Etikak eta kontsumo-gizarteak elkarrengandik oso aldendurik dauden terminoak dirudite, baina zure planteamenduetan lotuak eta elkarrekin adiskidetuak ikusten ditugu.
Edozein gizartetan presente egon behar du etikak. Gizakiok, Aranguren irakasleek esan ohi zuen bezala, ezin gara bizi ongiaz eta gaizkiaz haratago eta gizakion ondorio da garai jakin batean gizartea gidatzen duen moralitate maila. Une honetan, kontsumo gizartea da gurea eta kontsumo horren sustraian motibazio gutxi gorabehera moralak islatzen dira. Pertsonok neurriz, zentzuz eta era justu batean kontsumitzen badugu, gizarteak norabide horretan bertan funtzionatuko du. Kontsumitzaile elkarte, erakunde publiko eta beste erakunde batzuen ekintzak eragina dauka guztiok kontsumitzeko dugun eran, baina azken gaitasuna kontsumitzailearena berarena da; bere esku dago merkatuaren erritmoa eta legeak ezartzea. Bere boterea hain da handia, hein batean mundua aldatzeko ere aukera dauka. Eta jabeturik egon behar du eginkizun aktibo horretaz eta bere egin eta eguneroko bizitzan baliatu.
Zientziari loturik zaude zu, Laguntza Bidezko Ugalketarako Estatuko Batzordeko kide zaren aldetik. Etikak zenbateraino baldintzatu behar ditu ikerketa zientifikoak?
Zientzia, gizakiaren beste edozein jarduera bezala, morala izan daiteke ala ez. Bioteknologiak une honetan, gizakien genetika aldatzeko gaitasuna daukagu eta horrek erantzukizun maila handia geureganatzera behartzen ditu zientzialariak. Ikerketak aurrera doaz gizakiaren ezaugarri fisikoak eta gaitasun intelektualak hobetzea lortzeko bidean eta baliteke aurkikuntza horren onuradun aberatsak edo boteredunak bakarrik izatea. Horrek injustizia arazoak planteatzen ditu eta horregatik etikak garapen zientifikoaren prozesu osoan egon behar du presente eta ez azken emaitzan bakarrik.
Beharrezkoa da gizarteko agenteek nolabaiteko arau etiko batzuk bete daitezen zaintzea?
Gizarteak berez egiten du hori, ohartzen da errealitateak beste era batekoa izan behar lukeela; garai honetako morala oso zorrotza da. Giza Eskubideen Aldarrikapenaz geroztik, bi ildo nagusitan sailka genitzake oinarrizko printzipioak: herrien eta gizabanakoen fakultate zibil eta politikoen gaitasunei buruzkoak, batetik; eta bestetik, eskubide zibil, sozial eta kulturalak ematen dizkigutenak. Azken horiek unibertsal bihurturik daude: mundu guztiak lortu nahi ditu nolabaiteko kontsumo maila bat, etxebizitza duina, heziketa eta osasun zerbitzuak. Eskaera hori ez da zalantzan jartzen. Beste ildoan, ildo politikoan, argi dago Txinak eta Islamaren munduak, adibidez, ez dutela demokraziarik; baina gaitasun zibiko batzuk antolatzen dituen planteamendu politiko bati erantzuten diote, demokrazia liberaletakoaren aldean ezberdinak, baina era batera edo bestera adostasun bat dago azpian nolabait esatearren, eskubideen titular gizon-emakumeak direla dioena.
Ignacio Ramonetek duela hilabete batzuk orrialde hauetan esaten zuen globalizazioak azkenean bi bloketan bereiztu duela mundua, daukatenen blokea eta ez daukatenena hain zuzen ere. Etikoki fenomeno arbuiagarria da globalizazioa?
Edozein modutan ere, itzulerarik gabeko fenomenoa da globalizazioa. Teknologia berriek lehen gaindiezinak ziren mugak hautsi egin dituzte, ekonomian, finantzetan eta komunikazioan. Mundua konektaturik, globalizaturik dago. Sekula
baino gehiago, milaka kilometrotara harturiko erabakiak berehala betearazten dira eta ekintza horrek ere eragina dauka milaka kilometrotara. Globalizazioa, beste edozein giza fenomeno bezala, on egiteko edo kalte egiteko erabil daiteke. Orain aberats eta behartsuen arteko aldea handitzen ari dela ikusten dugu, herrialdeen artean edo herrialde beraren baitan; baina egoera horrek aukera paregabe bat ematen digu: alderdi onak globalizatzeko aukera. Lehen aldiz, baldintza egokiak daude Ciceronen ametsa bete dadin: askatasun aukerarik handienez bizi diren biztanle kosmopolitaz beteriko mundu bat sortzeko, justizia bilatzen duten arau etiko batzuek gidaturik. Utopia dirudi, baina duela mende bat inguru esklabutza bertan behera uztea ez zen kuestiona ezinezko premisa etikotzat hartzen eta gaur egun esklabutza praktikatzen denean izua sorrarazten digu.
