Eskoletako menuak: hobetu al dute kalitatea?

1998. urtetik, hobekuntzak izan dira zenbait alderdi dietetikotan, baina baita elikadura-gabeziak ere
1 ekaina de 2012
Img alimentacion 4 listado

Eskoletako menuak: hobetu al dute kalitatea?

/imgs/20120601/alimentacion4-4.jpg
Elikadura oinarri-oinarrizko ardatza da haurrek bilakaera fisiko eta intelektual egokia eduki dezaten, osasuntsu egon daitezen eta eritasunei aurre hartzeko modua izan dezaten. Hori dela eta, gurasoek eta hezitzaileek arretaz zaintzen dute haurrek zer jaten duten etxetik kanpora.

Espainiako Estatuan, ia bi milioi haurrek eskolako jantokian egiten dituzte otorduak astelehenetik ostiralera (urtean 165 egunez, batez beste). Eta eskolako jantokian, heziketari eta gizarte-jokabideei loturiko alderdiak lantzeaz gain, eguneroko energia-beharrizanen % 30-35 ase behar dituzte, eta elikadura orekatuaren jarraibideei erantzun. Funtsezkoa da otorduak atseginak eta gustagarriak izan daitezela, eta menuak ongi errespeta ditzala elikagai bakoitzarentzat ezarrita dauden kopuruak eta kontsumo-maiztasunak, haurren adina aintzat hartuta, betiere.

Elikadura-gaietan adituak direnen esanetan, eskolako menua oso garrantzitsua da, bi arrazoirengatik, bereziki: lagundu egiten duelako haurrengan elikadura-ohitura batzuk ezartzen, eta haien nutrizio-egoerari eragiten diolako, eguneko dietaren zati garrantzitsua hartzeen du-eta (astean bost egunez, urteko hainbat astetan). Hori guztia kontuan hartuta, bistan da eskolako jantokiak garrantzi handia daukala haurren elikaduran eta heziketa nutrizionalean.

1998. urtetik aurrera, EROSKI CONSUMERek zenbait alditan aztertu izan ditu eskoletako menuak, zer-nolako kalitate dietetikoa daukaten jakiteko, hain zuzen. Hiruzpalau urtetik behin (2004an, 2008an eta 2011n), Estatu osoko ikastetxeetako 400 menu inguru aztertu ditu urte horietako bakoitzean (ikastetxe pribatu, publiko eta itunduenak). Kalitate dietetikoari buruzko ondorioak ateratzeko, bi astetako menua aztertu da (lehen platera, bigarrena eta postrea), eta aintzat hartu da zer-nolako elikagaiak eskaintzen dituzten, zenbateko maiztasunez jartzen duten elikagai talde bakoitza, eta platerak zer-nola prestatzen dituzten. Azterketek erakutsi dute kalitate dietetikoan badirela aldeak ikastetxea publikoa izan, pribatua edo itundua; baita lurraldetik lurraldera ere. Gorabeherak ere ageri dira menuen bilakaeran: zenbaitetan, hobetu egin dira urtetik urtera, eta besteetan, elikadura-gabezia aipagarriak antzeman ditugu.

Nola asmatu elikaduraren ikasgaiarekin

  • /imgs/20120601/alimentacion4-1.jpg
    Kalitate-prezioak. Eskolako menuak prezio bat izaten du, eta prezio horri eskatzen zaio kalitaterik gorena eman dezala, baita ikuspegi dietetikoari dagokionez, bai elikadura arloko segurtasunari dagokionez ere. EROSKI CONSUMERek urtez urte egin dituen azterketek erakutsi dutenez, gehiago ordaintzeak ez du esan nahi menuek elikadura-kalitate hobea dutenik. Hain zuzen ere, 20 menurik merkeenen eta garestienen artean ez da egon alde nabarmenik aste osoko eskaintzaren elikadura-kalitatean.
  • Ikastetxearen titulartasuna. Atzera begirako analisi honetan, ikastetxeen izaeraren arabera neurtuta, ez da alde nabarmenik antzematen menuen kalitatean, baina joera bat, behintzat, erakusten dute emaitzek: ikastetxe publikoen artean, gehiago dira emaitza on-onak lortzen dituztenak eta gutxiago, berriz, azterketa gainditzen ez dutenak. Azkeneko azterketan, 2011. urtean egindakoan, ikastetxe publikoen erdiek (% 49k) ’emaitza onak edo oso onak’ eskuratu dituzte (% 15 izan dira emaitza ‘oso onekoak’); ikastetxe pribatu eta itunduetan, % 27 iritsi dira maila horretara, nahiz eta bakar batek ere ez duen lortu emaitza gorena (‘oso ona’). Alde txarretik begiratuta, berriz, menu desegokiak gehiago ageri dira ikastetxe pribatu eta itunduetan (menuen % 28 txarrak edo nola-halakoak dira), publikoetan baino (menuen % 19 ibili dira maila apal horietan).
  • /imgs/20120601/alimentacion4-2.jpg
    Menuak nork prestatzen dituen. Otorduak prestatzeko orduan, gero eta ikastetxe gehiagok jotzen dute catering zerbitzuetara: 2011. urtean, 10 ikastetxetatik 7k hautatu zuten zerbitzu mota hori. Beste aukera bat izaten da ikastetxeko bertako langileak arduratzea jantokiaz, edo, bestela, eredu mistoa erabiltzea: ikastetxea eta catering enpresa elkarlanean aritzea (enpresak prestatzen du janaria, eta ikastetxean bertan egiten dituzte azken prestakuntzak, janaria berotu, eta abar…). Emaitzetan ez dago alde handirik, baina catering zerbitzuek edo eredu mistoa erabiltzen dutenek emaitza hobeak lortu dituzte kalitate-azterketan. Ikastetxean bertan egindako menuei antzeman zaizkie gabezia dietetiko handienak: laburbilduz, maizago jartzen dituzte gozoak eta aurrez prestatutako jakiak.
  • Menu bereziak. Ahal den neurrian, ikastetxeek menu bereziak, egokituak prestatzen dituzte elikadura-alergiak eta -intolerantziak dauzkaten ikasleentzat. Halaxe agintzen du berriki onartu den lege batek, uztailaren 5eko 17/2011 Legeak, elikadura arloko segurtasunari eta nutrizioari buruzkoak. EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, 10 ikastetxetatik 9k eskaintzen dituzte menu egokituak, bai osasun-arrazoiei erantzunez (diabetesa, gizentasuna, intolerantziak, alergiak…) eta bai norberaren ohiturak eta sinesteak aintzat hatuz (barazkijaleak, musulmanak…). Zenbaitetan, eguneko menua ohikoa izan arren, menu bereziren bat eskatu bada, prestatu egiten dute.
  • Elikagai ekologikoak. 2011. urtean, elikagai ekologikoen artean, barazkiak, berdurak eta fruta izan dira nagusi ikastetxeetan, eta arroza, pasta edo lekaleak ere bai zenbaitetan. Sevillan izan dira menu gehien elikagai ekologikoekin (6 ikastetxetan), Almerian ondoren (3 ikastetxetan), Malagan eta Kordoban gero (bina ikastetxetan), eta, azkenik, Granadan, Bartzelonan eta Kantabrian, (ikastetxe banatan). Guztira, 16 ikastetxetan erabili dituzte elikagai ekologikoak; hau da, 32 menutan agertu dira, aztertu ditugun guztien % 7,6tan, alegia.

