EROSKI CONSUMERek 150 parke eta lorategi aztertu ditu Espainiako 18 hiritan

Berdeguneak: segurtasuna hobetu dute, baina hornidura eskasarekin jarraitzen dute, eta informazio gutxi ematen diete erabiltzaileei

Aztertu ditugun hiri-parke gehienak garbi eta ongi zainduta egon dira
1 urria de 2010
Img tema listado 138

Berdeguneak: segurtasuna hobetu dute, baina hornidura eskasarekin jarraitzen dute, eta informazio gutxi ematen diete erabiltzaileei

/imgs/20101001/tema1.jpg
Beharrezko izaten dira, baina beti ez dira egoten behar den lekuan, ezta baldintzarik onenetan ere. Berdeguneak leku ederrak dira, baina ez apaingarri soiltzat hartzekoak. Herri eta hirietako biztanleak jolasteko gune dira, aisialdi-orduak igarotzeko eta birikak aire garbi eta freskoarekin betetzeko. Osasunerako Mundu Erakundeak ere (OMS) ezinbesteko jotzen ditu hirietako berdegune publikoak, onura handiak ekartzen dizkiotelako pertsonen ongizate fisikoari eta emozionalari. OMEren arabera, biztanle bakoitzeko, hamar edo hamabost metro koadro eduki behar ditu hiri edo herri bakoitzak berdegune gisa jarrita eta egoki banatuta, biztanle-dentsitatea eta eraikin-dentsitatea kontuan hartuz, alegia. Gune horiek zer egoeratan dauden jakiteko, 150 parke, hiri-berdegune eta lorategi aztertu ditu EROSKI CONSUMERek Espainiako 18 hiritan: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Parke horiek nola zainduta dauden aztertu dugu (mantentze-lanak, garbitasuna…), zer-nola hornituta dauden eta zer zerbitzu eskaintzen dituzten erabiltzailearentzat (informazioa, irispideak eta segurtasuna). Azterketa osoagoa izan dadin, informazioa galdegin dugu udalerri horietako udaletan, eta beste hainbat daturen artean, jakin nahi izan dugu guztira zer hedadura duten hiri bakoitzeko berdeguneek, zenbat metro koadro dauzkaten biztanle bakoitzeko eta aurrekontuan zenbat diru bideratzen duen udal bakoitzak gune horiek zaindu eta txukun edukitzera.

2006. urtean ere egin genuen antzeko ikerketa bat, eta orduko harekin alderatuta, hiri-parkeek hobera egin dute segurtasunaren eta zaintzaren atalean: emaitza ‘ona’ lortu zuten orduan, eta ‘oso ona’ orain. Horniduraren eta zerbitzuen atalean, ordea, lehengo gabezia berberak ageri dituzte, eta lehen baino okerrago daude beste zenbait ataletan: erabiltzaileei ematen dioten informazioa eskastu egin da, eta berdin gertatu dairispideak errazteko neurriekin ere. 2006an, emaitza ‘ona’ atera zuten atal horretan, eta aurtengoan, ‘onargarria’. Mantentze-lanen eta garbitasunaren atalean, dena den, lehen bezain txukun dabiltza.

Parkeen egoera eta hornidura hiri bakoitzean zer-nolakoa den zerrendatzen hasita, esan beharra dago ezein hirik ez duela lortu emaitza ‘oso ona’, baina badira besteen gainetik nabarmendu diren hiri batzuk: A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Kordoba, Madril, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia eta Valladolid. Horiek guztiek, emaitza ‘ona’ eskuratu dute. Hortik behera ibili dira, berriz, Alacanten, Granadan, Logroñon, Malagan eta Zaragozan aztertu ditugun berdeguneak. Guztietan onenak, Bilbon eta Kordoban antzeman ditugu, eta gabezia gehien, Granadakoek eta Alacantekoek eduki dituzte.

Nolakoa izan behar du parke batek?

