Itsasoko famatuenak

1 abendua de 2013
Img alimentacion 5 listado

Itsasoko famatuenak

Dieta osasungarria eta orekatua egiteko, era askotako elikagaiak jan behar dira, eta arraina ere bai, jakina. Mediterraneoko dietan, esaterako, funtsezkoa da. Arrain guztiak ez dira berdinak, hala ere; badira aldeak nutrizioaren ikuspegitik eta balio energetikoari dagokionez. Ezaugarri batzuk, dena den, guztietan ageri dira: gaixotasunei aurre hartzeko balio dute, ez dute kaloria askorik ematen eta adin guztietako jendeak jan ditzake. Ura, proteinak eta gantzak dira arrainetan ugarien agertzen diren mantenugaiak.

Bakailaoa

Arrain zuria da eta, ondorioz, gantz gutxi duena. Balio biologiko handiko proteina ugari ditu, eta askotariko bitaminak eta mineralak.

Bakailaoa modu batean baino gehiagotan saltzen dute: freskoa, gatzatua, ketua eta izoztua. Prestatu ere era askotara egin daiteke (lurralde bakoitzak badu bere berezitasuna): lurrunetan, mikrouhin labean, labean, frijituta edo parrillan… Guztiek balio dute arrain osasungarri honen zaporearekin gozatzeko. Gainera, saltsa bat baino gehiago erabil daitezke laguntzeko, eta beste errezeta batzuk egiteko ere ederki etortzen da bakailaoaren haragia eta sobera geratzen diren zatiak: piper beteak, kroketak, albondigak… Entsalada gustagarri eta originalak egiteko ere balio du, baita arrain paella egiteko ere.

Zapoa

Zuria eta gorrixka dira espezierik ohikoenak. Zapoa ere arrain zuria da, eta balio biologiko handia duten proteinak ematen ditu. Haragi trinkoa, sendoa eta gustagarria du, eta solomoek ia ez dute izaten hezurrik. Plantxan egin daiteke, labean eta lurrunetan. Aukera asko eta onak eskaintzen ditu sukaldean, eta elikagai gutxi izango dira zapoarekin egoki ez datozenak; hori dela eta, ia edozein guarnizio jar dakioke.

Zapoaren isatsa izango da, segur aski, zatirik onena.

Legatza

Kontsumitzaileek gehien atsegin dutenetako bat izan da betidanik. Hau ere arrain zuria da, gantz eta kaloria gutxi ematen dituena, proteina ugari eta hainbat bitamina eta mineral.

Erraz kentzen zaizkio hezurrak, eta haragi guria, leuna eta zaporetsua dauka. Frijituta jan daiteke, labean eginda, plantxan edo gisatuta. Lurrunetan eginda ere aski plater goxoak presta daitezke. Legatzaren lagungarriak ere asko izan daitezke, elikagai ugarirekin elkartzeko aukera ematen du eta: panadera erako patatak, piperrak, tipula, txanpinoiak, zainzuriak… eta saltsak ere askotarikoak onartzen ditu, hasi saltsa berdetik eta maionesarainokoak. Legatz izoztuak (batez ere xerrak, solomoak eta medaloiak) estimazio handia du jendearen artean, eta oso goxoa geratzen da hainbat modutan prestatuta, baldin eta egoki desizozten bada (hozkailuan hotz gutxien dagoen lekuan jarrita).

Itsaskia

Kolesterol ugari dutela esaten da, eta hala da, baina ñabardurak egin behar zaizkio baieztapen horri, itsaskien artean badira-eta aldeak. Maskorra duten moluskuek, adibidez (muskuiluak, txirlak, itsas datilak…), arrainek adina kolesterol daukate, eta krustazeoek, berriz (txibiak eta gisakoak) dezente. Itsaskiek, hala ere, beste elikagai batzuen aldean, oso gaitasun gutxi dute odoleko kolesterol maila igoarazteko. Elikagai mota hori prestatzeko modurik onena ez da saltsekin laguntzea eta oliotan frijitutako osagaiak jartzea ondoan; itsaskiaren berezko zaporea nabarmentzeko modua emango duten prestaerak aukeratu behar dira: egosita edo plantxan eginda.