Metroaren 31 linea eta tranbiaren 23 linea aztertu ditugu, eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuei erreparatu diegu: segurtasuna, irispideak, garbitasuna, puntualtasuna eta informazioa

Metroa eta tranbia: ongi dabiltza maiztasunez eta informazio-zerbitzu ona eskaintzen dute

Emaitza bereziki ona lortu dute Sevillako eta Bilboko metroak, eta horien pare ibili da Bizkaiko hiriburuko tranbia ere
1 urtarrila de 2011
Img tema listado 150

Metroa eta tranbia: ongi dabiltza maiztasunez eta informazio-zerbitzu ona eskaintzen dute

Autoa garraiobide erosoa da askorentzat, ohikoa beste batzuentzat, eta garestia guztiontzat. Baita ingurumenarentzat ere: errepideetan dabiltzan autoek isurtzen dituzte atmosferara doazen gas kutsatzaileen erdiak baino gehiago. Baina herritarrek kontzientzia har dezaten eta autoa hain maiz erabil ez dezaten, garraiobide kolektiboen eskaintzak osoa izan behar du, eraginkorra eta ingurumena errespetatzen duena. Horietako bi hautatu ditu EROSKI CONSUMERek, metroa eta tranbia, eta azterketa zorrotza egin du, jakiteko nolakoak diren, nola funtzionatzen duten eta zer-nolako zerbitzua ematen duten.

Azterketa hori egiteko, erabiltzaile bihurtu dira gure teknikariak, eta metroaren 31 linea eta tranbiaren 23 bisitatu dituzte, eta geltokiak ere bai: metroarenak 62 eta tranbiarenak 46. Honako hiri hauetan ibili dira: A Coruña (nagusiki turistentzako zerbitzua da, eta hiriko monumentuen ibilbidea egiten du), Alacant, Bartzelona, Bilbo, Gasteiz, Madril, Palma de Mallorca, Parla, Sevilla, Tenerife, Valentzia eta Velez-Malaga. Garraiobide eta geltokietan zer-nolako segurtasuna dagoen aztertu dute, garbitasuna nola zaintzen duten, nolako irispideak dituzten eta zer informazio ematen dioten erabiltzaileari. Azkenik, kronometroa eskuan hartu, eta metroaren eta tranbiaren maiztasuna neurtu dute; linea bakoitzaren 9 zerbitzuri erreparatu diete, hiru alditan: lanegunean, goizeko 7etatik 9etarako tartean eta arratsaldeko 18etatik 20etarakoan; eta larunbatean, arratsaldeko 18etatik 20etarako tartean.

Irispideen alorrean
Madrilgo metroak
lortu ditu nota eskasenak

Teknikariek aztertu dituzten sei metro-sareetan, garbitasuna eta mantentze-lanak izan dira atalik aipagarrienak: geltokirik eta bagoirik gehienak oso ongi zainduta eta txukun egon dira. Tranbiak, berriz, informazioaren atalean lortu du emaitzarik onena. Izan ere, tranbia-geltoki eta -bagoietan, era askotako informazioa eskura dezake erabiltzaileak: linea non hasten den eta non bukatzen, geltokiek zer izen duten eta non dauden, zer tarifa dauden, zer ordutegi dituzten edo zer egin dezaketen larrialdiren bat gertatuz gero. Atalik ahulena, aldiz, irispideena izan dute tranbiek: hamar bagoitatik lauk, adibidez, ez dute eduki soinu edo argi bidezko sistemarik ateak noiz irekiko eta itxiko diren jakinarazteko ezintasunen bat duten pertsonei. Bidaien maiztasunari dagokionez, teknikariek egiaztatu dute aski ongi bete dutela aztertutako zerbitzurik gehienek, bai metroan eta bai tranbian.

Era askotako tarifak dituzte bi garraiobide horiek. Bidaia bakarrarentzat prezio bat baino gehiago daude, bai metroan eta bai tranbian, eta txartel motaren araberakoa izaten da. Hori horrela izanda, zenbat aurreztuko luke erabiltzaile batek txartel mota batekin edo bestearekin? Hori jakiteko, ohiko txartela eta 10 bidaiatarako bonua hartu ditu eredutzat EROSKI CONSUMERek hiri bakoitzean (ez dugu aintzat hartu bidaiak zer prezio izango lukeen tarifa-gune bat baino gehiago zeharkatuz gero; garestitu egingo litzateke, jakina). Bi txartel mota horien arteko alderik handiena Valentzian antzeman dugu (% 53ko aldea batetik bestera), eta txikiena, berriz, Madrilen: % 10eko aldea baino ez dago erabiltzailearentzat.