Hirian zuhaitz artetik ibiltzeak edo parke eta lorategietan barrena paseatzeak hobetu egiten du jendearen bizi-kalitatea. Baina hiri-parkea egokia izan dadin (berdin du botanikoa den, monumentala edo beste zeinahi eratakoa), baldintza batzuk bete behar ditu:

  1. Hedadura: hiri-parkeak aski handia izan behar du, denek izan dezaten aukera hainbat eratako jardueratan aritzeko: kirola egin, paseatu, eserita egon, askaria jan edo, besterik gabe, atseden hartu.
  2. Harmonia: berdegunea ezin da izan gune bakartu bat, landare gehiagoz edo gutxiagoz hornitua. Bat egina egon behar du hiri-egiturekin eta gainerako berdeguneekin, arboladi egoki baten bidez, esaterako, edo korridore eta eskailera berdeen bidez.
  3. Espezieak: berdeguneetarako espezieak aukeratzerakoan, kontuan hartu behar da zer baldintza dauden inguru horretan eta zer erabilera emango zaion. Parke baten gune periferikoei arreta berezia jarri behar zaie, ingurumen-elementu oldarkorrekin harremanetan egoten dira eta: kea, zarata, eta abar.
  4. Informazioa eta dibulgazioa: parkeak zer izen duen jakinarazteaz gain, zer ordutegi duen (baldin badu) eta zer eremu aurki ditzakeen esan behar zaio erabiltzaileari, eta komeni litzateke kartel didaktikoak ere jartzea, zer fauna eta flora ikus litezkeen adierazteko.
  5. Kalitatezko zerbitzuak: erabiltzaileen beharrei egokitua izan behar du parkeak, kulturaren arloari, jolasen arloari eta kirolaren eta aisialdiaren arloei erantzungo diena: haurrak jolasteko eremua behar du, bizikletak alokatzeko zerbitzua, erakusketak, artelanak, piknikerako eremuak, eta abar.
  6. Altzariak, eroso eta garbiak: erabiltzaileen beharrei erantzuteko adina jarleku, paperontzi, iturri, kaleargi… eduki behar ditu, eta ongi zaindu behar dira horiek guztiak.
  7. Mantentze-lanak, maiz-maiz: berdeguneak garbi eta ongi zainduta egon behar du, bai florak eta bai gainerako instalazioek ere (komunak, pergolak…), eta horretarako, maiz-maiz eta etenik gabe egin behar dira mantentze-lanak.
  8. Irispideak bermatu. Hiriko toki guztietara iristeko aukera eman behar dute berdeguneek, garraiobide publikoen bidez edo beste bitarteko batzuek bidez (bidegorrietan barrena, adibidez). Gainera, sarbideetan eta irteteko bideetan, eta guztiek erabiltzeko diren eremuetan, ezin dute eduki oztopo arkitektonikorik mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat.

Garbitasuna: egokia, baina ñabardurekin

/imgs/20101001/tema2.jpg
Mantentze-lanak eta garbitasuna, oro har, ongi eginak egon dira guk aztertu ditugun berdeguneetan, baina aurkitu ditugu gabezia batzuk ere. Hamarretik bitan, egoera txarrean egon da landaredia, eta hori gertatu da, nagusiki, erabiltzaileen jokabide desegokiaren ondorioz. Horrexegatik, emaitza ‘ona’ lortu dute hiriek atal horretan, 2006. urtean bezala. Parkeen % 7tan, hondatuta ikusi ditugu zuhaitzak, egoera txarrean edo jendeak nahita apurtuta. Granadako egoera egin zaigu deigarri: aztertu ditugun berdeguneen erdietan, hondatuta egon dira zuhaitzak.

Gainera, parkeen % 5ek nahiko utzita eduki dituzte zelaiak. Belarra lehor egon da, soilguneekin eta garbitu on baten beharrean. Landare-hesiak eta zuhaixkak ere egoera txarrean egon dira zenbait parketan (% 5ean gertatu da hori ere), erabiltzaileek gizabide gutxirekin jokatzen dutelako, batik bat. Landarediarekin zerikusirik ez duten gainerako zerbitzu eta horniduretan, zertxobait okerrera egin dute parkeek 2006. urteko azterketarekin alderatuta. Komun publikoak, adibidez, zikin samar antzeman ditugu zerbitzu hori eskaintzen duten parkeen erdietan, paperik eta xaboirik ez dute eduki ia erdiek, eta paperontziak falta izan dira lautik batean.

