Etxebizitza: erabaki ekologikoak, ondorio ekonomikoak

Etxetresnak pausaldian edo 'stand by' egoeran ez uztea eta kontsumo gutxiko bonbillak erabiltzea neurri egokiak dira hileroko aurrekontua murrizteko eta ingurumenarekin errespetu gehiagoz jokatzeko
1 urria de 2010
Img eco domestica listado 399

Etxebizitza: erabaki ekologikoak, ondorio ekonomikoak

/imgs/20101001/eco-domestica1.jpg
Etxean diru gutxiago gastatzea, ingurumena zaintzea eta bizi-kalitate ona edukitzea ez da ezinezkoa. EROSKI CONSUMER aldizkarian ekonomiaren eta ingurumenaren gaia jorratzen duen lan-taldearen esanetan, aski da neurri eta jarraibide erraz-errazak hartzea hori lortzeko, eta herritar guztien esku dago hala egitea. Argindarraren eta uraren gastua apaltzea, klimatizazioa eta isolamendua kontrolatzea, argiztapena zaintzea eta etxean material naturalak erabiltzea, horra aholku erabilgarri batzuk. Eta, jakina, ezin dira ahaztu ekologismoaren oinarrizko hiru arauak: murriztu, berrerabili eta birziklatu.

Ura eta argindarra: itxi ‘iturriak’

Etxe bakoitzak gero eta tresna elektriko gehiago izaten ditu, eta, ondorioz, energia gehiago behar izaten da. Horregatik, ahalik eta gutxien erabiltzea komeni da, eta energia-eraginkortasun onena eskaintzen duten gailuak hautatzea, A+ motakoak, alegia (orain artean A motakoak ziren onenak, baina orain A+ eta A++ sailak ere ageri dira Europako Batasunak onartu duen etiketa-sistema berrian). Etxetresna horiek erabiltzeko moduak ere eragiten du energia-kontsumoan, nola ez: hozkailu bete batek argindar gutxiago behar du huts batek baino, eta berdin gertatzen da garbigailua eta ontzi-garbigailua programa hotz edo epeletan erabilita, edo jakiak mikrouhin labean prestatuta ohiko labean egin beharrean. Tresnak pausaldian edo stand by egoeran uztea kaltegarria izaten da gure sakelentzat, isil-isilik energia asko xurgatzen dute eta.

Ura ere, argindarra bezala, baliabide gero eta urriagoa eta baliotsuagoa da. Garrantzitsua da ur gutxiago erabiltzen ikastea, eta badira horretarako formulak ere, bizi-kalitateari kalterik egin gabe, komunean, sukaldean edo lorategian ura -eta dirua- aurrezteko. Bainua hartu beharrean dutxa hartzea izan liteke arau oinarrizko bat, txorrotak eta gainerako sistemak egoera onean edukitzea, ura aurrezteko balio duten gailuak erabiltzea (aginte bakarreko txorrotak, emari-murriztaileak…), edo etxean erabili den ura eta euri-urak berrerabiltzeko aukera ematen duten sistemak.

Txorrotatik ur gutxiago ateratzeko gailuak

  • /imgs/20101001/eco-domestica2.jpg
    Zurrusta haustekoak: Txorrotaren muturrean hariztatzen dira, eta 16 eta 20 euro artean balio dute. Ur gasifikatua ateratzen da, ura eta airea nahasten ditu eta.
  • Aginte bakarrekoak: Bi agintekoen ordez jartzen dira, eta hobeki kontrolatzen da uraren presioa eta tenperatura.
  • Kartutxo termoestatikoak: Txorrotaren barruan sartzen dira, eta horiei esker, guk nahi dugun tenperatura lortzen du urak, txorrota luzaroan irekita eduki gabe. Kartutxo horiek erabilita, ez dago etxeko txorrota guztiak aldatu beharrik.
Energia berriztagarriak jartzeko laguntzak

Energia berriztagarrien aldeko apustua gero eta gehiago hedatzen ari da, eta jende askok jarri ditu etxean halako sistemak, nork bere argindarra sortu eta etxean dauden beharrei erantzuteko. Zenbait erakundek diru laguntzak ematen dituzte halakoak jartzeko. Hona hemen horietako batzuk:

  • Energiaren Euskal Erakundea (EEE): 94 403 56 00 – 94 403 56 24 ayudaseveidae@eve.es, www.eve.es
  • Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua (IDAE): 913 14 66 73 – 91 456 49 00 ciudadano@idae.es, www.idae.es
  • Kreditu Ofizialeko Institutua (ICO) (VIVE plana): 900 121 121 – 91 592 16 00 ico@ico.es, www.ico.es

Nola gutxitu uraskaren edo zisternaren gastua?

Europako araudiak dioenez, uraska edo zisternek 9 litroko karga eduki behar dute, baina badira karga txikiagoa erabiltzen duten zenbait modelo ere, eta erabiltzaileari aski zerbitzu egiten diotenak hala ere. Zenbait ur-biltegik 6 kiloko karga ematen dute, eta beste batzuek, berriz, karga bikoitza izaten dute (zertarako erabili nahi den, era batekoa edo bestekoa beharko da).

Ez da zaila izaten uraskan erabiltzen den ur kopurua gutxitzea. Deskarga-mekanismoa aldatu behar izaten da, zenbateko emaria behar dugun, hainbeste ur atera dadin. Ahal bada, behintzat, komeni da deskarga luzea eta deskarga motza egiten duten gailuak jartzea, edo, bestela, ur gutxiago behar denean deskarga eteten dutenak. Bada beste modu bat ere deskarga bakoitzean ur gutxiago joan dadin, aski sinplea, eraginkorra eta merkea, gainera: biltegian botila bat edo urez betetako poltsa bat sar liteke, kontrapisuaren lana egin dezan, edo flotagailuaren itxigailua doitu liteke bestela, ur-sarrera lehenago geldi dadin.

