Maletak falta!

1 marzo de 2009

Errepideko bidaietan

Errepideko bidaiak

Autobus bidaietan, bidaiariek doan eraman dezakete 30 kilogramo arteko ekipajea, horretarako eskubidea dute. Eta enpresa behartuta dago helmugan berriz ere bidaiarien esku jartzera. Maleta hondatzen bada edo norbaitek lapurtzen badu, autobus konpainiak 14,50 euroren ordaina eman beharko du kilogramo bakoitzeko, baldin eta enpresak eta bidaiariek ez badute bestelako hitzarmenik egin. Balio handiko gauzak sartu baditugu maletan, garraiolariarekin ados jartzea komeni zaigu eta erantzukizun-mugak handitzea, nahiz eta kopuru gehigarri bat ordaindu behar izan. Erreklamazio bat egiten denean ekipajea galdu edo lapurtu dutelako, gehienetan kalkulatu egiten dute zer pisu izan zezakeen (20 eta 30 kilo artean ibiltzen dira), eta horren arabera ematen dute ordaina.

Maleta hondatu edo galtzen badigute,
autobus konpainiak 14,50 euroko
kalteordaina eman behar digu
kilo bakoitzeko

Gerta daiteke maletak kolperen bat hartzea bidaian edo barruko gauzaren bat hondatzea, eta maletatokian barrena zerbait isuri eta zabaltzea. Halakoetan, bidaia poltsek izandako kalteen ordaina ez ezik -14,5 euro, kilogramo bakoitzeko-, arropak-eta garbitzeagatik ere eska dezakegu. Ordaina, hala ere, sekula ez da izango kiloko 14,50 eurokoa baino handiagoa, eta erreklamazioan beti aurkeztu beharko ditugu, nahitaez, arazoak sortu dituen gastuen ordainagiriak.

Autobus bidaietan erreklamazioak egitea

Erreklamazio orria unean berean eskatzea komeni da, nahiz eta legeak 48 orduko epea uzten duen aurkezteko. Orria betetzerakoan, ekipajea nola utzi genuen adieraziko dugu eta bidaian zer kalte jasan dituen; horrez gain, nondik norako bidaia egin dugun ere idatziko dugu. Eskaini diguten ordaina ez bazaigu egokia iruditu, Kontsumoko Ebazpen Batzordeetara jo dezakegu, eta gure autonomia erkidegoko Garraioko Ebazpen Batzordera. Doakoak dira bi-biak ere, eta 6.000 eurotik beherako kalte-ordainekin sortzen diren arazoetan esku hartzen dute. Batzordeak laudo bat egingo du, eta bi aldeek nahitaez bete beharko dute. Gehienetan, hala ere, frogak falta izaten direnez, legeak kalte-ordainentzat ezartzen dituen mugen barruan ibili ohi dira. Iruditzen bazaigu legeak ezartzen duen kopurua ez dela kaltearen neurrikoa, orduan kalte moralen ordaina ere eska dezakegu ohiko erreklamazioa egiterakoan, eta auzitara ere jo dezakegu (900 eurotik beherako kopuruentzat ez da behar ez abokaturik ez prokuradorerik).

Eskuzorroekin ere izaten dira gorabeherak, eta bidaiariaren ardura da horiek zaintzea. Horiek jasan ditzaketen kalteen ordainik ezin eskatuko diogu, beraz, enpresari, baldin eta frogatzen ez badugu hark duela erantzukizuna. Hala ere, bidaiari guztiak autobusetik jaitsi badira, eta gidariak ateak itxi gabe utzi dituelako hondatu edo lapurtu badigute eskuzorroa, legeak enpresari egozten dio erantzukizuna, eta maletategiko ekipajeari dagokion kalte-ordain bera eman beharko digu.

Trenean

Trenaren paradoxa

Informe

Erregistratu gabe doan ekipajearekin sor litezkeen kalteengatik ez dute ordainik ematen. Baina zein trenetan erregistratu daiteke ekipajea? Aldirietako trenek eta ibilbide ertainak egiten dituztenek, adibidez, ez dute aukerarik ematen erregistratzeko, baina uzten dute eskuko ekipajea eramatea, 20 kilo artekoa. RENFEk adierazten du AVE trenetan ere ezin dela ezer erregistratu, baina bidaiariak maleta bat edo eskuzorro bat eraman dezakeela (eskanerretik pasatzen dute, segurtasun arrazoiak direla eta). AVEren web orriak esaten du, hala ere, kalte-ordaina emango zaiola bidaiariari ekipaje erregistratua lapurtzen edo galtzen bada (300 eurorainoko ordaina maleta bakoitzeko).

Ekipajea galduta, honako eskubide hauek ditugu...:

Hegazkin bidaian

  • Gure maleta atzeratuta iristen bada, Ekipaje Irregulartasunen Jakinarazpena bete behar dugu, eta hala badagokio, beste erreklamazio bat egin behar dugu maletak iritsi behar zukeen egunetik hasi eta hurrengo 21 egunetan, eta ordain bat eskatu behar dugu. Kalte-ordaina, gehienez ere, 1.160 eurokoa izango da.
  • Maleta barrutik zerbait lapurtu badigute, aireportuko Polizia gunean salaketa jarri behar dugu, eta Ekipaje Irregulartasunen Jakinarazpena bete; horrez gain, behar balitz, beste kexu bat aurkeztu behar genuke hurrengo zazpi egunen barruan.
  • Hegazkin konpainiek ez dituzte bere gain hartzen zenbait kalteren ordainak: gurpil eta heldulekuetan sor daitezkeen kalteak, ekipajeen ebaki eta mailatuak. Kalte larriak gertatzen direnean soilik hartzen dute erantzukizuna bere gain.
  • Ekipajea edo haren zati bat lapurtzeak buruhauste handiak sortu badizkigu, kalte moralen ordaina eska dezakegu.

Autobus bidaian

  • Ekipajea galtzen edo hondatzen bada, enpresak 14,50 euroko ordaina emango digu, gehienez, kilogramo bakoitzeko. Askotan zaila izaten denez jakitea zer pisu zeukan maletak, 20-30 kilo arteko pisuarekin egiten dira kalkuluak.
  • Maletan balio handiko zerbait sartu badugu, autobus konpainiari eskatu behar genioke erantzukizun-ordaina igo dezan. Jakina, gehigarri bat ordaindu beharko dugu.
  • Eskuko ekipajeaz bidaiariak berak arduratu behar du, eta haren erantzukizuna izango da zerbait gertatuz gero. Autobusa hutsik geratu eta gidariak aterik itxi ez duelako lapurtu badute, ordea, enpresari dagokio erantzukizuna. Halakoetan, maletategiko ekipajeari dagokion kalte-ordain bera eman beharko digu.

Tren bidaian

  • Egiaztatu egin behar dugu maletak erregistratzeko modua badagoela.
  • Ezin bada, gogoan hartu behar dugu ekipaje erregistratuari egiten zaizkion kalteak soilik hartzen dituela bere gain tren konpainiak. Eskuko ekipajearen ardurarik ez du hartzen.
  • Maleta erregistratuekin sor daitezkeen gorabeherengatik 14,50 euroko kalte-ordaina emango digute falta den eta kalteak jasan dituen kilo bakoitzeko (gehienez, 600 euro ordainduko dizkiote bidaiari bakoitzari).