Aintziretako eta urmaeletako ura nola egon den ere aztertu dugu. Parkeen % 20tan, zikin egon da edo usain txarra eduki du. Sevilla, Valladolid eta Zaragoza nabarmendu dira txarrerako, eta Kordoba, aldiz, onerako. Alderdi onak aipatzen hasita, azpimarratzekoa da berdeguneen % 75ek ongi zainduta eta garbi eduki dituztela banku edo jarlekuak. Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Kordoban, Murtzian, Logroñon eta Zaragozan ikusi dugu egoerarik onena atal horretan. Gainerako altzariei dagokienez, parkeen % 11tan beteegiak ikusi ditugu paperontziak, edo bandalismo arrastoekin (apurtuak, erreak…), eta iturriak, berriz, matxuratuta edo zikin. Gainera, artelanak dituzten parkeen % 8tan, hondatuta egon dira.

Hornidurak: hortxe daukate gabezia gehien

/imgs/20101001/tema3.jpg
Udalak ezin egongo dira harro euren hiri-parkeek eskaintzen dituzten zerbitzu eta hornidurengatik. Parkeen % 60k hornidura aski mugatua eduki dute. Aztertu ditugun hamar gunetatik zazpitan, ez da egon komun publikorik (Kordoba, Murtzia eta Logroño ibili dira eskasen). Hamarretik hiruk baino ez dituzte eduki piknik erako mahai eta jarlekuak, eta % 86tan ez dugu ikusi telefono-kabinarik. Lau parketatik batek baino ez du bereizi txakurrentzako eremu bat, eta % 2k soilik eskaini dute estalperen bat, euritik edo eguzkitik babesteko. Gainera, % 11tan ez da egon iturririk ura edateko. Gauza hobeak ere antzeman ditugu, jakina. Parkeen % 82tan, esaterako, behar adina paperontzi jarri dituzte, eta lautik hirutan eskuratu ahal izan dira poltsa bereziak txakur-gorozkiak biltzeko.

Kirola egiteko edo jolasteko tresneria ere ez da ugari-ugaria berdegune horietan. Saskibaloian aritzeko saskiak, adibidez, lau berdegunetatik batean baino ez daude. Futbolean edo areto-futbolean aritzeko guneak, berriz, parkeen % 17tan soilik. Skatean edo patinatzen ibiltzeko pistak, petankan aritzeko eremua eta ping-pongeko mahaiak, % 14tan, eta bizikletan soilik ibiltzeko guneak, berdeguneen %28tan.

Informazioa eta irispideak: bada zer hobetua

/imgs/20101001/tema4.jpgParkeetako erabiltzaileei zer informazio eskaintzen zaien aztertu ondoren ere antzeman ditugu gabeziak: gunearen izena ageri duten kartelak falta dira hirutik batean, eta parke barruan nola jokatu behar den arautzen duten panelak edo gomendioak ematen dituztenak ere ez ditugu ikusi hirutik bitan. Mugikortasuna murriztuta daukatenentzat jartzen diren irispideetan, pertsona horientzat egokitutako komunak falta izan dira halako zerbitzua eskaini duten lau berdegunetatik batean. Parkeen % 7tan, oztopo arkitektonikoak antzeman ditugu (eskailerak) haur-jolasen gunera iristeko. Hala ere, parkeen % 1ean soilik gertatu dira sarbideak eta irteteko bideak estuegiak gurpil-aulkiekin igaro ahal izateko.

Seguruagoak dira

Segurtasunaren eta zaintzaren atalean lortu dute emaitzarik onena guk aztertu ditugun berdeguneek: emaitza ‘oso ona’ lortu dute batez beste, eta parkeen % 5 soilik geratu dira azterketa gainditu gabe (‘hala-holako’ emaitza atera dute). Hobetu daitezkeen alderdien artean, honako hauek aipa litezke: parkeen % 21ek ez daukate aski argi zenbait lekutan, eta bostetik batean, elementu arriskutsuak ikusi ditugu, istripuak eragin ditzaketenak: baranda apurtuak, bidean oztopo egiten duten zuhaitz-sustraiak, zoru hondatua, zuloak… Horrez gain, zirkulazioa antzeman dugu parkeen % 19tan, eta oztopatu egin ditu aisialdi-jarduerak, gehien-gehienetan ibilgailuek zeharkatu egiten dute-eta berdegunea. Aztertu ditugun parkeen % 10etan baino ez ditugu ikusi segurtasun-langileak (polizia, parke-zaindaria…), eta 2006an egin genuen azterketan, aldiz, % 23k bazuten halakoren bat.

