Eztia: mitoak eta kondairak
Ezti mota ugari daude, elikagai horrek omen dituen ezaugarriak adina ia. “Industrialagoak” edo “naturalagoak” diren kontuan hartu gabe ere, jatorritik beretik izaten dituzte alde handiak osaeran. Erabilera terapeutikoak ere asko eta askotarikoak eman izan zaizkio eztiari, baina elikaduraren, nutrizioaren eta osasunaren arloko aditu eta agintariek diotenez, horietako askok ez dute euskarri zientifikorik eta ezin da esan eraginkorrak direnik. Eztia, berez eta funtsean, azukre sinple ugari dituen elikagaia da, eta energia azkarra ematen du. Ezaugarri hori kenduta, aski elikadura-balio mugatua du eztiak, gutxi ematen baititu bestelako mantenugaiak (herdoilaren aurkakoak, bitaminak, mineralak, eta abar). Hau da, nahiko bagenu eztiak makroelikagai horiez ongi horni gaitzan, kopuru handietan hartu beharko genuke, komeni den baino handiagoetan, gizendu ere egiten du eta.
Kaloriak eta beste mantenugai gutxi batzuk
Eztiari dagokionez, faktore askoren menpe egoten da azken emaitza, eta, beraz, elikadura-ezaugarriak aldatu egin daitezke ezti mota batetik bestera. Kontuan hartzekoak dira, esaterako, baldintza meteorologikoak (tenperatura, hezetasun erlatiboa…), erleek zer landare-espezietatik hartzen duten nektarra, erleek eurek garraiatzerakoan nektarrari eransten dizkioten entzimak, eztiaren heltze-denbora, eta abar. Alderdi horien guztien eragina begi bistan geratzen da ezti bakoitzak zer ezaugarri dituen irakurtzen dugunean osaera-tauletan: alde handiak izaten dira datuetan ez hainbeste kalorien atalean, baina bai beste mantenugai batzuenean, bitaminetan, mineraletan, eta abarretan.
eta fruktosa bereziki, baina gutxi ematen
ditu mineralak eta bitaminak
Elikagai energetikoa da eztia, karbohidrato ugari dituena, glukosa (% 31) eta fruktosa (% 39) batik bat, eta gutxi ematen ditu mineralak eta bitaminak. Ezti mota batzuek, dezente izaten dituzte substantzia bakteriostatiko deitzen direnak, bakterioen hazkundea mugatzeko gaitasuna dutenak, baita herdoilaren aurka egiten duten osagai batzuk ere. Hortik aurrera, eztiaren elikadura-balioa neurtzeko, kontuan hartu behar da zenbateko errazioak hartu ohi ditugun normalean. Inork bitamina eta mineral ugari lortu nahiko balu eztia janez, komeni den baino gehiago hartu beharko luke, izan ezti mota bat edo bestea. Eta, jakina, hala eginez gero, nabarmen handiko litzaioke kaloria kopurua ere.
Eztia kalitatearen arabera sailkatzeko, ezaugarri organoleptikoak erabiltzen dira irizpide gisa: kolorea (tonu zurixkak izan ditzake, eta ilunagoak ere bai, horixkak, anbar eta marroi kolorekoak…), zaporea eta lurrina (aldatu egiten da lore motaren, inguru geografikoaren eta klimaren arabera) eta jariakortasuna (osaera kimikoari eta ur kopuruari lotua dago). Horrez gain, hiru alderdi aintzat hartuta neurtzen da eztiaren berezko kalitatea: gorputz arrotzik baduen edo ez (argizari hondarrak, nagusiki), kristalizazioa fina den edo ez eta, batik bat, eztia freskoa den edo ez.
eztia har dezaten, botulismoa izateko
arriskua dute eta
Ikuspuntu higienikotik, eztiak, animalia-jatorriko produktua izaki, mikrobio-flora berezi-berezia eduki ohi du. Oinarrian, Bacillus motako mikroorganismoek osatzen dute flora hori, eta ezti freskoetan forma begetatiboak aurki daitezkeen arren, ez dira izaten patogenikoak. Eztia abarasketatik ateratzerakoan eta eskuztatzerakoan, beti dago kutsatzeko arriskua, eta gerta liteke nahigabeko mikrobio-kutsatze bat sortzea. Ezti batzuetan, esaterako, bakterio patogenoak antzeman izan dira, Staphylococcus aureus, Bacillus cereus eta are Clostridium botulinum delakoa ere, eta haur-botulismoa sortzeko arrazoietako bat eztia izan daitekeela ere iradoki izan dute. Hori dela eta, urtebete baino gutxiagoko haurrei eztirik ez ematea da gaur egungo jokabidea, txupetea edo txupakia goxatzeko ere ez. Hauxe da horren arrazoia: haurtxoen traktu gastrointestinal ez-azidoak lagundu egiten du Clostridium botulinum delakoaren esporak ernamuindu daitezen eta beren toxina sor dezaten, eta horrek botulismoa sortzen dio haurtxoari.
