170 osasun etxetan izan da EROSKI CONSUMER, Espainiako 18 probintziatan, eta aztergai izan ditu kontsultak zenbat iraun duen, itxaronaldia zenbatekoa izan den eta 4.250 erabiltzailek zer iritzi dioten zerbitzuari

Erabiltzaileak gustura daude mediku-arretarekin, baina hitzordua lortzeko erraztasunik eza nabarmendu dute gehien

Txukun eta ongi zainduta egoten dira osasun etxeak, baina informazio gutxi ematen diete erabiltzaileei. Kontsulta bakoitzak hamar minutu irauten du, batez beste
1 azaroa de 2010
Img tema listado 142

Erabiltzaileak gustura daude mediku-arretarekin, baina hitzordua lortzeko erraztasunik eza nabarmendu dute gehien

/imgs/20101101/tema1.jpg
Sei aldiz. Urtean sei aldiz joaten gara gutako bakoitza, batez beste, lehen mailako arreta eskaintzen duten osasun etxeetara. Osasun sistemak herritarren esku jartzen duen lehen kate-maila izaten dira, eta, beraz, funtsezko azpiegiturak ditugu arreta-zerbitzuen alorrean. Osasun azterketak egin, txertoak jarri, gaixo kronikoak artatu, prozesu akutuak sendabidean jarri edo zaintza aringarriak eskaini, gisa horretako laguntzak ematen dituzte lehen mailako arretaz arduratzen diren osasun etxe horiek (2.914 dira Espainian).

Horiek guztiek eskaintzen duten zerbitzuak zer kalitate duen jakite aldera, hainbat alderdi aztertu ditu EROSKI CONSUMERek, eta elkarren osagarri diren bi metodo erabili ditu horretarako. Alde batetik, erabiltzaileek zer iritzi duten bildu nahi izan dugu, eta hori lortzeko, inkesta egin diegu adinez nagusi izan diren 4.250 erabiltzaileri, 18 probintzia hauetako 170 osasun etxetan egin ere: A Coruña, Alacant, Araba, Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Granada, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Beste aldetik, berriz, osasun etxeetara bertara joan dira EROSKI CONSUMERen teknikariak, eta euren begiz ikusi dute zer-nolako hornidura duten 170 zentro horiek eta zer moduzko zerbitzua eskaintzen duten. Horrez gainera, zenbateko itxaronaldiak egin behar izaten diren ere neurtu dute, eta medikuek erabiltzaile bakoitza zenbat denboraz hartu duten ere bai. Kronometroa eskuan hartu, eta zehatz-mehatz idatzi dute zer ordutarako eman dioten hitzordua erabiltzaile bakoitzari, noiz sartu den medikuaren kontsultara eta noiz irten den handik.

/imgs/20101101/tema2.jpg
Inkestak erakutsi duenez, erabiltzaileak, oro har, gustura daude osasun etxe horien funtzionatzeko moduarekin, eta horren erakusgarri da zer-nolako nota orokorra jarri dieten, batez beste: 8koa. Emaitzarik txarrena lortu duten atalen artean, honako hauek ageri dira: hitzordua lortzeko erraztasuna, jendaurreko ordutegia eta administrazioko langileen tratua.

EROSKI CONSUMERek 170 osasun etxeetara egin dituen bisitetan, berriz, honako ondorio nagusi hauek atera ditugu: 2006. urtean egin genuen antzeko ikerketa batekin alderatuta, azpiegituretan kalitate ona da nagusi orain ere, osasun etxeak garbi eta ongi zainduta daudelako, eta segurtasuna eta irispideak ere onak dituztelako. Badute, ordea, zer hobetu, eta gabeziarik handienak dituen atala, gainera, duela lau urteko berbera da: zerbitzu eta informazioarena, hain zuzen. Probintziaz probintziako zerrenda eginez gero, honako hauek ageri zaizkigu gabeziarik handienekin: A Coruña, Asturias, Bizkaia, Madril, Malaga, Nafarroa, Valentzia eta Valladolid (emaitza ‘onargarria’ baino ez dute atera horiek guztiek). Gainerako guztiak, berriz, batez bestekoaren mailan geratu dira: emaitza ‘ona’ eskuratu dute.

