Oinetakoak: ez dezatela gure osasuna zapaldu
Ez bihotza eta ez garuna: mekanikari erreparatuz gero, oina da gure gorputzeko atalik konplexuena. Goi mailako ingeniaritza-lan bat dela esan liteke: 26 hezur, 33 artikulazio, 19 muskulu eta 100 zain baino gehiago ditu, eta noranahiko ibilgailurik inon bada, oina da noranahikoena, edozein gainazaletara moldatzeko gai eta milaka kilometro egiteko gauza. Egunaren buruan, 8.000 eta 10.000 pauso artean ematen ditu pertsona batek, eta urte osoan, beraz, 3 milioi baino gehiago. Eta urrats horiek behar bezala egin ezean, osasuna jarriko dugu okerbidean.
Oinek eusten diote gorputzaren pisuari, eta are gehiago, oinak dira gorputzaren euskarri nagusiak. Baina behar baino arreta gutxiago jartzen diegu oinei; udan bai, jartzen gara oinei begira, sandaliak edo txinalak janzteko, baina urte guztian zaindu behar dira. Oin-Medikuntza eta Kirurgiaren Espainiako Elkarteak dioenez, herritarren % 70ek daukate oinetako gaixotasunen bat, eta Cinfa laborategien esanetan, berriz, % 85ek jasaten dute oinetan arazoren bat bizitzan behin, gutxienez. Oinetako egokiak erabiltzea da horiek saihesteko lehen pausoa.
Askotan eta askotan, estetikaren menpe jartzen dugu oinetakoen aukera, moda hartzen dugu eredu, eta prezioa ere bai, jakina, eta ahaztu-edo egiten ditugu bi alderdi oso garrantzitsu. Funtzionaltasuna da horietako bat: oinetako bakoitzak gauza baterako balio du, eta horrexetarako erabili behar da, ez baita gauza bere euritan erabiltzeko izan, edo eguraldi onarekin erabiltzeko izan. Bigarren alderdia erosotasuna da: erraz eramatekoak izan behar dute oinetakoek, minik egiten ez dutenak. Oinetako desegokiak erabiliz gero, oinak urratuko ditugu, juanikoteak agertuko zaizkigu, itzeminak eta maskurrak. Baina oinek ez ezik, bizkarrezurrak, aldakek, belaunek eta artikulazioek ere jasaten dituzte ondorioak, oinetako estuegiak, txikiegiak, orpo handikoak edo kalitate txarrekoak erabiltzearen ondorioak, alegia.
Orpo handiak, ez batere osasungarriak
“Izugarri gustatzen zaizkik takoiak, seguruago sentitzen naiz eta erakargarriago”. Ezin uka zapatak, oinetako soil izateaz gain, elementu estetikoak eta sinbolikoak ere badirela, kontsumo-gai ia guztiak bezalaxe, azken batean. Eta gauza gutxi egongo dira irudiari hain lotuak orpo handiak adina, eta gauza gutxi izango dira osasunarentzat hain kaltegarriak. Pisuaren banaketa aldatu egiten da guztiz: orpoa zenbat eta garaiagoa, orduan eta gehiago zamatzen da aurreko aldea. Gainera, orpo garaiko oinetakoak irekiak izan ohi dira, eta oinbular apalekoak, eta, ondorioz, behar baino neurri txikiagoko oinetakoak erosten ditu jendeak, oina dantzan ibil ez dadin. Oinetakoak hobeki eusten dio oinari, jakina, baina hainbeste estututa, oinak presio handia jasaten du. Oinak egiten duen ahalegina oso desorekatua geratzen da, gune batzuek lan handia egin behar izaten dutelako, eta hor hasten dira oin azpiko oinazeak, oin muturreko gainkargak, itzeminak eta juanikoteak. Zapata orpodunek, dena den, belaunei eta aldakei egiten diete kalterik handiena; erdi tolestuta joan ohi dira, eta bizkarrezurrari egonkor eusteko ahaleginean, lordosi gogorra sortzen da (gorputza gehiegi kurbatzen da), eta denborarekin, lunbalgiak eta ornoetako artrosiak ekarriko ditu. Beste muturrera jotzea ere ez da irtenbidea, ordea. Zapata guztiz lauek arranpak eragiten dituzte, muskuluetako oinazeak eta kontrakturak, ez baitira batere goititzen zorutik (hori gertatzen da dantzarien oinetakoen gisakoekin).
