Espainiako Estatuan gardenak al dira GKEak?
Lealtad Fundazioak lanean daramatzan 10 urteotan, Gobernuz Kanpoko 2.000 Erakundek azaldu dute interesa kudeaketa gardentasunez egiteko. Egiten ditugun azterketen emaitzak % 85etik gora ibiltzen dira urtero, eta horrek esan nahi du oso ongi betetzen direla Gardentasun Printzipioak, eta adierazten du, halaber, zer-nolako konpromisoa duten GKEek.
Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, zer mailatan dabiltza?
Lealtad Fundazioa da Espainiako Estatuak ICFO erakundean duen ordezkaria (International Committee on Fundraising Organizations); nazioarteko foro bat da, 1958an sortua, eta GKEen ebaluatzaileak biltzen ditu. Inguruan ditugun herrialdeetan, GKEei ebaluazioa egiteko edo ziurtagiria emateko joera finkatuagoa dago, eta ziurtagiria duten erakunde gehiago daude; horretan dago alde nagusia. Era berean, herrialde horietako emaileak ohituagoak daude gardentasunarekin eta kudeaketa egokiarekin zerikusia duten informazioa eskatzera eta begiratzera.
Herritarrek ba al dute konfiantzarik erakundeengan?
Herritarrek oso ontzat jotzen dute GKEen lana, beste erakunde askorena baino gehiago balioesten dute. Dohaintzak, ordea, inguruko beste herrialdeetan baino urriagoak dira. Dohaintzak egiteko eta GKEen iraunkortasuna eta independentzia laguntzeko prest dauden herritar gehiago behar dira. Guk uste dugu konfiantza ezinbestekoa dela dohaintzak egiteko, eta konfiantza hori landu egin behar da, eta hori egiten da emailearen eskura (partikularra edo enpresa) informazio independentea, osatua eta objektiboa jarriz GKEren eta haren kudeaketaren inguruan.
Emaile batzuek ez dute argi izaten zer gertatuko den haiek emandako diruarekin. Zergatik?
GKEak erakunde konplexuak dira. Proiektu asko lantzen dituzte, borondatez ari diren langileak dauzkate eta soldatapean ari direnak, eta garapenaren alde ari diren GKEek, gainera, hainbat herrialdetan lan egiten dute. Jenderik gehienak oraindik ere ez daki nola funtzionatzen duten erakunde horiek.
Emaileek hobeki informatu behar al lukete?
Erantzukizunez jokatu behar dute, eta informatu egin behar dute eta GKEari galdetu dirua eman aurretik eta ondoren. Harreman horrek irekiagoak egiten ditu erakundeak, gardenagoak eta eraginkorragoak. Konfiantza handitzeko eta oinarri sozial zabala eta fidela lortzeko (bazkideak, boluntarioak, eta abar), funtsezkoa da GKEa etengabeko komunikazioan egon dadin gizartearekin. Informazio xehea emateak, eta mezua egiazkoa izateak eta nahasmendurik ez sortzeak erakusten du garden jokatzeko nahia.
Arduraz egin behar dira dohaintzak. Zer pauso eman behar dira horretarako?
Informazioa bildu behar da dirua eman aurretik, eta ondoren, egiaztatu egin behar da zer-nolako eragina izan duen diru horrek eta GKEak zer-nolako lana egin duen. Horrela jokatuz gero, gizartearekin harreman estuagoa izatera bultzatuko ditugu GKEak, beren jardueren kontu ematera eta eraginkorragoak izatera.
Dohaintzak Internet bidez egiteak erraztu egiten du elkarlana edo zalantza gehiago sortzen ditu?
Berriki egin diren ikerketak esaten dutenez, Interneteko erabiltzaileek badute prestutasuna laguntzeko. Dena den, dirua emateko baino gehiago erabiltzen da -askoz gehiago- sinadurak biltzeko kanpainak egiteko edo norberaren solaskideei jardueren berri emateko. Zergatik gertatzen den hori? Agian, emaileek nahiago dituztelako ohiko bideak, zenbait GKEk ez dutelako eskaintzen aukera hori eta jendeak ez dituelako Interneten eman nahi bankuko datuak. Lealtad Fundazioak gomendatzen du, dohaintzak on-line egiten direnean, segurtasun neurriak izan daitezela erosketak egiterakoan erabiltzen diren berberak.
Nola berma daiteke dohaintza bat segurua dela?
Gardentasun eta Jarduera Onen Printzipioek gidatzen dituzte Lealtad Fundazioak egiten dituen analisiak, eta printzipio horiek erdibideko adierazleak dira guretzat. GKEak bidaltzen duen dokumentazioa hartzen dugu, soldatapean eta boluntario ari diren langileekin elkarrizketak egin, eta printzipio horiek zenbateraino betetzen dituzten aztertzen dugu. Ez gara joaten tokian tokiko proiektuak aztertzera, oso konplexua eta garestia izango litzatekeelako. Adierazle horiek, ordea, nahiko informazio zehatza ematen digute erakundeen “eginmolde egokiaz”.
Zertan oinarritzen dira printzipio horiek?
Gomendio batzuk dira, gardentasunari, gobernu onari eta kudeaketari buruzkoak. Horiek finkatzeko, kontuan hartu genuen zer-nolako informazioa galdegiten duten herritarrek, eta beste herrialde batzuetan erabiltzen dituzten ereduak ere aztertu genituen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, adibidez. Horrez gain, zuzenean galdetu diegu GKEen plataformei eta koordinadorei, erakundeei, Administrazio Publikoari eta Hirugarren Sektoreko adituei. GKEek ere parte hartu zuten adierazle horiek lantzeko eta berraztertzeko prozesuan.