Faringitisari lepotik helduta
Udazkena kolorez jantzita etortzen dela esan ohi da, baina ez dakartza koloreak soilik soinean. Giroa freskatzen eta hozten hasten da, eta gorputza arropaz babestu beharra dago. Papar zabaleko kamisetak eta niki tiradunak armairuan sartu, eta jakak ateratzeko tenorea izaten da, galtza motzak utzi eta luzeak hartzekoa, sandaliak gorde eta zapatei heltzekoa. Osasunak halaxe eskatzen du. Hotzarekin, izan ere, handitu egiten da arnasbideak hozteko arriskua, eta birusak ere errazago heltzen dira gune horietara, bereziki leku jendetsuetan, non oso ohikoa izaten den infekzioak transmititzea. Halako egoeretan agertzen da, udazkeneko onddoen gisa, gaixotasun aski ezagun bat: faringitisa. Zorionez, sendabide bat baino gehiago dago eritasun horri aurre egiteko: hor daude betiko antibiotikoak, baina, horiez gain, beste hainbat produktu ere badira egun, eta ezin ahaztuko ditugu etxeetan aspaldidanik erabili izan diren sendabideak ere.
Birus bidezko infekzioak edo bakterio bidezkoak
Faringearen hantura edo inflamazioa da faringitisa, eta izan liteke alergiak edo narritadurak sortua (giroa lehorregi dagoelako aire girotuaren eraginez, berogailuagatik edo tabako-kearen ondorioz), edo izan liteke infekzio batek sortua. Infekzioak eragina denean, bi eratakoa izan daiteke faringitisa: birus bidezkoa (hala izaten da gehienetan) edo bakterio bidezkoa (eztarrian bertan dauden amigdalei erasotzen die). Faringitis mota bakoitzak bere sendabidea izaten du.
Birus bidezko faringitisak, nagusiki, urriko eta azaroko hiletan agertzen dira. Egun gutxiren buruan osatzen dira, eta sintomak arintzera bideratu ohi da sendabidea: eztarriko mina, eztula, azkura, sukarra, sudur itxiak eta mukiak. Haurrek, urtean sei edo zortzi aldiz izaten dute errinofaringitisa edo faringitisa, eta eztarriko minarekin batera, sudurra itxita eta mukiak izaten dituzte; lehen bi urteetan erasaten die gaitzak gehien, haurtzaindegira hasten direnean, batik bat.
Bakterioen infekzioak sortzen duen faringitisa, berriz, ohikoagoa izaten da otsailean eta martxoan agertzea (dena den, urte osoan sumatzen da bi moten eragina). Estreptokoko izeneko germena izaten da eragile nagusia, eta birus bidezkoan ez bezala, faringitis honetan ez da izaten sintomarik sudurrean, eta malkorik ere ez da isurtzen begietatik; izerdi zurixka bat agertzen da amigdaletan, eta hantura lepoko gongoiletan (adenopatiak). Infekzio horiek antibiotikoekin sendatzen dira. Gehienbat, 2 urtetik gorako haurrei eragiten die, eta desagertu egiten da adinean aurrera egin ahala.
Zantzuetatik, diagnostiko zehatzera
Faringitisa birus bidezkoa izan edo bakterio bidezkoa izan, badira aldeak, eta horiei erreparatzen diete medikuek eritasuna zergatik sortu den jakiteko eta sendabide egokia jartzeko, beti ez baita berdin jokatu behar: antibiotikoak ematen dituzte bakterio bidezko infekzioentzat, baina ez birus bidezkoentzat. Hala ere, diagnostikoan okerrik ez egiteko, beste proba osagarri batzuk ere egiten dituzte. Test azkarrak, esaterako, eta horien artean, estreptokokoaren antigenoa antzemateko testa. Proba horretan, lagin bat hartzen dute amigdalen inguruan, eta erreaktiboak erabiliz, baieztatzen dute ea estreptokokoa izan den patogeno eragilea, eta hala bada, antibiotiko bidezko sendabidea abiatzen dute. Posible izaten da, halaber, bakterioa bakartu eta laborategian bakterio-hazkuntza bat egitea, baina medikuek halakoak eskatzen dituzte soilik faringitisa behin eta berriz berragertzen denean edo kronikoa denean. Izan ere, garestia izaten da proba hori egitea, eta denbora asko samar behar izaten da (lauzpabost egun).
azaroko hiletan agertzen dira
Azkenik, oso kasu berezietan, odol-analisia ere egin liteke, ikusteko ea gorputzean baden antiestreptolisinarik; antigorputzak dira horiek, eta estreptokoko bidezko infekzioa eduki eta handik bi aste ingurura agertzen dira. Beraz, horien arrastorik antzemanez gero, infekzioa eduki den seinale izaten da. Proba hori baliagarria izaten da lehenago jasan diren estreptokoko-infekzioen berri izateko edo sukar erreumatikoa antzemateko (ez da oso ohikoa gaur egun), zeinak, beste sintomen artean, mina eragiten baitu artikulazioetan. Diagnostiko horretara iristeko, hala ere, beste analisi osagarri batzuk egin behar izaten dira.
