EROSKI CONSUMER-ek Interneten lana bilatzeko lau web aztertu ditu

Lana bilatzeko web-ak: eskaintzen dituzten lau lanetatik bat ez zaio egokitzen erabiltzailearen ezaugarriei

Internet bidez lana bilatzeko atariak. 200 curriculum bidali ditugu Espainian jarduten duten lau atari garrantzitsuenetara: Infojobs, Infoempleo, Monster eta Trabajar.com
1 martxoa de 2010
Img tema listado 114

Lana bilatzeko web-ak: eskaintzen dituzten lau lanetatik bat ez zaio egokitzen erabiltzailearen ezaugarriei

Biztanleria aktiboaren % 19 langabezian dago Espainian, eta lana bilatzea aski zaila dagoenez, lana bilatzeko bideen bila ari da jendea. Egunkarietako iragarkiak irakurri, INEMen bulegoetara jo, hara eta hona curriculumak bidali, denetarik egiten du jendeak, eta orain, lana bilatzeko web-atarietan ere jardun liteke horretan (iaz ia sei milioi lagunek erabili zituzten). Abantaila batzuk, behintzat, eskaintzen dituzte: merkeagoa da, azkarragoa eta ohiko sistemek baino eskaintza handiagoa izaten dute. Baina, praktikoak al dira atari horiek? Hori egiazta-tzeko, azterketa egin du EROSKI CONSUMER-ek: 50 curriculum bidali ditugu arlo horretan aritzen diren lau web-zerbitzu nagusietara, eta sei hilabetez eduki ditugu horietan izena emanda (2009ko uztailetik abendura). Honako zerbitzu hauetara, hain zuzen: Infojobs (3,2 milioi bisita baino gehiago izan zituen 2009. urteko martxoan), Infoempleo.com (1,5 milioi bisita), Trabajar.com (1,1 milioi bisita) eta Monster (nazioartean eredu bihurtu den lan-bilatzailea).

Web-orri horiek ez dute ziurtatzen inork lana aurkituko duenik, bitartekari lana egitera eta informazioa ematera mugatzen da-eta euren zeregina. Besteak beste, erabiltzailearen ezaugarriei eta eskariei egokitzen zaizkion lan-eskaintzak bidaltzen dituzte, eta arlo horretan, behintzat, ez dabiltza oso fin. Errepikatuta iritsi diren eskaintzak kenduta, erdiak baino gutxiago izan dira egokiak hautagaien ezaugarrientzat (% 41 jo ditugu egokitzat, eta % 59k, aldiz, ez diete erantzun hartzailearen interes eta prestakuntzari). Monster atariak, besteek ez bezala, ez du bidaltzen lan-eskaintzarik; hautagaiak berak bilatu behar izaten ditu eskaintzak, eta gero haren helbide elektronikora bidaltzen dizkiote.

83 curriculum ezarri ditugu lau
lan-bilatzaileen eskaintzetan, eta
bakarra iritsi da azken probara

Trabajar.com atarian aurkitu ditugu erabiltzailearen ezaugarriei egokitu zaizkien eskaintza gehien (% 45), baina beste bi atariak ere, Infojobs eta Infoempleo, antzera ibili dira, biak ere % 40an. Alderdi txarren artean, Trabajar.com-ek eduki du bat aski nabarmena: bidali dituen eskaintza asko eta asko errepikatuta egon dira: bostetik lau, hain zuzen! Beste bietan askoz txikiagoa izan da kopurua.

Unibertsitarioak eta ikasketagabeak

Bidali ditugun 50 curriculumak ez dira egiazkoak izan. 50 lagunen ezaugarriak asmatu ditugu, eta horien izenean eskatu dugu lana. Unibertsitarioak izan dira 24 lagun, 10ek Lanbide Heziketako ikasketak eduki dituzte, beste 10ek oinarrizko ikasketak, eta gainerako 6ak, ikasketagabeak izan dira. Emakumezkoen eta gizonezkoen curriculumak, erdi eta erdi egin ditugu. Adinez, 30 urtetik beherakoak izan dira 24; 31 eta 45 urte bitartekoak beste 20; eta beste 6ak, berriz, 46 urtetik gorakoak. Asmatu ditugun 50 lagunetatik, 10 soilik izan dira lan-esperientziarik gabeak, eta esperientzia eduki dutenen erdiak langabezian egon dira eskaria egin dugun unean.

