Turroia: Eguberrietako gozoa
Gaur egun hainbat turroi mota daude merkatuan. Tokitan geratzen dira gure aitona-amonen garaiak, non bi aukera besterik ez zeukaten: gogorra edo guria. Orain, berriz, zapore eta prezio ugaritakoak dauzkagu, baita berariaz haurrentzat eginak ere, edo oso gozozaleentzat, edo gozoa hainbeste maite ez dutenentzat.
- Turroi gogorra. Fruitu lehor txigortuak, arrautza zuringoa, azukrea eta eztia ditu osagai nagusiak. Honako fruitu lehor hauek erabiltzen dituzte gehien: almendrak, hurrak, pinaziak eta intxaurrak, baina nagusiki eta gehienbat, almendrak. Turroi gogorraren ordezkari nagusiak Alacantekoa eta Agramuntekoa dira, biak ere Jatorri Izena dutenak. Turroi mota hau ez da egokiena ordezko hortz-haginak dituztenentzat eta ortodontzia darabiltenentzat. Bestalde, denbora gehiago behar izaten da murtxikatzeko, gutxiago jaten da eta, ondorioz, kaloria gutxiago hartzen ditugu eta turroiak gehiago irauten du.
- Turroi guria. Guztietan ezagunenak ere -Xixonakoak- fruitu lehorrak ditu, arrautza zuringoa, azukrea eta eztia. Gogorraren aldean, bestelako testura bat izaten du, egin ere ez baitute berdin egiten: lan moldea neketsuagoa da, mugimendu orekatuak eskatzen dituena nahasketa egiteko eta ordu askotako lana. Turroi guria ez ezik, gorringo-turroi txigortua ere sail honetakoa da. Kondaira gastronomikoak kontatzen duenez, gainerako turroiak egiteko erabiltzen ez ziren gorringoei probetxu ateratzeko asmatu zuten. Errazago jaten direnez, gehiago jateko arriskua ere izaten da eta, ondorioz, kalorien muga gainditzekoa. Turroi gurietan, bestalde, berrikuntza asko agertu dira azken urteetan, eta betikoaz gain, beste hainbat zaporetakoak ere aurki daitezke.
- Askotariko turroiak. Hauxe da talderik ugariena eta berritzaileena, eta izenak ere askotarikoak dituzte, ohiko osagaiez gain (azukrea, eztia, almendrak eta arrautza) eransten dizkieten osagaien araberakoak. Gehienak guriak dira, nahiz eta batzuk gogorrak izan daitezkeen (txokolatezkoak, batez ere) edo, gutxienez, kurruskatsuak. Turroi horietan, almendren ordez beste fruitu lehor batzuk edo azukreak erabiltzen dituzte, edo bestelako osagai batzuk: arroz puztua, kokoa, esnekiak, likoreak edo frutak. Gainera, gozogintzako produktuekin bete edo estali ere egiten dituzte, eta, horregatik, era askotako turroiak daude sail honetan.
- Ordezko gozoak. Elikagairen bati alergia edo intolerantzia dioten pertsonek (arrautzari, gariari, esneari…) arazo handiak izaten dituzte turroiekin. Ordezko gisa, betiko mazapana izan daiteke aukera egokia, almendra eta azukrea soilik dituena, alergiak eta intolerantziak dituztenek ere jan ditzaketelako (salbu eta fruitu lehorrei alergia dietenek). Ongi begiratu behar da, dena den, ez dela mazapan fekuladuna, zeliakoek eta gariarekiko intolerantzia dutenek ez baitezakete jan.
Gozoarekin gozatzeko
Turroia gozo bat da, kaloria asko ematen dituen elikagaia, baita light erakoek eta azukrerik gabekoek ere. Baina ez da zertan beldurtu: turroia kopuru txikietan jan ohi da, eta, hortaz, neurriz jokatuta, hartzen den kaloria kopurua ez da hainbestekoa izango azkenean. Hau da, turroia jan daiteke, baina gehiegikeriarik egin gabe: ez da jan behar otordutik otordurako tarteetan; turroiaren ondoren fruta pixka bat jatea komeni izaten da, gozotik gutxiago hartzeko; azukrerik gabekoak hautatzea hobea da, eztitzaile artifizialekin eginak direnez, kaloria gutxiago ematen dutelako; eta, betiko turroien artean, Xixonako turroi guria izango da egokiena, horrek ematen ditu-eta kaloria gutxien.