Patrika guztien eskura
Basoak ezker-eskuinetan, mingain zuri batean barrena goitik behera eski gainetan labaintzea ez da dagoeneko elite edo pribilegiatuen ariketa. Europa zaharrean eskiatzeko negozioa osasuntsu dabil eta urterik urte zaletu gehiago biltzen ditu bere ingurura. Iaz Espainiako estazio negutarrek bost milioi eta erdi eskiatzaile jaso zituzten, hau da, aurreko urtean baino %4 gehiago. Kopuru horri, Andorra eta Frantziako pistak nahiago izan zituzten kirolzaleak gehitu behar zaizkio: Espainia da, eta ez txiripaz, Frantziako eski-estazioetako bigarren bezeroa, kopuruari dagokionez, frantsesen gibeletik.
Azken bi urteotan, Espainiako estazio negutarretan egin diren inbertsioak 100 milioi eurotik gora doaz. Aurtengo eski-garaian (2002-03) bakarrik, Espainiako eski-estazioek 32 milioi euro inbertitu dituzte bertako instalazioak hobetu eta zabaltzeko: 29 estazio, 873 kilometro pista balizatu, 330 igogailu eta 152 kilometro pista, iraupen-eskia praktikatzeko.
Horren eskaintza zabalari zukua ateratzea patrika guztietako bezeroen esku dago. Asteburu osoan elurretan ibiltzea, lojamendu, forfait, aseguru eta guzti, 40 eurotik 200 euro arte kostatzen da. Nork bere ahalbide ekonomikoen araberako estazioa eta lojamendua hautatu besterik ez du.
Joan-etorriko ihesaldia ere egin daiteke. Delako estazioko eskaintzaren arabera aldatuko da horren prezioa. Espainia osoan merkeena da Laitariegos estazioko igogailu eta pistetan ibiltzea sasoi betean 11,42 euro kostatzen da eguneko; Baqueira Beret estazioko forfait-aren eguneko prezioa 33 euro da. Hori bai, Leongo estazioak 3 kilometroko pista balizatua baino ez du erabilgarri; Kataluniakoak, berriz, 87 kilometro ez ezik, sekulako azpiegiturak eta zerbitzu ezin hobeak.
Estreinaldien garaia
Ahalik eta bisitari gehien erakartzeko eta, bide batez, elurretako kirola praktikatzen dutenei instalazio hobezinak eskaintzeko jomugaz, urtero-urtero berrikuntza ugari egiten dituzte eski-estazioek. Hasi berria dugun garai honi aurre egiteko, Espainiako eski-estazioek instalazio eta zerbitzuen hobekuntzan 32 milioi euro inbertitu dituzte. Pirinio katalana da denetan gastu handiena egin duena (15 milioi euro), ondotik Mendilerro Kantaurikoa datorkiola (9 milioi euroko inbertsioa). Aragoi, Sistema Penibetiko eta Sistema Zentraleko estazioek, berriz, 3,8, 2,8 eta 1,2 milioi euro inbertitu dituzte, zeinek bere instalazioak egokitzeko.
Inbertsio horiei esker, Espainiako estazioek, denera, 3.239 elur-kainoi ezarri dituzte. Bestela esateko, eskiatzeko moduko pistek guztira 837 kilometro dituztelarik, 235 kilometro inguru elurrez estaltzeko bezainbesteko ekoizpena bermatzen dute aparatu horiek.
Lleidako Baqueira-Beret estazioak, 1.500 kotan aparkalekua egiteko proiektua eta pista beltza estreinatuko ditu; eta orain erabilgarri dauden aparkalekuak Aneu aldeko haranetara zabaltzeko aukera ere aurreikusi da. Port Ainé (Lleidan orobat) estazioak aurtengoan “eski-kros” eta “boader-kros”egiteko berariazko tokiak ez ezik, goi-mendiko eskola berria ere eskainiko ditu.
San Isidro eta Javalambre estazioetarako sarbideak irekitzea, Boí Taüll Resort, Manzaneda, Candanchú, Astún, Masella, Valdezcaray eta La Covatilla-n pistak zabaldu, berritu eta hobetzea; Valgrande-Pajares, Alto Campoo, Valdezcaray eta Valdesquí-n igogailu berriak sortzea; Candanchú, Port del Comte eta Vallter 2000-n aparkalekuak zabaldu eta egokitzea, Sierra Nevada, La Pinilla eta Formigal-en orri elektronikoak berritzea eta antzeko ekitaldiak dira aurtengo panorama berriaren osagai nagusiak.
