Nocturia: pixagurak lotatik esnatzen gaituenean
Nocturia daukatenentzat, ezinezko bihurtzen da gau osoa lo goxoan ematea. Traba eta eragozpen handia izaten da hori, eta loaren kalitateari ez ezik, bizi-kalitateari ere zuzen-zuzenean eragiten dio. Nocturiak, edo gauetan pixagalez esnatzea bi aldiz edo gehiagotan, gizonei erasaten die nagusiki: hamarretik zazpi gizonak izaten dira, eta hiru emakumeak, eta ohikoagoa izaten da adin handikoengan agertzea. Bartzelonako Teknom Zentro Medikuko Urodinamia Unitateak egindako kalkuluen arabera, 70 urteetatik aurrera, gizonen % 60k jasaten dute, eta 30 urtez azpikoetan, berriz, % 5ek baino gutxiagok. Gero eta jende gehiagok pairatzen duela ikusirik, metodo berri bat sortu dute diagnostiko zehatz eta fidagarria egiteko eta gaueko gaitz desatsegin hori sendabidean jartzeko.
Jarioa kontrola daiteke
Zientzialariek arreta handiz erreparatu diote gaitz horri azken urteetan, arriskua ikusi baitute beste osasun-arazo batzuk sor daitezen: lo-nahasmenduak eta adinekoen erorikoak, besteak beste. Kontuan hartu behar da, izan ere, zeri deitzen dion nocturia Nazioarteko Kontinentzia Elkarteak (ICS): pixa egitera gutxienez bi aldiz jaikitzeari gauean. Pixagaleak esnatzen du gaixoa, eta egin beharrekoak eginda, lo hartzen du berriz ere. Bere borondatez esnatzen da, eta, beraz, ez du zerikusirik haur enuresiarekin eta gernu-jario edo inkontinentziarekin.
% 60k jasaten dute
Pertsona askok uste izaten dute gaitz saihestezina dela, zahartzaroak ekarri ohi duena, eta ez diote medikuari deus esaten. Baina, praktikan, 5-6 gaztetatik bat jaiki ohi da gauean pixa egitera bi aldiz baino gehiagotan (gizonak bezala emakumeak), eta zenbait ikerketak diotenez, emakume gazteek joera handiagoa dute nocturia jasateko. Zenbait egoera berezik ere laguntzen dute horretan, gainera: haurdunaldiak, adibidez.
Gaur egun, nocturia eragin dezaketen beste faktore batzuk ere aztergai dituzte zientzialariek. Illionis-en, Ameriketako Estatu Batuetan, Loyolako Unibertsitateko Zentro Medikuan egin duten ikerketa batek erakutsi duenez, haurtzaroan nocturia jasateak iragar dezake helduaroko nocturia. Tampereko Unibertsitateak (Finlandia) egin duen beste ikerketa batek, berriz (The Journal of Urology agerkarian argitaratu dute), lotu egin ditu gizentasuna eta nocturia jasateko arriskua, eta oraindik guztiz argi ez dagoen arren, baliteke zenbait ohitura kaltegarrik ere zerikusia izatea: erretzeak eta alkohola eta kafea hartzeak.
Arrazoi bat baino gehiago
Honako arrazoi edo kausa hauen ondorioz sor liteke nocturia: prostata edo maskuria kaltetua edukitzea edo likido gehiegi sortzea. Prostatan, lesio bat izaten du ehunak, eta oztopatu egiten du gernua maskurira irten eta guztiz hustu dadin. Gernu-hondar bat geratzen denez, maizago izaten da pixa egiteko gogoa gauean. Arazoa maskurikoa denean, berriz, gerta daiteke maskuria txikiegia izatea (ondorioz, maizago hustu behar izaten da) edo, bestela, hiperaktiboa izatea.
gutxiago hartzeko ohiturak nocturiari
aurre egiten laguntzen dute
Zenbait pertsonak, hala ere, ez dute edukitzen inolako arazorik gernubideetan, baina pixa gehiegi sortzen dute gauez (gau poliuria), likido asko hartzen dutelako afaritan edo lotara joan aurretik. Zenbait gaixotasunek ere pixagale sarria eragiten dute, halaxe azpimarratu du Erasmo Ospitale Unibertsitarioak egindako ikerketa batek (Bruselan dago unibertsitate hori, Belgikan, eta European Urology Supplements argitalpenean agertu da lana). Honako gaitz hauek zerrendatu dituzte: diabetesa, lo-apnea, estrogeno gabezia, esklerosi anizkoitza, giltzurrun-gutxiegitasuna eta bihotz-gutxiegitasuna (sendagai diuretikoak hartu behar izaten direlako).