Metroa: garbitasun ona eta maiztasun egokia

/imgs/20110101/tema2.jpg
Metro-lineak aztertu ondotik, oro har, emaitza ‘ona’ atera dute. Maila horretara iritsi dira Palma de Mallorcako, Valentziako, Bartzelonako eta Madrilgo metro-zerbitzuak, eta horien gainetik geratu dira Sevillakoa eta Bilbokoa (emaitza ‘oso ona’ atera dute). Garbitasunaren eta puntualtasunaren atala izan dira guztietan onenak aztertu ditugun metro-lineetan, aski ongi bete dute-eta bidaien maiztasuna. Zikin arrastorik ez dugu ikusi ia (Bartzelonako metroaren bagoi batean baino ez), bagoietako eserleku gehienak ongi zainduta egon dira eta hamar bagoitatik zazpik paperontziak eduki dituzte barrenean (Sevillan ikusi ditugu gehien).

Aztertu ditugun gainerako atalek emaitza zertxobait apalagoa (‘ona’) lortu dute, baina ontzat ematekoa, edozein moduz. Oro har, informazio ona ematen dute, Valentzian, Bilbon eta Madrilen bereziki (emaitza ‘oso ona’ atera dute hirurek atal horretan). Ez da berdin gertatu Palma de Mallorcako metroarekin: emaitza ‘onargarria’ eman diote eman teknikariek. Izan ere, Mallorcako metroaren barrenean, ez da egon zehaztasunik ez tarifei buruz, ez zerbitzuaren ordutegiari buruz, eta erabiltzaileari ez diote jakinarazten zer maiztasunekin dabilen konboi bakoitza, zer egin behar lukeen larrialdiren bat gertatuz gero edo zer zigor jaso ditzakeen txartelik gabe bidaiatuta. Gainera, geltokien erdietan ez dugu ikusi erretzea galarazten duen afixarik, langilerik ere ez da egon leihatiletan eta txartel-makinaren bat, gutxienez, matxuratua eduki dute.

Irispideen azterketak, oro har, emaitza onak eman ditu metroan. Geltokiek eta bagoiek zer-nolako irispideak dituzten aztertu dugu, ea egokiak ote diren gurpil-aulkian ibili behar dutenentzat edo bestelako ezintasunen bat dutenentzat. Bilboko, Sevillako eta Palma de Mallorcako metroek emaitza ‘oso ona’ lortu dute irispideen atalean, baina Bartzelonako eta Valentziakoek, ordea, gabezia batzuk eduki dituzte, eta emaitza ‘ona’ eskuratu dute (horixe izan da, halaber, sei hirien batez besteko orokorra). Hala ere, Madrilgo metroan antzeman ditugu hutsegiterik handienak, eta, horregatik, emaitza ‘onargarria’ baino ez du lortu.

Segurua da metroan bidaiatzea?

Bidaian joan direnean, lau ibilbidetatik batean, gidariak zakar samar galgatu du, eta hirutik batean baino gehiagotan, ez da guztiz erosoa eta lasaia izan galgatzeko unea, bagoiak dardara gehiegi egin duelako eta zarata handia. Segurtasun-neurriak aski ongi bete ditu metroak Sevillan, Madrilen, Bilbon (emaitza ‘oso ona’ hirurek), Bartzelonan eta Palma de Mallorcan (emaitza ‘ona’ biek ere). Azken hiri horretan, bagoiren batean larrialdiko argiren bat falta zela ikusi dute teknikariek, interkomunikatzailea ere bai eta berdin suteen aurkako elementuak (hodi malguak edo ke-detektagailua). Era berean, Bartzelonako metro-geltokirik gehienetan, tarte handiegia egon da nasaren eta bagoiaren artean, eta arriskutsua izan daiteke, han kateatuta gera daiteke-eta bidaiariren baten zangoa, gurpil-aulkia edo haur-kotxea.

