Jorge Flores Fernandez, PantallasAmigas erakundearen zuzendaria

"Ezin dugu onartu ordenagailua beste ghetto bat gehiago izan dadin familia barrenean"

1 azaroa de 2010
Img entrevista listado 663

Hainbeste arrisku daudela jakinik, pantailak zer dira, lagun edo etsai?

Informazioaren gizarte honetan, lagun ditugu pantailak, eta, berez, Interneterako sarbidea edukitzea gauza ona da helduen eta haurren garapenarentzat.

Eta noiz bihurtzen dira etsai?

Ordenagailu pantaila bat, eskuko telefono bat… etsai bihur daiteke oker erabili dugulako eta gure bidean, zoritxarraren eraginez, pertsona desegokiak agertu zaizkigulako.

Zertan gauzatzen da erabilera oker hori?

Hiru arrisku motatan: min egiten duen jendea aurki liteke, eduki kaltegarrien aurrean suerta gintezke, legezkoak izan edo ez, eta izaera komertziala duten arriskuak ere badaude. Kontuan hartu behar da guzti-guztiok gaudela Interneten, baita gure inguruan sekula aurkituko ez genukeen jendea ere, eta horiek, beren nortasuna ezkutatu eta min handia egin dezakete. Ziberbullyng-a da.

Gazteek ikus-entzunezko eduki asko kontsumitzen dituztela esaten dute estatistikek, baina hainbesterako al da?

Bai, bai, eta sarea gero eta ikus-entzunezkoagoa denez, arriskutsu diren horiek askoz ere sinesgarriagoak gertatzen dira. Bi ikerketa egin berri ditugu oraintsu Nafarroan eta Gaztela eta Leonen, eta biek gauza bera erakusten dute: Lehen Hezkuntzako azken zikloan dabiltzan neska-mutilek kontsumitzen duten lehen orrialdea Youtube da, eta ondoren, Minijuegos. Zergatik Youtube? Ikus-entzunezko edukietan oinarritzen delako haren dieta digitala. Eduki kaltegarriak irits litezke erabiltzaileengana, izan legezko edo ez. Segurtasun indarrek, ordez, ezin dituzte atzeman, etengabe dabiltzalako ager-gordeka.

Zeri esaten zaio eduki kaltegarri?

Elikadura-nahasmenduekin zerikusia duten edukiak izan litezke, non produktu miragarriak saltzen dituzten, sektei lotuta daudenak, bortizkeriaren apologia egiten dutenak, test bidez egiaztatu gabeko formulak saltzen dituztenak eta osasunari kalte egiten ahal diotenak…

Helduak, askotan eta askotan, ez dira gai arrisku horiek antzemateko, eta nola egingo dute adingabeek?

Beharrezkoa da adingabeek espiritu kritikoa landu dezaten, informazioaren eta aholkularitzaren bidez.

Zeinen ardura da hori, gurasoena, hezitzaileena, psikologoena…?

Guztiona. Gu modu profesionalean ari gara horretan, gidak landuz, ikastaroak emanez, material didaktikoak sortuz administrazioekin elkarlanean…

“Komeni da guztiok erabiltzen dugun letxeko
eku batean egon dadin ordenagailua”

Eta zer aukera daukate gurasoek euren seme-alabak babesteko, ez badakite ordenagailua pizten ere edo mezu elektronikoak bidaltzeko baino ez badituzte erabiltzen teknologia berriak? Espainian, Internet erabiltzen duten adingabeen gurasoak hartuz gero, % 15ek ez dakite erabiltzen.

Nik ezagutu ditut zenbait ama, gaiari buruzko ezagutza handirik izan ez arren, oso garbi dituztenak jakin beharreko lau gauzak. Baina, noski, guraso bat teknologian trebatu ahala, erraztu egingo da seme-alabekiko komunikazioa.

Zein dira lau gauza horiek?

