Juan López-Dóriga, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziako presidentea (AECID)

"Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da guztiok hartzea konpromisoa garapenerako lankidetzaren alde"

1 maiatza de 2013
Img entrevista 2 listado

Beti agertu duzu konpromisoa garapenerako lankidetzaren alde. Garai zailak al dira horri eusteko?

Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da guztiok hartzea konpromisoa garapenerako lankidetzaren alde. Egoera ekonomiko nazionala zaila izanik, garrantzitsua da oroitaraztea guztion lana dela garapena sustatzea, guztiona eta guztiontzat izango dena, eta une zailetan ezin dela albora utzi. Egungo egoeran, ez soilik ekonomikoan, nahitaezkoa da ingurune berri batera eta lankidetza-eredu berrietara egokitzea, non ez den ezinbestekoa izango baliabide izugarriak izatea, baizik eta gaitasun teknikoak, eta horiek baditugu.

Zein da “egungo egoera” esaten diozun hori?

Gaur egungo mundua ez da duela 25 urtekoa, AECID sortu zenekoa. Helburu berriak daude, adibidez klima-aldaketaren aurkako borroka, pobreziaren mapa berri bat dago eta desberdintasunak areagotu egin dira. Gure kide diren herrialde batzuek iritsi duten errenta mailarekin, jada ez da behar lehengo lankidetzarik. Testuinguru horretara egokitu behar dugu, eta lankidetza teknikoan metatu dugun esperientziari etekina atera.

Lankidetza-eredu jakinen bati buruz ari zara?

Harreman bikaina dut emaile diren beste herrialde batzuetako kideekin. Erronka berdintsuak partekatzen ditugu guztiok, indar gehiagorekin edo gutxiagorekin, eta horiei aurre egiteko irtenbideak aurkezten ditugu. Guztiengandik hartzen ditut ideiak hobetzen jarraitzeko.

Zer sakrifikatzea kosta zaizu gehien egoera ekonomiko honetan?

Egoera ekonomiko honek sakrifizio bat dakar, baina baita erronka bat ere. Egokitzeko eta hobetzeko une bat da, etorkizun hobe baten oinarriak finka ditzagun.

Espainiar Lankidetzaren 2013-2016 Plan Zuzendariak 23 herrialdetara mugatu du Espainiaren lankidetza-jarduna. Zer-nolako irizpideak erabili dituzue?

Plan Zuzendariak esaten du baliabideak kontzentratu egin behar direla Espainia baliagarrien izan daitekeen lekuetan. Irizpide horri jarraituz, zeina OCDEren Garapena Laguntzeko Batzordeak berak gomendatzen baitu, Latinoamerikan, Afrika iparraldean eta Mendebaldeko Afrikan kontzentratu dugu gure lana.

“Garapen-eragile” izendatzen dituzu enpresak, baina haien jardunaren araberakoa izango da hori…

Enpresak ez aintzat hartzea eragile garrantzitsu bat alde batera uztea da. Ehun produktiboa eta lanpostuak sortzen dituzte, garapenaren lorpenei eusten dietenak. Badira adibide bikainak, ekarpen handiak egiten dituzten enpresenak, bai beren gizarte erantzukizun korporatibotik edo bai beren negozio-hobitik.

Aliantzak egitea ere proposatzen duzu ‘think-tanks’ direlakoekin eta unibertsitateekin. Zer izango dira horiek?

Think-tanks direlakoek eta unibertsitateek lankidetzan sortzen dute pentsamendua, eta subjektu aktiboak dira nazioartean dituzten sareen bidez. Funtsezkoa da mundu akademikoarekin aliantzak egitea gure estrategiak zehazteko, ezagutzaren eta zorroztasunaren arloetan hazteko, eta eragileen arteko koalizioetan aurrera egiteko, non guztiek egingo duten ekarpenen bat.

AECID finantzatzaile izatetik bideratzaile izatera pasa dadin proposatzen duzu. Zer ekarriko du rol aldaketa horrek?

AECIDek utzi egingo lioke finantzatu baizik egiten ez duen erakunde izateari, eta askoz ere paper aktiboa jokatuko luke bideratzaile izanez. Garapen Lankidetzarako GKEak ezinbesteko bazkideak dira garapenean.

Herritar batzuen ustez, ongi dago lankidetzan murrizketak egitea espainiarrei eman beharreko laguntzak ugaritzeko. Lotuta al daude bi horiek?

Garapenerako lankidetzaren diru-atala ez da Espainian dauden oinarrizko gizarte politiken mailakoa, askoz txikiagoa da. Baina, hala ere, Espainiaren lankidetza jasotzen duten herrialde kideetan mesede handia egiten du, haien garapen-oinarriak apalagoak direlako eta gizarte-egoerak askoz ere dramatikoagoak gureak baino. Horrek ez du esan nahi AECIDek ez duela zorrotz zaintzen garapenera bideratzen duen euro bakoitza, behar bezalako eragina izango duela bermatzeko, ongi jabetzen baita espainiarrek zer-nolako ahalegina egiten duten.

Zergatik egin behar da apustu garapenerako lankidetzaren alde?

Lankidetza inbertsio bat da. Mundu partekatu batean, erronkak globalak dira. Garapenak, giza eskubideek, nazioarteko segurtasunak, terrorismoak, osasunak eta ingurumenak gizateriari eragiten diote, eta elkarrekin egin behar diegu aurre. Espainiak, nazioarteko gizartearen ardura duen kide gisa, ezin ditu horiek bazter utzi. Eta espainiarrek, gizarte eskuzabala osatzen dutenez, ez dute egiten.