Berdura kremak: osasungarriak... baina adi gatzari

LEHEN BEGIRATUAN, BADIRUDI ANTZEKOAK DIRELA, BAINA XEHETASUNEI ARRETA JARTZEN BADIEGU, IKUSIKO DUGU ALDE HANDIAK DAUDELA BATZUEN ETA BESTEEN ARTEAN. PLATER SAKON GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK
30 abendua de 2019
191204 Consumer crema de verduras apertura 0Z6A4881 Org

Berdura kremak: osasungarriak... baina adi gatzari

Koilararekin jateko platerak edozein urte sasoitarako dira egokiak, baina bereziki estimatzen ditugu hotza hasten duen garaian. Supermerkatuetako apalategietan, jateko gertu dauden hainbat produktu ikus ditzakegu, denbora eta ahalegin gutxirekin prestatu daitezkeenak, adibidez zopak, saldak, kontsomeak eta kremak. Legediak dioenez, bi eratan lortzen diren produktuak izendatzeko erabiltzen dira izen horiek guztiak: osagaiak uretan egosita (begetalak, haragi zatiak, gantz jangarriak, espeziak, gatza…), edo osagai deshidratatuen nahasketa bati izaera hori emanez. Produktu horien arteko desberdintasun handiena testuran dago: saldak eta kontsomeak produktu likidoak dira, argiak eta ez oso trinkoak; zopak likidoagoak edo pastatsuagoak izan daitezke, eta beste osagai batzuk ere eduki ditzakete, adibidez pasta, irinak, semolak eta beste batzuk; eta kremak ere antzeko produktuak dira, baina testura fina eta biskatsua izaten dute.

Osagai kontua

Gida honetan aztertu ditugun kremen osagaiak hauek dira nagusiki: begetalak (berdurak, barazkiak, tuberkuluak…), ura, gatza eta, batzuetan, elementu koipetsuren bat, adibidez oliba olioa edo esne gaina, eta horiei beste osagai batzuk ere eransten zaizkie batzuetan (adibidez, artoaren almidoia). Erosketa egitean, bereziki kontuan hartu behar genuke zenbat begetal daukaten, ezaugarri hori asko aldatu baitaiteke produktu batzuetatik besteetara. Aztertu ditugun produktuen etiketa aztertzen badugu, adibidez, Knorr etxeko perretxiko kremak %9 ditu perretxikoak; marka bereko zainzuri kreman %24 dira zainzuriak, eta Gallina Blanca etxeko berdura kremak %58 ditu begetalak. Osagaiei dagokienez, jakin beharra dago kopuruaren araberako ordenan emanak heldu direla, gehien duenetik gutxien duenera. Produktu horietako askotan (aztertu ditugun 29etatik 16tan, hain zuzen), ura da osagai nagusia, eta ez begetalak. Hamahirutan ageri dira, beraz, begetalak osagai nagusi gisa. Honako hauetan: Anko, Pedro Luis eta Gvtarra etxekoetan, Knorr etxeak beirazko ontzietan dakartzan kremetan (kalabazarena eta zortzi berdurarena), Alicia kreman, Knorr etxeko kalabaza krema finean eta Gallina Blanca etxeko kalabaza krema eta berdura kreman.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ere bada osagaien auzian: ontzian osagairen bat nabarmenduta agertzen denean, adibidez elikagaiaren izenean (“kalabaza krema”) edo etiketan (hitzekin edo irudiekin), osagaien zerrendan esan egin behar da zenbateko proportzioan ageri den. Horrela, krema batzuei izena ematen dieten osagai batzuk ez dira nagusiak egiaz. Adibidez, Knorr etxeak badu kuiatxo krema ahuntz gaztarekin, eta gaztaren proportzioa %0,5ekoa baino ez da; oilasko eta berdura kremak, berriz, %7,28 dauka oilaskoa; basoko perretxikoen kremak, Knorr etxekoak, %9 baino ez ditu perretxikoak, eta zainzuri kreman %6 besterik ez da osagai hori, eta produktua urak eta patatak (%12) osatzen dute nagusiki.

Produktu batzuek ez dute legea betetzen alderdi horretan (EB-ren 1169/2011 Araudia), ez baitute zehazten zenbateko proportzioan dituzten etiketan nabarmenduta ageri diren osagai horiek. Hori gertatzen da Anko etxeko krema batzuekin, ez baita esaten zenbateko proportzioan dituen berdurak eta oliba olioa, eta berdin gertatzen da Knorr etxeko 8 berdurakoarekin, non osagaien irudiak ageri diren etiketan, baina proportziorik eman gabe, eta baita Pedro Luisen kremekin ere.