Valentziako metroak, ordea, ez ditu hain ongi bete segurtasun-neurriak, eta emaitza ‘onargarria’ soilik eman diote teknikariek. Han aztertu ditugun lineetako hiru bagoietan, ez da egon ez segurtasun-zaintzailerik, ez hodi malgurik, ez interkomunikatzailerik edo kanpo-telefonorik larrialdiren bat gertatzen bada erabiltzeko. Era berean, jarleku bakarrak ere ez du eduki segurtasun-uhala, geltokien erdiek ez dute eduki larrialdiko argirik; beste bi geltokitan, argi faltagatik guztiz seguruak ez diren eremuak aurkitu ditugu, edo korridore estu eta zertxobait baztertuak, eta ke- eta su-detektagailurik ez dute eduki aztertu ditugun sei geltokiek.

Tranbia: informazioa ona, baina irispideetan hobetu behar

Tranbiaren 23 linea eta 46 geltoki aztertu ditugu Espainiako 11 hiritan (tranbia daukaten guztietan), eta atal guztiak aintzat hartuta, emaitza orokorra ‘ona’ izan da. Atalez atal, dena den, badira aldeak. Erabiltzaileari eskaintzen dioten zerbitzuaren eta informazioaren atalean, emaitza ‘oso ona’ erdietsi dute, segurtasunaren atalean eta garbitasuna eta mantentze-lanak biltzen dituenean, ‘ona’ (bagoi barruko eta geltokietako egoera aztertu dugu), eta irispideen atalean, aldiz, zertxobait apalago ibili dira: emaitza ‘onargarria’ baino ez dute lortu. Hiriz hiri joanda, Bilbon aurkitu dugu tranbia-eredurik onena, eta jarraian etorri dira beste hiri hauek: Gasteiz, Madril, Bartzelona, Sevilla, Alacant, Tenerife eta Parla. Eta zertxobait atzerago daude Valentziakoa eta Valez-Malagakoa.

Hiriko garraio-zerbitzu horrek ongi funtziona dezan, funtsezkoa da erabiltzaileei informazio ona ematea eta beste zenbait zerbitzu ere eskaintzea. Informazioaren eta zerbitzuen atalean lortu dute, hain zuzen, emaitzarik onena tranbiek. Guk aztertu ditugun 46 geltokietan, ia guztiek jakinarazi dute linea non hasi eta bukatzen den, zer tarifa dauden indarrean edo zer ordutegitan dabiltzan.

Informazioaren eta zerbitzuen atalean, emaitza berbera (‘oso ona’) eskuratu dute Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko, Valentziako, Alacanteko, Gasteizko eta Parlako tranbiek. Zertxobait apalagoa lortu du Tenerifekoak, baina ontzat jotzekoa hori ere (emaitza ‘ona’). Aldiz, Sevillakoa eta Velez-Malagakoa maila ‘onargarrian’ baino ez dira geratu. Sevillako tranbiaren geltokietan, adibidez, txartel-makina batzuk matxuratuta egon dira eta erabilera-oharrik ez dute eduki. Era berean, aztertu ditugun tranbien erdiek ez dute eduki gune berezirik bizikletak uzteko (Bartzelona, Sevilla eta Tenerife izan dira hiririk onenak alderdi horretan), eta Parlako eta Madrilgo tranbietan ez dugu ikusi afixarik bagoi barruan erretzea galarazten duenik. Oro har, Alacanteko eta Valentziako tranbiek eskaintzen dute informaziorik osatuena tranbien barrenean: tranbia-sarearen planoa erakusten diote erabiltzaileari, tarifak eta prezioak ere bai, tranbiaren ordutegia ere ikus liteke, larrialdietan nola jokatu behar den ere jakinarazten dute, txartelik gabe bidaiatzeak zer zigor duen ere adierazten dute, eta orduaren eta kanpoko tenperaturaren berri ere ematen dute.