Azterketa bi zatitan banatu dugu. Alde batetik, hilabete bakoitzeko aste bat hartu dugu, eta zenbat eskaintza iritsi diren zenbatu dugu (elkarren hurreneko asteak izan dira: hilabete batean lehena, hurrengoan bigarrena…). Ondoren, eska-tzaile bakoitzaren ezaugarrietara egokitu den edo ez aztertu dugu. Horrez gain, urrian eta azaroan aukeratu ditugun asteetan, saiatu gara hautagai bakoitzaren izena ematen bi lan-eskaintzatan (guztira, 100: lan-atari bakoitzean 25), baina, azkenik, 83 erregistro baino ezin izan ditugu egin. Beste aldetik, zorrotz aztertu dugu atari bakoi-tzak zer informazio, erabilgarritasun, diseinu, arreta eta eduki eskaintzen dituen.

Enpresek bisita gutxi egin dizkiete hautagaien curriculumei

Lana bilatzeko atariek iragazki aski erabilgarriak eskaintzen dituzte, eta horiei esker, lan-eskain-tzak aukera ditzake norberak: probintziaka, lan arloka, eskatzen duten titulazioa aintzat hartuta, gutxi gorabeherako soldatari erreparatuta… Eredu horrek, erabiltzaileentzat ez ezik, enpresentzat ere balio du, eta, beraz, enpresek ere bila dezakete ezaugarri jakinak dituen langilea, lan-eskain-tza publikorik egin beharrik gabe. Beste aukera on bat ere eskaintzen dute lana bilatzeko web horiek: nork bere curriculuma igo dezake, nahi duenean eguneratu eta lana eskaintzen duten enpresen eskura jarri; enpresek, berriz, nahi dutenean azter dezakete curriculum hori, eta hautagaiak lan-eskaintzaren batean izena ematen badu, curriculumaren kopia bat iritsiko zaie.

Sei hilabeteko proba praktikoa egin dute EROSKI CONSUMER-eko teknikariek, eta, guztira, 49 bisita egin dituzte enpresek lau atarietan jarri ditugun curriculumetara (zehazki, 25 bisita izan ditu Infojobs-ek eta bat gutxiago Monster-ek). Infoempleo atarian, hautagai bat bera ere ez dute aztertu, eta Trabajar.com-en ezin da jakin zenbat bisita izaten diren (saiatu gara telefono edo helbide elektroniko bat bilatu eta informazio hori eskatzen, baina alferrik izan da).

Zerbitzuen eraginkortasuna neurtu dugu, eta Monsterrek
lortu du emaitzarik onena; Trabajar.com-ek, berriz,
lana eskaintzen duen datu-base soil moduan funtzionatzen du

Lan-eskaintzetan izena eman duten curriculumen erdiak baztertzen dituzte enpresek 50 hautagaien curriculumak lau atarietan jartzeaz gain, erabiltzaileen ezaugarrietara ongien egokitzen ziren lan-eskaintzetan haien izena eman dute gure teknikariek (zehazki, 100 erregistro egin dituzte, hautagai bakoitza bi eskaintzatan). Ordea, 83 erregistro baino ezin izan dituzte gauzatu. Hautagaien ezaugarriekin bat etorri diren eskaintzetara bidali dituzten curriculumen erdiak baino gehiago lehen kolpetik baztertu dituzte enpresek berek, hautaketa-prozesua hasi aurretik (hori gertatu da 83 erregistroetatik 45etan). Lehen proba hori gainditu dutenen artean, denetariko egoerak daude: 26 curriculumek enpresen eskuetan jarraitzen dute (haiengana iritsi direla esaten dute), beste 11 hautaketa-prozesuan daude (urtarrilaren 13an eta 14an eguneratu dituzte atariak azkenekoz) eta hautagai bakarra deitu dute elkarrizketa egitera joan dadin. Infojobs ataritik iritsi da eskaintza hori, eta honako ezaugarriak eduki ditu hautagaiak: 40 urteko gizasemea, Medikuntzako lizentziaduna, eta 10 urte eskaseko esperientzia duena.