Analisia

Gida hau egiteko, 29 produktu aztertu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren markek eginak: garbantzu krema berdurekin, berdura krema, kalabaza krema eta orburu krema (Anko); etxeko kalabaza krema, etxeko berdura krema, etxeko oilasko krema berdurekin, kuiatxo krema eta azenario krema kalabazarekin (Gallina Blanca); kalabaza krema, zortzi berdurako krema, kuiatxo krema ahuntz gaztarekin, basoko perretxikoen krema txanpiñoiekin, Alicia krema, berdura mediterraneoen krema, landako berduren krema, kalabaza krema fina esne gain ukitu arinarekin, lorategiko berduren purea, baratzeko berduren krema, zainzuri krema esne gain ukitu leunarekin, berdura hautatuen krema (Knorr); kuiatxo krema, berdura krema eta kalabaza krema (Pedro Luis); kalabaza krema (Gvtarra); kuiatxo krema gaztarekin, berdura mediterraneoen krema, kalabaza krema eta berdura krema (Eroski).

Olioak eta gantzak

Aztertu ditugun produkturik gehienek (17k, hain zuzen) oliba olio birjina estra daramate, gehienek %1eko proportzioan, nahiz eta Gallina Blanca etxeko kalabaza kremak %2,5 daukan. Gauza jakina da olio hori osasungarria dela, eta, gainera, zapore ona ematen du. Beste produktu batzuek, berriz, ekilore olioa daramate, segur aski merkeagoa delako: berdura mediterraneoen kremak, landako berduren kremak eta lorategiko berduren pureak (guztiak Knorr markakoak) eta Gvtarra kalabaza kremak. Beste produktu batzuetan gurina erabili da, eta horrek zapore berezia ematen dio eta lagundu egiten du testura krematsuagoa lortzen: Knorr etxeak beirazko ontzietan dakartzan kremetan (kalabaza eta zortzi berdura) eta berdura hautatuekin osatzen duen kreman. Beste osagai batzuk ere erabiltzen dira horretarako, adibidez esne gaina, gazta eta gurin gazura (gurina egitean sortzen dena); horiek ageri dira, adibidez, Eroskiren kalabaza kreman, Knorr etxeak landako berdurekin egin duen kreman eta Anko etxearen kalabaza eta orburu kremetan. Nutrizioaren ikuspuntutik, gurina erabiltzen denean oliba olioaren edo ekilore olioaren ordez, produktu horrek kopuru handiagoetan izaten ditu gantz saturatuak, eta horiek, oro har, saturatugabeak baino okerragoak dira. Nolanahi ere, aldeak ez dira hain handiak ere kopuruak kontuan hartuta (Knorr etxeak gurinarekin egindako produktuetan, %2koa da gantz saturatuen proportzioa).

Lodigarriak

Krema batek izaten duen testura fin eta biskatsua lortzeko, esnetik datozen elementu koipetsuak ez ezik (esne gaina edo gurina, esaterako), lodigarriak ere erabiltzen dira. Artoaren almidoia da gehien erabiltzen denetakoa, adibidez Eroski kremetan eta Gallina Blanca etxekoetan, baina beste bitarteko batzuk ere erabiltzen dira, adibidez babarrun zuriak (Gvtarra etxeko kalabaza kreman), eta patata ere bai, gure etxeetan egiten dugun bezala. Produktu batzuek kopuru handietan izaten dute osagai hori, adibidez lorategiko berdurekin egindako kremak (%16), landako berduren kremak (%15) eta zainzuri kremak (%12), guztiak ere Knorr etxekoak. Pentsa liteke kostuak merkatzeko egiten dutela hori, patata merkeagoa baita berdurak eta barazkiak baino (interes gutxiago du nutrizioaren ikuspegitik), baina gorputz handia ematen dio produktuari.