Erabiltzaileek emandako nota: ‘oso ongi’

4.250 erabiltzaileei egin diegun inkestak argi utzi du aski gustura daudela osasun etxeen funtzionamenduarekin, eta nota ere halakoxea eman diete: 8koa (2006an baino puntu erdi gehiago). Honako alderdi hauen gaineko iritzia galdegin diegu: osasun etxea hurbil duten edo ez, jendaurreko ordutegia egokitzat jotzen duten, administrazioko eta erizaintzako langileek zer tratu ematen duten, medikuak zenbat denbora eskaini dien, norberaren osasun txostena zenbateraino ezagutzen duen medikuak, nolako azalpenak eta aholkuak eman dizkien, zer informazio eman dien osasun-arazoen inguruan, entzuteko zer jarrera eduki duen, hitzordua lortzea erraza gertatu den edo ez eta osasun etxeak zer ekipamendu eta bitarteko dituen.

A Coruña eta Malagako
erabiltzaileek egin dituzte iruzkin onenak

Probintziaka aztertuta, batez besteko notarik apalenak Valentzian (7koa) eta Araban (7,4koa) izan dira, eta iritzirik onena, berriz, A Coruñako eta Malagako erabiltzaileek eman dute (8,6ko nota jarri diete bi horietan). Emaitzarik onenak lortu dituzten alderdiak, honako hauek izan dira: medikuak emandako azalpenak eta informazioa, eta entzuteko jarrera (8,2koa bietan). Okerren iritzi dieten alderdien artean, berriz, beste hauek daude: hitzordua lortzeko erraztasuna, jendaurreko ordutegia, administrazioko langileen tratua eta osasun etxearen ekipamendua. Emaitza, dena den, ezin da txartzat jo, 7tik 8 bitarteko nota jarri diete-eta alderdi horiei guztiei.

10 minutuko kontsultak

EROSKI CONSUMERen teknikariek osasun etxeetan bertan ikusi ahal izan dutenez, kontsulta bakoitzak, batez beste, hamar minutu iraun du (kronometroarekin neurtu dute denbora, erabiltzailea sartu denean hasi eta irten denean bukatu). Ikerketa hau egiteko aintzat hartu diren 4.250 erabiltzaileen ia erdiek, gutxienez 10 minutu egin dituzte kontsultan. Hala ere, alde handiak antzeman ditugu probintzia batzuetatik besteetara. Bartzelonan aztertu ditugu osasun etxeetan, adibidez, batez beste 13 minutu eskaini dizkiete medikuek gaixoei (12 minutu A Coruñan eta Araban, eta 11 Errioxan eta Nafarroan); Kordoban eta Valentzian, aldiz, 6 minutu eskas iraun du kontsulta bakoitzak. Osotara, 4.250 erabiltzaileen % 10 irten dira kontsultatik 5 minutu igaro baino lehen, eta % 11 inguruk eman dute han ordu laurden baino gehiago.

2006an egin genuen ikerketarekin alderatuta, Araban eta Bizkaian luzatu da gehien arreta-denbora: hurrenez hurren, bost eta lau minutu gehiago egin dituzte erabiltzaileek kontsultan, eta, aldiz, Madrilen, Valladoliden eta Granadan, 6 eta 4 minutu artean laburtu dute kontsulta-denbora.

Bost minutuko itxaronaldia Errioxan, ordu erdikoa Zaragozan

Erabiltzaileei hitzordua emanda ere, sarri gertatzen da atzerapenen bat. Batez beste, 15 minutuko atzerapenak izan dira osasun etxeetan, baina probintzia guztiak ez dabiltza berdin horretan ere. Zaragozan, esaterako, 30 minutu atzeratu dira, eta 20 minutu Malagan, Sevillan eta Valladoliden. Errioxan, aldiz, bost minutuko itxaronaldia egin behar izaten dute erabiltzaileek, behin kontsultara sartzeko ordua iritsita (Zaragozan baino 6 aldiz gutxiago); Gipuzkoan, Murtzian eta Bizkaian, 10 minutu eskasekoa izan da itxaronaldi hori. 2006an egin genuen ikerketarekin alderatuta, kontua ez da hobetu, egia esan: orduko hartan, batez beste, 14 minutuko atzerapena pilatzen zuten medikuek.

Oraingo azterketan kontrolatu ditugun 4.250 erabiltzaileetatik, % 2,6 soilik sartu dira kontsultara ordua iritsi baino lehenago (ehuneko hori % 7,7koa izan zen 2006an). Ia % 10, agindutako orduan sartu dira, eta % 49k, berriz, ordu laurden edo gutxiago egon behar izan dute zain; beste % 14ri, ordea, ordu erdi atzeratu zaie sartzeko ordua (eta % 2,4k, ordubeteko itxaronaldia egin behar izan dute).