Diagnostikoa fidagarriagoa da orain
Gaur egun modu espezifikoan ikertzen dute nocturia, baina berriki hasi dira hala egiten, ez da hain aspaldiko kontua. Proba berri bat erabiltzen dute diagnostikoa egiteko, fluxumetria izenekoa, eta horrekin neurtzen dute zenbat gernu kanporatzen den segundo batean, zer indar duen zurrustak, zenbait irauten duen eta aldizkako zurrusta zenbatekoa den. Proba hori egiteko, gau bat pasatu behar izaten da ospitalean. Denbora horretan, fluxumetria-tresna etengabe aritzen da funtzionatzen. Gaixoak pixagalea sumatzen duenean, botoi bati eragin behar dio (zer ordu den jakin dezan makinak) eta ontzi berezi batera egin behar du pixa, non ikusiko den zehatz-mehatz zenbat egin duen. Neurtze-sistema jarraitua da, eta ordenagailuan erregistratzen dira gaixoaren datu guztiak. Nocturia Ikerketa (Nocturia Study) izeneko ekimena aurrera eramateko diseinatu dute fluxumetria, eta horretan ari da Emilio Batistaren taldea, Bartzelonako Teknon Zentro Medikuan.
Orain artean, nocturia duten edo ez jakiteko, eguneroko moduko bat erabili izan du jendeak, eta han idatzi izan ditu gernu-egitearen inguruko datuak. Fluxumetriak badu abantaila sistema horren aldean: modu objektiboan erregistratzen ditu datuak. Desabantaila edo alde txarra ere badu, ordea: proba berria da, Gizarte Segurantzak ez du hartzen bere gain eta Bartzelonako ospitale horretan soilik egiten dute.
Nocturiaren eragina
2007. urtean ekin zioten Nocturia Ikerketa izeneko proiektuari, eta orain arte, bere borondatez parte hartu duten 40 laguni antzeman diete nocturia fluxumetriaren bidez. Horrez gain, ondorio aipagarriak ere atera dituzte:
- Arazoaren pertzepzio okerra: fluxumetriak erakutsi duenez, gaixoen % 50ek baino gehiagok ez dute zehatz adierazten zenbat bider jaiki diren gauean komunera. Jaiki diren baino maizago jaiki direla esaten dute: egiaz jaiki diren baino 1 eta 1,5 bider gehiagotan, hain zuzen.
- Bizi-kalitatea hondatu: gaixoen artean, nocturiak gogor eragiten die % 15en bizi-kalitateari. Orain, jarraipen handiagoa egiteko aukera dago, eta gaixoen % 30ek esaten dute oso nekatuta daudela eta indarra falta dutela ariketa fisikoa egiteko.
- Loaren kaltez: gaitza dutenen % 95 gauaren lehen erdian iratzartzen dira komunera. Gauaren lehen zatian esnatzen direnek loaren nahasmendu larriak eduki ditzaketela frogatu dute, loezina edo insomnioa, adibidez, eta horrek ondorio nabarmenak uzten dizkie hurrengo egunean: egunez lokartzen dira eta akituta egoten dira, umore txarreko ere bai, eta euren jarduna apaldu egiten da.
- Erortzeko arriskua: erortzeko eta zerbait hausteko arrisku handiagoa ere eragiten du nocturiak adin handiko pertsonengan; erdi lotan jaikitzen dira, argi gutxirekin, eta, askotan, erreflexuei eragiten dien sendagai edo botikaren bat hartua izaten dute.
- Likido gutxiago hartzeko ohitura batzuk ezarri: gutxi edan lotara joan aurretik eta ez ibili jan-edanean afaldu ondoren.
- Ahalik eta goizen afaldu, iluntzeko zazpietan edo zortzietan. Lotara joan baino ordubete lehenago egon behar da, gutxienez, afalduta.
- Afaritan ez hartu zoparik, barazkirik edo frutarik, ura izaten dute eta.
- Horien ordez, jaki solidoagoak jan: tortilla edo ogia, adibidez.
- Likido asko duten elikagaiak janez gero edo asko edanez gero, atzeratu ordu erdi edo ordubete lotara joateko orduan.
- Ez deus edan pixa egitera jaiki bakoitzean.
- Organismoa ahal bezain hutsik dela joan lotara.
Iturria: Emilio Batista, Bartzelonako Teknon Zentro Medikuko Urodinamia Unitateko Koordinatzailea eta Kontinentzia Elkarteko lehendakaria