Eskiatzen egiten den ariketa fisikoa eta, horri esker, naturarekin kontaktuan bizitzea, onuragarri gertatzen zaizkio inondik ere gure osasunari. Mendiko aire osasuntsuak organismoaren oxigenazioa lagundu eta eguzkiak D bitaminaren produkzioa areagotzen du, balizko errakitismo eta osteoporosiari buru egiteko. Bestetik, eskia praktikatu ohi den altuerak (2.000 metro inguru), globulu gorri eta zurien kopurua biderkatu egiten du, organismoaren defentsen mesedetan. Beroaren eta hotzaren eraginez epidermiseko geruza baskularrak martxan jartzen dira, deskongestioa erraztuz eta birsortzaile epitelial gisa jardunez.
Eskiak, nolanahi ere, baditu arriskuak ere. Prestakuntza fisiko eskasak edo kirola kontrol gabe praktikatzeak kalte larri eta iraunkorrak ondoriozta diezazkieke eskiatzaileari berari eta aldamenekoei. Ospitaletako traumatologi zerbitzuek urtero-urtero istripua nozituriko eskiatzaile ugari hartzen dituzte, belaunean (menisko, errotula, ligamenduetan…) lesiorik izan dutenak, batez ere. Kubitu, erradio, klabikula, ukondo, tibia eta perone hautsiak, besaburuen luxazioa, hatz lodiaren ligamendu kubitalaren haustura, lipotimia, hipertentsio eta konjuntibitisak dira eskia praktikatzean ondorezko gaitz ezagunetako batzuk.
Eskiatzaileak hartzen duen arriskua eta, pistan bertan istripua izanez gero, garraioa bakarrik kostatzen dena -pistatik osasun-zentro batera eramate hutsa 210 eta 270 euro bitarteko gastua izan daiteke- medio, istripuen kontrako asegurua kontratatzea komeni izaten da, bidai agentziaren bitartez, federazioaren bitartez edo eski-estazioan bertan.
Eguneko bi euroren truk, aseguratua eta bere laguna pistetan erreskatatzea, medikuntza-egoitzaraino garraiatzea, botika-gastuak, bidaian barrenako matxurak, hirugarrengoei eragin dakizkiekeen kalteak, bere etxeraino eramatea, etab. babesten dituen asegurua kontrata daiteke.
Ohiko kirolariak, beharrezkoa balitz osasun asistentzia eskainiko liokeen federazio-lizentzia lortzeko aukera izaten du. Espainian Autonomi Erkidegoek tokian tokiko federazioak dituztenez, erakunde horietako batean sartzea erabakitzen duen kirolariak ordaindu behar duen prezioa aldatu egiten da leku batetik bestera . Valentzia Erkidegoko federatuek, esate baterako, urtean 58 euro ordaindu behar izaten dute pistetan erreskatatzea, medikuntza-egoitzaraino berariaz garraiatzea, sortarazitako medikuntza eta sendagaietako gastuak, bere etxeraino eramatea eta erantzukizun zibileko asegurua babesten dituen asegurua hartu nahi badute. Katalunian edo Bizkaian federatzeak kostu bertsua du, gutxi gorabehera (43 eta 43’70 euro) baina Bizkaiko Federazioak entregatzen duen txartelak elurretako kirolak Frantziako Pirinioetan eta Andorran praktikatzean ere balio du.
Gazte eta haurrentzako berariazko txartelak badituzte federazioek, baita denbora-epe motzago baterakoak ere, prezioa bera ere murritzagoa delarik. Horrelakoxea da Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak egiten duen txartela: 23 euro kostatzen delarik, abenduaren 1etik apirilaren 30era arte balio du, garai osoa harrapatuz.
Espainiako eski-estazioen funtzionamenduaren Araudiak hainbat eskubide eta betebehar aitortzen dizkio instalazioetako erabiltzaileari. Esate baterako, bere burua edo besterena arriskutan ipintzen duen eskiatzailea, bere jokaeraren ondoriozko kalte guztien erantzule izango da. Erabiltzailearen ardurakoa izango da, era berean, bere burua zaintzea, bai pistan bertan bai pistatik at, era arriskutsuan eskiatzen ari dela nahiz bestela ere. Eguraldiak, matxura teknikoek edo beste edozerk hertsaturik, igogailuak eta pistetako instalazioak itxi behar izatekotan, inolako ardurarik ez dute bereganatzen estazioek. Horrelakorik gertatuz gero, estazioak ez du erabiltzaileei ordaindutakoa itzultzeko obligaziorik aitortzen.
