Ikasturte honetarako zer joera aurreikusten da ikasliburuen prezioan?
Iaz, batez beste, % 0,5eko atzeraldia izan zen. Ikasturte honetan, % 2 inguru igoko da; hau da, KPIaren azpitik jarraituko dugu. Liburuaren sektorea jabetzen da eskola-sartzeak gastu handia sortzen diela familiei, eta azken hamar urteetan, sekula ez da izan produktu inflazionista bat.
Argitaletxeen sektoreak zer irizten die ikasliburuen doakotasun-politikei?
Garrantzitsuena ez dira doakotasun-politikak, ezpada horiek ezartzeko administrazioek hautatzen dituzten sistemak eta erabiltzen dituzten moduak. Liburuak mailegatzea, doakotasun-eredu bat baino gehiago, berrerabiltze-sistema bat da, eta zuzeneko laguntzek, berriz, gehien behar dutenen artean banatzen dute dagoen aurrekontua. ANELE prest dago administrazio guztiekin elkarlanean aritzeko, ezartzen duten sistema ezartzen dutela, baina iruditzen zaigu zuzeneko laguntzak ematea dela irtenbiderik bidezkoena eta solidarioena familiak laguntzeko.
Ikasleei desabantailarik eragiten al die liburuak eurenak ez izateak?
Ikasliburua lan-material pertsonala da, eta, nagusiki, heziketa-baliabide horri norbanakoak ematen dion erabilerak egiten du baliagarri, ikasle bakoitzari gehien komeni zain moduan erabiltzeak. Azpimarratzea, edukien eskemak egitea edo ikasliburuan jarduerak osatzea ikasketa-teknika lagungarriak dira. Horregatik, ikuspegi pedagogikotik, pentsatzen dugu mailegu- eta berrerabiltze-sistema ez dela onena ikasleentzat.
Familietan zer-nolako eragina dauka ikasturtea bukatu eta ikasliburuekin ez geratzeak?
Kezkagarria iruditzen zaigu, doakotasun-politiken ondorioz, guztia doan delako irudipena sortzea jendearen artean. Liburuari daukan baliorik ez ematea, sormenari edo egile-eskubideei, hori politika negargarria da, min izugarria egiten duena, eta gure herrialdearen identitate-muinean kalte egiten duena, gure kultura-ondarean.
Hala ere, liburuak betidanik mailegatu izan dira senideen artean edo lagunekin trukatuta.
Ikasleen % 20-24 inguruk berrerabiltzen dituzte familiako beste kideengandik, lagunengandik edo ezagunengandik jasotzen dituzten liburuak, baina hori gauza bat da, modu naturalean egiten dena, eta besterik da maileguan oinarritzen den sistema ofizial bat ezartzea. Espainiako Estatuko argitaletxeen sektorea BPGren % 1 inguru da, eta 36.000 lanpostu zuzen sortzen ditu. Sektorearen aurka doazen politikak kaltegarriak dira, eta ez soilik baliabideen kalitatearen aurka doazelako, baita herrialdearen ekonomiarentzat eta kulturarentzat estrategikoa den sistema bati erasaten diotelako ere.
Markatuan agintzen duen prezio-askatasunaren aurkakoak al dira politika horiek?
Hori da sektorean aurkitzen dugun inkoherentzietako bat. Ez du zentzurik lege bat bultzatzeak, non prezio askeko erregimen baten aldeko apustua egiten den modu irmoan, eta administrazioa bera izatea, lege horren alde egonik, legea urratzen duena eta diruz laguntzeko kopuru mugatuak ezartzen dituena, horrek, azken batean, prezioak ezkutatzera daramalako. Ez du funtsik, eta modu nabarmenean hausten du legea.
Ikasliburuak zer leku hartzen du eguneroko irakaskuntza-jardunean?
Compostelako Santiagoko Unibertsitatean ikerketak egin dituzte, jakiteko ea liburuak mailegatzeko sistema ezarria duten erkidegoetan zer iritzi duten horri buruz, eta emaitzak oso adierazgarriak dira. Txosten horiek diotenez, irakasleek eta zuzendaritza-taldeek funtsezko heziketa-baliabidetzat jotzen dituzte argitaletxeek lantzen dituzten materialak. Hau da, ikasliburua da irakaskuntza-jardueraren muina, eta oso pisu handia du eskolako programazioan. Horrek ez du esan nahi baliabide bakarra dela; irakasle askok sortu egiten dute beren materiala eta beste osagarri batzuk erabiltzen dituzte ikasgelan, baina ikuspegi didaktikotik, ikasliburua da erreferente nagusia.
Ikasliburu digitalen egoera zer-nolakoa da gaur egun Espainiako Estatuan?
Argitalpen-sektoreak hamar urte baino gehiago daramatza eduki digital osagarriak sortzen. Baina ikasgela digitalak lau zutabe behar ditu eusteko: irakasleen formazio osatua, behar adina baliabide, kalitatezko konexio-bideak eta heziketa-eduki digitalak (azken hori dagokigu guri). Milaka produktu ekoitz ditzakegu, baina horiek ezin dira modu egokian erabili, ikastetxeek ez daukatelako behar bezalako baliabiderik.