Urtetik urterako titularrak

  • /imgs/20120601/alimentacion4-3.jpg
    1998: “Menuen % 62k hobetu egin behar dute elikadura-ikuspegitik”. Urte hartan 400 menu aztertu ziren, Estatuko 12 probintziatako 200 ikastetxetakoak. Horien artetik, azterketa gainditu gabe geratu ziren % 25, eta ikastetxeen % 18,5ek soilik eskaintzen zituzten menu elikagarri eta orekatuak.
  • 2004: “Hamar ikastetxetatik lauk soilik eskaintzen dituzte menu elikagarri eta orekatuak”. Estatuko 13 probintziatako 201 ikastetxe hautatu, eta 402 menu aztertu ziren urte hartan. Lautik batek ez zuen gainditu azterketa, hutsegite dietetiko handi samarrak egin zituen eta.
  • 2008: “Hobetu egin da eskoletako menuen elikadura-kalitatea, baina hirutik bat erdipurdikoa edo txarra da”.

Urte hartan 420 menu aztertu ziren, Estatuko 18 probintziatako 210 ikastetxetan. Aztertutako ikastetxeen % 17k ez zituzten eskaintzen berdurak astean behin, gutxienez, eta hamar ikastetxetatik batean, ez zuten arrain-erraziorik jaten astelehenetik ostiralera.

  • 2011: “Okerrera egin du kalitateak, eta hirutik batek elikadura-gabeziak dauzka”. Estatuko 19 probintziatan, 418 menu aztertu ziren 209 ikastetxetan, eta % 30 inguruk ez zituzten eskaintzen berdurak astean behin, gutxienez, eta hamarretik bitan, aurrez prestatutako jaki gehiegi jartzen zituzten.
Puntuazio-irizpideak

Ikerketak prestatzen direnean, eskoletako menuek elikaduraren ikuspegitik ongi egin dituzten eta gaizki egin dituzten gauzak neurtzeko metodo bat lantzen da aurrez, eta gaur egun erabiltzen diren gidak hartzen dira aintzat (Eskola-jantokien gida, Perseo programa 2008), horiek esaten baitute zein diren kontsumo-araurik egokienak eskoletako menuetan.

Zehazki, hamar aldaera dietetiko aztertzen dira menu bakoitzeko: berdura ageri ote den plater nagusi gisa; entsalada jartzen duten; lekaleak; arrain freskoa edo izoztua (ez aurrez prestatua); fruta freskoa; platerak prestatzeko moduak aldatzen ote diren; aurrez prestatutako jakiak zenbat izaten diren; guarnizoak eta/edo saltsak askotarikoak izaten diren; esnekiak agertzen diren; eta gozoak zenbatez behin eskaintzen dituzten.

Aste oso bateko menuek 10 puntu lor ditzakete, gehienez ere. Gutxieneko hauek betetzen ez dituzten menuek, berriz, ez dute gainditzen azterketa:

  • Berdurak plater nagusi gisa (ez entsaladan, ez guarnizio eran edo lehen eta bigarren plateren osagai moduan): astean behin, gutxienez.
  • Fruta freskoa: astean bitan, gutxienez.
  • Lekaleak: astean behin, gutxienez.
  • Arrain freskoa edo izoztua (ez aurrez prestatua): astean behin, gutxienez.
  • Aurrez prestatuak, baina ez etxekoak (arrain-ziriak, sanjakoboak, kroketak, saltxitxak, txibiak, hanburgerrak, nuggets-ak, pizzak…): astean bitan edo gehiagotan jartzen badituzte ez dute gainditzen azterketa.
  • Gozoak (opilak, pastelak, bonboiak, izozkiak eta esneki azukretsuak, flanen, natillen eta abarren gisakoak): astean bitan edo gehiagotan jartzen badituzte ez dute gainditzen azterketa.