Argiteria zaindu

Argiak eramaten du etxe bateko kontsumo elektrikoaren laurdena edo bostena, eta berezko argi gutxi sartzen den etxeetan, erdia ere bai. Neurri batzuk hartu beharra dago, beraz, gastuak murrizteko: leihoak ahalik eta gehien ireki; hormak eta sabaiak kolore argiz margotu (marka batzuek bi aldiz gehiago islatzen dute argia beste batzuek baino); argia itzali, behar ez denean; tulipak eta bonbillak garbi eduki; edo energia aurrezten duten sistemak jarri.

Kontsumo gutxiko bonbillek energia gutxiago behar izaten dute ohikoek baino, eta gehiago irauten dute. Ondorioz, datozen urteetan gero eta gehiago erabiliko ditu jendeak era horretako bonbillak, eta ingurumenak bezala, herritarren sakelak ere eskertuko du. Onurak zenbatekoak diren ikusita, erakundeak ere hasi dira bonbilla mota horien alde egiten, eta egutegi bat finkatu dute, poliki-poliki, gehien kontsumitzen duten bonbillak desagerrarazteko; 2009. urtean ekin zioten horri, eta 2016an bukatuko dute.

Kontsumo gutxiko bonbillek energia gutxiago
kontsumitzen dute eta denbora gehiago iraun

Gaur egun, energia aurrezten duten bonbillen artean, bi motatakoak aurki daitezke merkatuan: lanpara konpaktu fluoreszenteak (CFL) eta erregailu halogenodunak. CFL direlako horiei, kontsumo gutxikoak deitu ohi die jendeak. Espainian, 45 milioi bonbilla erabiltzen dira egun CFL motakoak (datu hori eman du Argiteria Gailuak Ekoizten dituztenen Espainiako Elkarteak, Anfalum-ek). 2010. urteko apirila arte, herritarrek doan lor zezaketen era horretako bonbilla bat, Espainiako Industria Ministerioak (MICYT) eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Espainiako Elkarteak (IDAE) egin duten kanpaina bati esker. Hodi fluoreszenteek bezala funtzionatzen dute CFL bonbillek, eta horregatik, instalazioa aldatzen ibili beharrik gabe jar daitezke goritasun-bonbillen ordez, eta emaitza hobea ematen dute: potentzia bera kontsumituta, ohiko bonbillek halako bost/halako hamar ematen dute argia. Azken urteetan, gero eta bonbilla hobeak merkaturatzen ari dira, baina oraindik ez dute lortu ohikoek ematen duten distirarik, eta denbora gehixeago behar izaten dute pizteko.

Material naturalak erabili

Produktu kimikoak ere sartzen dira etxeetan, eta kutsadura-arazoak ekar ditzakete zenbaitetan. Horregatik, ahal den guztietan, produktu eta elementu naturalak erabiltzea komeni da. Adibidez, margo, pigmentu edo berniz industrialak erabili ordez, margo eta tratamendu ekologikoak erabil daitezke. Konglomeratuz edo kontratxapatuz egindako altzariak baino, eta apaingarri sintetikoak baino, hobe da zuntz naturalez egindakoak jartzea, egurrez eginak, esaterako (ahal dela, ziurtagiri ekologikoa duen egurra erabilita). Eta etxea garbitzerakoan, produktu naturalak hautatzea da onena.

Gainera, EROSKI CONSUMERen birziklatze-eskolan erakusten den moduan, etxeak are ekologikoagoak izango dira oinarrizko hiru arauei jaramon egiten badiegu (murriztu, berrerabili eta birziklatu), garbiguneak erabiltzen baditugu edukiontzietan bota ezin diren hondakinak uzteko edo etxean konposta egiten badugu. Ez da ahaztu behar, izan ere, kontsumitzaile bakoitzak 1,7 kilo zabor sortzen duela egunean, eta guztiena batuta, tona asko egiten du horrek urtean (asko eta asko zabortegietara joaten da).

Neurririk eraginkorrenak
  • Ahal den guztietan, berezko argia erabili behar da. Eguzkiak argia eta beroa ematen ditu, musu-truk.
  • Argindarretan egiten dugun gastuaren % 41eraino izan liteke berogailuek eragina. Leiho eta ateen zirrikituak estali egin behar dira beroak ihes egin ez dezan, eta iluntzen denean, pertsianak eta gortinak itxi behar dira, etxea isolatzeko. Horiek guztiak eginda, % 30 gutxitu dezakegu berogailuaren gastua.
  • Sabaiak eta hormak isolatuta dituen gela batean, 10 ºC gutxiago igotzen da tenperatura, isolatu gabekoan baino. Neurri horrekin, % 30 ere aurreztu liteke energia.
  • Sabaiak eta hormak kolore argiz margotuta, gehiago islatzen da eguzki-argia, eta geletan argi gehiago dagoela ematen du.
  • Etxetresnak erosterakoan, A motako energia-ikurrak ageri dituztenak baino eraginkorragoak hautatu behar dira: orain badaude eta A+ eta A++ motakoak ere. D ikurra duen batekin alderatuta, adibidez, % 70 energia gutxiago behar izaten dute.
  • Izozkailuak izotz-kaparen bat baldin badu, kentzea komeni da 3 mm-koa egin aurretik, bestela % 30 energia gehiago behar izaten du eta.