Begien begirunez
Gorputz-atal gutxi izango dira begiak bezain minbera. Gainerako atalak baino askoz sentiberagoak dira eguzki-erradiazioekin, melaninarik sortzen ez dutenez ez daukatelako horietatik babesteko gaitasun handirik. Eguzki-erradiazioetatik babestu ezean patologia atzeraezinak ere jasan ditzateke. Horretarakoxe daude eguzki-betaurrekoak, begiak babesteko, baina Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak dioenez, herritarren % 4 soilik jabetzen dira eguzkiak zenbateraino kaltea egiten ahal dien begiei, eta betaurrekoak hautatzerakoan, kalitate-estandarrak betetzen ez dituztenak erosten dituzte sarri. Edozein betaurrekok balio duela pentsatzen du jendeak, baina ez da hala; homologatuta egon behar dute, eta gutxieneko kalitate-estandar batzuk bete behar dituzte. Espainian, ordea, iaz saldu ziren hiru betaurreko paretatik batek ez zituen betetzen kalitate-irizpide horiek. Modak agindu ohi du, prezioak edo estetikak, eta ahaztu egiten dira oinarrizkoago diren beste irizpide batzuk: produktuaren kalitatea eta betaurreko desegokiak erabiltzeak dakarren arriskua, esaterako.
Betaurreko txarrek iruzur egiten diete begiei
Gure begia oso organo baliotsua da, baina baita babesgabea ere: guk jasotzen dugun informazioaren % 80 baino gehiago begien bitartez iristen zaigu. Hor sartzen dira eguzki-erradiazioak ere, jakina, eta luzaroan erradiazioak jasotzen arituz gero, babes egokirik ezean, arazo larriak sor litezke begietan. Alde nabarmena dago behar bezala homologatuta dauden betaurrekoen eta ez daudenen artean: homologatuta ez dauden betaurrekoek, izpi ikusgarriak soilik iragazten dituzte, baina ez erradiazio ultramoreak. Era horretan, iruzur egiten diote begiari: begi-niniak argi gutxiago sumatzen du, eta, ondorioz, gehiago dilatatzen da, baina erradiazio kaltegarri gehiago sartzen dira begian, ultramoreak eta infragorriak, eta handitu egiten da begiak mintzeko arriskua. Eguzki-erradiazioak kristalinoan biltzen dira, eta ez dira desagertzen. Begiek, beraz, eguzki-kapitala izaten dute; hau da, erradiazioen eragina pilatu egiten da.
Begietako lesioak
Estilo eta estetika jakin baten erakusgarri bihurtu dira eguzki-betaurrekoak ere (motorzale, surflari, hegazkinlari…). Horrek ez die kalterik egiten begiei, baina betaurrekoak, osagarri estetiko ez ezik, babes-elementu ere badira, eta gutxieneko bermez eta kalitate-estandarrez hornituta etorri behar dute. Hala ez badatoz, orduan bai, kalte handiak ager daitezke begietan. Eta agertzen ere hasi dira hainbatengan (aski larriak batzuetan). Buruko min handiak, konjuntibitisa eta fotofobia anormalak (argiarekiko intolerantzia eta beldurra) dira horren adibide, eta guztiak ere, eguzki-betaurreko txarrak erabiltzearen ondorio. Baina gaitz gehiago ere sor daitezke: katarata goiztiarrak eta makulako degenerazioa, adibidez (erretinaren erdiguneari eragiten dio azken horrek).
- Iragazkia 0 motakoa duten betaurrekoek eguzki-argiaren % 20 xurgatzen dute. Argi gutxiko lekuetan ibiltzeko izaten dira, negurako edo zerua lainotuta dagoenerako.
- 1 zenbakiko iragazkia daukaten betaurrekoak argi gutxiko lekuetarako dira egokiak: batik bat, argi eta eguzki gutxi samar izaten den inguruetarako, zeren erradiazioaren % 56raino xurgatzen baitute.
- Erdi mailako argitasuna dagoen lekuetan, 2 motakoak erabiliko genituzke, baita negu oso argitsuetan ere. Egokiak dira zenbait kirol egiteko: lasterka egin edo bizikletan ibiltzeko. Betaurreko mota hori saltzen da gehien, 3 zenbakiko iragazkia dutenekin batera. 3koak oso egokiak dira inguru argitsu-argitsuetarako; adibidez, hondartzan edo mendian erabiltzeko egun eguzkitsuetan. Argiaren % 90 xurgatzen dute.
- 4 zenbakiko iragazkia duten betaurrekoak goi-mendian ibiltzeko izaten dira, 3.000 metrotik gora, edo ur-kirolak egiteko. Eguzki-argiaren % 97 xurgatzeko gai dira, eta, beraz, ez dira egokiak gidatzeko, tuneletan eta itzal-lekuetan asko murriztuko bailukete ikusmena.