Nola egin eraginkor medikutarako bisita

Zenbat bider nahiago izaten dugu osasun azterketarik ez egin, deseroso zaigulako?, edo zenbatetan geratzen gara gauza guzti-guztiak medikuari kontatu gabe, lotsa ematen digulako? Egoera horiek eta bestelako batzuk saihesteko, zenbait gomendio eman nahi ditu EROSKI CONSUMERek, medikutara joatea eraginkor gerta dakigun eta probetxuko:

Osasun etxera iritsitakoan:

  • Garaiz joan: ez da komeni denboraz larri joatea; hobe da lehenago iristea, eta, era horretan, denbora izango dugu berokia kendu, komunera joan eta informazio guztia eskuratzeko.
  • Arropa erosoa eraman: medikuak, agian, miaketa fisiko bat egin nahiko digu, eta arropa egokiarekin bagaude, ez dugu denborarik galduko eranzten eta janzten.
  • Osasun etxera lehengoz joan bagara, aurrekari medikuen berri eman behar dugu: gureak eta familian izan ditugunak, egungo osasun-arazoak eta lehen edukiak.
  • Pentsatuta eraman behar da zer esango dugun: zerrenda batean idatz ditzakegu kezka zaizkigun gai guztiak, baita hartzen ari garen sendagaien eta osagarrien izenak ere. Zenbat eta informazio gehiago eman medikuari, orduan eta errazagoa izango zaio gaitzaren diagnostikoa egitea. Horregatik, bitaminak hartzen ari bagara, bestelako osagarriren bat edo erremedio homeopatikoren bat, hori ere jakinarazi behar zaio medikuari.

Medikuaren kontsultan:

  • Irekiak eta zintzoak izan behar dugu medikuarekin: oso garrantzitsua da hori, zeren informazio zehaztugabe emanez gero, gerta bailiteke okerreko diagnostikoa egitea edo sendabide desegokia jartzea.
  • Arazoa ongi azaldu: sintomei buruzko xehetasun guztiak ematea komeni da (non dugun min, zer sentitzen dugun eta noiz hasi zen arazoa). Egia esan behar dugu beti, guri geuri komeni zaigu eta.
  • Miaketa fisikoa: eskubidea dugu jakiteko zer egingo diguten. Normala izaten da deseroso samar sentitzea, eta hala bada, medikuari aitortu behar diogu, badira-eta moduak hain deseroso ez egoteko.
  • Zalantza guztiak argitu: gauzaren bat argi geratu ez bazaigu, medikuari galdetu behar diogu, eta ziurtatu behar dugu dena ongi ulertu dugula.

Kontsultatik aterata:

  • Dokumentazio guztia bildu: osasun etxetik atera aurretik, ziurtatu egin behar dugu paper eta dokumentu guztiak hartu ditugula.
  • Hurrengo hitzordua finkatu: baldin eta espezialistarengana joateko ordua hartu behar badugu eta proben emaitzak hartzera joan behar badugu.
  • Jarri diguten sendabidea bete eta zintzo jarraitu: garrantzitsua da medikuak jarri digun sendabideari jarraitzea.

Kalitate oneko instalazioak; informazioa, aldiz, hobetu beharrekoa

/imgs/20101101/tema6.jpg
EROSKI CONSUMERen teknikariek 50 alderdi baino gehiago hartu dituzte kontuan 170 osasun etxeen egoera aztertzeko. Garbitasunari eta mantentze-lanei erreparatu diete batetik (txukun eta ongi zainduta dauden ikusteko), irispideei bestetik (ezintasunak dituztenentzat egokituta dauden jakiteko), eta aztertu dute, halaber, segurtasunaren eta zaintzaren atala, eta erabiltzaileei zer zerbitzu eta informazio eskaintzen dieten. Azken emaitza, batez beste, ‘ona’ izan da, 2006an lortu zutenaren antzekoa, orduan bezala orain ere, garbi eta ongi zainduta daudelako osasun etxeak, irispide onak dituztelako eta instalazio onekin hornituta daudelako. Probintzia bat bera ere ez da geratu azterketa gainditu gabe, baina guztiek badute zer hobetua zerbitzuen eta informazioaren atalean (emaitza ‘onargarria’ baizik ez dute erdietsi). Probintziei banaka begiratuta, nabarmentzekoa da atal horretako azterketa gainditu gabe geratu direla Valladolideko osasun etxeak (‘hala-holako’ emaitza atera dute), eta berdin beste probintzia hauetakoak ere: A Coruña, Alacant, Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Gipuzkoa, Kordoba, Malaga, Murtzia eta Nafarroa (emaitza ‘onargarria’). Gainerako probintziak, batez bestekoaren mailara iritsi dira (emaitza ‘ona’).