Eztia kontserbatzerakoan ere izaten dira gorabeherak, eta lizunak edo legamiak sortzea izaten da arriskurik ohikoena eztia biltegiratzerakoan. Hori saihesteko, 18 ºC eta 24 ºC artean edukitzea da onena, eta hezetasun erlatiboa ez dadila izan % 18koa baino handiagoa. Hortik gorakoa bada, hartzitze-prozesuak ager daitezke.
Onura- eta dohain-iturri jotzen du jenderik gehienak eztia. EROSKI CONSUMERek aztertu egin du uste horietako zein diren mito eta zein egiazko:
- Eztia eta gizentasuna. Mahaiko azukrearen ordez eztia erabiltzeak ez du zentzu handirik kalorien ikuspegitik. 100 gramo azukrek eta beste hainbeste eztik zer energia-balio duten alderatzen badugu, ohartuko gara ez dagoela alde handi-handirik (375 Kcal. azukreak eta 309 eztiak), eta are gutxiago jakinik zer kopuru txikietan (5-10 gramo) hartzen diren infusio bat goxatzerakoan, jogurt bat, eta abar. Kasu horietan, 3 eta 7 Kcal arteko aldea egongo litzateke azukretik eztira, deus gutxi, alegia.
- Eztia eta diabetesa. Eztiak fruktosa ugari daukanez, hori hartzea gomendatzen diete diabetikoei, glukosaren aldean ez duelako hainbeste igoarazten gluzemia (glukosak odolean duen kontzentrazioa). Hori egia den arren, Diabetesaren Ameriketako Elkarteak argi eta garbi hitz egin du fruktosa edo osagai hori daukaten elikagaiak eztigarri gisa erabiltzeari buruz. Ikerketa bat argitaratu zuten 2002. urtean Diabetes Care aldizkarian, diabetikoentzat irizpide eta gomendio batzuk emate aldera, froga ziurretan oinarrituak betiere, eta ohartarazpen hauxe egiten dute han: fruktosa gehiegi hartzeak (frutek eta barazkiek berez daukatenaz gain) kolesterola handitzen ahal die diabetikoei, eta osasuntsu dagoen jendeari, berriz, kolesterola eta triglizeridoak. Ikusi ditugun bi gaitzetan (gizentasuna eta diabetesa), ez da oso neurri baliagarria ohiko azukrearen ordez eztia erabiltzea elikadura-onura jakin batzuk eskuratzeko (kaloriak gutxitzea edo gluzemia ez hain gora igotzea), baldin eta ez badugu laguntzen gaitz horiei modu espezifikoan eragiten dien beste estrategiaren batekin. Bi egoera horietan, lehentasunezko neurri izan behar du kaloriak gutxitzea eta azukre sinpleak (era guztietakoak) murriztea. Baita eztiak ematen dituenak ere.
- Eztiak sistema immunea hobetu?. Elikadura arloko segurtasunaren Europako Agintaritzak erabakitzen du osasunari buruzko zer aipamen diren legezko eta zein ez elikagaien kontsumoaz ari garenean (EFSA siglak hartzen ditu ingelesez erakunde horrek). Haren esanetan, ez dago aski froga eta ziurtasun zientifiko zera esan ahal izateko, eztiak sistema immunea hobetzen duela. Hauxe dio, hain zuzen: “Abaraskako eztia hartzearen eta aipatzen den onura horren artean ezin izan da ezarri kausa-ondorio harremanik”.
- Eztia heste-aringarri? Zenbait ikerketaren arabera, fruktosa ugari hartzea heste-aringarri gerta daiteke, organismoak ez duelako guztiz xurgatzen. Eragin hori lortzeko, ordea, 100 gramo ezti hartu behar lirateke, gutxi gorabehera, eta kopuru hori gehiegizkoa da, komeni baino karbohidrato sinple gehiago emango lizkiguke eta.