Seme-alabek hegoak astintzen dituztenean
Unea iristeko zain egoten dira batzuk, eta iristeko beldurrez beste batzuk: seme-alabek etxetik joateko asmoa dutela jakinaraztean, guraso batzuek pozez hartzen dute albistea, baina beste batzuek, aldiz, etxea husten ari zaiela sentitzen dute, eta irudi hori ezin hobeki islatzen duen sindromeari egin behar izaten diote aurre: habia hutsaren sindromeari, alegia. Batik bat, energia guzti-guztiak seme-alabentzat eskaini dituzten gurasoei gertatzen zaie hori. Bakardade, tristura eta hustasun sentimenduek erasaten diete, baina badira horiei aurre hartzeko eta horiek gainditzeko estrategiak ere. Komeni da psikologo eta profesionalen aholkuak aintzat hartzea.
Haur batez erditu aurretik, ordu luzeak eman ohi dituzte emakumeek etxea ordenatzen. Erditzeko eguna hurbildu ahala, obsesio bihurtzen da ingurua egokitu nahi hori, ama urduri ibili ohi da, kontrolatuta eduki nahi duelako haurra iristeko unea. Habiaren sindromea esaten zaio horri. Urteak igarota, egoera irauli egiten da, eta irauli egin daitezke, halaber, garai bateko ilusioak: seme-alabak hegoak astintzen hasten dira, gurasoen etxetik alde egiteko tenorea heldu zaiela eta; ondorioz, nostalgiak eta motibaziorik ezak hartzen ditu gurasoak. Izan ere, seme-alabak hazita daudenean eta emantzipatzea erabakitzen dutenean, gurasoek, amak bezala aitak, habia hutsaren sindromea eduki dezakete. Gehienbat, amari eragiten dio, baina berdin jasan dezake aitak ere, baita seme-alabarik izan ez baina haurren ardura eduki dutenek ere; zaindari edo tutoreek, adibidez.. Egoera hori jasaten duten pertsonek, normalean, ezaugarri berezi batzuk izaten dituzte: besteren menpeko izan ohi dira; bizi guztia eman dute seme-alabak zaintzeko (etxekoandreek, esaterako); helbururik, betebeharrik eta erabilgarritasunik gabe geratu direla iruditzen zaie behin seme-alabak etxetik joanez gero; zaletasun gutxi dauzkate; eta, gehienetan, ez dute lanik egiten etxetik kanpora.
Sintomak
Seme-alabak falta zaizkiela, sentimendu bat baino gehiago agertzen zaie guraso horiei: bakarrik sentitzen dira, triste, ezertarako ez direla iruditzen zaie eta antsietate zerbait ere edukitzen dute. Lo-nahasmenduak ere izan ditzakete, loezina, adibidez, edo gauetan sarri esnatzeko joera har dezakete. Autoestimuari ere egin diezaioke egoerak eta, zenbaitetan, depresioari lotuta dauden sintomak ere ager daitezke: nekea edo kontzentrazio falta, adibidez. Psikologikoak izaten dira ondorio nagusiak, baina gerta liteke somatizatzea ere, eta urdaileko mina jartzea, digestioa zailtzea edo bizkarreko mina sumatzea.
Sindrome hori aldian aldiko beste arazo batzuekin elkartu liteke, eta horrek okertu egin lezake egoera. Depresioarekin ere gertatzen dira halakoak: familiako norbait hiltzeak edo lana galtzeak are gehiago larritzen du egoera, eta habia hutsaren sindromea ere larritu egiten da, adibidez, ama menopausia garaian baldin badago, aldaketa hormonal handiak jasan behar izaten dituelako, edo erretiroa hartzeko unea iristen bazaie gurasoei, horrek ere aldaketa handiak egin beharra ekartzen baitie denbora egituratzeko moduan eta lankideekiko harremanean.
dezake aitak zein haurren tutore edo zaindariak
Bakardade sentimendua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago eragiten die egoerak gurasoei, eta horregatik, beste seme edo alabaren bat etxean geratzen bada, horrek arindu egin ditzake sintomak. Sintomen eragina ez da izaten, hala ere, etxea uzten duten seme-alaba kopuruaren araberakoa; zenbat eta gehiagok utzi, sintomak ez dira hein berean larritzen. Gurasoek seme-alabentzat egin duten ahaleginaren eta sortu den loturaren araberakoa izaten da hori. Gerta liteke seme edo alaba bakarrarekin soilik sortu izana lotura estu-estua, gurasoak harekin saiatu izana bereziki. Kasu horretan, etxean beste seme edo alabaren bat geratuta ere, gurasoei nekez arinduko zaizkie sintomak, baldin eta gehien babestu dutena joango bada etxetik. Aldiz, independenteago izan direnak emantzipatuz gero, ez dute izaten hainbeste sintoma.