Sendabideak: lehengoak, oraingoak eta betikoak
Oro har, analgesiko edo minkentzaile sistemikoak erabiltzera jotzen da (antitermiko ere izaten dira), minari eta sukarrari aurre egiteko. EROSKI CONSUMER aldizkariaren osasun-adituen esanetan, parazetamola erabiltzea komeni da, bai helduekin eta bai haurrekin, eta horrek emaitzarik ematen ez badu, ibuprofenoa. Halere, hidratazio-arazoak dituzten haurrek ez dute hartu behar ibuprofenorik, horixe diote Praktika Klinikoen azken gidek, SING erakundeak 2010. urtean argitaratuek (Scottish Intercollegiate Guidelines Network).
Epe motzean emaitza ona ematen dute, halaber, ahoan disolbatzen diren pastillek. Arindu egiten dute eztarriko mina. Medikuak analgesiko sistemikoen aldekoak dira, baina argi uzten dute ez dela deus ere gertatzen pastilla horiek ere hartzen badira. Batzuek anestesiko lokala izaten dute, eta kortikoideak ere bai zenbaitek.
Eztula agertzen bada, haren aurkako jarabeak erabil litezke. Dena den, kontuan hartu behar da organismoaren babes-mekanismo bat dela eztula, mukiak-eta kanporatzeko, eta eragozpen handirik sortzen ez duen bitartean eta jariakinak kanporatzeko balio duen bitartean, ez da komeni gerarazten saiatzea.
Birusen aurkako botikak edo antibiralak ia ez dira erabiltzen, salbu eta egoera orokor kaskarra dutenekin: gaixo immunogutxituak (defentsak ahul dituztenak), minbizia dutenak, diabetikoak edo transplante bat egin dietenak.
Beti antibiotikoekin egin behar zaie aurre bakterio bidezko infekzioei. Penizilina izaten da erabiliena, estreptokoko delakoak, eritasunaren eragile nagusiak, alegia, erantzun ona ematen baitio sendabide horri. Beste batzuk ere erabiltzen dira, klaritromizina eta eritromizina, esaterako, baina gaixoak penizilinari alergia izan diezaiokeela uste denean soilik, zeren estreptokokoen % 40 erresistenteak baitira antibiotiko horien aurrean.
Etxeetan erabiltzen diren irtenbideak eta irtenbide naturalak
Sendagai horiek guztiak ez ezik, etxeetan ohikoak izan diren beste sendabide batzuk ere erabil daitezke. Eztia izango da, segur aski, irtenbide aspaldikoena. Eraginkorra da eztulari eta eztarriko minari aurre egiteko. Kataplasmak ere oso erabiliak izan dira. Horiek egiteko, belarren haziak hartu eta ur hotzarekin nahasten dira pasta trinko bat lortu arte. Su motelean berotu, eta zapi edo gaza bero baten gainean zabaltzen da (sekula ez dira jartzen zuzenean larruazalaren gainean). Faringitisari aurre egiteko, lepoaren inguruan jarri behar da kataplasma, hozten den arte.
Eukalipto-orriekin eta ur beroarekin gargarak egitea ere lagungarria izaten da infekzioa, narritadura eta amigdaletako hantura apaltzeko. Eta eukalipto- eta ezti-gozokiak ahoan erabiltzea ere ona izaten da eztarria osatzeko.
Sendabelarrak erabiltzeko ohitura ere asko hedatzen ari da azken urteotan, baina SING erakundeak (Scottish Intercollegiate Guidelines Network) 2010. urtean argitaratu dituen gidetan ageri denez, ez da komeni Echinacea púrpura delakoa erabiltzea. Organismoaren defentsak ugaritzen dituela esaten da, baina berriki egin den ikerketa baten arabera, Echinaceak ez du gutxitzen mina eta ez du laburtzen sintomen iraupena. Sendabide naturalen artean, jendeak asko erabiltzen ditu propoli-espraiak eta mendazki-espraiak (kantariaren belarra deitzen zaio). Propoli izeneko substantzia zuhaitzetatik hartzen dute erleek, eta erlauntzean prozesatzen dute. Ezaugarri antiseptikoak eta antibiotikoak dituela esaten da. Esprai horiek babestu egiten dute eztarriko infekzioetatik, leundu egiten dituzte eta ahogozo ona uzten dute.