Azukrea

Azken urteetan etsai gaiztoenaren parean jarri dute azukrea, eta gaur egun, produktu batean azukrea agertze hutsak zalantza eragiten du pertsona askorengan. Batzuetan, ordea, kopuru txikietan erabiltzen da osagai hori, eta ez du kezkarik eragiten osasunaren ikuspegitik. Hori gertatzen da gida honetarako aztertu ditugun kremekin, zehazki Knorr etxekoekin (salbu eta landako berdurez egina dagoenarekin) eta Eroski etxekoekin, non azukrea erabiltzen den zaporea zertxobait hobetzeko, azidotasuna arindu nahian, etxean tomate frijitua egiten dugunean bezala.

Nekazaritza ekologikoa edo jasangarria?

Produktu batzuetan, Knorr etxeko kremetan esaterako, begetalek jatorri jasangarria dutela esaten da (ezkerrean), baina aipu hori ez du jasotzen legeak, eta, hortaz, ez da oinarritzen irizpide objektibo eta arautuetan. Beste batzuetan, adibidez Pedro Luis kremetan (eskuinean), barazkiak nekazaritza ekologikotik datozela esaten da, eta hori bai, hori arautua dago, zehazki 2018/848 Araudian, zeinak zehaztu egiten dituen zer-nolako baldintzak bete behar diren produktu bati etiketa hori jarri ahal izateko (adibidez, fitosanitario gutxi batzuk erabiltzeko aukera ematen du, ohiko nekazaritzan baino gutxiago).

Nutrizio arloko osaera. Nola interpretatu?

Etiketan ageri den beste alderdi garrantzitsu bat nutrizio arloko informazioa da, eta horrekin osatu egin behar genuke osagaien zerrendak esaten diguna. Atal horretan, batez ere, elikagaiak ematen duen energia kantitatea axola zaio jendeari. Kremek energia gutxi ematen dute, 106 kilokaloria baino ez errazio bakoitzeko (meloi xerra batek adina). Honako hauek ageri dituzte baliorik handienak: Alicia (172,5 kcal errazioko), 8 berdurako krema (167,5 kcal errazioko), biak Knorr etxearenak, eta Gvtarra etxeko kalabaza krema (137,5 kcal errazioko); gutxien, berriz, beste hauek: Ligeresa etxeko berdura krema (70 kcal errazioko), Ankoren kalabaza krema (70 kcal errazioko), Eroskiren kuiatxo krema ahuntz gaztarekin (77,5 kcal errazioko) eta Knorren zainzuri krema (77,5 kcal errazioko). Nolanahi ere, gure kezkak ez luke izan behar zenbat kaloria hartzen dugun, nondik datozen baizik.

Adibidez, ez da gauza bera 100 kilokaloria lortzea txokolatezko opil batetik edo sagar batetik, azken horrek mantenugai interesgarriak izaten dituelako, eta lehenbizikoak, aldiz, kopuru handietan ematen dituelako azukreak, irin finduak, eta abar. Kaloria gutxien ematen duten krema horietan, ura ageri da kantitate handietan eta begetalak txikiagoan, eta horrek azalduko luke zergatia. Nutrizio arloko informazioak azaltzen digu, halaber, aztertu ditugun produktu batzuek gantz saturatu asko samar dutela beste batzuen aldean. Knorr etxeak beirazko ontzietan dakartzan kremei buruz ari gara (kalabaza krema eta zortzi berduratakoa) (5 g errazioko), horiek gurina baitaramate. Beste muturrean, Knorr Ligeresa berdura krema eta lorategiko berduren purea dago (0,3 g errazioko). Kopuruetatik harago, gantz hori zer motatakoa den ikusi behar genuke, hori baita garrantzitsua. Gantzei buruz ari garela, egokiena litzateke oliba olioarekin egindako produktu bat hautatzea. Produktu horietako batzuek zuntz dezente ematen dute, adibidez Gallina Blanca eta Anko etxeko berdura kremek: hurrenez hurren, 4,8 eta 4 gramo errazio bakoitzeko.

Erne gatzarekin

Nutrizio arloko informazioari dagokionez, bereziki gatz kantitatea zaindu behar da produktu mota honetan. Kozinatuta datozen kremek eta pureek gatz gehiegi izateko ospea eduki dute beti. Hori hala den jakiteko, lehenik azaldu egin behar da zer den gatz gehiegi izatea. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren arabera, elikagai batek gatz asko edukiko du 1,25 gramo edo gehiago dituenean 100 gramo bakoitzeko. Aztertu ditugun kremetan, batez beste 0,71 gramokoa da gatz kopurua 100 gramo bakoitzeko, eta ezin esan hori gehiegi denik.

