Egia edo gezurra: zigarreta elektronikoak, ez dago ke kaltegaberik
Bizioa kentzeko asmoz sortu zen, baina mendekotasuna sortu dio inoiz erre ez zuen hainbat jenderi. Espainiako osasun ministerioak egindako inkesta baten arabera, nerabeen erdiek probatu dute eta %92k uste dute aukera osasungarria dela tabakoaren aldean. Baina zientziak zalantzan jartzen du kaltegabea dela, eta zenbait herrialdetan galarazi egin dute salmenta. Desmuntatu egingo ditugu gailu horien atzean dauden mitoak.
Bapeatzearen lurrina ez da toxikoa / Gezurra
Zigarreta elektronikoak daramatzan substantziez hitz egiten denean, likidoan daudenak aipatu behar dira eta hura berotzean sortzen direnak, zeinak lurrunaren bidez azaltzen diren.
- Zigarretaren likidoak propilenglikola darama gehienbat (segurutzat jotzen da elikaduran erabiltzen denean, sendagaietan edo kosmetikoetan, baina ez dakigu segurua den arnasten denean), glizerina ere bai (hori ere segurua da, ahotik hartzen denean) eta nikotina (0 eta 36 mg-ko dosietan mililitro bakoitzeko). Zapore emaileak eta beste gehigarri batzuk ere izaten dituzte, batez ere faringeko narritadura murrizteko.
- Lurrunak zenbait substantzia izaten ditu, horietako batzuk tabakoarenak bezalakoak, adibidez formaldehidoa, azetaldehidoa eta akroleinak, eta baita zenbait metal ere, nikela, kromoa eta iodoa esaterako. Konposatu horiek guztiek zerikusia dute minbizia sortzeko arriskuarekin. Zigarreta elektronikoetan kontzentrazioa txikiagoa izaten da tabakoan baino, hori hala da, baina Pneumologiako eta Toraxeko Kirurgiako Espainiako Elkarteak dioenez (SEPAR), kopuru hori zenbait gaitz agertzeko bezain handia da: Biriketako Gaixotasun Kroniko Buxatzailea (BGKB), arnasbideetako infekzioak, neurotoxikotasuna (nerbio ehunei erasaten dieten toxinak) eta hodietako gaixotasunak.
Tabakoa askoz okerragoa da osasunerako / Egia
“Tabakoaren keak eragiten duen kaltearekin alderatuta, edozer da hobea. Baina horrek ez du esan nahi bapeagailua kaltegabea denik eta haren kontsumoa arazo ez denik osasunerako”, adierazi du Jaime Signes-ek, pneumologoa bera eta Tabakoaren arloko koordinatzailea SEPAR erakundean. Egia da zigarreta elektronikoek ez daukatela eta ez dutela erretzen tabakorik, eta prozesu horretan 7.000 produktu kimiko sortzen dira, eta horien artean badira minbizia eragiten dutenak ere, 70 gutxienez. Egiaztatua dago, dena den, minbizi sortzaile izan daitezkeen substantzia batzuk, zehazki formaldehidoa eta akroleina, zigarretaren keak izaten dituen bezain ugariak direla.
Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) aztertu egin zituen 18 bapeagailuren likidoak eta ikusi zuen bazituztela ekoizleek adierazten ez zituzten substantzia toxiko eta kantzerigeno batzuk (legeak oraindik arlo hori arautu ez duela baliatuz). Dietilenglikola da horren adibide bat, izotzaren kontrako gisa ere erabiltzen dena.
Arrisku txikia du / Gezurra
Bapeatzea kontu berri samarra da (2000. urtean agertu ziren lehenbiziko gailuak), eta ez dago urteetan zehar egindako txosten epidemiologikorik, epe luzera nolako eragina duten jakiteko balio dezakeenik. In vitro egindako ikerketek (zelulen egituretan) eta izaki bizidunekin egindakoek (animalia eta gizakiekin) baieztatu egin dute gai direla asma krisiak eragiteko nerabeetan eta arnasbideetako sintomak areagotu egin ditzaketela biriketako patologia kronikoak (BGKB) dituztenen artean. Thorax aldizkarian argitaratu den ikerketa batek frogatu egin du lurrunak handitu egiten duela hantura eragiten duten substantzia kimikoen ekoizpena eta desaktibatu egiten dituela babes zelulak, zeinen ardura baita guneak libre mantentzea kaltegarriak izan daitezkeen partikuletatik. Berriki, New York-eko Unibertsitateko ikertzaileek 40 karraskari jarri zituzten bapeagailuen kearen eraginpean, eta urtebeteren buruan, bederatziri biriketako minbizia agertu zitzaien, eta erdiek baino gehiagok aldaketa genetikoak izan zituzten
Haurdun daudenek ez dezakete erre, baina bai bapeatu / Gezurra
Bapeatzeak eragin kaltegarria dauka enbrioietan, eta betiko zigarretak eragiten duenaren antzekoa da oso. Jan Tesarik zientzialariak ikerketa bat argitaratu zuen Journal of Gynecology and Womens’ Health aldizkarian; amaren odol zirkulazioan ageri den DNA librea aztertu zuen, eta ikusi zuen kalteak ageri direla emakume bapeatzaileen enbrioietan. Stanford-eko Institutu Kardiobaskularrak landutako txosten batean (AEB) ageri denez, tabakoak, zigarreta elektronikoek eta ordezko partxeek daukaten nikotinak kalte nabarmena egiten diote enbrioiaren bilakaerari, substantzia horren eraginpean egoteak eragina duelako zelulen komunikazioan, murriztu egiten duelako zelulen hazkundea eta aldarazi egiten duelako gene batzuen lana, adibidez bihotzaren taupadak doitzeko funtzio garrantzitsua betetzen dutenena.