Bakarrean bil litezke guztiak: lortu behar da seme-alabek eduki dezatela aski konfiantza gurasoei laguntza eskatzeko. Gurasoek jakin behar dute arazoak konpontzen laguntzeko ardura daukatela, teknologiaz jakin edo ez. Ikerketa guztiek esaten dutenez, seme-alabek arazo bat dutenean, gurasoei laguntza eskatzea izaten da azken aukera, konfiantzarik ez dutelako, edo zigorra saihestu nahi dutelako (mugikorra kentzea, ordenagailua…). Baina une batetik aurrera, ezin izaten dute gehiago jasan, eta ohartzen dira ez dutela beste irtenbiderik laguntza eskatzea baino. Orduan iristen dira kasuak gurasoengana, edo Poliziaren eskuetara.

Egiazko gertaera bat kontatuko dizut: ama batek, ustekabean, 13 urteko alabaren mugikorrean ikusi du irudi lizun samarrak jasotzen eta bidaltzen dituela. Nola jokatu behar du amak?

Uste dugun baino maizago gertatzen dira halakoak. Alde batetik, amak ezin dio esan alabari telefonoa hartu eta begira ibili dela haren baimenik gabe, baina amaren egitekoa da ohartaraztea zein arriskutsu izan litekeen irudi horiek bidaltzea, kasu larri baten aurrean egon bailitezke, adingabeak galbideratzen ari den norbaiten aurrean. Amak saiatu behar luke alabak aitor dezan zerbait gertatzen ari zaiola, jazartzen ari zaizkiola. Hori lortzeko, amari gomendatu nioke sar dadila Interneten, jazarpena jasan duten neska-mutilei buruzko orrialderen batean, eta alabak eta biek ikus dezatela. Neska horrek ikusten badu zer gerta dakiokeen, agian lehenago eskatuko du laguntza. Hori egin eta, hala ere, ez badie deus esaten, Poliziarekin harremanetan jarri behar dute eta frogak gorde.

Non dago muga, beraz, adingabeen pribatutasuna errespetatzearen eta gurasoek hartu beharreko kontrol-neurrien artean?

Ez dago muga garbi bat, oso zaila da. Eskubide guztiak zor zaizkie adingabeei, baina gurasoek, halaber, haiek babesteko eginbeharra dute. Muga hori malgua edo aldakorra izan behar luke, eta mugitzeko aukera egon behar luke, adingabea bera nolakoa den ikusita, zer adin duen kontuan hartuta edo arazoren bat izan dezakeelako susmoa hartuta. Berez, ez da zertan obsesionatu, baina zaindu behar da seme-alabak zertan ari diren, gainbegiratu.

Zaintza- edo gainbegiratze-lan hori egiteko, lagungarria izango da ordenagailua leku egokian jarrita edukitzea, ezta?

Bai. Haurrak txikiak direnean, batez ere, komeni izaten da guztiok erabiltzen dugu leku batean egon dadin ordenagailua. Baina gauza ez da gurasoak zelatan ibili ahal izatea, hori ez, ezpada noizean behin joan eta ikustea zertan ari diren. Goizaldeko hiruretan txat-ean ez daitezela aritu, hori segurtatzea da kontua. Laguntza bat da. Ezin dugu onartu ordenagailua beste ghetto bat gehiago izan dadin familia barruan, lehendik ere aski baditugu eta.

Zer da arriskutsuagoa haur batentzat, telebista berak bakarrik ikustea ordu luzeetan, bideo-kontsolarekin jolastea edo Interneten nabigatzea?

Horietako edozeinekin gehiegikeriak eginda, hiruren artetik, Internet da kaltegarriena, zeren telebistako edukiak kontrolatuagoak baitaude. Sarean, aldiz, gazteentzat batere egoki ez diren eduki asko daude, eta frogatuta dago, bortizkeria-irudi gehiegi ikusten dituenak, adibidez, garrantzia kentzen diola, despertsonalizatu egiten duela… Eta arriskutsuagoa da, halaber, Interneten beste pertsona batzuk egon litezkeelako beste aldean. Berdin gerta daiteke sareko jokoekin ere, jokalari anitzekoekin. Hori oso arriskutsua da, gurasoak laxatu egiten direlako. Gogoan eduki behar da, sareko joko askoren atzean, joko horiek babesten dituzten gizarte-sareak daudela, eta hori arriskutsua izan daiteke.