Kontuan hartu behar da, dena den, produktu mota horren errazio bat 250 gramokoa izaten dela, eta hortaz, gatz kopurua 1,78 gramokoa izango da errazio bakoitzeko, handi samarra (Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du egunean ez hartzea 5 gramo gatz baino gehiago, eta, beraz, plater bakar batekin ia 2 gramo hartzen baditugu, oso litekeena da egunaren buruan aise gainditzea 5 gramoko muga gainerako otorduekin). Beste muturrean, Anko etxeko garbantzu eta berdura krema dago eta Pedro Luisen berdura krema (biak 2,50 g gatzekin errazio bakoitzeko), eta ondotik Eroskiren kalabaza krema (2,08 gramo errazio bakoitzeko). Horrek esan nahi du, azken produktu horietatik errazio bat janda, egunean hartu behar litzatekeen gehienezko gatz kopuruaren erdia hartuko genukeela (eguneko muga 5 gramoan ezartzea gomendatzen dute). Gatz kantitatea gehiago baldintzatzen du krema motak enpresak baino. Ikusi berri dugun bezala, Anko markako bi produktu ageri dira muturretan: etxe horrek egiten ditu gatz gehien duena (2,50 g errazioko) eta gutxien duena (1,25 g errazioko).

Gatzaren podiuma*

GEHIEN DUTEN PRODUKTUAK

  • Anko garbantzu krema berdurekin: 2,50 g
  • Pedro Luis berdura krema: 2,50 g
  • Eroski kalabaza krema: 2,08 g

GUTXIEN DUTEN PRODUKTUAK

  • Knorr kuiatxo krema: 1,25 g
  • Pedro Luis kalabaza krema: 1,50 g
  • Anko berdura krema: 1,60 g

Batez bestekoa: 1,78 g errazioko

*Errazioaren datuak. AESANek dio muga osasungarria 1,25 g-koa dela 100 gramo bakoitzeko. Baina berdura kremaren errazioak 250 gramo ditu, eta, hortaz, kopuru handia da (kontuan hartu behar da dietaren arloko gomendio orokorrak egunean 5 gramoko muga ezartzen diola gatz kontsumoari).

Jasangarritasunaren alde

Aztertu ditugun produktu batzuek ontzian aipatu egiten dute lehengaien jatorria, eta “nekazaritza jasangarritik” lortuak direla esaten dute, baina ez dute informazio gehiagorik ematen horri buruz. Aipu hori ez du jasotzen legediak, eta, hortaz, ez da oinarritzen irizpide objektibo eta arautuetan. Hori gertatzen da Knorr kremekin.

Publizitatearen amuak

Aztertu ditugun produktu askotan publizitate mezuak ageri dira, enpresek beren borondatez jartzen dituztenak eta legez arautu gabe daudenak, eta horrek esan nahi du modu arbitrarioan interpretatu daitezkeela. Knorr etxeak beirazko ontzietan dakartzan kremek, adibidez, ‘%100 naturala’ aipua ageri dute, eta Gallina Blanca etxekoak ‘etxekoa’ terminoa. Azken horietan nabarmendu egiten da, halaber, kontserbagarririk ez daramatela, baina produktu horiek berez ez dute behar halakorik, esterilizatu egiten baitituzte. Horregatik, erosteko garaian, kontsumitzaileak ez du oinarritu behar gisa horretako mezuetan. Kremarik onenak, nutrizioaren ikuspegitik, barazki askorekin egina izan behar luke, gatz gutxi eduki behar luke eta oliba olioa eraman behar luke osagaien artean

Formatu bat baino gehiago

Aztertu ditugun kremak bi ontzi motatan merkaturatzen dira: beira (adibidez, Knorr etxeko kalabaza krema eta zortzi berdurakoa, eta Anko eta Pedro Luis etxeetakoak) eta brik-a (gainerakoak).