Sarritan joaten zara Hego Ameriketara. Zure ustez zer gertatu da Argentinan horren herrialde aberats eta kultua hain krisi latzean murgildurik egoteko?
Erantzukizuna ez da herritarrena eta erantzukizunik badute, maila txikiagoan bakarrik dute. Ez dute zorterik izan botere politikoekin eta enpresetakoekin ere. Argentinako ustelkeria ekonomikoak USAn ere izan du isla, baina askoz ere herrialde indartsuagoa da eta bere erreserba eta babesek ez dute uzten hango ekonomia hondora dadin. Ez litzateke bidezkoa Argentinako gizarteari etika maila txikia leporatzea, baliabideak kudeatzen zituztenen jokabide okerragatik. Ustelkeria eta engainua etika negatibo baten ondorio dira eta horrek kutsatu egiten du morala, perspektibak apurtu eta askatasuna lapurtu. Gainera, justizia bertan behera uzten dute eta etika justu baten aurkako efektua eragiten dute. Hainbesteraino iluntzen du gizartea, azkenean ustelkeria arautzat onartzen du, kuestionatu beharrean eta, bestalde hori suntsitzeko bitartekoak eduki beharrean.
Baina ustelkeriaren aurka egiteko bitartekoak politikoen esku uzten ditu eta politikoek etika argudioak erabiltzen dituzte beren erabakiak zuritzeko.
Etikak saldu egiten du eta horregatik agertzen da hainbeste aldiz politikoen ahotan. Ohituta gaude politikoak etika beren promesen abal gisa eta beren jokabideen berme gisa erabiltzen ikustera, etika konbikziorako oso tresna indartsua baita. Printzipio, portaera eta emaitza etikoez hitz egiteak estatus handiagoa eta sinesgarriagoa ematen diote esaten denari eta esaten duenari. Baina hitzetatik ekintzetara alde handia izaten da eta etikak pentsamenduak eta sinesteak betetzea dakar, pentsatzen eta defendatzen dena ekintzatan itzultzen baitu. Horregatik du horren sinesgarritasun handia etikak.
Duela urte batzuk enpresei zer eskatzen zieten galdetu zien herritarrei CONSUMER aldizkariak. Orduan ikusi zen gizartearekin konprometituen zeudenak, gizarteari irabazirik gehien itzultzen zieten enpresek irudi hobea zutela herritarren aurrean eta konfiantza handiagoa sortzen zutela.
Erantzukizun soziala modan dago eta etikoa da enpresak beren irabazien zati bat gizarteari itzultzea eta gizartearen beharrekin konprometitzea. Baina onargarria da neurri horiek jakitera ematea ere, kontsumitzaileak ezagutu ditzan, bere agindua betetzen ari dela esan nahi dio eta. Kontsumitzailearen boterearen erakusle da hori, askotan bera ere ohartu ez arren. Kontsumitzaileak jakin behar luke produkzioa berak orientatzen duela eta kontsumo bidezkoa eta zorrotza praktikatzen badu produkzio kateko agente aktibo eta erabakigarri gisa diharduela.
Eguberrien atarian gaude, kontsumo handieneko urteko garaian. Opariak, ospakizunetarako erosketak, gastuei aurre egiteko aparteko ordainsaria … Zaila da kontsumo arduratsua egitea.
Era kontziente eta hausnartuan kontsumitzea da gakoa, benetan zoriontsu izateko, erosten denak benetan zoriona eman diezagun. Askotan, gogobete beharrean kezka egoera batera eramaten gaituzte erosten ditugun objektuek. Eta kontsumoak alderantzizkoa eragin behar liguke eta ekintza gratifikatzailea izan behar luke. Baina, zer gertatzen da? Gauzak erostea geure burua berresteko era bat dela eta prezioa handia bada eta eros badezakegu, are eta hobeto. Bere burua horrela berresten duenak eta arrakasta norbere buruaren aurrean ez baina besteren aurrean lortu behar dela uste duenak, bidean uzten du bere nortasuna, gauzak bata bestearen atzetik erosiz. Kontsumitzaileak jabeturik izan behar du izaki librea eta solidarioa dela, askatasun aukera izugarria duela eta askatasun hori erantzukizunez baliatzeak gozamen handia sortzen duela.