Amigdalak erauztea: gaur egun ez da batere ohikoa
Azken urteetan, kirurgiaren esparrutik etorri da iraultza faringitisari aurre egiteko, eta ez farmakologiaren arlotik. Garai batean, maiz samar jotzen zen amigdalak erauztera, baina gaur egun, muturreko kasuetan baino ez da egiten.
Uneotan, bakterio bidezko amigdalofaringitisa maiz samar jasaten duten pertsonei eskaintzen zaie aukera hori, amigdalak erauztekoa, alegia: urte berean zazpi aldiz izan dutenei, bi urte jarraitutan bost aldiz izan dutenei edo hiru aldiz hiru urte jarraitutan. Eta Lehen Laguntzako Espainiako Pediatria Elkarteak (AEPap) dioenez, anginak erauzteko erabakia soilik hartzen da arnasbideak arrisku handian badaude, apnea kasuetan, adibidez (lo gaudenean arnasa ezin hartuz ibiltzea da, oztoporen bat dagoelako).
maiz samar jasaten duten pertsonei soilik
eskaintzen zaie amigdalak erauzteko aukera:
urte berean zazpi aldiz izan dutenei
Joera aldaketa hori gertatu da amigdalak erauzteko ebakuntzak modu objektiboan aztertu ondoren. Zientzialariek, babes-organotzat jotzen dituzte amigdalak, horietan egonkortzen dira-eta linfozitoak edo bakterioen infekzioetatik babesten gaituzten zelulak, eta horrexegatik, oso-oso bakanetan erauzi nahi izaten dituzte. Erauziz gero, gainera, gerta daiteke ehun linfozitarioa handitzea -eztarriaren lodiera, alegia-, eta, ondorioz, faringitis kronikoa eta hipertrofikoa sortzea. Amigdalek, bestalde, antigenoak prozesatzen dituzte (ingurumenean dauden alergenoen eragina jasangarri egiten duten proteinak dira), eta horiek kenduta, alergia- eta tolerantzia-arazoak ager daitezke.
- Zentzuz jokatu behar da, gaixotasuna beste inori ez kutsatzeko. Horretarako, saihestu egin behar da objektuak partekatzea, eskuak ongi garbitu behar dira eta etxean geratu behar da gaitzaren eragina desagertu arte.
- Atseden hartu eta analgesiko edo minkentzaileak erabili sukarra joan arte.
- Likidoak edan, ongi hidratatuta egoteko eta hidrataziorik ez galtzeko.
- Elikagai arinak hartu, erraz digeritzekoak. Haur txikiek, esnea eta laboreak hartu behar dituzte nagusiki, eta helduek, berdurak eta arraina, plantxan egina. Ahal dela, ez da komeni jaki minak eta gantzatsuak jatea, zaildu egiten baitute digestio-prozesua.
- Eztarriko mina oztopo bada jakiak ongi irensteko, hobe da saldak eta zukuak hartzea elikatzeko eta hidratatzeko.
- Eztia maiz hartu, sendagai natural ona baita eztularen aurka.
- Erretzaile izanez gero, hobe da tabakoari muzin egitea, murriztu egiten baitu babes-gaitasuna eta loditu muki eta gainerako jariakinak.
- Edozein sintoma sumatuz gero, medikutara joatea komeni da. Infekzioa beti ez da izaten antibiotikoekin sendatzekoa, eta, beraz, lehenbizitik ez dira eskatu behar antibiotikoak.
- Estreptokoko bidezko infekzioaren aurka antibiotikoak hartu eta hiruzpalau egunetan hobera egin ezean, medikutara joan behar da berriz. Segur aski, birus bidezko infekzioa izango da. Antzeko sintomak izaten ditu mononukleosi kutsakorrak (musuaren gaixotasunak eragiten du).
Iturria: Moisés Robledo, SEMG Medikuntza Orokorreko Espainiako Elkartearen idazkaria eta Manuel Praena, AEPap Lehen Laguntzako Espainiako Pediatria Elkarteko kidea.