Javier Aranceta doktorea, Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteko Batzorde Zientifikoko presidentea (SENC)

"Hutsegitea da herritarrak dietan jartzea, dieta arloko gomendioak ez dira ezarri behar errealitateari eta pertsonei bizkarra emanda"

1 abril de 2016
Img entrevista listado 1099

Zer dago nutrizio arloko piramidearen atzean?

Lan handia. Piramidea taxutu aurretik, dokumentu tekniko bat osatzen da, non agertzen den zein den elikadura arloko egoera, zer-nolako bilakaera izan duen azken urteetan eta zer gauza berri ezagutzen dituen zientziak, onak edo txarrak izan daitezkeena osasunarentzat eta bizi kalitatearentzat, betiere elikadura prozesuari lotuta. Konplexu samarra izaten da elikadura arloko lerro batzuk lantzea. Piramideak lagungarria izan nahi du pertsonek informazio zientifiko hori eraman dezaten beren ezagutza esparrura, erosketa zerrendara eta otorduak prestatzeko, jateko eta partekatzeko unera.

Zergatik zen beharrezkoa eguneratzea?

Gomendio berriak sortzen dira ebidentzia zientifikoetatik. Ebidentzia horien argitan formulatu dezakegu zer alderdi aldatzea komeni den edo non egin behar den indar gehiago. Ildo horretan, elikadura arloko gomendioak ez daitezke ezarri errealitateari eta herritarrei bizkarra emanda. Pertsonak lagundu egin behar dira, zenbait gauza hobetu ditzaten zientziak dakiena kontuan hartuta, baina ezin dira herritarrak dietan jarri; hutsegitea da hori. Proposamenak egingarria izan behar du eta erosoa; jendeak ulertuko duen zerbait eta normaltasunez bizitzen jarraitzeko aukera emango diena.

Baina ohiturak aldatu egin dira eta gero eta sedentarioagoak gara eta gero eta elikagai osasungarri gutxiago hautatzen dugu.

Bai, baina badira ñabardurak. Esaten dugu, adibidez, esnekiek gaingabetuak izan behar dutela, eta gero aurkitzen dugu esnearen gantzak substantzia interesgarriak dituela osasunarentzat. Egia da berriz ere bideratu egin behar dela zertxobait pertsonen elikatzeko profila, baina erradikalak izan gabe. Gomendio asko paperean gelditzen dira oso, eta gero ez daitezke platerera eraman. Elikatzeko ohituretan txertatzeko modukoak izan behar dute aholkuek. Eta horrek ez du esan nahi lasaikeriaz jokatu behar denik piramidearen puntan ageri diren elikagaiekin.

Zein dira aldaketa nagusiak?

Elikadura baldintzatzen duten beste faktore batzuk bildu ditugu, dieta kontzeptuaren zati bihurtu direnak. Piramidearen oinarrian ikusten da hori, non ikono berri batzuk ageri diren, jarduera fisikoarena, adibidez. Egunean ordubetez aritzea edo hamar mila pauso ematea gomendatzen dugu; zentzuzko helburua da, zeinak lagundu egingo duen janaria ez dadin hutsean erori. Txertatu dugun beste puntu bat oreka emozionala izan da, ez baitugu berdin erosten, sukaldatzen edo jaten egun ona dugunean, gogogabetuta gaudenean, haserre gabiltzanean edo beste sentipen bat dugunean. Norbaitek egun txarra badu, segur aski elikagai gozoak nahiko ditu, energia dentsitate handikoak, erraz eta azkar prestatzekoak. Garrantzitsua da oroitzea ongi jateak baduela eragina oreka emozionalean, eta horrek ez digu galarazi behar ongi jaten jarrai dezagun.

Zer esan nahi du energia balantzearen ikonoak?

Hauxe planteatzen du: gorputz osaera ona edukitzeko, lotura bat egon behar duela hartzen dugun energiaren eta gastatzen dugunaren artean. Adibidez, norbaitek konpromiso gehiago baditu eta kanpoan otordu gehiago egin behar baditu, irtenbidea izango da oinez gehixeago ibiltzea, gimnasiora egun gehiagotan joatea edo orekatuko duen elementuren bat sartzea. Ez da beharrezkoa “dietan bizitzea”, baina gehiago mugitu beharra dago gehiago jaten denean.

Sukaldean erabiltzen diren teknikak ere ageri dira, eta hori ere berria da.

Bai. Askotan ongi aukeratzen ditugu elikagaiak, baina gaizki prestatzen ditugu. Teknika bakoitzak, adibidez lurrunetan egiteak, egosteak, labean prestatzeak edo tenpurak erabiltzeak, baldintzatu egiten du elikagaien nutrizio balioa eta testura. Horretaz gain, ontziei dagokienez, nabarmentzen dugu ez dela gauza bera jakiak aluminiozko kazoletan egitea (horiek baztertu egin behar lirateke?///desechar DIO GAZTELANIAZ), edo altzairu herdoilgaitzekoetan prestatzea. Ez da gauza bera titaniozko zartaginetan frijitzea, zeinetan ez den trukerik izaten ontziaren eta jakien artean, edo beste material batzuetako zartaginetan egitea.

Elikadura arloko segurtasunaren ikuspegia ere ba al dakar piramide berriak?

Badakar, bai. Saihestu egin nahi da disruptore endokrino gisa joka dezaketen elementuen trukea gertatzea eta berdin beste elementu batzuen trukeak ere, zeinak bestelako eragin batzuk izan ditzaketen osasunean, ongi ezagutzen ez ditugunak oraindik baina susma daitezkeenak. Izozteko eta mikrouhinean berotzeko, adibidez, beirazko ontziak bakarrik erabiltzea gomendatzen dugu.

Gomendatzen al dituzue osoko elikagaiak?

Karbohidratoak osokoak izan daitezela gomendatzen dugu, baina ez hori bakarrik: ogiak eta pastak ere ale osoko irinekin eginak izan daitezela aholkatzen dugu. Batzuetan ikusten ditugu osoko ogiak, zeinak, funtsean, ogi zuriak baino ez diren, zahia eta malta pixka bat erantsita irina iluntzeko. Guk planteatzen dugu findu gabeko egiazko irinarekin egin dadila ogia, ale osokoarekin, eta berdin jokatzea pastarekin eta bigarren mailako beste produktu batzuekin ere.

Zer-nolako elikagaiak jan behar genituzke neurrian?

Alde batetik, hestebeteak eta haragi gorri eta prozesatuak. Noizbehinkakoak izan behar dute eta kalitate hobekoak. Elikagaiak prestatzeko modua ere garrantzitsua da eta baita haragiak beti begetal gordinekin laguntzea ere, adibidez entsalada batekin. Beste aldetik, hor daude gatz, azukre eta gantz ugari duten elikagai guztiak ere. Noizean behin eta zentzua erabiliz jatea gomendatzen dugu. Kalitatea ere garrantzitsua da: hobe da etxean bizkotxo bat prestatzea, eta ez opil industrialak jatea. Zenbat eta hobeto jan, hainbat eta etorkizun hobea izango dugu.