Ezin da gauza bera esan, ordea, irispideei buruz. Ezintasunen bat daukaten pertsonen beharrei erantzuteko orduan, gabeziak antzeman ditugu honako tranbia hauetan: Madril, Bartzelona, Tenerife, Velez-Malaga, Valentzia eta Parla (emaitza ‘onargarria’ baino ez dute lortu, eta batez besteko orokorra ere hortxe gelditu da atal honetan). Zertxobait hobeak izan dira Alacanteko tranbiaren irispideak (‘onargarriaren’ eta ‘onaren’ artean ibili dira). Irispiderik onenak, dena den, Sevillako tranbian (emaitza ‘ona’) eta Bilbo eta Gasteizkoetan ikusi dituzte EROSKI CONSUMEReko teknikariek (emaitza ‘oso ona’ lortu dute bi horiek). Hiri guztiak aintzat hartuta, bagoien erdietan baino gehiagotan ez dago abisu-botoirik gidariak jakin dezan gurpil-aulkian dabilen norbait doala tranbian (ez dugu halakorik ikusi Bartzelonako, Sevillako, Tenerifeko eta Parlako tranbietan). Hiriz hiriko errepasoa eginda, Bartzelonako linea guztiek pasillo edo korridore estuegiak eduki dituzte gurpil-aulkian ibili behar duenarentzat, eta gauza bera gertatu da Madrilen aztertu ditugun hiruetatik batean. Bestalde, zoruaren zati bati testura berezia eman ohi zaio, itsuei laguntzeko, baina Madrilgo geltokien erdietan ez da egon halakorik, eta Alacanteko batean ere ez; Tenerifen aztertu ditugun geltokien erdietan, berriz, txartel-makinak ez dira egon altuera egokian gurpil-aulkian doanarentzat. Azkenik, entzumen-arazoak dituztenei egoki erantzuteko neurriak falta izan dira Valentziako geltoki guztietan, Bartzelonako ia guztietan eta Tenerifeko eta Alacanteko lautik hirutan; izan ere, jakinarazpen-soinurik ez dute egiten bidaia-txartelak saltzen dituzten makinek.

Bidaien maiztasuna egoki betetzen ote dute metroak eta tranbiak?

Metroaren eta tranbiaren lineak aztertzeaz gain, bidaien maiztasuna zenbatekoa den ere neurtu dute aldizkariaren teknikariek, kronometroa eskuan hartuta. Hori egiteko, 9 zerbitzu hautatu dituzte (bai metroan eta bai tranbian), eta hiru alditan egin dituzte neurketak: lanegunean, goizeko 7etatik 9etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 18:00etatik 20:00etarako tartean.

Metroari dagokionez, linea guztiek bete dute agindutako maiztasuna, salbu eta Valentziako 5. lineak, goizeko 7etatik 9ak bitarteko tartean, non bost minutuko atzerapena ere pilatu baitu konboi batetik bestera. Guk hautatu ditugun ordu tarte horietan, Valentziako metroak dauka bidaia-maiztasun eskasena, eta 1. eta 3. lineetan, adibidez, 15 eta 40 minutu arteko tarte luzea dago bidaia batetik bestera (5. linean 10 minutu baino gutxiago egon behar da zain hurrengo konboia etorri arte). Antzera dabil Palma de Mallorcako metroa ere: 15 eta 30 minutu ateko itxaronaldia egin behar da (lanegunean gutxiago eta larunbatean gehiago). Maiztasunik handiena, aitzitik, Madrilen daukate (2-4 minutuz behin) eta Bartzelonan ere bai (3 minutuz behin), salbu eta bi lineatan (6.a eta 8a), non 10-15 minutu arteko itxaronaldia egin behar izan duten teknikariek. Azkenik, Bilboko eta Sevillako metroek maiztasun berarekin egiten dituzte bidaiak: 5-7 minutuz behin iristen da konboi bat.

Metroaren linea gehienek eduki duten puntualtasun bera eduki dute tranbiek ere, baina ez ordu-tarte guztietan, hala ere: hiru ordu-tarteetatik batean, tranbia atzeratuta ibili da Madrilgo 2. linean, Valentziako 4.ean eta Bartzelonako 6.ean (hurrenez hurren, 4, 5 eta 10 minutu berandutu dira). Itxaronaldirik luzeenak Velez-Malagako tranbiak eginarazten ditu (40 minutu arterainokoak), eta Alacantekoak ere dezentekoak (20 eta 30 minutu artekoak bidaiatik bidaiara). Gainerako tranbiak maizago ibili dira: Sevilla (7 minutuz behin), Madril eta Tenerife (6-10 minutuz behin), Bilbo (10 minutuz behin), Gasteiz (7 minutuz behin hiri erdikoa eta 15 minutuz behin aldirietakoa), Bartzelona (5-10 minutuz behin) eta Valentzia (10-15 minutuz behin).

