Maitasuna erakustea eta denbora eskaintzea, horiek zer dira, sinonimoak, antonimoak, osagarriak… ?
Sinonimoak ez badira, elkarren osagarri, behintzat, bai. Maitasuna oinarri-oinarrizkoa da haurrak heziketa on bat izan dezan.
Zuk behin eta berriz esaten duzu, hala ere, bi terminoak ez direla nahasi behar.
Bai, hala da. Ama askok zera esaten didate: “Neukan guztia eman dut seme-alabei diedan maitasunagatik”. Eta ikusten dut nahasi egiten dutela maitasuna hitza eta afektua ematea, baina horrek ez du esan nahi, maitasunaren izenean, gurasoek gauza guztiak onartu behar dizkietenik eta etxeko errege-erregina bihurtu behar dituztenik.
Heziketa ona ematea da seme-alabei maitasuna erakusteko modurik onena?
Bai, beste gauza guztien gainetik. Emozio moralek, zintzotasunak, kooperazioak, elkartasunak, horiek guztiek heziketa ona eskatzen dute, jokabide-kode bat, zeinaren bidez gurasoek erakutsiko dizuten zer ari zaren ongi egiten.
Baina hezteak eskatzen du ahalegina egitea, eta hori ez da erraza.
Ez da, ez. Hezteko, ikasi egin behar da lehenik. Maitasuna emateko ere, horixe da beharrezkoa, ikastea, zure gurasoengandik ikasi izana, zuk gero oinarri sendo bat eduki dezazun eta garaia heltzean transmititzeko moduan egon zaitezen.
Informazioaren eta formazioaren gizartean bizi gara, baina, hala ere, ez dago guraso-eskolarik.
Nik sinesten dut guraso-eskoletan. 2002. urtetik nabil halakoak egiten, gurasoek laguntza behar dutelako, baina, dena den, ez zait iruditzen gurasoek hainbeste argibide behar dituztenik; ez dago errezetarik horretarako.
da sistematikoa izatea eta
anbiguotasuna saihestea”
Dirudienez, bi muturren artean dabiltza gurasoak: edo eskakizunez itotzen dituzte haurrak edo dena libre uzten diete.
Halaxe gertatzen da beste edozein giza jokabiderekin ere. Mutur batetik bestera joan ohi gara. Autoritarismoa bizi izan dugu eta, hori orekatzeko edo, permisibitatera igaro gara. Baina ni baikor nago, eta uste dut erdibidea aurkitzea izango dela hurrengo pausoa. Arazoa zera da, gurasoaren autoritarismoa bost minutukoa izaten dela; horren ondotik errudun sentitzen hasten da, eta zera esaten dio haurrari: “Tira, egizu nahi duzuna”. Eta hori ez da ona. Anbiguoa da. Haurra ohitu dadin, beharrezkoa da sistematikoa izatea; ezin zara ibili anbiguotasun horrekin, zeren haurra beti saiatuko baita arauari ixkin egiten, badaki-eta berehala emango duzula amore.
Gurasoak seme-alaben lagun izan behar du? Zenbait psikologo horren aldekoak dira, baina zu ez zatoz bat.
Ez zait egokia iruditzen guraso batek hori bilatzea, seme-alaben lagun izatea, baina, agian, gauza bera esaten ari gara guztiok, eta ez dugu ongi definitu kontzeptua. Ama asko halaxe adierazten didate: “Ni alabaren laguna naiz, eta oso ongi moldatzen naiz”. Nahasi egiten dituzte adiskidetasuna eta gai jakin batzuei buruz hitz egitea. Hauxe pentsatzen dute: “Alabarekin sexuaz hitz egiten dudanez, kaleko edanaldiez… bada, haren laguna naiz”. Baina ez da hala. Hitz egiten duzu, bai, baina gidari-rola hartuta betiere. Alabarekin sexuaz hitz egiten duen amak, bikotekideei buruz, beti edukiko du aholkuak emateko jarrera, entzun egingo du, zer behar duen ikusiko du, ez baitu nahi hari deus txarrik gertatzea. Haurrek eta gurasoek ez dituzte izaten interes berak. Nire interesa ez da eskola huts egitea, jolastera joatea, piper egitea… eta gurasoen interesa da jakitea zer egin behar duen haren alabak edo semeak ikas dezan, eta ez hari eskutik heldu eta elkarrekin alde egitea. Garrantzitsua da bereizketa hori ulertzea: haiekin hitz egin bai, baina gidari-rola hartuta beti, ez lagun gisa.
Haur batek esaten badu, “ama, edo aita, gu biok lagunak gara, ezta?, zer erantzun behar diogu guk?
Ez. Ni zure ama naiz, edo zure aita.
Gurasoek noiz hasi behar dute kezkatzen haurrek jokabide txarra ageri badute?