  • Ontzi gardenetan datozen kremak. Beirak itxura tradizionalagoa eta etxekoagoa ematen dio produktuari, eta barrenean zer dagoen ikusteko aukera ere ematen du, baina horrek badu desabantaila bat: argiari pasatzen uzten dio, eta horrek aldarazi egin ditzake kremen ezaugarri organoleptikoak, eta kolore, lurrin eta zapore arraroak agerrarazi. Horrek azaltzen du Knorr markako ontziak zergatik dauden bilgarri opaku batek inguratuta: zati txiki batean bakarrik ikus daiteke barrenean zer dagoen. Beirazko ontziek, gainera, aukera ematen dute erraz birziklatzeko eta berrerabiltzeko (horixe nabarmentzen dute Knorr etxekoek), baina astunagoak eta hauskorragoak ere badira.
  • Brik-ean datozen kremak. Brik-ari dagokionez, abantaila asko duen ontzi mota da: arina da, sendoa, beirak baino leku gutxiago behar du eta errazago gorde daiteke biltegian. Gainera, opakua da, eta horrek elikagaia babestu egiten du argiaren eraginetik, hau da, produktua hobeto kontserbatzeko aukera ematen du. Hain onak ez diren alderdiak ere baditu; adibidez, ez du aukerarik ematen barrenekoa ikusteko eta zaila izaten da horiek birziklatzea, hiru material biltzen baititu sei geruzatan (kartoia, aluminioa eta polietilenoa); hori dela eta, ez da hain jasangarria. Eta jasangarritasunaz ari garenez, nabarmentzekoa da produktu batzuek aipu bat dakartela ontzian lehengaien jatorriari buruzkoa, “nekazaritza jasangarritik” lortuak direla esanez, baina ez dute informazio gehiagorik ematen horri buruz. Hori gertatzen da Knorr kremekin. Ontzi mota bat edo bestea aukeratzeko orduan, erabilgarritasuna ere kontuan hartu beharrekoa da. Adibidez, irekitzeko garaian, pertsona batzuentzat errazagoa izan daiteke brik-aren ertz bat moztea eta ez poto baten tapa biratzea. Aldiz, ireki ondoren sobera gelditu dena kontserbatu nahi dugunean, beira praktikoagoa da, hermetikoki ixten baita. Nolanahi ere, etiketan ageri diren jarraibideak errespetatu behar ditugu, hau da, hozkailuan sartu eta ireki ondorengo hiru egunetan jan.

Nola egiten dira eta zergatik kontserbatzen dira?

Aztertu ditugun kremak osagai hauekin eginak daude oinarri-oinarrian: begetalak, ura, olioa, esne gaina, gatza eta almidoia (azken hori testura lodia lortzeko). Etxean egingo genukeen bezala kozinatzen dira, baina kantitate handiagoetan. Ondoren birrindu egiten dituzte eta tratamendu termikoa ematen diete esterilizatzeko (ontziratu aurretik edo ondoren, ontziaren arabera), eta horri esker, luzaroan kontserbatzea lortzen da, baita giroko tenperaturan ere, kontserbagarririk erabili beharrik gabe. Ez dago trikimailurik.

Aurrezten ote da krema etxean prestatuta?

Etxean egindako berdura krema (1 litro): 1,62 euro (1,53, osagaiak + 0,09, suministros)

  • Osagaiak: 660,5 g.
  • Suministros: Ur gastua, argindar gastua (birrintzeko eta kozinatzeko behar den energía)
  • Prestatzeko denbora + kozinatzea: 35′.

Berdura krema industriala (1 litro: Berdura krema Gallina Blanca.

Hornigaietan egiten den gastua kalkulatzeko, argiak merkatu librean duen prezioa hartu da kontuan, tarifa egonkorrarekin, eta biderkatu egin da bitrozeramika plakak duen potentziarekin eta elikagaiak kozinatzeko eta birrintzeko behar den denborarekin. Kontsumitzaileak ikusi beharko du ea merezi duen, denbora eta aurrezten dena kontuan hartuta.

Prezioen gorabeherak

Aztertu ditugun krema guztiak kontuan hartzen baditugu, errazioaren batez besteko prezioa 1,05 €-koa da, baina alde handiak daude batzuetatik besteetara. Garestienak Knorr etxeko kalabaza krema eta zortzi berdurako krema dira (1,66 € errazioko), eta ondoren datoz Pedro Luis markakoak 1,39 €) eta Anko etxeko kalabaza eta berdura kremak (1,37 €). Prezio horien zergatiak aztertzen hasita, izan liteke beirazko ontzian datozelako, elementu koipetsu garestiak darabiltzatelako (gurina edo oliba olio birjina estra) eta begetal asko daukatelako (%40-60 inguru). Los precios más bajos corresponden a las cremas de Eroski (0,57 €/ración) que, a pesar de ello, están elaboradas con aceite de oliva virgen extra (1%) y compuestas por una proporción de vegetales (33-42%), similar a la de otras cremas que tienen un precio superior, como algunas de la marca Knorr. Gida hau egiteko, 500 ml-ko ontziak hartu ditugu eredutzat, baina kontuan hartu behar da formatu handiak merkeagoak direla beti. Adibidez, Gallina Blanca etxeko kalabaza kremaren errazio bat 0,78 € kostako litzateke litro bateko ontzian, eta 500 ml-koan 0,95 € kostatzen da.