Aurre hartzeko ideiak
Saihestu ote liteke seme-alabak falta izatearen mina? Berriki egin diren ikerketa batzuek esaten dutenez, funtsezkoa da gurasoen eta haurren arteko harremana, eta elkarrekin ongi moldatu izateak eta harreman ona edukitzeak lagundu egiten du arazoari aurre hartzen, trantsizioa (seme-alabek alde egin ondorengoa) eramangarriago gertatzen delako gurasoentzat.
Beste aditu batzuek zera gomendatzen diete gurasoei, seme-alabak oraindik etxean daudela has daitezela bizitzako aldi berri horretarako prestatzen. Prestatzeko modu ona izango litzateke gizarte-sarea zabaltzea edo norberak inguruan duen pertsona kopurua handitzea (ikastaro batzuetan izena ematea, adibidez), eta harremanen kalitatea zaintzea ere garrantzitsua da (maizago joan litezke lagunak ikustera, festetara, urtebetetze-ospakizunetara, ezteietara…).
komeni zaie gurasoei bizimodu berrira
egokitzen hastea
Aisialdi-jarduerak eta zaletasunak ugaritzea ere lagungarri da sindromeari aurre hartzeko. Kirola egiteko ohitura duten gurasoek edo kultur elkarteren batean parte hartzen dutenek, beste esanahi bat ematen diote beren bizitzari, dena ez baita seme-alabak zaintzea, eta, ondorioz, prestatuago egon litezke haiek joaten direnerako.
Habia hutsaren sindromeari lotuta dauden zenbait depresio aski larriak izan daitezke. Ohiko medikuak neurtu behar du egoera, eta hark adierazi behar dio gaixoari komeni zaion edo ez psikologotara joatea. Maizenik, ez da behar izaten terapia-saio askorik, nahiz eta zenbaitetan, emozio-egoera oso apala bada, depresioaren aurkako sendagaiak hartu behar izaten diren. Sindromeak psikologotara eramanda ere, nekez izaten da bizi osorako zama, baldin eta laguntza psikologikoa egokia bada eta gaixoak profesionalen aholkuei jaramon egiten badie.
Sindrome horren aurrean, psikologoak saiatu behar du gaixoak dituen uste eta pentsamendu okerrak aldarazten (ezertarako ez dela, bizitzak zentzu guztia galdu duela, ezin duela gauza berririk ikasi edo zereginen bat aurkitu denbora librean egiteko), eta, halaber, lagundu egin behar dio bizitzako aldi berria, seme-alabetatik aske, bideratzen eta horretarako behar dituen aldaketak egiten. Hona hemen zenbait proposamen:
- Lehen seme-alabei eskaintzen zitzaien denbora, aisialdi-jarduerekin bete. Denbora librean norberari gustatzen zaizkion gauzak egin behar dira: bidaiatu, zaletasunak jorratu, kirola egin, etxerako ongi datozen zereginak egin edo garapen pertsonala edo profesionala landu.
- Bikote-bizitza biziberritu eta bakardade hori baliatu seme-alabak etxean zeudenean agian falta izan diren intimitatea eta elkarrizketa lantzeko.
- Arazoaren ikuspegia aldatu eta askatasun-aukeratzat hartu, lehen egin ezin ziren gauzak egiteko paradatzat.
- Egoera berria onartu. Psikologoak laguntzen du trantsizio hori bizitzako aro edo aldi berri gisa ikusten: seme-alabekiko harremana aldatu egingo da, ez amaitu.
- Gauza ontzat hartu galera. Psikologoaren ikuspegitik, garrantzitsua da gurasoek eta seme-alabek uler dezatela galera gauza ona dela. Horretarako, era honetako pentsamenduak sustatu behar dira: “Joateko prestatuta badaude, lan ona egin dugun seinale”.
- Norbere buruari denbora eskaini egoera berrira egokitzeko, eta errespetatu. Alaba edo semea joateak min handia egin badigu, ez da komeni haren logela berehala desegitea. Ikusi egin behar da merezi ote duen bisitan etortzen denarentzat uztea, edo santutegi gisa gordeko duten, independizatu den alaba edo semea oroitzeko eta negar eta amets egiteko, berriz noiz etorriko den pentsatuz. Bigarren kasu horretan, gurasoek lan egin beharko dute alaba edo semea joan izana onartzen ikasteko.
Iturria: Fernando Pena. Valentziako Psikologo Elkargoko kidea, 8211 zenbakiduna. (http://www.miconsulta.es)