‘Birika’ berdea, eurotan

Herritarrei berdegune ugari eta ongi hornituak eskaintzeko, beharrezko izaten da diru-atal oparo samarra bideratzea horiek zaindu eta txukun edukitzera. Guk aztertu ditugun hirietako udalek, batez beste, aurrekontuan % 2,5 jartzen dute hirien birikatzat har litezkeen gune horietarako; hau da, urtean 28,7 milioi euro. Iruñeak dauzka parke eta lorategi gehien guk aztertu ditugun 18 hirietatik, eta hori hala izan dadin, aurrekontuaren zatirik handiena horretarako bideratzen duen bigarren hiria da (aurrekontu osoaren % 3,8); Madrilek baino zertxobait gehiago jartzen du (% 3,4), eta Valentziak baino gutxixeago (aurrekontuaren % 4 bideratzen du berdeguneetara). Beste muturrean dago, berriz, Donostia: aurrekontuaren % 1,26 eskaintzen dio parke eta lorategiak zaintzeari. Portzentajerik apalena dutenen artean daude, halaber, Bilbo (% 1,8), Alacant (% 1,88), Zaragoza (% 2,2) eta A Coruña (% 2,23). Eta batez bestekotik gertu dabil Oviedo (% 2,4). Nabarmendu behar da, dena den, hiri guztiek ez digutela helarazi informazio hori.

Bilbo eta Kordobako
berdeguneek lortu
dituzte emaitza onenak

Portzentajeak edo ehunekoak eurotara ekarrita, Madril gailentzen zaie beste guztiei: 170 milioi euro bideratzen ditu parke eta lorategiak zaintzera. Valentziak 35 milioi euro jartzen ditu, eta 16 milioi euro Zaragozak. Kopururik apalena, berriz ere, Donostiak ageri du: 4 milioi euro berdeguneak zaintzeko. Oviedok ia 5 milioi jartzen ditu, Alacantek 4,9 milioi eta A Coruñak 4,7.

Zenbat berdegune behar dira? eta konparaketako taula

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) gomendio hau ematen du: hiri bakoitzak, gutxienez, 10 eta 15 metro koadro artean eskaini behar ditu berdeguneetan biztanleko, eta metro horiek egoki banatu behar dira, biztanle-dentsitatea aintzat hartuta eta, beraz, eraikin-dentsitatea ere bai. Guk aztertu ditugun 18 hiriek, batez beste, 11,5 metro koadro dituzte biztanle bakoitzeko, eta kopuru hori oso urrun dago, adibidez, Europako zenbait hiritan aurki litekeenari erreparatuta. Oslon (Norvegia) edo Goteborgen (Suedia) 25 metro koadro dituzte biztanle bakoitzeko, eta hiri horietan, eremu guztiaren % 68 hartzen dute berdeguneek.

Guri informazioa eman diguten udalen artean, Iruñeak dauzka berdegune metro koadro gehien biztanleko: 26, hain zuzen. Donostia dator haren ondotik (20 metro koadro biztanleko), Madril gero (18 inguru), eta atzetik, Valladolid (11,7) Zaragoza (11,5) eta A Coruña (11,4). OMEk egindako gomendioaren gainetik dabiltza horiek guztiak.

Parke iraunkorrak: lor litezke edo ameskeria da?

Berdeguneek hainbat onura ekartzen dituzte, baina baliabideak ere asko eramaten dituzte, eta horien artean, ura, ondasun gero eta preziatuagoa. Udalak, dena den, teknologiari esku emanda ari dira, ahalik eta gutxien xahutzeko. Hona hemen adibide batzuk:

  • BARTZELONA: Honako neurri hauek ezarri dituzte berdeguneen kudeaketa iraunkorra lortzeko bidean:

