Egun osoa eski estazioan

Eski egun bat: inprobisazio gutxi, eta lan asko

1 martxoa de 2010
Img en imagenes listado 103

Eski egun bat: inprobisazio gutxi, eta lan asko

Urtetik urtera, gero eta jende gehiago zaletzen da eskiarekin. Iazko denboraldian, 8 milioi lagun ibili ziren iberiar mendietan dauden 29 eski-estazioetakoren batean. Ongi pasatzeko aukera polita da, naturarekin harremanetan jartzen gaitu, eta, garai batean ez bezala, ekonomikoki ere eskura samar dago gaur egun. Eta, gainera, teknika ikastea ez da zail-zaila, nahiz eta ikusi hutsean bereizten den nor den hasiberria eta nor aritua. Mendi gain zurituetan, xehetasunik txikiena ere gainbegiratzen dute han lanean ari diren profesionalek. Guk irudietara ekarri dugun estazioak (Huescako Pirinioetara jo dugu), ohiko eski-egun batean, 36.860 eskiatzaile har ditzake orduko, 97 pista izaten ditu erabilgarri, 11 teleaulki joan-etorrian, 5 teleski eta, behar balitz, elur artifiziala sortzen duten 440 kanoiak ere jarriko lituzke abian, inguruko lau bailarak zuritzeko.

Pistako makinak.

Eguraldiak eragozten ez badu (oso giro txarra behar du horretarako), makinek egunero-egunero zapaltzen dute elurra. 137 kilometro ditu estazioak, eta bi lan-txanda egin behar izaten dituzte. Arratsaldeko bostetatik gauerdia bitartekoa izaten da lehena, eta hortik aurrera hasten da bigarrena, goizeko zortziak arte. Pistaren luze-zabalak mugatzen dituzten balizei jarraituz, elurra trinkotzen aritzen dira. Lekurik garaienetara eta muinorik zailenetara binaka joaten dira makinak, pendiz handiei egin behar izaten diete-eta aurre: % 100ekoak ere izan daitezke (bestela esan, 45 graduko angelukoak).

Teleaulkiak.

Makinak babesean gorde, eta teleaulkiak jarriko dituzte abian, estazioa zabaldu baino ordubete lehenago. Motor elektrikoarekin batera, larrialdikoa ere abiarazten dute (gasoliozkoa izaten da), ongi dabilela egiaztatzeko, erabili beharra gertatuko balitz ere. Haizeari arreta berezia jarri behar zaio aulkiak abian jarri edo ez erabakitzeko: 20 km/h-tik beherakoa izan behar du, eta haize-kolpeak gertatzeko arriskurik ez du egon behar. Gainerakoan, nahi adina elur egin dezake, eta hotza ere 20 gradutara irits liteke zeropetik; teleaulkien funtzionamendu mekanikoarentzat, horiek ez dira traba. Desenbrageko teknologia darabilte, eta kable batean barrena joaten dira aulkiak, bost metro segundoko abiadura; jendea igo eta jaisteko guneetan, are mantsoago joaten dira, metro bat segundoko abiadura.

Pistazainak.

Goitik behera aztertzen dute estazioa, hasi lekurik garaienetatik eta behekoetaraino. Aurrez jakiten dute zer eguraldi egingo duen eta elur-jausiak gertatzeko arriskurik baden, eta horren arabera erabakitzen dute pistak ireki edo ez; zenbat elur dagoen eta nolakoa den ere jakinarazten dute. Balizak bere lekuan daudela egiaztatzen dute: kontu ematekoak (seinale beltz-horiak dituzten makilak) eta zailtasun-adierazleak (berdea, urdina, gorria eta beltza). Abiadura gutxitzeko seinaleak eta bidegurutzeen berri emateko kartelak jartzen dituzte. Baina ez da hor bukatzen euren lana. Inork istripurik izaten badu, pistazainek laguntzen dute, eta beharrezko bada, elurretako motorrekin eta esku-oheekin jaisten dute behera.

Elur-jausiak.

Astean bitan (edo egunero, behar bada), elurraren geruzak aztertzen dituzte pistazainek, eta horrela jakiten dute arriskurik baden edo ez elur-jausiak gertatzeko. Mendi-alde batzuetan ohikoagoa izaten da elurra jaustea, eta, ondorioz, pistetara iristea; hori gerta ez dadin, leherketa kontrolatuak egiten dituzte gune horietan, bai gas hodien bitartez edo bai dinamitarekin. Arriskua oso handia bada eta elur gehiegi pilatu bada, helikopteroak ere erabiltzen dituzte elur-jausiak eragiteko. Dena lasai-lasai dagoela dirudienean ere, erne ibili behar da, eta elur-jausien seinaleak jarrita badaude, arriskua dagoelako izango da.

Kanoiak.

Eski denboraldia abian jarri baino hilabete lehenago hasten dira elur naturala artifizialki sortzen (ez du izaten inolako gehigarri kimikorik). Kanoiak jartzen dituzte 30 kilometroko tartean, kanoi bat 70 metroz behin, eta horiei esker edukitzen dituzte pistak egoera onean, denboraldia bukatu arte. Kanoiek presio handian kanporatzen dituzte ura eta airea, 70 bar-etan, hain zuzen (etxeko txorrota erabat irekita, ez da iristen 3 bar-etara). Ur eta aire horiek hodi bidez iristen dira kanoietara (metro bateko sakoneran sartuta egoten dira hodiak); kanoien nukleoan nahasi egiten dira ura eta airea, eta elurra sortzen da, baldin eta baldintza klimatologikoek laguntzen badute. Gauzak ongi joan daitezen, tenperaturak bi gradukoa edo txikiagoa izan behar du zeropetik (tenperatura hezearen eskala erabiltzen dute hori neurtzeko, eta tenperatura lehorra eta hezetasun erlatiboa kontuan hartuz lortzen dute aldagai hori). Kanoi guztiak software bidez kontrolatzen dituzte, eta leku bakoitzean zer behar duten ikusi ondoren, kanoi batzuk piztu eta besteak itzali egiten dituzte.

Zortzi orduko aisialdia, hogeita lau orduko lan-jarduna

Eskizale amorratuenarentzat ere aski da zortzi orduko jarduna egun baterako. Denbora horretan guztian, pistak ongi zapalduta aurkituko izango ditu, bidegurutzeak seinalez adierazita, balizak beren lekuan, aulkiak gora eta behera eta informazio-panelak eguneratuta. Hurrengo egunean itzultzen denean ere, antzera aurkituko du guztia. Eguraldia aldatuko da, agian: elurra ariko du, haizea, eguzkia agertuko da, lainoa… eta, beharbada, elurra ere aldatu izango da: hezea egongo da, elur-hautsa aurkituko du edo elur gogor-gogorra. Azken osagai horiek ez daude profesionalen esku, baina gainerako guztia bai. Inprobisazio gutxi eta lan asko dago, beraz, eski-egun baten atzean.