Mokadu bakoitzak arrastoa uzten du planetan
Errezeta hau oso sinplea irudituko zaio agian norbaiti: bizkotxoa, txokolatea eta esne gaina. Baina sukaldean erabiltzen ditugun lehengaiak kontuan hartzen baditugu (kakaoa, irina, arrautzak, azukrea…), eta horri eransten badiogu osagai bakoitza egiteko erabiltzen den ura eta energia, ohartuko gara tarta zati batek baliabide asko behar izaten duela, inork uste duen baino askoz gehiago. Baina beti ez gara horretaz ohartzen: edozein produktuk edo egunero egiten dugun edozein ekintzak -jatea, janztea, lanera joatea… – baliabide asko eskatzen du, eta arrasto bat uzten du gure inguruan. Eragin hori kalkulatzeko, ingurumenaren gaineko arrastoa erabiltzen da; kontzeptu zabala da, eta horren bidez neurtzen da jarduera batek ingurumenaren gain duen eragin orokorra, eta lagundu egiten du zehazten jasangarria den edo ez. “Arrastoaren” kontzeptuak ingurumenaren gaineko eragina biltzen du arlo batean baino gehiagotan.
- Arrasto ekologikoa. Kontsumitzen ditugun baliabideak ekoizteko zenbat gainazal behar den neurtzen du (landaketa eremuak, larreak, basoak, arrantza guneak eta beharrezko azpiegiturak), eta zenbateko eremua behar den sortzen ditugun hondakinak bereganatzeko. Adibidez, zenbateko gainazala behar den litro bat esne ekoizteko adina larre izateko (esnearen ontzia egiteko behar diren baliabideak ere sartzen dira hor).
- Karbono arrastoa. Berotegi efektuko gasen isuri kopurua neurtzen du; egiten dugun jarduera bakoitzarekin zuzenean edo zeharka isurtzen den karbonoa da, eta CO2 tonatan neurtzen da. Esnearen adibidearekin jarraituz, esne litro bat ekoizteko prozesu guztian (hasi abeltegitik eta industria eta garraioraino), 1,6 kg CO2 isurtzen dira atmosferara.
- Arrasto hidrikoa. Kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuetan zenbat ur geza erabiltzen dugun kalkulatzen du. Water Footprint Network erakundeak emandako datuen arabera, 1.020 litro ur erabiltzen dira esne litro hori ekoizteko. Europako Batasunak 352 litrora murrizten du zifra hori. Hor barrenean sartzen da produktuari eransten zaion ura, kutsatzen dena, itsasora edo beste arro batera itzultzen dena eta baita prozesu guztietan lurruntzen dena ere.
- Ingurumenaren gaineko arrastoa. Aurreko biak ingurumenaren gaineko arrastoan sartzen dira, zeinak neurtu egiten duen ekoizpenak eta kontsumoak ingurumenean duten era gina, adierazle bat baino gehiago kontuan hartuta, adibidez ur kontsumoa, energia kontsumoa eta berotegi efektuko gasen isuriak. Esne litro horrek ingurumenean uzten duen arrastoaren barrenean sartzen da, adibidez, zenbat ur, gainazal eta argindar behar izan den ekoizpenean, zenbat erregai fosil erre den garraiatzean eta zenbat hondakin sortuko duten ontziek.
Gainditu egin ditugu lurraren mugak
WWF gobernuz kanpoko erakundeak Living Planet Report izeneko txostena argitaratzen du (Planeta Bizia), eta hor esaten duenez, gure arrasto ekologikoa ia %190 handitu da azken 50 urteetan. Horrek esan nahi du natura muga-mugara eramaten ari garela, sortzeko gai den baino gehiago ari garelako kontsumitzen. Hain zuzen, uztailaren 29an, gizateriak ahitu egin zituen Lurrak urte osorako eskain zitzakeen baliabideak. Lurraren Gehiegizko Gaitasunaren Eguna esaten zaio, eta Global Footprint Network (GFN) erakundeak kalkulatzen du. Data hori bi hilabete aurreratu da azken 20 urteetan. Kontsumoak erritmo horri jarraituz gero, 1,75 planeta beharko genituzke gure beharrizanak asetzeko. Data hori asko aldatzen da herrialdetik herrialdera. Qatar, adibidez, otsailaren 11n sartzen da defizit ekologikoan, eta Indonesia, berriz, abenduaren 18raino heltzen da behar baino baliabide gehiago erabili gabe. Japoniarrek, berriz, berea bezalako 7,7 herrialde behar dituzte beren beharrizanak asetzeko, eta Txinaren hedadura duten lau herrialde beharko lirateke urtero hango herritarren eskariak asetzeko. Espainiako Estatuan aurreikuspenak ez dira askoz hobeak. Maiatzaren 18rako agortuta zituen urte osorako baliabideak. Egun hori iritsi bitartean, Espainiaren neurriko 2,9 herrialdek behar luketena xahutuz bizi izan ziren herritarrak, datu hori eman du Global Footprint Network erakundeak.