Tarifa askotarikoak eta konparaketako taula

Era askotako tarifak, txartelak eta bonu motak dauzkate metroek eta tranbiek, eta oso zaila gertatzen da hirien arteko alderaketak egitea. Dena den, hiri gehienek daukate ohiko txartela eta 10 bidaiatarako bonua, eta, beraz, horiek oinarri hartuta egin dugu azterketa. Zenbat aurreztuko luke erabiltzaileak txartel mota bat edo bestea erosiko balu? Kalkulu hori egiteko, hiri horietako metroak eta tranbiak txartel mota horietako bakoitzari jarri dion preziorik merkeena hartu du aintzat EROSKI CONSUMERek.

Metroari dagokionez, Valentzian antzeman dugu alderdik handiena bi txartel mota horien artean (% 53 aurreztuko luke erabiltzaileak 10 bidaiako txartela hartuta), Bartzelonan % 43 aurreztuko luke, eta Bilbon, % 29. Madrilen, aldiz, ia ez luke alderik sumatuko erabiltzaileak (% 10ekoa baino ez). Sevillan eta Palma de Mallorcan, ez daukate 10 bidaiatarako txartelik.

Tranbian, berriz, Valentzian, Sevillan, Bartzelonan eta Alacanten igarriko du alderik handiena erabiltzaileak bi txartel moten artean (ohikoa eta 10 bidaiatarako bonua): % 53 eta % 41 artekoa, hain zuzen. Kontuan hartu behar da Valentzian eta Bartzelonan metroaren txartelak adina balio duela tranbiarenak. Horien ondotik datoz Velez-Malagako eta Parlako tranbia, non % 20ko eta % 36ko aldea baitago, hurrenez hurren. Madrilen, berriz ere, apenas dagoen alderik ohiko txartelaren eta 10eko bonuaren artean, % 10ekoa baino ez (han ere tarifa bera dute metroak eta tranbiak).

Hiriz hiri

Madril

  • Metroa: Aski zerbitzu ona dauka aztertu ditugun atalik gehienetan, eta emaitza ‘oso ona’ eman du, adibidez, informazioaren eta zerbitzuen atalean, eta berdin segurtasunaren eta garbitasunaren ataletan ere. Aldiz, irispideetan badu zer hobetua (emaitza ‘onargarria’ atera du). Metroaren bi lineak ez daukate soinu eta argi bidezko abisu-sistemarik bagoiak ireki eta ixten direnean, eta, gainera, geltokien erdiek ez daukate testura bereziko zorurik itsuentzat.
  • Tranbia: Erabiltzaileari ematen dizkioten informazioa eta zerbitzuak nabarmendu dira onerako, eta irispideena, aldiz, txarrerako: adibidez, tranbiaren linea erdietan, bagoiak ez dira behar bezain zabalak gurpil-aulkiarekin ibili behar duenarentzat.

Bartzelona

  • Metroa: Segurtasunaren atalean lortu du emaitzarik apalena; izan ere, geltokirik gehienetan, tarte handiegia egon da nasaren eta bagoiaren artean, eta arriskutsua izan daiteke norbaitek zangoa nahi gabe sartzen badu edo gurpil-aulki bat kateatuta geratzen bada. Garbitasunaren atala, berriz, oso ongi zaindua dago.
  • Tranbia: Garbitasunaren eta informazioaren ataletan lortu ditu emaitzarik onenak. Adibidez, geltoki bakoitzeko konexioen berri ematen dute bagoietan, bai irakurtzeko oharren bidez eta bai bozgorailuen bidez ere; horrez gain, hiri-altzariak ongi zainduta daude. Irispideetan, aldiz, emaitza ‘onargarria’ baino ez du lortu.