Haurrek 5-6 urte dituztenean, ordurako edukitzen dituzte-eta zenbait jokabide, sortua izaten dute altruismoa, badu gizarte-prestigio bat… eta hortik aurrera ikusi ahal izaten da jokabide suntsigarriak dauzkan, beste haurrak uxatzen dituen, botere-harremanak sortzen dituen… Zenbaitetan ikusi izan ditut hiru urteko haurrak kasketa neurrigabeak hartzeko joerarekin, eta hori zerbaiten adierazgarri izaten da gerora.
Noiz esan daiteke haur bat tiranoa dela?
Saihestu egin behar dira etiketak. Haurra ez da izaten tiranoa, baina eduki ditzake jokabide tiranikoak.
Zein dira jokabide horiek?
6 urtetik aurrera, oso oldarkor agertzen dira zenbait haur, gezurra esaten dute, mendeku-jarrerak izaten dituzte, ez dute bat egiten besteren gauzekin, ez dute edukitzen sentiberatasunik, boteretsu sentitzen direlako, ez daukate enpatiarik… Jarrera horiek tiranikoak dira, eta areagotu egin daitezke 11 urtetan, eta 15etan jada oso zaila izaten da zuzentzea, nerabezaroan berezko izaten den errebeldia ere eransten zaio eta.
Eta nola bereiz daiteke zer den nerabezaroak berezko duen errebeldia eta zer tirania?
Ikusi egin behar da batere emoziorik gabe jokatzen ote duten, besteren lekuan jartzeko jarrerarik baduten edo ez. Haurra izan daiteke errebeldea, guztiok izan gara, gerta daiteke ordutegia ez betetzea egun batean, atea zartakoz ixtea, edo “ez zaitut maite” esatea… baina hurrengo egunean barkamena eska dezake. Jokabide tiranikoak dituzten haurrek, aldiz, sekula ez dute jotzen bere burua errudun, beti besteek daukate errua.
Behin arazoa agertuta, zer egin daiteke?
Laguntza eskatu. Askotan biktima bihurtzen zara, hark agintzen du, eta, gainera, genero-bortizkeriarekin bezala gertatzen da: uste duzu zure jokabideak jartzen duela era horretan. Eta horra helduta, berak irabazi dizu. Zenbaitetan oso zaila izaten da norbera bakarrik ateratzea hortik, eta laguntza profesionala eskatu behar izaten da, tutore bati, familiako medikuari, psikologoari, geure familiari…
Muturreko kasuek ere izan dezakete konponbiderik?
Oso gogoan ditugu zenbait kasu, hilketak gertatu direlako, bortxakeria izan delako, sentiberatasunik ez delako ikusten inon, adingabeek adingabeak bortxatu dituztelako… kasu horiek guztiek badute gauza bat elkarrekin: ez dago erruduntasun sentimendurik. Ez zaie iruditzen gauza txar bat egin dutela. Ni horrek beldurtzen nau, hoztasun hori ikusteak. Laguntza berandu iritsi bada hoztasun horri aurre egiteko eta ez badituzte hezi balio batzuetan, eta gurasoek ere ez badute lortu haurrarengan enpatia sor dadin… esan liteke muturreko egoeran gaudela. Oso zaila izaten da kasu horiek bideratzea, beste nahasmendu mota bati buruz ari gara eta. Baina gainerakoan, batik bat maitasun-lotura sendoren bat egon izan den kasuetan, bide asko egina egoten da, badagoelako maitasun-oinarri bat.
Gurasoek zenbateko erantzukizuna dute jokabide tiraniko horiek ager daitezen?
Haien ardura da haurra heztea. Niri, ordea, ez zait gustatzen inor seinalatzea, gurasoak beti ez direlako egoten aski prestatuta haurrari eusteko. Gurasoek batzuetan ezin izaten dute gehiago jasan, eta laxatu egiten dute soka, eta koktel horretatik zernahi atera liteke.
Laguntza eskatzeaz gain, zer gehiago egin dezakete gurasoek eurek?
Batzuetan, zigorra erabiltzen dugu gehiegi jokabide txarrei erantzuteko. Eta nik esaten diet gurasoei hauxe galdetu behar diotela beren buruari: zer nahi dugu, haurra zigortu jokabide hori eduki duelako, edo haurrak balio jakin batzuk ikas ditzan nahi dugu? Eta haurrak 6 urte dituenetik egin behar da galdera hori. Horrexegatik esaten dut hiru galdera oinarrizko egin behar zaizkiola haurrari: nola sentituko zinateke zuri gauza bera egingo balizute?, nola sentituko zen zure laguna gauza txar hori egin diozunean?, eta zer egin dezakezu jarrera hori konpontzeko? Ulertu behar du gaizki jokatzeak badituela ondorioak. Haur batek norbait iraindu badu, eskutik heldu eta barkamena eskatzera eraman behar duzu. Baina heziketa-zeregin horiek guztiak alboratu egiten dira. Enpatia edukitzeko hezi behar da, errieta eman behar zaie gaizki jokatzen dutenean, eta sistematikoa izan behar da, nahiz eta gogorragoa gertatu haurrari aurre egitea. Indartsu zaudela ikusi behar du, bestela jan egingo zaitu eta. Tinkotasuna oso garrantzitsua da. Ez da komeni, hala ere, itsutzea eta gaizki egiten duen hori soilik ikustea; jokabide onak bilatu behar dira.