Nikotina daramatenak kaltegarriagoak dira / Egia
Zigarreta elektroniko guztiek ez daukate nikotina, baina gehienek bai. Alkaloide hori berezkoa du tabakoak (eragin kaltegarriak ditu nerbio sistema zentralean, sistema endokrinoan, bihotzhodietako sisteman, gihar-hezurduren aparatuan, arnasketa sisteman, urdailhesteetako aparatuan eta metabolismoan oro har), eta horren eragina berdin-berdin azaltzen da nikotina daukaten zigarreta elektronikoak erabilita. Gainera, bapeagailua bukatzeko zupada gehiago eman behar zaizkio ohiko zigarreta bati baino. Tabakoa erretzen denean, 0,7 mg nikotina xurgatzen dira gutxi gorabehera (markaren araberakoa da hori), eta ohiko zigarreta bat osorik erretzeko zortzi zupada behar izaten dira, batez beste. Zigarreta elektronikoen kartutxoa osorik kontsumitzeko, berriz, zupada gehiago eman behar zaizkio, eta horrek esan nahi du, osotara, tabako zigarreta gehiago erretzea bezala litzatekeela. Marka batzuek 360 zupada eskatzen dituzte kartutxo osoa bukatzeko, beste batzuek 220 eta beste zenbaitek 100, eta ohiko zigarretekin baliokidetasunak eginda, 45, 25 eta 12,5 izango lirateke, hurrenez hurren.
Lagundu egiten dute erretzeari uzten / Gezurra
Auzi horren inguruan egin diren ikerketa independente guztietatik, bakar batek ere ez du lortu frogatzea eraginkorrak direla tabakoa uzteko. Espainiako Estatuan, medikuen komunitateak ez dauka zalantzarik: ez da tratamendu eraginkorra eta ez da gomendagarria erretzeari uzteko metodo gisa. Normalean, tratamendu farmakologikoak ezartzen dira, adibidez nikotinaren ordezkoak, bupropiona eta bareniklina. SEPAR erakundearen arabera, erretzeari uzteko asmoz gailu horiek erabiltzen hasten diren pertsonen %60 eta %65 artean erretzaile dual bihurtzen dira, hau da, konbinatu egiten dituzte zigarreta elektronikoak eta ohikoak.
Ez du sortzen mendekotasunik / Gezurra
Gai horren inguruan egin den ikerketa batek (Use, effects on Smoking, Risks and Policy Implicactions) salaketa bat jartzen du mahai gainean: “Bapeatzeko gailuak jende gaztea erakartzen ari dira, beste modu batez tabakoa erretzen hasiko ez litzatekeen jendea”. Azken lau urteetan, %2tik %16ra igo da zigarreta elektronikoak darabiltzaten gazteen portzentajea. SEPARek baieztatzen duenez, zigarreta elektronikoari esker tabakoa uzten duten erretzaileen %80k jarraitu egiten dute erabiltzen urtebeteren buruan, eta horrek erakutsiko luke mendekotasuna sortzen dutela.
Ez dago bapeatzaile pasiborik / Gezurra
Zenbait ikerketak neurtu dute zer-nolako isuriak eragiten dituzten bai zigarreta elektronikoak eta bai betikoak. Tabakoa daramatenek askoz ere isuri gehiago sortzen dute (901 ug/m3 zigarretak eta 43 ug/m3 bapeagailuak). Azpimarratzekoa da, dena den, OMEk substantzia horientzat ezartzen duen muga 43 ug/m3-ko kopuruaren azpitik dagoela zertxobait. Hortaz, bapeagailuaren isuriekin ere gainditzen ariko ginateke osasunerako segurua jotzen den muga.
Bapeagailua eta e-cigarrette ere esaten zaio gailu horri, eta hiru elementuk osatzen dute: bateria, atomizagailua eta kartutxoa. Azken hori likido batekin betetzen da, eta likido horrek substantzia mota bat edo bestea eduki dezake, ekoizlearen arabera: propilenglikola, glizerina edo nikotina. Bapeatzean, bateria abian jartzen da eta berotu egiten du atomizagailua. Kartutxoak duen likidoa atomizagailuaren barrenera isurtzen da, eta gune beroa ukitzea, lurrun bihurtzen da.