Nola eragiten diote gizarte-sareek adingabeen segurtasunari edo segurtasun gabeziari? Bost gaztetatik lauk beren datu pertsonalak ematen dituzte gizarte-sareetan, eta jazarpena jasateko arriskuan jartzen ditu horrek.

Hala da, baina gizarte-sareek ez dute ekarri arrisku berririk. Internet bera da gizarte-sare bat, eta orain gizarte-sare deitzen diren horiek, Interneten neurrira egindako azpitaldeak dira, beren eduki eta solaskideekin. Interneten lehendik zeuden arriskuei ez diete beste berririk gehitu, salbu eta pribatutasunarena, berezko arrisku gisa ulertuta eta beste arrisku batzuk ekar ditzakeen faktore gisa. Gau-dantzaldi baten antzeko zerbait da: jipoi gehiago izaten dira eta maitasun-kontu gehiago. Arazoa izaten da, askotan, norbere pribatutasuna gehiegi egoten dela besteren menpe, eta horrexegatik esaten dugu auziak bi alde dituela: norbere datuak kontrolatzea eta nork bere datuak kontrolatzea; hau da, norberari dagokio eta besteei dagokie. Ustekabean, nik nahi gabe edo zerikusirik izan gabe, nire argazki bat jar dezake norbaitek etiketa eta guzti, auskalo zertarako. Hori oso gogorra, batez ere adingabe batentzat.

Eta nola hartzen zaio aurre era horretako egoera bati?

Gakoa da gazteek zehatz-mehatz jakitea zer ondorio ekarriko dituzten euren ekintzek, zer esan nahi duen etiketatua egoteak, zeinek ikusi ahal izango dituen etiketa horiek… Pertsona batek irudi bat igotzen duenean, ikusle objektiboak izaten ditu gogoan, lagunak, baina ez zaio bururatzen irudi hori desatsegina gerta dakiokeela noizbait, bikotekidea aldatu duelako, adibidez, edo asmo txarreko jendearen eskuetara iritsi delako. Irudi bat publikatzen denean, sekula ez dugu berriz eskuratuko; hori ez da ahaztu behar.

Lehen zerrendatu dituzun arrisku moten artean, izaera komertzialekoak aipatu dituzu hirugarren lekuan. Zertan gauzatzen dira arrisku horiek?

Etor litezkeen iruzurretan. Ez naiz ari diru kopuru handiez, baina mikroiruzurrak dira, eta oso zaila da horien atzetik joatea. Oso ohikoa izaten da sareko jokoetan gertatzea halakoak, non mikrokredituak ordaindu behar izaten diren zenbaitetan, eskudirutan. Erabiltzaile askoren gutunak iristen zaizkigu guri, laguntza eskatuz, jokotik kanporatu dituztelako, horretan dirua eta denbora jarri ondoren. Halakoetan, baina, ez dago kontsumitzaileen bulegorik erreklamazioa aurkezteko, hori da arazoa.Beste iruzur bat gertatzen da mugikorrak kargatzerakoan. Gertatu izan da adingabeek eurek sortu izatea orrialde horiek, kreditu-txartelen zenbakiak eskuratzeko. Arriskua gero eta handiagoa da.

Eta erakunde ofizialak jabetzen dira zenbateko arriskua dagoen? Behar beste egiten dute hori kontrolatzeko?

Jabetzen dira, bai, baina ezin erantzunez dabiltza, ezin iritsiz. Arazoa, izan ere, masiboa da, eta oso bilakaera azkarra du. Administrazioek ikerketa bat agindu eta argitaratzen denerako, zortzi hilabete joaten dira, eta ordurako, egoera aldatu da. Espainian, administrazioak ez dira garaiz kontzientziatu, baina badute arazoaren berri. Europan, berriz, badute lau urterako estrategia berri bat, 2009-2013 tarterako, eta arreta bereziz landu nahi dituzte ziberjazarpen kasuak. Baina estrategia horren aurretik, hamar urtez landu dituzte hainbat prebentzio- eta jarduera-plan. Bide luzea dugu aurretik.