Zuk, psikologorik gehienek bezala, asko aipatzen duzu enpatia. Gure gizarte honek, ordea, ez du enpatia askorik…
Hala da. Ama batek lehengoa esan zidan, hain justu, sentsibilitate hori erakusten ari zitzaiola haurrari, eta jolasaldian jan egiten zutela, eraso egiten ziotela… Baina ni oinarri honetatik abiatzen naiz: zu enpatia horretan hezi bazaituzte, maitasunean, batzuetan jakingo duzu diskriminatzen, eta zuk daukazun gaitasun hori bera dutenekin elkartuko zara bizitzan. Beste pertsona batzuetatik, aldiz, bereizi egin behar izaten duzu, min ematen dizute eta. Nire ustez, enpatiazko oinarri sendo bat daukazunean, beste zerbait bilatzera jotzen duzu, asertibitatea esaten zaion horretaz ari naiz, ezetz esaten jakitea eta zure sentimenduak adierazten jakitea, inori minik eman gabe. Haur bat egurtu egiten badute enpatikoa delako eta beste bat hankapean hartzen badute, segur aski izango da autoestimua apal daukalako, zeren haur autoritario horrek, manipulatzen duen horrek, ahulenekin egiten du hori, ez besteekin. Ikusi egin behar da haurra zergatik den ahula. Eta batzuetan izaten da kosta egiten zaiolako bere burua agertzea, beldurra izaten du, baina ez da izaten enpatiagatik.
profesionala eskatu behar izaten da, tutore bati,
familiako medikuari, psikologoari, geure familiari”
Nola erakusten da asertibitatea?
Badira jarraibide argi batzuk, eta hauxe erakutsi nahi izaten dute funtsean: pertsona batekin ados ez zaudenean, ez duzu errudun egin behar; saiatu behar duzu emozioak bilatzen, iraindu gabe, ni-tik abiatuta. Honela mintzatu behar da: “Mindu egin nauzu, umiliatua sentitu naiz… ikasgelan nitaz gaizki hitzen egin duzunean. Gustatuko litzaidake hurrengoan ez egitea halakorik”. Hori da asertibitatea. Ez naiz isilik geratuko -hori litzateke muturretako bat-, baina ez naiz agertuko oldarkor, ez dut mehatxurik egingo edo inor bultzatuko. Gakoa da emozioak adieraztea ni-tik abiatuta, baina salaketa-jarrerarik hartu gabe. Sentimenduak adierazten erakutsi behar zaie haurrei, ez gordetzen. Heziketa-zeregin garrantzitsua da hori. Heziketa-sistemak orekatu egin behar du, baina ez ordezkatu, hori ez baita heziketa-sistemaren egitekoa.
¿Horrek eragin dezake, adibidez, haur batek etxean oso gaizki joka dezan eta kalean oso ongi, edo alderantziz?
Bai, zeren beti ez baitira izaten gurasoak onak eta haurrak txarrak. Zenbaitetan, guraso arduratsuen falta jasaten dute haurrek… eta hori gertatzen denean, pertsona horrek galdu dizu errespetua, eta errespeturik gabeko rol hori hartzen duzu pertsona horrentzat.
Azter ditzagun kasu praktiko batzuk. Haurrak kasketa hartu badu, zer egin behar dute gurasoek?
Haurrak min hartzeko arriskurik ez badago, ez zaio arretarik jarri behar haurraren jokabideari, deiari, zeren behin eginda, beti erabiliko baitu. Sekula ez duzu utzi behar erruduntasunak gain har diezazun, hortxe agertu behar da indartsu.
Leku publiko batean gertatzen bada, jatetxe batean, adibidez, utzi egin behar zaio?
Bai, haurra bakarrik badago, bai. Bi haurren arteko kontua bada, ikasi egin behar dute gatazkak konpontzen.
Eta aitari edo amari tu egiten badio edo bietako bat jotzen badu, zer egin daiteke?
Ez ditugu jo behar, baina irmotasunez jokatu behar dugu, eskuekin gogor eutsi… egoeraren arabera, betiere. Jarrerak izaten du eragin gehien bestearengan, horrek harrapatzen ditu ezustean, eta ez zaplaztekoak, nahiz eta guri hala iruditu beti.
Zuk baduzu seme-alabarik?
Ez, baina horrek ez dio axola. 12 urte daramatzat haurrekin eta gurasoekin lanean, eta ziurta dezaket, jarraibide horiekin, gurasoek hobera egiten dutela.