Gida-txakurrak

Ilunari argi

1 azaroa de 2010
Img en imagenes listado 151

Ilunari argi

Ilia du izena. Labrador Retriever bat da, emea, arbeltxaren kolorekoa. Bi urte eginak ditu, eta gida-txakur aritzen da, dohain hori eman baitio haren genetika onak, heziketa jarraituak, entrenamendu ugariek eta maitasun handiak. Boadilla del Monte herrian jaio zen, Madrilen, Gida-Txakurraren ONCE Fundazioak han daukan eskolan. Instalazio handiak dituzte, a100.000 metro koadro, eta ia 60 pertsona aritzen dira lan finkoan, hainbat sailetan: Administrazioa, Hazte Saila, Kumeen Saila, Txakurtegien Saila, Entrenamendu Saila eta Instrukzio Saila. Eguneroko lan horri esker, eta txakur-gida izango direnak etxean hartzen eta hezten dituzten familiei esker, itsu dauden eta ikusmen-ezintasunak dituzten mila lagun ibil daitezke kaleetan hara-hona.

0 – 2 hilabete artean

Erditzeko gunean munduratzen dira gida-txakurkumeak, eskolan kontu handienarekin zaintzen duten gunean, baina zikloa hasia izaten da jaio orduko ere. Mirari biologikoaren atzean, hazte-programa aski zorrotza dago, eta horren bidez gurutzatzen dituzte ar eta eme hautatuak, itsuaurreko izateko egokienak direnak. Txakur arraza batzuek ezaugarri bereziki egokiak dituzte gida izateko, oso leialak direlako, erabakitze-gaitasun handia dutelako, inguruneari aski ongi egokitzen zaizkielako, ausartak direlako eta saiatu-saiatuak. Honako hauek, batik bat: alemaniar ardi-txakurrak eta, oroz gainetik, Retriever arrazakoak, non aurki litezkeen Labrador motakoak, Golden motakoak eta Flat Coated motakoak.

2 – 12 hilabete artean

Hazte garaia bukatu ostean, kumeak hartzeko prest dauden familiekin harremanetan jarri eta haien esku uzten dituzte. Madrilgo Erkidegoan bizi direnak hautatzen dituzte, hurbiltasunagatik, baina, aurrez, elkarrizketa bat egiten diete, eta egiaztatzen dute denbora librea daukaten familiak direla eta txakurra ez dutela bakarrik utziko egunean bi orduz baino gehiagoz (konpromiso hori hartu behar dute). Hurrengo hamar hilabeteetan, gida-lanak egin beharko dituen giroetan txakurra sozializatzea izango da familiaren zeregina, itsu bat joateko modukoak diren lekuetan, alegia; hau da, leku guztietan. Prozesu hori funtsezkoa da gida-txakur izan behar duenaren prestakuntzan, eta txakurkumeen ikuskatzaile batek gidatzen du. Fundazioak ordaintzen ditu gastu guzti-guztiak, bai albaitaritzakoak, bai janari- eta zaintza-gastuak eta bai aholkularitza teknikoari dagozkionak ere.

12 – 18 hilabete artean

Txakurrak urtebete egindakoan, penaz baina traumarik gabe, familia fisikoki bereizten da txakurrarengandik, eta eskolara itzultzen da hura. Entrenatzaileen txanda iristen da orduan, eta txakurra poliki-poliki trebatzen hasten dira, mailaz maila eramaten dute, gero eta lan gogorragoak eta zailagoak eginaraziz. Eskolan bertan entrenatuz hasten dira, zirkuituetan barrena, eta berehala, hirira eramaten dituzte, han saia daitezen. Hainbat gauza erakusten dizkiete: espaloi-ertzak eta oztopoak markatzen, jende gutxien dabilen tokiak bilatzen, garraiobide publikoetan joaten, eta azpimarratu egiten dizkiete zenbait arau, jokabide egokia eduki dezaten eta esaneko izan daitezen. Prozesu hori igaro bitartean, kideekin bizi izaten dira entrenamendu gunean; 24 orduz izaten dituzte zaintzaileak ondoan, baldintza fisiko eta emozional onenetan egon daitezen. Familiak beti jakiten du txakurra nola dagoen eta zer bilakaera egiten ari den, eta erabiltzailearen esku jartzen dutenean ere, jakinarazten diete. Guztiek partekatzen dute une berezi hori eskolan.

18 hilabetetik aurrera

Entrenamendu fasean, txakur bakoitzak zer ezaugarri dituen aztertzen dute eskolako teknikariek, eta ikusmen-ezintasunak dituztenen zerrendatik hautatzen dute zein izan daitekeen egokiena txakur bakoitzarentzat, norberak duen autonomia mailaren, baldintza fisikoen eta izaeraren arabera, betiere. Erabiltzaile izan litezkeenak eskolara joaten dira, eta lehen egunetik bertatik aholkatzen diete utz dezatela albo batera bastoia, ordu arteko bidelaguna. Txakur bat jarriko diote bakoitzari, eta bi astez, gutxienez, harekin egon eta entrenatuko dira; luze gabe, emaitza onak ematen hasiko dira lotura afektiboak, eta tandem bikaina osatuko dute. Horrelaxe iritsi zen Ilia gida-txakur izatera, eta horrelaxe ezagutu zuen Jose Luisek. Geroztik, hark jartzen dio ilunari argi.