Bilbo

  • Metroa: EROSKI CONSUMEReko teknikariek oso goian jarri dute Bilboko metroa. Aztertu ditugun atal guztietan, ‘oso ona’ izan da emaitza (erabiltzaileari emandako informazio eta zerbitzuetan, garbitasunean, segurtasunean eta irispideetan).
  • Tranbia: Garbitasunean antzeman dute teknikariek zer hobetu gehien; izan ere, zigarrokinak eta paper ugari ikusi dituzte zenbait geltokitan. Gainerako atalek (informazio eta zerbitzuak, irispideak, eta segurtasuna) aski emaitza ona lortu dute.

Sevilla

  • Metroa: Erabiltzaileei eskaini beharreko informazio eta zerbitzuen atalean ibili da apalen, baina hor ere emaitza ‘ona’ lortu du. Gainerakoan, irispideak aski onak ditu, segurua da eta garbi eta ongi zainduta egon da.
  • Tranbia: Erabiltzaileei ematen zaien informazioa ez da behar bezain osatua: ez dago tranbia-sarearen planorik, eta bagoi barrenean ez da ageri tranbiaren ordutegia zein den. Segurtasunean eta garbitasunean, ordea, ez dugu antzeman gabeziarik.

Valentzia

  • Metroa: Informazio osatua ematen zaio erabiltzaileari, eta atal hori nabarmendu dute, hain zuzen, teknikariek: metro-sarearen kartelak daude bagoietan, ordutegia ere ageri da, tarifen berri ematen dute eta larrialdietan nola jokatu ere jakinarazten dute. Atalik kaskarrena, berriz, segurtasunarena izan da: geltokien erdiek ez dute eduki larrialdiko argirik gune guztietan.
  • Tranbia: Metroan bezalaxe, hemen ere informazioaren atala izan da guztietan onena; gainerako ataletan, ordea, emaitza ‘onargarria’ baino ez du eskuratu. Hona zenbait gabezia: aztertu ditugun bagoien erdiak ez dira egon ongi girotuta; segurtasun-kamerarik ez dugu ikusi geltoki bakar batean ere; eta ateak irekitzeko botoirik ere ez dute eduki erliebean jarrita.

Palma de Mallorca

  • Metroa: Irispideak eta garbitasuna oso ongi zainduta dauzka, baina informazioaren eta zerbitzuen atalak baditu zenbait gabezia: bagoi bakarrean ere ez dugu ikusi tarifei buruzko informazioa, ordutegirik ere ez, bidaien maiztasunaren berri ematen duen afixarik ez da egon, larrialdietan nola jokatu behar den esaten duenik ere ez, eta txartelik gabe doanari zer zigor jar diezaioketen ere ez dute adierazten.

Gasteiz

  • Tranbia: Geltokietako garbitasuna izan da atalik txarrena. Emaitzarik onena, berriz, erabiltzaileari eman beharreko informazioaren eta zerbitzuen atalean eskuratu du, eta irispideen atalean ere aski ongi ibili da.

Alacant

  • Tranbia: Atalik gehienetan oso ongi ibili da, baina ez irispideetan (emaitza ‘onargarria-ona’ eskuratu du). Atal horretako gabezien erakusgarri, adibide hauxe: aztertu ditugun sei geltokietatik bitan, ez da egon testura bereziko zorurik itsuentzat.

Tenerife

  • Tranbia: Emaitza ‘ona’ eskuratu du ia atal guztietan, baina irispideei dagokienez, ordea, okerrago ibili da: bagoi batean ere ez dugu ikusi abisu-botoirik, gidariak jakin dezan pertsona ezindu bat doala bertan.

Velez Malaga

Tranbia: Atal batzuetan ontzat jotzeko moduko emaitza lortu du (segurtasunean eta garbitasunean), baina beste batzuetan ez (erabiltzaileari eman beharreko informazioan eta irispideetan). Azken horietan, honako gabezia hauek aurkitu ditugu: geltokietan ez dago tarifen afixarik, ez eta bidaien maiztasunari buruzkorik ere, eta ateak irekitzeko botoirik ere ez dugu ikusi erliebean jarrita.

Parla

  • Tranbia: Erabiltzaileari ematen zaion informazioa eta garbitasuna izan dira atalik onenak; irispideetan, aldiz, ez du eman neurria, eta azterketa honetako emaitzarik txarrena eskuratu du atal horretan.