Sarean dago lana

Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioak web-orri berria jarri zuen abian iazko urte bukaeran, www.redtrabaja.es, eta aurrerantzean horixe izango da eredu Lan Zerbitzu Publikoak erabiltzen dituzten pertsona eta enpresentzat (INEMen atari elektronikoa ordezkatu du).

Lana bilatzeko beste atari batzuek egiten duten bezala, www.redtrabaja.es orriak ere aukera ematen du lan-eskaintzen berri izateko, langabeei edo lanean ari direnei eskaintzen dizkieten prestakuntza-ikastaroen gaineko informazioa jasotzeko, diru-laguntzak jasotzeko urratsak egiteko edo curriculumak idazteko inprimakiak eskura-tzeko. Enpresek lanpostuen iragarkiak jartzeko modua dute, eta lan eske ari direnen datuak eskura ditzakete. Lana bilatzeko orduan estrategikoak izan daitezkeen gaientzat ere badu tarte bat, eta ehun bideo eta multimedia-aplikazio baino gehiago aurki litezke hor.

Informazio gutxi eman dute eskaini dituzten lanpostuei buruz

Lanbide baterako atea irekiko duen eskaintzan izena eman aurretik, hautagaiek zorrotz aztertzen duten zer informazio ageri den lanpostu horri buruz, eta enpresek zer baldintza jartzen dituzten hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko. 83 eskaintzetatik 59tan, antzeko lanpostuan arituak izan daitezen eskatu diete enpresek hautagaiei.

Lanpostu bakoitzean zer kontratu mota eskain-tzen duten, edo hilean edo urtean zer soldata izango den jakitea, argibide onak dira lanpostu baten edo bestearen alde egiteko. Lanpostua zer motatakoa den, zer ezaugarri dituen… Infoempleo atariak eman du era horretako informazio gutxien (12 lanpostutan, ez du inolako argibiderik eman); beste zazpitan, berriz, eman du informazioa (aldi baterako lanpostuak izan dira, etorkizunean kontratu mugagabea egiteko aukera ematen dutenak). Soldatari buruzko informazioa emateko orduan, are uzkurrago jokatzen dute atariek; hala, 45 eskaintzatan ez dute egin soldataren inguruko aipamenik (batik bat, Infojobs atarian agertu diren eskaintzetan). Datu ekonomikoak eman dituztenen artean, gehienek (21ek) urtean 18.000 eurotik beherako soldata agindu dute; beste 13 lan-eskaintzatan, 18.000 eta 24.000 euro arteko soldata eskaini dute, eta lautan baino ez da izan 24.000 eurotik gorakoa. Eskaintza ekonomikorik onena mediku bati egin diote, elkarrizketa egitera deitu duten horri berari: urtean 60.000 eta 68.000 euro artean jasotzeko aukera eman diote lana lortuz gero.

Zenbat eta prestakuntza handiagoa, orduan eta eskaintza gutxiago

Gure azterketak erakutsi digunez, curriculuma zenbat eta hobea eta hornituagoa eduki, orduan eta eskaintza gutxiago iristen zaizkio erabiltzaileari. Eta gauza bitxia da hori, orain artean, behintzat, nagusiki prestakuntza gehien daukaten pertsonek erabili izan baitituzte atari horiek (2008. urtean, esaterako, honako erabiltzaile mota hau ibili zen gehien atarietan barrena: 25 eta 34 urte artekoa, unibertsitate ikasketaduna, diru sarrera handiak zituena, eta lana aldatu eta lan-ibilbidean gora egin nahi zuena). Interneten hedapen handiak eta krisiak, itxuraz, bestelako erabiltzaileak ere erakarri ditu.