Erabiltzaileak dituen eskubideen ataltxoan, berriz, estazioa irekitzeko unean elurraren egoera orokorraz eta zabalik dauden pistez informazioa jasotzekoa, aplika dakiekeen arautegia ezagutzekoa eta eskiatzeko behar bezala egokiturik dauden pistez gozatzekoa bakarrik jasotzen dira.
Jaitsiera osasuntsua
- Elurretarako bidaia antolatzen duzunean ez ahaztu istripuen kontrako asegurua. Galdetu eta konparatu bidai agentzia eta federazioetako prezioak. Egiaztatu kontratatzen ari zaren aseguruak egingo duzun jarduera babesten duela eta pistatik kanpoko erreskateak ere berme horren barne daudela.
- Zaindu materiala: zurea izan, alokatua izan, eduki dena egoera onean.
- Ez jardun zure ahamenez gainetik. Jaso ezazu zeharkatu behar dituzun pisten gaineko informazioa. Eraman beti aldean pisten planoa, begira ezazu igogailua estreinakoz hartu aurretik. Ez gainditu mugak eta seinaleak. Hartu harik eta neurri zorrotzagoak gutxi ikusten denean.
- Apunta zaitez teknika zuzenaz jabetzeko ikastaroren batean: horrela saihets egingo diozu bizioak hartzeari eta, ondorioz, lesioak nozitzeari. Ordubeteko klase partikularra 22 – 26 euro inguru kostatzen da. Bost eguneko ikastaroa, berriz, 68 eta 79 euro bitarte.
- Sukarrak bazaude edo arnasketa-gutxiegitasun larria, kontrolatu gabeko hipertentsioa nahiz bihotzeko gaitzik baduzu, ez eskiatu, altuera handian eginiko esfortzuak latzagoak dira eta.
- Inoizkako kirolaria bazara batik bat, hasi poliki-poliki eskiatzen. Ez ahaztu esfortzuaren muga ez duzula inola ere gainditu behar. Nekea agertutakoan, istripuak eta lesioak nozitzeko arriskua areagotu egiten da.
- Ez itxaron elurrak dena zuritu arte gorputza prestatzen hasteko. Behar bezalako prestakuntza fisikorik gabe pistetan behera amiltzeak ondorioak izan ditzake: minberak, erorikoak, etab. Eskiatzen hasi aurretik berotu eta luzatu muskuluak ordu laurden batez, gutxienez.
- Babestu burua berariazko ehunez eginiko txanoarekin. Gorputzeko beroa burutik galtzen hasten dela ere frogaturik dago. Zaindu belarrien, sudurraren, eskuen babesa. Odol-zirkulazio ahuleneko atalak direnez, beraiek dira maizen jelatzen direnak.
- Gogora ezazu: eguzki-izpiak errefraktatzen dituen ispilua da elurra. Erabili UVA eta UVB filtrodun betaurrekoak, “elurretako oftalmiarik” (ikusmena errefrakzio horietara luzaro zuzentzearen ondoriozko konjuntibitis akutua) nozitu nahi ez baduzu. Babestu ezpainak eta larruazala orobat eguzki-krema on batez.
- Hartu elikagai egokiak eskiatzen ibili aurretik, bitartean eta ondoren ere. Hartu zereal-ziritxoak, fruitu sikuak, txokolatea, etab. Eskiatzailearen elikabidean karbohidrato asko sartu behar dira, kirolariaren organismoa behar bezainbesteko energiaz hornitzeko, karranpa eta minberen aurka prebenitzeko eta hotzari aurre egiten laguntzeko, hotzaren eraginez gorputzaren energi xahuketa handiagoa izaten da eta.
- Mendian airea lehorra da eta ariketak transpirazioa areagotu egiten du: beraz, lipotimiarik edo hipotentsiorik gerta ez dakizun, hidrata zaitez behar bezala. Edan ura, zukuak edota edari isotonikoak. Alkoholik ez, inondik ere, erreflexuak ahuldu eta gorputz-beroaren galera sustatu egiten duelako.
- Eski-jardunaldia amaitutakoan, atseden hartzearekin batera, dutxa (tarteka: oraintxe hotza, oraintxe beroa) bezalakorik ez. Beroak basodilatazioa eragiten du eta hotzak basokonstrikzioa: ondorioz, odol-zirkulazioa hobetu eta gorputza suspertu egiten da.
Pistan nola jokatu
- Jardun erne, besteak kaltetu gabe, arriskutan jarri gabe, gogaitu gabe.
- Eskiatu tentuz, modu kontrolatuan. Egokitu zeure abiadura eta eskiatzeko era zeure trebeziari eta elurraren, tokiaren, eguraldiaren egoera orokorrari, baita trafikoaren dentsitateari ere.