Zapata egokiak nola aukeratu eta erosi
Prezioari eta diseinuari erreparatzeaz gain, orpoari ere jarri behar zaio arreta. Aski da 2 eta 4 zentimetro artean eduki ditzan, eta maiz erabiliko baditugu edo ordu luzeetan, 6 zentimetro baino gutxiago eduki behar lituzke. Moldea edo orkoia ere oso garrantzitsua izaten da oinetakoetan. Moldeak egokitu behar du oinaren formara, eta ez alderantziz. Oina ez bada erraz sartzen zapatan, zapatilan edo botan, hobe da ez erostea. Zola eta orpo-zurrungarria ere aintzat hartu behar dira. Zolak sendoa izan behar du, baina malgua, oinak dituen artikulazio guztiak egoki mugi daitezen. Larrua eta kautxu sintetikoa izaten dira materialik egokienak. Orpo-zurrungarriak ez du izan behar hain malgua (izenak ere adierazten du zurrunagoa behar duela izan), orpoari ongi eutsi eta altuera egokia eman diezaion oinetakoari: orkatilako artikulazioen azpitik geratu behar du. Eta lokarriak ere garrantzitsuak ote dira? Hala dira bai, eta lokarririk ezean, lotzeko tirak edo zerrendak eduki behar ditu oinbularrean, edo belarriak; oinari hobeki eusten diote, eta, horrez gain, errazago moldatzen dira oin mota guztietara. Lokarriak ez dira oso estu lotu behar, oinari presio gehiegi egiteko arriskua izaten baita, eta horrek eragotzi egingo luke odol-zirkulazioa. Baina lasaiegi eramatea ere ez da komeni, oinetakoari behatzekin eustera jotzen baita oharkabean, eta horrela zamatu egiten da oinaren aurreko aldea.
Egun guztian hara eta hona ibili ondoren, oina handituta egon ohi da, eta horixe izaten da unerik egokiena zapatak probatu eta erosteko. Ohiko galtzerdiekin probatzea komeni da, gero ere horiekin erabiltzeko izango dira eta. Ohikoa izaten da oin bat bestea baino handiagoa izan dadin, eta horrexegatik, bi oinetakoak probatzea da onena. Orpoa ongi egokitzen bada, behatz lodia ez bada besteen gainean geratzen, eta zapataren barne-josturaren eta behatz lodiaren artean gutxienez zentimetro bateko tartea badago, oinetako egokia izango da hori.
Haurren oinak bereziki ongi zaindu behar dira. Egoki haz daitezen, lesiorik izan ez dezaten eta etorkizunean malformaziorik sor ez dadin, funtsezkoa da arreta jartzea. Oinetako egokiekin ibiliz gero, hezurren egitura orekatua edukiko dute heldu direnean. Haurrak hitzik egiten ez duenean, gurasoek ezin dute jakin oinetakoak haren neurrikoak diren, eta oina 7 eta 8 milimetro artean hazten bazaio hiru hilez behin, gerta daiteke txiki geratzea uste baino lehen. Oinetakoak maiz kentzen baditu edo horiek jantzi eta negarrez hasten bada, deserosoak gertatzen zaizkion seinale. Begiratu egin behar da galtzerdien markarik baduen oinetan, josturen markarik edo lotzeko belarrienik, eta oinak gorrituta dituen ere aztertu behar da, zerbaitek presio egiten dion edo ez antzemateko. Behar balitz, aldatu egin behar litzaizkioke zapatak edo zapatilak. Etxetik etxera aldatu egiten dira neurriak, eta oinetako mota batetik bestera ere bai; horregatik, beti ez da erosi behar neurriei begiratuta.