Lehen mailako arreta eskaintzen duten osasun etxeetan, ‘onak’ dira garbitasuna eta mantentze-lanak, 2006an bezalaxe, baina gabezia nabarmenak ere antzeman ditugu egoitza horien barrenean. Hala, seitik batean, ‘onargarria’ baino ez da izan egoera, eta zenbaitetan, ‘txarra’ ere bai. Esaterako, Malagan, Valentzian, Araban eta Valladoliden aztertu ditugun 31 osasun etxeren zoruak ez dira izan ez-labaingarriak, % 10etan zahartuta egon dira altzariak (ateak, bankuak eta aulkiak hondatuta, eta zaharrak izaki, deserosoak ere gertatu dira), eta hamarretik batean, usain txarra etorri izan da komunetatik. Bereziki, Bartzelonan, Valentzian eta Zaragozan. Komunak, dena den, itxura onean eta garbi egon dira, eta leku gehien-gehienetan, komuneko papera eta eskuko xaboia ikusi dugu.

Osasun etxeak eskaintzen duen informazioari dagokionez, eta erabiltzaileek euren iritzia adierazteko eduki ditzaketen erraztasunei dagokienez, emaitza kaskarra eman du azterketak. Hamarretik lauk ez dute eskaini inolako tresnarik erabiltzaileek bere iradokizuna utz ditzaten, eta erdiek baino gehiagok ez dute eduki orririk edo panelik kanpoaldean, non ordutegiaren berri ematen den, eta ez dugu ikusi, halaber, inolako kartel edo afixarik, larrialdi-zerbitzuei buruzkorik. Barrualdeko seinaleak, berriz, gune bakoitza non dagoen jakinarazten dutenak (komuna, harrera-gunea, medikuen kontsultak…), egoki jarrita daude osasun etxe ia guztietan.

4.250 gaixoen % 10 bost minutu
baino gutxiagoz egon zen
medikuaren kontsultan

Baina, zer kartel mota behar ditu osasun etxe batek? Batetik, jokabide-arauei buruzkoak daude, erabiltzaileek elkar errespeta dezaten eta osasun langileak ere errespeta ditzaten jarriak. Guk aztertu ditugun osasun etxeen % 30ek, ordea, ez diete jakinarazten erabiltzaileei nola jokatu behar duten han barrenean. Medikuek zer kontsulta-ordutegi daukaten adierazteko ere, garrantzitsua izaten da kartelak jartzea, baina erdiek baino gehiagok ez dute ageri halakorik. Eta erabiltzaileen eskubideei dagokienez, hamarretik ia lautan ez dugu ikusi agiri hori.

Osasun etxe seguruak eta irispide onekoak, eta konparaketako taula

Segurtasunaren eta irispideen ataletan, emaitza ‘ona’ lortu dute osasun etxeek (2006an bezalaxe). Bereziki garrantzitsuak izaten dira su-itzalgailuak eta larrialdi-argiak, eta ia osasun etxe guztietan ikusi ditugu halakoak. Hamarretik batean, ordea, larrialdiko irteera ez da egon ongi seinaleztatua, eta seinalez ongi adierazita egon direnetan, itxia eduki du atea hirutik batek.

/imgs/20101101/tema5.jpg
Aztertu ditugun osasun etxe gehienak irispide egokiz hornituta daude: lautik hirutan, aparkaleku bereziak ikusi ditugu ezinduentzat, eta % 44tan, sarbidean eskailerak egon arren, maldatxoak ere eduki dituzte ezintasunak dituzten pertsonak igotzeko eta haur-kotxeekin iristeko. Gainera, bostetik bitan, irispide onak dauzkate solairuz solairu edo gunez gune ibili ahal izateko (pasabide bereziak, igogailuak, eta abar). Gabezien artean, berriz, komun egokituen falta nabarmendu behar da (guk aztertu ditugunen artean, % 18k falta izan dituzte).