Produktu prozesatu guztiak ez dira osasungaitzak

Alderatu ote daitezke krema industrial bat eta etxean egina? Askotan pentsatzen dugu elikagai prozesatu guztiak osasungaitzak direla eta etxean egindako guztiak osasungarriak, baina hori ez da beti horrela. Lehenik eta behin, bereizi egin behar lirateke produktu ultraprozesatuak batetik, zeinak kopuru handietan izan ohi dituzten gatza, azukre erantsia, irin finduak eta energia ere dentsitate handian, eta, bestetik, produktu prozesatuak, zeinak osasungarriak izan daitezkeen, adibidez garbantzu kontserba bat edo poltsako entsalada bat. Eta badira, halaber, etxean eginak izanagatik, osasungaitzak diren produktuak ere, adibidez txokolatezko tarta bat. Aztertu ditugun krema hauetako gehienak osasungarritzat jotzeko modukoak dira, halaxe dio NutriScore sailkapenak. Izan ere, dezente izaten dituzte begetalak eta zuntza, kaloria gutxi ematen dute eta ia ez dute gantz saturaturik eta azukre erantsirik. Zaindu beharreko alderdia gatzarena izango litzateke, eta begetalen proportzioa ere bai, asko aldatzen baita produktu batetik bestera. Aukera egokia eginez gero (begetal asko duena, gatz gutxi eta oliba olioz egina), begetalekin egindako krema baten osaera arazorik gabe parekatu liteke etxean egindako batekin.

Ondorioak

Begetalekin egindako krema bat egoki hautatzeko, zenbait elementu hartu behar ditugu kontuan. Batez ere, zenbateko proportzioan dituzten osagai horiek, begetalak alegia. Datu horren berri izateko helburuz, beharrezkoa da etiketa egoki emana edukitzea eta informazio hori modu egokian agertzea. Komeni litzateke, gainera, produktuak ez edukitzea gatz askorik (ahal dela, 1,25 gramo baino gutxiago 100 gramo bakoitzeko) eta oliba olioarekin egina izatea. Ez litzateke beharrezkoa beste ezein osagai erabiltzea, baina ohikoa izaten da artoaren almidoia erabiltzea testura lodiagoa lortzeko. Ezaugarri horiek betetzen badira, produktua egokia izango da nutrizioaren ikuspegitik. Kontuan hartu beharreko beste ezaugarri batzuk dira prezioa eta ontzia (opakua izatea komeni, eguzkiaren argiak ez dezan kalterik eragin). Hori guztia kontuan hartuta, Gallina Blanca etxeko berdura krema nabarmenduko genuke guztien artean: prezio egokia du (0,95 € errazioko), begetal kopuru aipagarria (%56) eta nutrizio profil onargarri samarra (gatza da arazo bakarra, 1,88 gramo baititu 100 gramo bakoitzeko). Anko etxeko berdura kremak eta Pedro Luis markako kalabaza kremak ere aukera ona dirudite. Gatz gutxiago daukate (1,25 gramo eta 1,50 gramo errazio bakoitzeko, hurrenez hurren), osagai interesgarriak (tartean, oliba olioa), nutrizio profil ona eta, itxuraz, badirudi berdurak ere dezente dituztela, nahiz eta hori ez den ageri etiketan, agertu behar lukeen arren (Pedro Luis etxekoak, gainera, zehaztu egiten du berdurak freskoak direla). Prezioa, ordea, garestienetakoa dute (1,37 € eta 1,39 € errazioko, hurrenez hurren), eta beirazko ontzietan merkaturatzen dira, horrek dituen abantaila eta desabantailekin.

Begetalak eta gatza, etiketako bi izarrak

Erosketa Gida honetan 29 berdura krema alderatu ditugu, merkatuan punta-puntan dauden sei markatakoak. Aukera handia dagoenez, etiketako xehetasunei arreta jarri behar zaie onena hautatzeko: berdura portzentajea eta errazio bakoitzak duen gatz kantitatea.