Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Metroaren 31 linea eta tranbiaren 23 linea aztertu ditugu, eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuei erreparatu diegu: segurtasuna, irispideak, garbitasuna, puntualtasuna eta informazioa : Metroa eta tranbia: ongi dabiltza maiztasunez eta informazio-zerbitzu ona eskaintzen dute

Emaitza bereziki ona lortu dute Sevillako eta Bilboko metroak, eta horien pare ibili da Bizkaiko hiriburuko tranbia ere

Tranbia: informazioa ona, baina irispideetan hobetu behar

Tranbiaren 23 linea eta 46 geltoki aztertu ditugu Espainiako 11 hiritan (tranbia daukaten guztietan), eta atal guztiak aintzat hartuta, emaitza orokorra ‘ona’ izan da. Atalez atal, dena den, badira aldeak. Erabiltzaileari eskaintzen dioten zerbitzuaren eta informazioaren atalean, emaitza ‘oso ona’ erdietsi dute, segurtasunaren atalean eta garbitasuna eta mantentze-lanak biltzen dituenean, ‘ona’ (bagoi barruko eta geltokietako egoera aztertu dugu), eta irispideen atalean, aldiz, zertxobait apalago ibili dira: emaitza ‘onargarria’ baino ez dute lortu. Hiriz hiri joanda, Bilbon aurkitu dugu tranbia-eredurik onena, eta jarraian etorri dira beste hiri hauek: Gasteiz, Madril, Bartzelona, Sevilla, Alacant, Tenerife eta Parla. Eta zertxobait atzerago daude Valentziakoa eta Valez-Malagakoa.

Hiriko garraio-zerbitzu horrek ongi funtziona dezan, funtsezkoa da erabiltzaileei informazio ona ematea eta beste zenbait zerbitzu ere eskaintzea. Informazioaren eta zerbitzuen atalean lortu dute, hain zuzen, emaitzarik onena tranbiek. Guk aztertu ditugun 46 geltokietan, ia guztiek jakinarazi dute linea non hasi eta bukatzen den, zer tarifa dauden indarrean edo zer ordutegitan dabiltzan.

Informazioaren eta zerbitzuen atalean, emaitza berbera (‘oso ona’) eskuratu dute Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko, Valentziako, Alacanteko, Gasteizko eta Parlako tranbiek. Zertxobait apalagoa lortu du Tenerifekoak, baina ontzat jotzekoa hori ere (emaitza ‘ona’). Aldiz, Sevillakoa eta Velez-Malagakoa maila ‘onargarrian’ baino ez dira geratu. Sevillako tranbiaren geltokietan, adibidez, txartel-makina batzuk matxuratuta egon dira eta erabilera-oharrik ez dute eduki. Era berean, aztertu ditugun tranbien erdiek ez dute eduki gune berezirik bizikletak uzteko (Bartzelona, Sevilla eta Tenerife izan dira hiririk onenak alderdi horretan), eta Parlako eta Madrilgo tranbietan ez dugu ikusi afixarik bagoi barruan erretzea galarazten duenik. Oro har, Alacanteko eta Valentziako tranbiek eskaintzen dute informaziorik osatuena tranbien barrenean: tranbia-sarearen planoa erakusten diote erabiltzaileari, tarifak eta prezioak ere bai, tranbiaren ordutegia ere ikus liteke, larrialdietan nola jokatu behar den ere jakinarazten dute, txartelik gabe bidaiatzeak zer zigor duen ere adierazten dute, eta orduaren eta kanpoko tenperaturaren berri ere ematen dute.