EROSKI CONSUMER-ek egiaztatu duenez, lehen mailako ikasketak eduki eta prestakuntzarik ez daukatenek jaso dituzte eskaintza gehien (egunean 23,8 eskaintza iritsi zaizkio ezaugarri horiek eduki dituen bakoitzari, Lanbide Heziketako titulua dutenei baino % 69 gehiago eta unibertsitarioei baino % 44 gehiago). Dena den, Lanbide Heziketa egindakoek jaso dituzte euren ezaugarriei egokitu zaizkien eskaintza berri gehien (% 45); lehen mailako ikasketadunek ere dezente jaso dituzte (ia % 42), eta unibertsitarioek gutxixeago (% 38). Hain zuzen, prestakuntzarik gabeko pertsona batek jaso ditu haren ezaugarriekin bat etorri diren eskaintza berri gehien (eskaintza guztien % 83, behin baino gehiagotan etorri direnak kenduta).

Eskaintza errepikatu gehien unibertsitarioei iritsi zaizkie (egunero jaso dituzten guztien % 67 halakoak izan dira), eta, horrez gain, euren ezaugarriei egokitutako eskaintza gutxien ere eurek izan dituzte (% 38). Gainerako erabiltzaile taldeen eskaintzetan, berriz, erdiak baino gutxiago izan dira errepikatuak.

Adinekoek eskaintza gehiago

Internet gero eta gehiago erabiltzen dute 18 eta 24 urte arteko gazteek, baina horiena ez da izan eskaintza gehien hartu dituen taldea. Beste muturrean daudenengana askoz gehiago iritsi dira: 46 urtetik gorako bakoitzak 26,4 eskaintza jaso ditu egunean, 31 eta 24 urte artekoek baino % 82 gehiago eta 30 urtetik beherakoek baino % 35 gehiago. Eskaintza horien artean, dena den, bostetik bi izan dira haien ezaugarrietara egokituak (antzeko proportzioa eman dute 30 urtetik beherakoen eta 46 urtetik gorakoen eskaintzek ere). Emakumeak eta gizonak, antzera.

Emakumezkoek gehiago erabiltzen dute Internet lana bilatzeko, gizonezkoek baino. EROSKI CONSUMER-ek egin duen ikerketaren arabera, emakumeei eskaintza gehiago iritsi zaizkie gizonezkoei baino, nahiz eta aldea oso txikia izan: 19 eskaintza izan ditu emakume bakoitzak eguneko, eta 17,6 gizon bakoitzak. Hiru eskaintzatatik bi, ordea, ez zaizkie egokitu hautagaien ezaugarriei. Berriz ere, eskaintzarik gehienak (% 56) errepikatu egin dira egun batetik bestera.

10 eta 20 minutu artean curriculuma jartzeko

Lana bilatzea prozesu aktiboa da, lana eskatzen duena. Ohiko formulek denbora gehiago hartzen dute (curriculuma eta aurkezpen-gutuna bidaltzea, edo egunkarietako edo argitalpen espezializatuetako iragarkiei erantzutea), baina Interneten ere denbora eskaini behar zaio.

Gure aldizkariko teknikariak moldatzen dira Internetekin (erdi mailako erabiltzailetzat jo litezke), eta hamar eta hogei minutu artean behar izan dituzte curriculuma atari batean jartzeko (zenbat eta osatuagoa curriculuma eta lan-esperientzia, orduan eta gehiago). Infojobsek esaten du hiru minutu aski direla horretarako, baina dezente gehiago behar izan dute gure teknikariek.