    • Lorezaintza iraunkorra: espezie autoktonoak edo ingurura egokituak lehenesten dituzte, indartsuagoak direlako ingurumen-baldintzei eta gaixotasunei aurre egiteko, eta, batez ere, ur gutxiago behar dutelako.
    • Ureztatze mota automatikoak eta programatuak. Askoz emaitza hobea lortzen da, eta eskuz ureztatuta baino % 30 ur gehiago aurrezten da. Gainera, lurpeko urak erabiltzeko asmoa dute hiriko berdeguneak ureztatzeko.
    • Ibilgailu elektrikoak erabiltzen dituzte, eta oraingoz modu esperimentalean bada ere, eguzki-energiarekin dabiltzan kaleargiak eta ureztatze autonomorako programatzaileak erabiltzen ari dira.
    • Ontzi berezietara botatzen dituzte berdeguneetan biltzen dituzten landare-zaborrak.
    • Konposta egiten dute hondakin berdeekin, Eguberrietako arboletatik datozenekin, eta abar.
  • Etapa de lezama a bilbao

    BILBO: Ureztatze-sistema automatikoak ezartzen ari dira modu jarraituan, ureztatze-urak hobeki baliatzeko, eta kontagailuak ere jartzen ari dira uraren kontsumoa neurtzeko. Gainera, espezie autoktonoak eta inguruari egokitu zaizkionak erabiltzen dituzte, zaintza berezirik eskatzen ez dutenak. Bi ekaitz-tanga instalatu dituzte, euri-urak bildu eta lorategiak ureztatzeko, eta ureztatze-sistemetan lurpeko urak erabiltzeko aukera aztertzen ari dira.

  • GASTEIZ: Berdeguneen diseinua, kudeaketa eta mantentze-lanak egiterakoan, ekoeraginkortasuna lortzea eta baliabideak aurreztea bilatzen du udalak. Horretarako, hainbat neurri hartu dituzte: gauez egiten dituzte ureztatze-lanak, ur tratatu gabearekin edo edateko balio ez duenarekin; espezie autoktonoak edo hiri-berdeguneetara egokitu direnak jartzen dituzte, ur eta zainketa gutxiago behar izaten dutelako; belarra, berriz, poliki hazten dena da, eta ur gutxi behar izaten duena; eta ongarri naturalak erabiltzen dituzte (sastrakekin, adar kimatuekin eta belar moztuarekin egindako konposta).
  • Etapa de olague a pamplona

    IRUÑEA: Tanta-jarioa eta ihinztatzea erabiltzen ditu udalak ureztatze-sistemetan, eta automatizatua daukate horiek ireki eta ixteko modua, telekontroleko sistemen bidez.

  • KORDOBA: Ureztatze-sistema adimendunak erailtzen ditu udalak, domotizatuak eta telekontrolatuak. Gainera, berdeguneetan jartzen dituzten landare eta zuhaitzak, espezie autoktonoetakoak dira.
  • MADRIL: Udalak iraunkortasun-irizpideak ezartzen ditu berdeguneak diseinatzeko eta zaintzeko orduan. Gaur egun, adibidez, ur berrerabiliarekin ureztatzen dituzte berdeguneetako 1.000 hektarea.
  • VALENTZIA: Valentziako Udalak zuhaitz gazteak landatzen ditu, gaitasun handiagoa baitute de CO2 xurgatzeko, eta espezieak hautatzerakoan, gutxi kontsumitzen dutenak bereizten ditu. Espezie autoktonoak lehenesten dituzte, hobeki egokitzen dira-eta Mediterraneoko klimara. Horrez gain, mulching-a edo estaltze-sistema erabiltzen dute lurra hainbat materialekin estali eta babesteko, aireak ez diezaion eman. Era horretan, luzaroago eusten dio zoruak urari, eta saihestu egiten da belar txarrak ugaritzea. Lurra aberasten du horrek, eta lan gutxiago ematen du txukun eta garbi edukitzeko.
  • ZARAGOZA: Berriki onartu du udalak uraren araudia, eta hainbat neurri ageri dira han ura aurrezteko: ur gutxiago behar duten belar mota batzuk erabiltzea; zuhaitz- eta zuhaixka-eremuak ugaritzea eta berdin landare estalgarrien edo tapizatzekoen eremuak; zorua estaltzeko sistemak erabiltzea, ura lurrundu ez dadin; eta hezetasun-detektagailuak jartzea, zer maiztasunekin eta zer ordutan ureztatu behar den kontrolatzeko.