Betaurreko egokiak nola aukeratu
Betaurrekoen kalitatea
Europan bada araudi bat eguzki-betaurrekoei buruzkoa, EN 1826:2006 izenekoa (1997an onartu zuten), eta betekizun edo estandar jakin batzuk ezartzen ditu. Lehenik eta behin, laborategiko probak gainditu behar dituzte; proba batzuk mekanikoak izaten dira (kanpo-egitura deformatzeko arriskurik baden edo ez neurtzen dute, adibidez), eta beste batzuek, berriz, iragazteko gaitasuna neurtzen dute (espektrofotometro batekin aztertzen dute zer neurritan iragazten duten argi ikusgarria eta izpi ultramoreak). Kontrol horiek pasatu ondoren, CE ikurra lortzen dute (kalitate-irizpide gutxienekoa da); zenbait betaurrekok, ordea, ikur hori edukita ere, ez dute pasatu kalitate-kontrolik (merkatu eta azoka txikietan saltzen dituztenekin gertatzen da hori, batik bat). CE ikurra baduten edo ez begiratzeaz gain, leiarrei ere erreparatu behar zaie, ea etiketa edo pegatinarik baduten eta ea zer informazio ematen duten eguzki-iragazkiari buruz, zer araudiri jarraitzen dioten eta zenbateko babesa ematen duten izpi ultramoreen (UV) aurka, ematen badute. Iragazki horiek 0 eta 4 artekoak izaten dira, eta zenbat eta argi gehiago izan, orduan eta iragazki handiagoa beharko da.
Badira merke eta onak
Prezioa eta kalitatea elkarri lotuta joan ohi dira askotan, eta betaurrekoetan, asko ordaintzen dena ona izaten da gehienetan, baina badira aldi berean merkeak eta kalitate egokikoak direnak ere. Aldizkari honek analisi konparatiboa egin zuen bere garaian, eta 20 betaurreko aztertu zituen. Merkeenek 12,90 euro balio izan zuten, eta garestienek, 286 euro. Guztiek bete zuten Europako EN 1826:2006 araudi zorrotza, eguzki-betaurrekoen kalitateari buruzkoa. Eta zer esan nahi du horrek? Bada, guztiek ia erabat iragazten dituztela erradiazio ultramoreak, gidatzeko egokiak direla eta sendotasun probak gainditu dituztela. Optika arloko espezialistek esan lezakete prezioan halako aldea duten betaurrekoak konparatzerakoan ez zaiola begiratu behar eguzkiaren aurkako babesari, ezpada ikusmenaren kalitateari eta argitasunari. Hala izango da, segur aski, baina osasunari dagokionez, eguzki-izpien aurkako babesa da garrantzitsua, begien osasuna zaintzea, alegia.
Haurrek arrisku gehiago dute
Eguzkiaren eraginez, haurrek arazoak izan ditzakete betazaletan eta begi-txokoetan, baina oso bakan erabili ohi dituzte eguzki-betaurrekoak. Udan eguzki-betaurrekoak erabil ditzaten saiatu beharra dago, baita itzalean daudenean ere zenbaitetan, hondarrak eta urak islatu egiten baitute eguzkiaren argia. Betaurreko egokiak jarri behar dira haien eskura, eta txiki-txikitatik erabiltzen hasi, ohitu daitezen. Betaurrekoak hautatzerakoan, helduentzat erabiltzen diren irizpide berberek balio dute haurrentzat ere, baina haurrekin arreta berezia jarri behar zaio alboetatik sartzen den argiari, eta hori dela eta, ahalik eta itxienak izan behar dute betaurrekoek. Goma moldagarri batekin buruari atxikitzen zaizkion betaurrekoak dira egokienak haurrentzat, eta ez belarri gaineko besoekin eusten direnak: gomarekin jarrita, nekez erori eta apurtuko zaizkie korrika eta jolasean ari direla. Betaurrekoak begiko ez badituzte, oso dotore daudela esan behar zaie, edo handiago egiten dituela, edo guk ere hartuko genituzkeela halakoak… Zein gustatzen zaizkien galdetu, eroso dabiltzala egiaztatu eta… begiek eskertuko dute.
Eguzki-betaurreko guztiak ez dira egokiak. EROSKI CONSUMER-ek dituen osasun-adituek zenbait aholku eman dituzte, ongi erosten asmatzeko:
- Saltokia. Saltoki espezializatuetara jo behar da, optiketara edo botiketara, eta profesionalen laguntza jasoko dugu han. Dena dela, moda-denda ugaritan saltzen dituzte eguzki-babes egokia ematen duten betaurrekoak.
- Materiala. Kristalezkoak edo organikoak izan behar dute leiarrek, sekula ez plastikozkoak. Leiar organikoetan, errazago barneratzen dituzte UV izpiak xurgatzeko substantziak; kristalezkoei, berriz, iragazki bereziak jarri behar izaten dizkiete, kristalen gainetik.
- Kolorea. Grisa da leiarrentzako kolorerik egokiena, horixe delako neutroena, eta horrek distortsionatzen dituelako gutxien tonuak; marroia ere egokia da, kontrasteak hobetzen dituelako eta babes gehiago eskaintzen duelako.
- Iragazkia. Betaurrekoak nagusiki zer ingurutan erabiliko ditugun, horren araberako iragazkia hautatzea komeni da. Betaurrekoen eguzki-iragazkiak 0tik 4ra bitartekoak dira.
- Neurria. Kanpo-egituraren eta kristalen artean, oso-osorik babestu behar dituzte begiak, eta aurrez aurre heltzen diren izpien aurka ez ezik, alboetatik heltzen direnen aurka ere egin behar dute.
- Homologatuak. Eguzki-betaurrekoek CE ikurra eduki behar dute (Europar Batasuneko araudia betetzen dutela esan nahi du horrek). Baina, horrez gain, eguzki-betaurrekoei buruz Europan dagoen estandarra bete behar dute, EN 1836: 2006 delakoa, leiarrak zer eguzki-iragazki duen adierazi behar dute, eta izpi ultramoreei (UV) aurre egiten dieten edo ez.
- Noiz erabili. 10:00ak eta 16:00ak artean egin dezake kalte gehien eguzki-argiak, tarte horretan barneratzen baitira gehien eguzki-izpiak.