Aztertu ditugun lan-bilatzaileak

Hautatu ditugun lau atariak aztertzeko, 36 aztergai edo atal finkatu ditugu, eta horietako bakoitzean zer emai-tza eman duten ikusi dugu. Hona atal horietako batzuk: enpresarekin harremanetan jartzeko datuak eta identifikazio fiskala (erraz aurki-tzeko moduan ote dauden eta ongi ikusteko moduan); bezeroari ematen dioten arreta; nabigatzeko eta erabiltzeko erraza den; curriculuma (sortzea edo igotzea, formatua, norberaren orrialdea, eta abar); lana bilatzeko laguntza (abisuak, jarraipena, lanbideari buruzko informazioa, eta abar); edukiak eta zerbitzuak (prestakuntza, albisteak eta erreportajeak, aholkuak, adituei galdetzeko aukera); eztabaidaguneak, blogak eta gizarte-sareak; eta lan-eskaintzen bilatzailea.


  • Monster: erraz erabiltzen da eta aski arreta ona eskaintzen dio bezeroari. Beste zerbitzuak baino erosoagoa da erabiltzeko, alde handiarekin, gainera: izena azkar ematen da, sarbide erraza du eta hautagaiaren ezaugarriei buruzko orria oso erraz betetzen da. Honek eskaini dio bezeroari arretarik onena eta garbiena. Sistema erraz-erraza du enpresaren datuak aurkitzeko, inprimaki bat ere bai galderak eta erreklamazioak egiteko, eta doako telefono bat jartzen du bezeroen eskura. Enpresa kontratatzaileei buruz ematen duen informazioa, hala ere, ez da guztiz egokia, eta badu zer hobetua arlo horretan. Lana eskatzeko prozesua ez da batere argia, eta nork bere curriculuma bete ondotik, zenbaitetan berriz gauza bera egin behar izaten da lana eskaintzen duen enpresaren web-orrian.

  • Infojobs: erregularrena izan da. Garai batean Segunda Mano izenarekin ezagutzen zen orrialdearen oinordekoa aski erregularra gertatu da guk aztertu ditugun atal guztietan; atal batean ere ez da izan zerbitzurik onena, baina batez besteko onargarria eman du guztietan. Abisuen zerbitzuan nabarmendu da: enpresen inguruko informazio xehea eskaintzen du, eta aski garbi adierazten du zer baldintza bete behar diren hautaketa-prozesuan parte hartzeko. Gabeziak, iragarkiak eta informazio gehigarri gehiegi ditu eta zamatu egiten dute orrialde nagusia.

  • Infoempleo: informazio gehigarri ona eman du eta gizarte-sarez hornitua dago. Hautagaiaren ezaugarriak eta curriculuma betetzerakoan arazo handiak ematen ditu, eta oinarrizko gabezia horrekin, aski emaitza apala lortu du: argazkia ez da ongi koadratzen; beharrezko ez diren hainbat galdera egiten ditu; hizkuntzaren atala, adibidez, ezin da behar bezala bete. Gauza onen artean, informazio gehigarria baliagarria gertatzen dela, eta oso landua dagoela. Blog-sare ugaria eskaintzen du, eta hori ere aipagarria da; hautagaiaren beraren orritik sor daitezke, doan, eta diseinu-aukera askorekin. Astero, blog horietako onentsuena jartzen dute webaren lehen orrian. Espainiatik kanpoko lan-eskaintzen berri ere ematen du etxetik urrunago lan egin nahi duenarentzat.

  • Trabajar.com: oso arreta gutxi eskaintzen dio erabiltzaileari. Honek lortu du emaitzarik apalena. Lan-eskaintzen datu-basea baino ez da: abisu-sistema bat dauka (posta elektronikoz bidaltzen ditu, gako-hitzak erabiliz), baina hautagaia non bizi den ere ez du hartzen kontuan. Ia atal guztietan geratu da gutxieneko maila eman gabe. Gauza berritzaile bakarra, eskaintza batzuk Twitter bidez eman izana.