Gutxiago gastatu, berdin ospatu

Erosketak aurrez egitea, opari erabilgarriak eta marka zuriak hautatzea eta, batez ere, prezioak alderatzea oso lagungarria izaten da dirua aurrezteko
1 abendua de 2013
Img economia domestica listado 197

Gutxiago gastatu, berdin ospatu

Krisia, langabezia, lan-baldintza txarrak, gizarte-laguntzen murrizketa… Aurten ere estu daude gauzak, eta diruari begiratu beste aukerarik ez dute familia askok eta askok. Eguberrietan asko handitzen da kontsumoa, baina hor ere badaude mailak. 2013ko Eguberrietan herritarrek zenbat gastatuko duten jakin nahian, inkesta bat egin du Deloitte-k, eta hor esaten denez, iaz baino %1,8 gehiago izango da: 671 euro gastatuko dituzte etxe bakoitzean. Egoera ez da hobetu iaztik hona, baina, itxuraz, gehixeago gastatzeak lagundu egiten du krisia burutik kentzen, horixe dio jendeak. Oparien artean, berriz, gauza praktikoak izango dira nagusi: arropa, oinetakoak eta liburuak. Atzeraldia eten dela esanez ari dira batzu-batzuk, baina herritarrek tentuz jokatu nahi dute, neurri-neurriko gastuak eginez. Eta, ahal balute, gutxiago ere gastatuko lukete. Baina zer egin ote daiteke Eguberrietan gutxiago gastatzeko?

Opariak

  1. Zerrenda motzagoa eta merkeagoa: Opariak egitea ohiturazko ekintza bihurtu da. Besteek egiten dutela eta norberak ere egin behar. Krisiak hori ere aldatu du. Orain jendeak opari gutxiago erosten ditu, merkeagoak eta jende gutxiagorentzat. Orain bi aldiz pentsatzen dugu zeini egingo diogun oparia eta zeini ez. Egoera honetan, edozeinek ulertzen du gastuak murriztu egin behar direla eta lehen opariak erosteko izaten zen diru hori gauza beharrezkoagoetarako utzi behar dela. Enpresa askok ere utzi egin diote langileei egiten zizkieten oparitxoak egiteari. Etxeko guztiek oparitxoren bat jaso dezaten, “lagun ikusezinaren” jolasa egin daiteke: pertsona bakoitzak beste norbaiti oparia egiteko ardura izaten du, eta, horrela, guztiek jasotzen dute zerbait.
  2. Opari praktikoak eta eskuz eginak: Gauza praktikoak hautatzea da egokiena, beharrezko diren gauzak oparitzea. Ez da gutiziekin aurrera eta atzera ibiltzeko garaia. Familia askok janaria eta egunero erabiltzeko arropa behar dute, eta ez du zentzurik gorbata bat edo kolonia bat oparitzeak. Horiek ez dira ezinbestekoak. Beste aukera bat izaten da norberak etxean egindako zerbait oparitzea. Oso aukera ona izaten da Eguberrietan gastuak murrizteko eta norberaren dohainak agerian uzteko. Eta elkartasunezko opariak ere hor daude. Eguberrietan besteei laguntzeko gogoa piztu ohi da, eta laguntza behar duen jende asko dago gure inguruan eta munduan. Filipinetan, adibidez, lau milioi lagun deus ere gabe geratu dira Haiyan tifoiaren eraginez. Opari materialak bazterrera utzi, eta beharrizan gehien dutenei diru pixka bat eman dakieke, familia guztiaren artean.
  3. Jostailu hezigarri eta kalitatezkoak: Familiei diru asko joaten zaie jostailuetan. Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkarteak aurreikusi duenez, 2013. urtean igo egingo da gastua. Kontsumitzaileek, hala ere, arreta handiz aukeratuko dituzte jostailuak. Aukeratzen hasita, hezigarriak hautatzea komeni da, aldi berean bi funtzio betetzen dituztenak: oparitu egiten dira eta hezi egiten dute. Gastua murrizteko beste bidea, bistan da, gauza gutxiago oparitzea da. Haurrari esan dakike Olentzero ere krisian dagoela (segur aski, behin baino gehiagotan entzun izango dute hitz hori). Gurasoek edo senideek eskuz egindako opariak ere izan daitezke, balio berezia hartzen dutenak familia giroan.

Erosketak

  1. Garaiz ibili: Oso lagungarria izango da aurrekontu bat egitea eta kopuru finkoa ezartzea. Aurrekontu horretan, zehaztu egin daiteke zenbat gastatuko dugun atal bakoitzean: otorduetan, oparietan, loterian… Eta aurrekontua planifikatzen den bezala, erosketak egiteko garaia ere ongi antolatu behar litzateke. Eguberrietan ohiko diren zenbait jaki, arkumea eta itsaskiak adibidez, dezente garestitzen dira jaiegun nagusien aurreko egunetan (Gabon gaua, Gabon zahar gaua, Errege Eguna). Hori dela eta, lehenago mugitzea komeni da eta, egokia bada, jakiak izoztea. Aurrezteko modu ona da, zalantzarik gabe. Aurrekontua estu samarra bada, gauza batzuk erosi gabe utz daitezke; adibidez, loteria.
  2. Interneten laguntzarekin dezente aurreztu daiteke: Egoera ekonomikoa hain txarra denean, salgai batzuen eta besteen prezioa alderatu beharra dago erosi aurretik. Alde handiak egon daitezke saltoki batetik bestera, bai ohiko gauzetan eta bai oparietan ere. Ildo horretan, Internetek laguntza handia eman dezake. Askotan eta askotan, merkataritza elektronikoan aritzen diren erakundeek askoz prezio hobeak eskaintzen dituzte.

Afari saihestezinak

  1. Lantokian eta lagunekin, apalxeagoak: Lankideekin egiten diren otorduetan, menu itxiak hautatzea komeni da, aldez aurretik prezioa jarrita dutenak, ezusteko txarrik ez hartzeko. Lagunekin elkartzeko, berriz, aukera ona da norbaiten etxera joatea eta bakoitzak zerbait eramatea.
  2. Familian, marka zuriak hautatu, kalitatea ahaztu gabe: Oparitan ez ezik, janaritan ere diru asko joaten da Eguberrietan. Etxean elkartzekoak garenean, aurrezteko modu ona da marka zuriak lehenestea. Deloitte-ren inkesta aipatu dugu lehen, eta hor azaltzen denez, herritarrek marka zuriak edo beherapen handia dutenak hobetsiko dituzte, eta gisa horretan egingo dituzte Eguberrietako erosketa guztien %58.