), hiru dositan: bigarren, seigarren eta hamabigarren hilabeteetan.
- Baztanga, dosi bat, haurrak 12 urte dituenean. Gaixotasuna pasatu ez duten haurrek bi dosi hartuko dituzte.
- Giza papilomaren birusa: neskentzat soilik da, eta 14 urtetan hartuko dute.
Adituak, txertoen alde
Haurren osasunean aditu direnek aspalditik eskatu izan dute txertatze-egutegi bateratua. Orain adostu den hau, ordea, ez da profesional askoren gustukoa. Zenbait adituk eta elkarte zientifikok nabarmendu dute, tartean Espainiako Pediatria Elkarteak, adostu duten egutegia motz geratzen dela, bai dosietan eta bai ezarritako adinetan ere. Gehien entzuten den eskaria pneumokokoaren txertoa sartzea da, agenda berritik kanpo utzi dute eta (egun, Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan soilik dago egutegiaren barrenean).
Baztangaren aurkako txertoarentzat jarri duten adina ere, 12 urte, kritikatu dute adituek, beranduegi dela iruditzen baitzaie: neska-mutilen %90ek pasatua izaten dute gaixotasun hori adin horretan.
Haurrak txertatzeko egutegi bateratua laster abiaraziko duten arren, inor ez dago behartua haurrak txertatzera. Ezein legek ez du behartzen, eta familia bakoitzak erabakitzen du seme-alabak txertatu edo ez. Hala ere, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) eta Espainiako Pediatria Elkarteak txertoak jartzeko gomendatzen dute, argi eta garbi. Immunizatzea, izan ere, funtsezkoa da gaixotasun askoren hilkortasun-tasa murrizteko. Osasunerako Mundu Erakundeak egindako kalkuluaren arabera, txertoak 2,5 milioi heriotza inguru eragozten dituzte urtero mundu osoan.
Haurren osasunaz arduratzen diren adituek nabarmentzen dutenez, gainera, txertoak seguruak dira, eta zenbaitetan nahi gabeko ondorio batzuk sor ditzaketen arren (gehienean, sukar pixka bat edo negelen bat), beti da handiagoa ez jartzeak ekar dezakeen arriskua.