- Jende asko dabilen tokietan edo gutxi ikusten denetan (malda-gainaldeetan, pisten bukaeran eta igogailuetarako sarreretan, batik bat) ibil zaitez mantso, poliki.
- Goitik behera baldin bazatoz, zure azpian dauden eskiatzaileen segurtasuna bermatuko duen norabidea hartu beharko duzu.
- Beste eskiatzaile bat aurreratzen baldin baduzu, utz iezaiozu bere mugimenduak egiteko bezainbesteko tokia.
- Pistan sartzean, begira gora eta behera, libre dagoela segurtatu arte.
- Ez gelditu pistan, toki estuetan, arriskutsuetan edo bista eskasekoetan. Horrelakoren batean erortzen bazara, jo bazterrera eta utzi lehenbailehen pista libre.
- Oinez igo edo jaisten bazara, zoaz pista bazterretik.
- Pistan, teleskian edo inguruetan dauden seinale guztiek agindutakoa bete beharrekoa da.
- Istripurik gertatzekotan, lagundu eta jakinarazi, ahal duzun neurrian, Estazioko pertsonalari.
- Aurreneko jaitsierak egiteko egokiena, estazioan bertan ekipoa (eskiak, botak, makuluak…) alokatzea eta berokiak (eskularruak, anoraka, galtzak) beste norbaiti eskatzea izaten da. Ekipo osoa alokatzea 12 eta 23 euro bitarte kostatzen da, eguneko.
- Arropak eroso, iragazgaitz, transpiragarri eta hotzaren aurka erresistentzia handikoa izan behar du, gorputzaren malgutasuna inondik ere eragotzi gabe. Zaindu eskularruak arreta bereziz: beroki ederra izateaz gainera, eskuen defentsa egokiak dira, erorikoan lagungarri gertatzen zaizkigulako, elurraren abrasioa itzuri eta, ondorioz, zauriak gertatzea galarazten digute eta.
- Ez jantzi arropa gehiegi, azkenean enbarazu egingo dizu eta; ez jarri gutxiegi ere, akaso arriskutsua izan daiteke eta (erorikoa gertatuz gero lurraren kontra igurtziak nozitzea, eguzkiarengatiko erredurak pairatzea, etab).
- Eguzkitarako betaurrekoak ezinbestekoak dituzu, elurrak hartzen duen erradiazioaren %85 islatzen duela jakinik.
- Eskiak erosteko unean izan gogoan (eskiatzaile gisa) zure buruaren maila eta ekipoa nola erabiliko duzun. Hasberria baldin bazara, aukeratu taula arinak, errazak, kota-lerro leunekoak, abiadura txikian biratzeko modukoak. Maila ertainekoa bazara, erabilera anitzeko taulak hautatzea duzu egokiena: erresistentzia, zehaztapen, egonkortasun, pisu eta luzera handiagokoak, alegia.
- Botak eta taulak elkartzen dituzten lokarriak aukeratzean hartu gogoan zeure pisua, adina, prestakuntza fisikoa eta, eskiatzaile zaren aldetik, zeure maila. Lokarrien erregulazioa ere funtsezkoa da. Utz eginkizun hori profesional baten esku.
- Makuluek erresistentzia handiko eta arinak izan behar dute. Beren luzera eskiatzailearen ukondoen altuera izango da: horrela, alderantziz hartzean, ukondoek 90 graduko angelua osatuko dute.
- Nolako botak erosi erabakitzeko orduan erosotasuna, alboetako zurruntasuna, aurreko malgutasun edo tolesteko gaitasuna (14º eta 22º bitartekoa) eta oinari eta orkatilari ederki atxikitzea dira faktore behinenak. Ziurtatu bota horiek handiegi ez dituzula: bestela, haustura seguru duzu.
Iraupen-eskiko estazioak
- Abodi Zaraitzu: 33 km.
- Larra Belagoa: 30 km.
- Aransa: 32 km.
- Bornabé: 25 km.
- Guils Fontanera: 45 km.
- Lles: 28 km.
- Sant Joan de L’erm: 50 km.
- Tuixent La Vansa : 29’7 km.
- Virós-Valferrera : 58 km.
- Pla de Négua: 20 km.
- Panticosa: 9 km.
- Fanlo, Valle del Vió: 22 km.
- Gabardito: 9 km.
- Partacua: 40 km.
- Linza: 13 km.
- Lizara: 4 km.
- Llanos del Hospital: 30 km.
- Pineta: 8 km.
- Plateau de Beille: 65 km.
- Domaine du Chioula : 60 km.
- Etang de Lers : 35 km.
- La Tour Lafont : 15 km.
- Ragua-ko mendatea: 19 km.