Ezin da gauza bera esan, ordea, irispideei buruz. Ezintasunen bat daukaten pertsonen beharrei erantzuteko orduan, gabeziak antzeman ditugu honako tranbia hauetan: Madril, Bartzelona, Tenerife, Velez-Malaga, Valentzia eta Parla (emaitza ‘onargarria’ baino ez dute lortu, eta batez besteko orokorra ere hortxe gelditu da atal honetan). Zertxobait hobeak izan dira Alacanteko tranbiaren irispideak (‘onargarriaren’ eta ‘onaren’ artean ibili dira). Irispiderik onenak, dena den, Sevillako tranbian (emaitza ‘ona’) eta Bilbo eta Gasteizkoetan ikusi dituzte EROSKI CONSUMEReko teknikariek (emaitza ‘oso ona’ lortu dute bi horiek). Hiri guztiak aintzat hartuta, bagoien erdietan baino gehiagotan ez dago abisu-botoirik gidariak jakin dezan gurpil-aulkian dabilen norbait doala tranbian (ez dugu halakorik ikusi Bartzelonako, Sevillako, Tenerifeko eta Parlako tranbietan). Hiriz hiriko errepasoa eginda, Bartzelonako linea guztiek pasillo edo korridore estuegiak eduki dituzte gurpil-aulkian ibili behar duenarentzat, eta gauza bera gertatu da Madrilen aztertu ditugun hiruetatik batean. Bestalde, zoruaren zati bati testura berezia eman ohi zaio, itsuei laguntzeko, baina Madrilgo geltokien erdietan ez da egon halakorik, eta Alacanteko batean ere ez; Tenerifen aztertu ditugun geltokien erdietan, berriz, txartel-makinak ez dira egon altuera egokian gurpil-aulkian doanarentzat. Azkenik, entzumen-arazoak dituztenei egoki erantzuteko neurriak falta izan dira Valentziako geltoki guztietan, Bartzelonako ia guztietan eta Tenerifeko eta Alacanteko lautik hirutan; izan ere, jakinarazpen-soinurik ez dute egiten bidaia-txartelak saltzen dituzten makinek.

Bidaien maiztasuna egoki betetzen ote dute metroak eta tranbiak?

Metroaren eta tranbiaren lineak aztertzeaz gain, bidaien maiztasuna zenbatekoa den ere neurtu dute aldizkariaren teknikariek, kronometroa eskuan hartuta. Hori egiteko, 9 zerbitzu hautatu dituzte (bai metroan eta bai tranbian), eta hiru alditan egin dituzte neurketak: lanegunean, goizeko 7etatik 9etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 18:00etatik 20:00etarako tartean.

Metroari dagokionez, linea guztiek bete dute agindutako maiztasuna, salbu eta Valentziako 5. lineak, goizeko 7etatik 9ak bitarteko tartean, non bost minutuko atzerapena ere pilatu baitu konboi batetik bestera. Guk hautatu ditugun ordu tarte horietan, Valentziako metroak dauka bidaia-maiztasun eskasena, eta 1. eta 3. lineetan, adibidez, 15 eta 40 minutu arteko tarte luzea dago bidaia batetik bestera (5. linean 10 minutu baino gutxiago egon behar da zain hurrengo konboia etorri arte). Antzera dabil Palma de Mallorcako metroa ere: 15 eta 30 minutu ateko itxaronaldia egin behar da (lanegunean gutxiago eta larunbatean gehiago). Maiztasunik handiena, aitzitik, Madrilen daukate (2-4 minutuz behin) eta Bartzelonan ere bai (3 minutuz behin), salbu eta bi lineatan (6.a eta 8a), non 10-15 minutu arteko itxaronaldia egin behar izan duten teknikariek. Azkenik, Bilboko eta Sevillako metroek maiztasun berarekin egiten dituzte bidaiak: 5-7 minutuz behin iristen da konboi bat.

Metroaren linea gehienek eduki duten puntualtasun bera eduki dute tranbiek ere, baina ez ordu-tarte guztietan, hala ere: hiru ordu-tarteetatik batean, tranbia atzeratuta ibili da Madrilgo 2. linean, Valentziako 4.ean eta Bartzelonako 6.ean (hurrenez hurren, 4, 5 eta 10 minutu berandutu dira). Itxaronaldirik luzeenak Velez-Malagako tranbiak eginarazten ditu (40 minutu arterainokoak), eta Alacantekoak ere dezentekoak (20 eta 30 minutu artekoak bidaiatik bidaiara). Gainerako tranbiak maizago ibili dira: Sevilla (7 minutuz behin), Madril eta Tenerife (6-10 minutuz behin), Bilbo (10 minutuz behin), Gasteiz (7 minutuz behin hiri erdikoa eta 15 minutuz behin aldirietakoa), Bartzelona (5-10 minutuz behin) eta Valentzia (10-15 minutuz behin).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak