Zer behar da haurra modu naturalean hezteko?
Negar egiten duenean jaramon egin eta berarekin egon, kopla gehiegi izango dituela pentsatu gabe. Halako gauzak. Edoskitzea ere ona da, baina esnerik ematen ez duen amak ere modu naturalean hezi dezake haurra.
Heziketa naturala edoskitzea baino garrantzitsuago da?
Nabarmen! XIX. mende bukaeratik hona eta XX. mende osoan, asko konplikatu da umeak heztea. Arau piloa ezarri dizkigute, ezin dugula besoetan hartu ez zaiolako komeni, negar egitea ona dela birikentzako, ez duela gurasoen ohera inoiz sartu behar ez delako inoiz aterako… Baina haurra ez baduzu ekarri besoetan hartu eta ipuinak kontatzeko, zeuk esango didazu zertarako ekarri duzun.
Gaizki heztea zeure erara definitu duzu liburuetan.
Gaizki hezitako umea badakizu zein den? Ez dutena besoetan hartu, ez dena gurasoekin egon, ez duena haiek abestutako kanturik entzun. Horixe.
Baina gaur egun benetan dago horrela jokatzen duen gurasorik?
Denetarik dago. Gurasoek zer teoria jarraitu duten eta zer gizarte maila edo maila ekonomiko duten ikusi behar. Hara, gurasoa bazara eta hipoteka ordaintzeko lanera joan behar baduzu umea haurtzaindegian utzita, gusturago geratuko zara han ederto dagoela pentsatzen baduzu, asko laguntzen diotela eta abar. Pentsatuko bazenu ez daudela hezitzaile nahiko haurren garapenean laguntzeko, okerrago sentituko zinateke ezta? Pentsatzen duen hori egin ezin duenak, egiten duena pentsatzen bukatzen du.
Gizarteak bultzatuta jokatzen dugu horrela.
Ez da erraza zirkulutik ateratzea. Bide okerretik doana gauzak aldatzen saia liteke, baina ongi ari dela uste badu, ez du ezer egingo. Alemanian haurren % 6 baino ez dira haurtzaindegira joaten hiru urte bete baino lehen, eta Finlandian are txikiagoa da portzentajea. Eta gero maila akademikoan emaitza hobeak dituzten herriak dira.
haurtzaindegira joaten hiru urte bete baino lehen
eta Finlandian portzentaia are bajuagoa da”
Zergak igo eta enpresen jarrera aldatzea eskatzen du eredu horrek, ez?
Tira, ekonomia suspertzen hasi dela diote, pentsa dezagun zertan gastatu dirua. Europako iparraldean zer eratako erabakiak hartu zituzten? Hausnarketa egin behar da.
Bikote gaztea, langileak biak, familiarik ez etxetik hurbil eta umea haurtzaindegira bidaltzen dute. Gaizki?
Ez dago umeak hezteko modu zuzen edo oker bakarra. Niri enpagua ematen didana zera da, norberak umea besoetan hartzeko gogoa izatea eta pentsatzea, “ez dut egingo, txarra dela esan didate”. Edo haurra negarrez ari denean ohera ekarri nahi izatea aita eta amaren ondora, eta ez egitea bizitza osoan lo egiteko arazoak izango dituela esan diotelako. Jende asko ari da umea nahi ez duen erara hezten, hori hobea dela uste duelako. Senari jarraitu beharrean, arau horiek dituzte buruan, deserosoak eta arrotzak. Eta amorrua ematen didan bestea, zera da, datu guztiak izan gabe hartzen dituztela erabakiak gurasoek. Haurtzaindegian umeak ederto daudela esaten zaie, baina ez zaie esaten Espainian zortzi zaintzaileko ume bat egon daitekeela legearen esanetan, eta Mendebaldeko herrialde gehienetan muga hori lau umetan jarrita dagoela, edo hiru umetan. Daukagun dirua berdin administratuko genuke informazio horrekin? Beharbada, ez da hain inportantea auto berria edo oporraldia edo bigarren etxea, eta inportanteagoa da umearen heziketa.
Lehentasunetan huts egiten dugu?
Bai. Gurasoek erabakiak askatasunez hartu behar dituzte, eta nik informazio osatua ematen diet horretarako. Konbentzituta esaten dut ez dela libururik behar haurra hezteko, eta ez dut uste umea eskuliburuarekin tratatu behar denik. Laztan gehiago, eskulibururik ez. Horixe da formula, nire ustez. Umea ekarriko duen amak gehiago ikasi du beste ama batzuekin, adibidez, edozein liburutan baino.
Senari jarraitu behar diogu?
Batzuetan bai, bere garrantzia duelako. Senak esaten digu umea zaindu behar dugula. Baina haserre gaudenean norbaiti zaplaztekoa emateko ere esaten digu, eta ez da komeni, beraz, bere esanei beti men egitea.
Haurrekin?
Gehienetan bai, senak milioika urtetan lagundu dielako gurasoei umeak zaintzen. Bestela lekutan geundeke gu guztiok!
Beraz, haurtzaindegiak bai ala ez?
Beste aukerarik ez dagoenean soilik. Gure sistema sozio-ekonomikoa aldatu beharko genuke, horrenbeste gurasok ez dezaten behartuta umea haurtzaindegira bidali. Eta beharrezkoa den kasuetarako, haurtzaindegi hobeak behar ditugu.
Baina haurtzaindegian umea gizarteratu egiten da.
Gizarteratzeak ez du haurtzaindegirik behar, haur txikiak ez direlako gizarteratzen. Hiru urtetik aurrera hasten dira bata bestearekin olgetan, eta hori beste leku batzuetan ere egin dezakete. Askotan uste dugu umeak aldatu egiten direla geuk hezten ditugulako, eta batzuetan hala da, jakina, baina aldaketa gehienak tokatzen zaizkielako egiten dituzte. Haurra halakoa da bi urterekin, beste gauza batzuk egiten ditu bostekin eta oso bestelakoak hamabirekin.
Eta aitona-amonak bai ala ez?
Gurasoen ostean, aitona-amonak dira munduko gauzarik onena umearentzat. Oso ona da haurraren bizitzan parte-hartze handia izatea. Haurrak egunean zazpi orduz egon behar badu gurasoengandik urrun, hobe aitona-amonekin badago, zaintzailearekin baino. Zazpi ordu aitona-amonekin ere ez dela komeni argi utzita, benetan komeni dena gurasoekin egotea baita, bereziki amarekin. Gurasook laster ikasten dugu ama edo aita, nor maite duzun gehiago galdetzea nahiko galdera ergela dela.
Aitaren zeregina zein da orduan?
Haur guztiek behar dute lotura afektibo sendoa pertsonaren batekin, eta praktikan, pertsona hori ama izaten da. Izan liteke amona, aita… baina bat izaten da beren oinarrizko lotura, eta beste denak bigarren mailakoak dira. Aitak, ahalegintzen bada, bigarren mailakoen artean garrantzi handiagoa izango du, baina ahalegina egin behar du. Aitak ezin du pentsatu aita delako maitatuko duela umeak. Aitak paper aktiboa nahi badu, denbora eskaini beharko dio umeari, baina bizitzan beste horrenbestetan bezala, zenbat eta ordu gehiago eskaini, hobeto aterako da. Denbora eman beharko dio eta denbora horrek kalitatezkoa izan beharko du. Haurra hazi ahala, orduan bai, orduan beharko du gero eta gehiago aita.
Umearen denbora gutxi pasatzen denean “kalitatezkoa” dela nabarmentzen da.
Haurrak amekin maiteminduta daude, eta jakin behar da amarengandik luzaroan banatuta daudenean haserretu egiten direla, ernegatu egiten direla.
Edozer egiten utzi behar zaie orduan?
Edozer ez, baina toleranteak izan behar dugu.
Zer ezin dute egin?
