Merkealdia: eskubideak ez daude salgai
Eguberriak igaro berritan, urte hasierako merkealdiaren zain egongo da jende asko. Olentzerok edo Erregeek, agian, diru pixka bat utziko zuten zapataren ondoan, eta bestela ere merkealdia aukera ona den arren, are hobea gertatzen da krisi garaian. Begiz jotako gutizia hori zertxobait merkeago eskuratzeko abagune egokia izaten da askorentzat. Eta aurtengoak ere itxura horixe dauka, zeren saltoki askotan, % 70eko beherapena ere izango dute hainbat produktuk (halaxe aurreikusten du Espainiako Kontsumo Konfederazioak). Prezioa beheratzeak, hala ere, ez du esan nahi kalitatea apaldu behar denik, eta are gutxiago kontsumitzaileen eskubideak gutxitu behar direnik. Saltzaileek ongi dakite zein erakargarriak izaten diren letra handietan “MERKEALDIA” jartzen duten afixak, erosleen begiak horien atzetik ibili ohi dira eta, baina kontuan hartu behar da honako xehetasun garrantzitsu hau: merkealdiak ez du zerikusirik produktu akastunekin, eskaintzekin, likidazioekin edo outletekin (urteko edozein sasoitan produktuak merkeago saltzen dituzten saltokiak dira). Egiazko merkealdiak prezioari soilik eragin behar dio, ez salgaien kalitateari eta kontsumitzaileen eskubideei. Hona hemen dekalogo txiki bat, gauza batzuk argi eduki ditzagun eta merkealdi-iragarkiek ez gaitzaten itsutu.
- Kalkulatu azken prezioa: kasu BEZ berriarekin! 2010. urteko udan gertatu zen bezala, 2011ko urtarrilean ere BEZaren amua erabiliko dute saltzaile askok erosleak erakartzeko. Beren iragarkietan esango dute produktuei ez dietela igoko zerga hori, baina tentuz ibili behar da, amarrua izan daiteke eta. Izan ere, egoera ekonomiko zail honetan, enpresa askori ezinezko gertatzen zaie BEZ berriaren igoera beren patrikatik ordaintzea, eta kontsumitzaileen gain jartzen dute. Beherapen handiak iragar ditzakete han eta hemen, baina horrek ez gaitu itsutu behar. Azken prezioa zenbatekoa izango den jakin behar da beti. Zenbait salgaik ez dute zertan adierazi azken prezioa BEZ eta guzti, legeak ez baititu behartzen horretara, eta kontsumitzaileak kalkulatu beharko du (etxetresna elektrikoekin eta etxerako altzariekin, adibidez, hori gertatzen da).
- Merkealdia da, ez eskaintza edo saldoa. Legeak adierazten du, lehenik eta behin, merkealdietan saltzen diren produktuek, gutxienez, hilabete lehenago salgai jarrita egon behar izango dutela, lehengo kalitate bera eduki beharko dutela, eta bi prezioak erakutsi beharko dituztela, jatorrizkoa eta beheratua. Ez dira hartzen merkealdiko produktutzat garai horretan propio salgai jartzen direnak. Kontsumitzaileak jakin behar du, beraz, saldoak ezin dizkiotela saldu merkealdiko produktu balira bezala (ondasun akastunak, hondatuak edo modaz paseak edo outlet deituak alegia), ez eta eskaintza gisa jarritako produktuak ere.
- Kalitate osoa. Eroslea nahasi ez dadin, saltegiek garbi adierazi behar dute zehazki zer janzki edo objektu dauden beheratuak merkealdiagatik, eta zein diren saldoak, eskaintzak edo likidazioak (ohi baino merkeago saltzen diren gauzak, negozioa aldi baterako edo betiko ixtera doazelako). Azken batean, jatorrizko prezioan saltzerakoan zeukaten kalitate berbera eduki behar dute produktu merkatuek, eta jatorrizko prezio hori ere agertu behar dute etiketan.
- Ez fidatu eskuz idatzitako prezioekin. Saltzailea iruzurrean ari dela jakiteko zantzu bat izan daiteke prezioa eskuz idatzia egotea. Hala balitz, oso erraza izango litzateke hasierako prezioa puztea, eta produktuak berez zeukan salneurria jartzea merkealdiko preziotzat. Askotan, erraza izaten da antzematea produktu batek lehengo prezio bera duela, merkealdia hasi aurrekoa alegia, zeren ageri izaten baita saltzaileak, azkar ustean, etiketa aldatu diola hasierako prezioa garestitzeko eta berez zeukana jartzeko merkealdikotzat.