Oinak ez ditugu zaintzen merezi bezala, erdi ahaztuta dauzkagu han behean, eta hori gutxi balitz bezala, oinetako desegokiak eramatera zigortzen ditugu zenbaitetan. Era askotako arazoak izaten dituzte gure oinek, honako oinetako mota hauek sortuak gehienbat:
- Dantzari erakoak eta zapata lau-lauak: Zola fin eta malguak eduki ohi dituzte, eta oinari aski babes ez emateaz gain, lurraren kontrako kolpeei ere ez diete behar bezala eusten. Era horretako oinetakoak maiz erabilita, Akilesen tendoia mindu daiteke, kontrakturak ager daitezke eta mina ere bai oinazpiko arkuan eta orpoan. Bide luzeak egin behar baditugu, ez da komeni oinetako mota horiek erabiltzea; hobe da 2 eta 4 zentimetro arteko orpoa duten oinetakoekin ibiltzea. Barne-zola bereziak erabil daitezke oina lur gainean jartzean, kolpearen eragina leuntzeko.
- Zapata puntazorrotzak: Punta estuak zapaldu egiten ditu behatzak, eta elkarren gainean geratzeko arriskua izaten da. Azazkalen ertzak ere zapaltzen dira, eta larruazalean barneratzen dira; hortik sortzen dira itzeminak. Luzera begira, hezur-konkor bat sortzen da, mailu erako behatza deitzen dena, alegia.
- Orpo handiak: Oinazea eragiten dute oinazpietan, behatzetan, juanikoteak sortzen dituzte, maskurrak, gerrialdeko arazoak… Orpo handiko oinetakoek arazo asko eta larriak ekartzen dituzte. Orpo horiek, gainera, finak badira, ezin izaten da oina bete-betean jarri lurrean, eta orkatila bihurritzeko eta erortzeko arriskua izaten da, orpoa errazago barneratzen da-eta zoruan. Orpoak, ahal dela, ez du izan behar 4 zentimetrokoa baino handiagoa, baina orporik gabe ibili ezin bagara, ez lukete izan behar 6-8 zentimetrokoak baino handiagoak, ez genituzke maiz erabili behar eta gelezko edo silikonazko babes bat (kuxin moduko bat) erabili behar genuke oinazpiko presioa arintzeko.
- Plataformak: Itxurari erreparatuta besterik pentsa badaiteke ere, zola mota hori ez dago prestatua oinak lurrarekin hartzen dituen kolpeak xurgatzeko, eta, ondorioz, belaunetako mina sortuko dute, aldaketakoa eta gerrialdekoa.
- Kirol-oinetakoak: Kirola egiteko diseinatuta daude, eta horretarako dira egokiak, baina ez beste gauza batzuetarako. Kirol-oinetakoak gehiegi erabiliz gero, behar baino bero eta hezetasun gehiago jasaten dute oinek, eta asko izerditzen dute; ondorioz, onddoak eta infekzioak sor daitezke. Oinetako mota bat baino gehiago erabiltzea komeni da, eta zuntz naturalekin egindako galtzerdiak.
- Txinalak edo behatz-sandaliak: Oso zola guria eduki ohi dute, orporik ez, eta oina aske ibiltzen da horietan; ondorioz, ez dute leuntzen oinak lurra jotzean hartzen duen kolpea. Orkatila bihurritzeko aproposak izan daitezke, larruazala urratu dezakete eta babak sortu behatzen artean. Oinetako horiekin, orpoko larruazala lehortu egiten da, hil eta maskurrak ugaritu egiten dira. Halakorik ez agertzeko, material leunez eginak daudenak erabiltzea komeni da, zoru zurruna eta sendoa dutenak.