Bakoitzak ikusiko du. Ziur nago umea balkoitik lorontziak botatzen ikusten baduzu edo gasaren giltza zabaltzen, ezetz esango diozula, baina egun osoan zurekin egon nahi badu edo arreta eskatzen badu, ez daukazu arazo larririk, ume normala daukazu.
dagoena, abestiak entzuten…
Abandonatuta sentitzen dena, laztanik
jaso ez duena, horixe gaizki hezia”
Baina gurasoek ere berentzako denbora behar dute.
Batak ez du bestea kentzen. Ezkontzen zarenean, ezkongabe bizitza bukatzen da, eta normal-normal onartzen dugu. Bada, haurdunaldiaren azken hilabetean, agur esan behar zaio bikote-harremanari.
Zientziak aho batez onartzen duenetik urrun sentitzen zara?
Outsider moduan hasi nintzen, baina gero eta gehiagok ematen didate arrazoia.
Lorik egiten ez duen umearekin sufritzen dute gurasoek. Aholkurik?
Lehen, gurasoek umea zeukatenean, argi zekiten beharbada lo gutxi egingo zutela eta hori normala zela, ez medikuari kontsultatzeko moduko osasun arazoa. Asko botata bitaminak hartzen zituzten eta kito. Baina orain dauden espektatibak ez dira errealistak. Umeak bakarrik lo egin behar duela eta gau osoan egin behar duela esan zaie gurasoei. Nireek ez zuten halako presiorik, eta nik haiekin egin nuen lo sei urte bete artean, beste logelarik ez zegoelako. Gurasoak orain beldur dira, hau eta hau egiten badute umeak bizitza osoan arazoak izango dituela esan diete, eta arduratuta daude. Baina ez da egia bakarrik lo egin behar dutenik, maite dute jendearekin lo egitea. Nola egingo diozu kasu handiagoa liburuak esaten duenari umeak eskatzen dizunari baino. Sena eta umeari begiratzea, liburua baino inportanteagoa da hori. Ama askok idazten didate zera esateko, “umeak negar egiten du kuman dagoenean, eta besoetan baino ez da lasaitzen”. Ba, hortxe konponbidea, hartu besoetan! Esango banio pastilla homeopatikoak hartzeko edo masajea egiteko, gutxiago harrituko litzateke jendea. Inork ez du esaten “ze ongi, umea negarrez hasten denean gauean, erraz-erraza daukat: nirekin ohera sartu eta lo seko geratzen da”. Hain konponbide errazik, hain merkerik!
Baina ahalegina eskatzen du.
Ez, ez. Ahaleginak besteak eskatzen du. Nik esango banu jaikitzen den aldiro masajea behar duela, hori bai ahalegina.
Zein da umearen loaldi normala?
Ez dago esaterik. Haurra askotan esnatzen bada gauean, arazoa gurasoak dauka hurrengo egunean lanera joateko. Umeak bilatuko du noiz egin lo: gauean ez bada, egunean. Bakoitzak bere beharren arabera.
Zure umeek utzi dizute ondo lo egiten?
Ahal zuten neurrian. Umeak dituzunean, ez duzu berdin lo egiten. Sasoi baten askotan jaikitzen nintzen gauean umeekin egoteko, baina ez dut gogoratzen hain gogorra zenik. Iji-aja gaupasa egiten duenari galdetu ea gogorra den lorik ez egitea. Ziur ezetz!
Baina aste osoan gaupasa egin eta lanera joan behar badu, besta egiteko gogoa kenduko zaio.
Lanera joatekoa errazago! Hara, argi dago ez dela modu berean lo egiten, baina umeak izatea horixe da, denbora eskaintzea, haiekin egotea, kontsolatzea negar egiten dutenean, haien galdera amaiezinei erantzutea…
Haurrak errutina behar duela esaten da.
Ez dut uste hain beharrezkoak direnik umearentzat, dudan jarriko nuke hori. Umea errutinara ohitzen da, ia denetara ohitzen delako, heldua bezala. Zerbaitetan lagundu behar badiogu, hain zuzen, horrexetan egin behar diogu, errutinarik ez izaten. Nik malgutasunez bizitzen dakien umea nahi dut, ez errutinaren morroia.