Elikagaien arrastoa
Ikusi dugun bezala, ekintza orok arrasto jakin bat uzten du planetan: izan daiteke berokuntza globala eragitea, berotegi efektuko gas isurien ondorioz (karbono arrastoa), izan liteke baliabideak agortzea edo ozono geruza hondatzea, besteren artean. Bereizita hartuz gero, eragin edo inpaktu bakoitzak alderdi bat islatzen du, elikagai batek uzten duen arrasto globalaren zati bat. Hau da, elikagai horren karbono arrastoa edo arrasto hidrikoa bakarrik hartzen badugu kontuan, bazterrean uzten ariko ginateke ekosistemari eragiten zaizkion beste kalte nabarmen batzuk. Ikuspegi osoagoa edukitzeko, Europako Batasuna metodologia harmonizatu bat lantzen ari da ingurumenaren gaineko arrastoa kalkulatzeko, eta bizi ziklo osoa sartzen du hor, hasi lehengaiak ateratzen diren unetik eta kontsumitu ondoren sortzen diren hondakinetaraino, eta tartean, beste 15 eragin mota hartzen ditu kontuan. “Datu asko behar da kalkulu hori egiteko”, baieztatu du Saioa Ramosek, Azti erakundeko ikertzaileak (elikaduraren balio katean espezializatua dagoen zentro teknologikoa da). “Jogurtaz ari garenean, adibidez, beharrezkoa da eskuetan izatea esnearen arloan diharduen enpresa horrek esnea erosten dien etxalde guztien datuak, eta pentsuak egiteko erabiltzen diren lehengai guztiak nolakoak diren eta nondik datozen. Baita zenbateko distantziak egiten dituzten garraioan eta nolako kamioiak erabiltzen diren ere. Behin fabrikara iritsita, kontuan hartu behar dira argindarra, gas naturala, ura… eta ontziak. Eta ez da ahaztu behar supermerkatura eta gure etxeetara iristeko egiten duten bidea ere”, azaldu du adituak. Datu horiek biltzeko zailtasunari erantzuteko sortu da ElikaPEF izeneko proiektua -Eroskik bultzatu du eta Azti ari da koordinatzen -; sistema aurreratu bat da, Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaiek ingurumenean uzten duten arrastoa kalkulatzeko, informazioa biltzeko eta egiaztatzeko. “Tresna horrekin, enpresek errazago bildu ahalko dituzte datuak, eta ondoren, beren produktuek ingurumenean duten eragina kalkulatu”, adierazi du Ramosek. Eragin horien berri izanda, enpresek neurriak eta estrategiak diseinatu ahalko dituzte kalteak murrizteko, aukera emango baitie prozesu eraginkorragoak eta ingurumenean arrasto txikiagoa uzten dutenak txertatzeko. Kontsumitzaileei gauzak argitzeko asmoz, EB-k ingurumenaren gaineko arrastoa neurtzeko landu duen sistemak aurreikusia dauka etiketa bat sortzea, Nutri-Score delakoaren antzekoa (elikagai baten nutrizio kalitatea neurtzen du). Ingurumen arloko etiketa horrek lagundu egingo digu erosketak egiteko garaian erabaki arduratsuak hartzen, kontuan hartuko baititu ez bakarrik elikagaiaren jatorria eta ontziaren materiala adibidez, baita garrantzi handiko beste hainbat alderdi ere.
Lehengaiak lortzeko prozesutik hasi eta azken kontsumitzailearengana heldu arte, ur asko behar izaten da elikagai bat ekoizteko bidean. Baina arrasto hidrikoa ez da berdina produktu guztietan
- Tomata: 217 l/kg
- Letxuga: 237 l/kg
- Patatak: 287 l/kg
- Sagarra: 822 l/kg
- Ogia: 1.608 l/kg
- Pasta: 1.849 l/kg
- Arroza: 2.497 l/kg
- Txahala: 15.415 l/kg
- Txokolatea: 17.196 l/kg
Iturria: Water Footprint Network.