- Erosi aurretik, informatu. Produktuaren kalitatea aldatu ezin den bezala, saltegiaren salmenta-politika ere ezin da aldatu merkealdian. Hala ere, gerta liteke saltegiak zenbait jokabide aldatzea, eta lege-hausterik ez egitea horregatik. Ezustekorik ez hartzeko, arretaz begiratu behar da ea saltegiak ohar edo jakinarazpen berezirik egiten duen merkealdirako: ordainketak txartelarekin egitea onartzen duen edo ez, produktuak itzultzeari buruz zerbait esaten duen edo ez, dirua berreskuratzeaz, aldaketak egiteko epeaz…
- Produktuak itzultzeko eskubidea. Auzi horretan, alde handiak egon daitezke saltegitik saltegira. Legeak saltegien esku uzten du jokabide-arauak ezartzeko aukera, eta ez ditu behartzen itzuli nahi diren produktuak hartzera, salbu eta akastunak badira. Azken urteetan, dena den, asko hedatu da itzuli nahi diren produktuak onartzeko joera (baita dirua itzulita ere), modu ona izan daitekeelako erosleak erakarri eta atxikitzeko. Saltzaileak ohitura badu produktu itzuliak onartzeko, bidezkoa litzateke merkealdian ere onar dezan horiek itzultzea. Ez da batere txukuna bere arauak nahiera alda ditzan. Legez, nahi duen modura joka dezake itzulketekin, baina erosleak erakartzeko, ez da estrategia ona. Zalantzaren bat izanez gero, merkealdian deus erosi aurretik, itzultzeko aukerarik baden edo ez galdetzea komeni da. Eta itzuli ahal izateko, jatorrizko etiketa eta bilgarria eduki beharko ditu produktuak, eta erosketa-txartela ere aurkeztu beharko du erosleak. Halaxe agintzen du legeak.
- Itzulketak, jatorrizko prezioan, ez prezio merkatuan. Saltzaileak onartzen badu erosleak itzul ditzan produktuak, legeak esaten duenez, ezingo du eskatu kalte-ordainik produktua probatzekorakoan higatu edo gastatu egiten bada (jantzi-erantzian ibilita). Hau da, saltegi batek onartzen badu erosleak produktu bat itzul dezan, erositakoan balio zuen dirua eman behar dio erosleari, eta ez merkealdian balio duena. Merkealdia hasi aurretik erosi eta merkealdia hasita dela itzultzen badu, ez du onartu behar ordaindu zuen baino gutxiago itzul diezaioten.
- Txartelarekin ordaintzea. Saltegi batek beti onartzen badu bezeroek txartelarekin ordain dezaten, merkealdian ere berdin egin behar du. Dena den, legeak ez du ezartzen arau orokorrik horretarako. Saltegi bakoitzak nahi duena egin dezake. Beraz, baliteke nonbait txartelik ez onartzea, baina orduan, bezeroek argi ikusteko moduan adierazi behar dute kartel edo afixaren batekin. Bezeroak merkealdian txartelarekin ordaintzea erabakitzen badu, saltzaileak ezingo dio, sekula, gainordainik eskatu.
- Bermeak. Ezein saltegik ezingo die kendu bermerik produktuei, horiek merkatuta daudelako.
- Erreklamazioaren indarra. Kontsumitzaileak ikusten badu saltzailea ez dela ari legeak agindu bezala, eskubide osoa dauka erreklamazio-orria eskatzeko; hori behar bezala bete, eta dagokion erakundeari iritsiko zaio (Kontsumo Zuzendaritza Nagusia, Kontsumitzailearen Udal Bulegoa…). Horretara iritsi aurretik, hala ere, komeni izaten da saltzaileari jakinaraztea gure ezadostasuna, eta irtenbide bat hitzartzen saiatzea. Saltzaileak iruzur eginez jokatu badu, nahiago izango du produktua dezente merkatu eta eroslea gustura gera dadin, eta erreklamaziorik ez dezan aurkeztu, hortik isun handi bat etor dakioke eta. Dena den, saltzaileak ez badigu erreklamazio-orririk eman nahi edo halakorik ez badauka, bezeroak Udaltzaingoa dei dezake, gertaeraren agiria egin dezan eta gatazkari irtenbideren bat ematen saia dadin. Ildo horretan, komeni da jakitea bezeroarentzat berme gehiago eskaintzen dituztela kontsumoko ebazpen-sistemara atxikita dauden saltegiek. Erreklamazio bat eginez gero, bezeroarekin harremanetan jarri eta gatazka azkarrago konpontzeko prestutasuna agertzen dute, Kontsumoko Ebazpen Batzordeak baimendutako bitartekari baten bidez. Doako zerbitzua izaten da, gainera.
egiten duen merkealdirako: ordainketak txartelarekin egitea
onartzen duen, produktuak itzultzeari buruz zerbait esaten duen?
lehenago salgai jarrita egon behar izango
dute saltokian
Inork jakin nahi badu zehazki zer esan nahi duen merkealdiaren kontzeptuak, 7/1996 legean aurkituko du, Txikizkako Merkataritza Antolatzeari buruzko legean, hain zuzen, horrexek arautzen baitu zer jokabide egokitzen zaizkion salmenta garai berezi horri eta saltzaileek zer betebehar dituzten. Lege hori berritu egin zuten iaz, 1/2010 Legea onartu zutenean (martxoaren 1ekoa da), baina kontsumitzaileen betebeharrei eta eskubideei dagokienez, behintzat, ez zuen ekarri inolako berritasunik. Beraz, 1996. urteko testura jo beharra dago gai honi buruz hitz egiteko. Aldaketa nabarmen bat kontuan hartuta, betiere: iazko uztailetik aurrera, BEZ zerga, % 16koa beharrean, % 18koa da salgai guztientzat, bai merkealdi garaian eta bai bestela ere (BEZ murriztua, garraioari, ostalaritzari, etxebizitza berriei… dagokiena, % 7tik % 8ra igo da, eta guztietan murriztuena, elikagai ez-manipulatuei eta prentsari dagokiona, % 4an geratu da).