Zenbat kostatzen zaio planetari nik jaten dudana?
Elikaduraren arloan ditugun ohiturak goitik behera ari dira irensten gure planeta, eta janariak pisu handia du oso guk uzten dugun arrastoan. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egindako kalkuluen arabera, munduan kontsumitzen den energia guztiaren %30 hartzen du elikagaien ekoizpenak, eta berotegi efektuko gas isurien %22 eragiten ditu. Horretaz gain, eskura dagoen ur gezaren %70 erabiltzen dituela kalkulatzen da eta Lurreko gainazalaren %11. Elikagaiei lotuta dagoen sistemak bete-betean eragiten dio klima aldaketari. Klima Aldaketaren inguruko Gobernuarteko Panela (IPCC) osatzen duten adituek berriki egin duten txosten batean (Klima aldaketa eta zoruen erabilera), elikagaiei lotutako sistema eraldatzeko deia egin dute klima aldaketari aurre egiteko helburuz. Mehatxu horrek, gainera, estres gehigarri bat eragiten du zoruetan, handitu egiten du degradazioa eta urritu egiten da elikagaien hornidura (gutxitu egiten direlako, adibidez, gari eta arto landaketak).
Zer aldatu behar da?
Baliabideak neurrigabe xahutzeak azkartu egiten du klima aldaketaren abiadura, eta sekula ezagutu gabeko mailetara iritsi da. Hortaz, planetaren mugak gainditu gabe bizitzeak bai edo bai eskatzen du kontsumoa murriztea, zentzu guztietan. Gobernuek, ekoizleek eta kontsumitzaileek apustu egin behar dugu, gainera, ingurumena gehiago errespetatuko duten ekoizpen eta kontsumo moduen alde. Lehen ikusi dugun bezala, gaur egun darabilgun ekoizpen sistemak kopuru handietan eskatzen du ura, lurra eta energia. “Hori hobetzeko, nahitaezkoa da jardunbide egokiak erabiltzea nekazaritzan eta abeltzaintzan”, adierazi du Celsa Peiteadok, WWF erakundeak nekazaritzarako duen adituak. Hori lortzeko modu ona da ongarri naturalak erabiltzea kimikoen ordez eta arraza autoktonoak eta tokiko laboreak hautatzea, “hobeto egokitzen baitira lurralde bakoitzeko klimaren eta lurren baldintzetara”. Abeltzaintza estentsiboaren alde egiteak lagundu egiten du larreak babesten -karbono isurbideak dira – eta erabilera ematen die landa eremuei. “Gainera, beharrezkoa da ureztatze urri kontrolatua erabiltzea, hau da, laboreak behar duen ura baino ez erabiltzea kalitatezko uzta lortzeko, eta, aldi berean, ibaiak eta uretako ekosistemak errespetatzea”, azaldu du adituak. Ez daitezke albo batera utzi ekoizpen metodo jasangarriak, adibidez ziurtagiri ekologikodunak, Marine Stewardship Council zigilua (MSC), zeinak bermatu egiten duen ingurumena errespetatu egin dela, edo GlobalG.A.P zigilua (Good Agricultural Practice), zeinak egiaztatu egiten duen, besteren artean, nekazaritzan jardunbide egokiak erabiltzen direla edo akuikulturatik datorren arrainaren jatorria jasangarria dela.
Arduraz erosi
Txanponaren beste aldea ere, kontsumoa alegia, funtsezkoa da aldaketa horretan. Kontsumitzaileek aukera dugu arduraz erosi eta egunerokoan ingurumenean uzten dugun arrastoa murrizteko. Hori egiteko, produktuaren bizi fase guztiak eduki behar ditugu kontuan: ekoizpena, kontsumoa eta hondakinak. Deus gutxirako balioko du plastikozko ontzi bat saihesteak, baldin eta elikagai hori ekoizteko garaian izugarrizko eragin hidrikoa utzi badu jatorrizko lekuan edo baldin eta ongarri asko erabili eta ura eta zorua kutsatu badira. Oraindik ez da sortu etiketarik produktu batek ingurumenean zenbateko arrastoa uzten duen adierazteko, baina ohitura batzuk barneratuz gero, kontsumitzaileak murriztu egin dezake eragin kaltegarri hori (ikus 49. orrialdeko atal laburra). Erostera joandakoan aldaketa txiki batzuk egiteak eragin handia eduki dezake gure osasunean eta elikagaiak ekoizteko gaitasunean. Eta zuk, nolako arrastoa utzi nahi duzu munduan?
Nola izan kontsumitzaile arduratsuagoa
Brenda Chavez abokatua da eta kazetaria ere bai, kontsumo jasangarrian espezializatua, eta Tu consumo puede cambiar el mundo liburua idatzi du (Zure kontsumoak aldatu egin dezake mundua). Lan horretan, gako batzuk ematen ditu ingurumena gehiago errespetatzen duten produktuak hautatzeko.
- Egin apustu tokiko produktuen edo hurbilekoen alde eta murriztu garraioa.
- Saihestu elikagai prozesatuak edo ultraprozesatuak, eta hautatu produktu freskoak eta sasoikoak. Erosi handizka, ahal dela. Eraman itzazu zeure ontziak eta oihalezko poltsak, eta saihestu plastikoz eginda dauden ontziak.
- Bila itzazu modu jasangarrian ekoitzi izanaren zigilua daramaten elikagaiak, adibidez ziurtagiri ekologikoa dutenak.
- Egin ihes elikagai kilometrikoei. Nahiz eta nekazaritza ekologikotik etorri, planetako beste muturretik datozen ahuakateak edo bananak erostea ez da batere jasangarria. Badira gure saltokietara hurbilagotik etorri diren beste aukera batzuk.
- Egin apustu artisau erako arrantzaren eta tokiko arrantzaren alde. Industrialak baino arrasto txikiagoa uzten du, eta gehiago errespetatzen ditu ozeanoak. Bila itzazu MSC zigilua daramaten produktuak arrandegian ere: bermatu egiten du modu jasangarrian lortu direla.
- Haragia erostean, hauta itzazu abeltzaintza estentsibotik edo ekologikotik datozenak, industriala baino hobeak baitira, azken horrek eragin handiagoa baitu ingurumenean.
- Ez alferrik galdu elikagairik, eta, horretarako, planifikatu ongi erosketak. FAOk emandako datuen arabera, urtero 1.300 milioi tona elikagai botatzen ditugu zaborretara.
- Eskuratu bidezko merkataritzatik datozen produktuak, horiek bermatu egiten baitute ekoizleek lan baldintza duinak izan dituztela eta ingurumena errespetatu egin dela.
Esne litro bat ekoizteak uzten duen arrastoak eragina du airean, zoruan, urean eta baliabideetan. Produktu horrek sortzen dituen eragin nagusiak aztertu ditugu. Beheko grafikoan ikus daiteke eragin horiek nola banatzen diren esnearen bizi zikloan.
- Azidotzea. Atmosferara isurtzen den CO2-aren eraginez, jaitsi egiten da ozeanoen pH-a. Hidrogenozko ioien kontzentrazioaren bidez neurtzen da. 0,0128 hidrogeno mol, pasta lehor kilo bat egitean isurtzen dena baino hiru aldiz gutxiago
- Airean dauden partikulak. Airean dauden kutsatzaileak. Partikula horiek 2,5 mikrometrokoak edo txikiagoak izaten dira. 0, 000000105 kg. Pasta kilo batek isurtzen duena baino hiru aldiz gutxiago.
- Ur geza eutrofizatzea. Industriako jarduerak isuri toxikoak eragiten ditu, eta horiek ibaietan, aintziretan eta urtegietan bukatzen dute. 0, 0001144 kg fosforo. 75 ml ardo ekoizteak kutsatzen duenaren pareko.
- Baliabideak agortzea. Erregai fosilen gastu potentziala, adibidez petrolio edo ikatzarena. 2,27 kilowatt/orduko. Pasta kilo batek, adibidez, 10 kWhko kontsumitzen du.
- Klima aldaketa. Berotegi efektuko gasen isuriak. 1,61 kg de CO2 . Autoan 9 km egitearen parekoa da.
- Uraren erabilera. Erabilitako ur kantitatea, ur hori eskuratzen den eskualdean edo arroan dagoenarekin alderatuta. 383 litro. 9 minutuko bi dutxa baino gehiago da hori.
- Itsasoa eutrofizatzea. Nitrogenoa areagotzea, animalien gorozkien eraginez, besteak beste. Algak eta beste landare batzuk hazten dira horren eraginez, eta arrainak behar adina oxigeno gabe gelditu daitezke. 0,00383 kg nitrogeno. Ia 10 aldiz gutxiago 75 ml ardok baino.