Funtsezkoa al da herritarrek dirua ematea GKEei?
Sekula baino gehiago. Administrazioek murriztu egin dituzte laguntzak, eta gure proiektuei eusteko, herritarren laguntza ekonomiko handiagoa behar dugu. Gainera, kontuan hartu behar da besteak iristen ez diren lekuan lan egiten dutela GKEek, eta kolektiborik ahulenekin, zeinak gero eta ugariago baitira.
Ez da falta dirua emateko aukerarik eta bitartekorik. Internet eta mugikorretako mezuak agertu dira orain, baina seguruak al dira?
Internet bidezko dohaintzat egiteko sistemen segurtasuna erosketak egiteko erabiltzen direnena bezalakoa da, eta bermatu egiten dute dirua behar den lekura iritsiko dela. Dohaintzak egiteko modu erraz eta arinak dira.
Horietan ere babesten al dira emaileen datu pertsonalak?
Oro har, GKEen alorrak oso zorrotz betetzen du Datuak Babesteko Legea, zeinak bermatu egiten baitu datu horien pribatutasuna eta erabilera egokia. Gainera emaileak edozein unetan alda ditzake datuak edo horien trataera.
Zer-nolako informazioa eska dezake emaileak, dohaintza bat egin ondoren?
Emaileak dirua nora bideratu nahi duen, hori errespetatzera behartuta gaude GKEak, eta gardenak izatera, gure jardueren kontu ematera eta kontu guztiak ikuskatzera. GKEek aldian behin informazioa bidaltzen diete emaileei, jardueretara gonbidatzen dituzte edo sentsibilizazio-ekimenetan parte hartzera deitzen diete. Gainera, gehienok Interneten ematen dugu gure jardueraren berri, baina zerbaiti buruz gehiago jakin nahi badute, diru-emaileek beti dute aukera erakundearekin harremanetan jarri eta hark emandakoa nora joan den jakiteko.
Zer gertatzen da web-orria ez badago eguneratua?
Bi noranzkotan dabilen komunikazio-bidea da: GKEtik gizartera eta gizartetik GKEra. Erakunde askok on line parte hartzeko mekanismoak txertatu dituzte, eztabaidaguneak edo foroak, adibidez. Baina eguneratu gabea badago edo norbaiti iruditzen bazaio garrantzizko zerbait falta duela, erakundearekin harremanetan jar daiteke.
Eta urteko memoria eskuratu nahi badu? Beharrezkoa al da argitaratzea?
Koordinadorako kide garen GKE guztiok behartuta gaude urteko memoria argitaratzera eta han gure jardueren, programen, baliabideen eta gobernu-organoen berri ematera. Gainera, garapenaren alde ari diren GKEen Jokabide-Kodearen Jarraipen-Batzordea daukagu, zeinak gaitasun zigortzailea baitu; kontabilitate-legedi berriak, berriz, derrigortu egiten gaitu, urteko kontuak eta memoria aurkeztearekin batera, Jarduera-Plan bat ere aurkeztera (jarduerak eta horien aurrekontuak agertzen dira hor). Gardentasuna da gure lanaren ardatz nagusietakoa, eta emaileekin dugun harremana.
Zeren aldekoa zara gehiago, jarraipena barnetik egiteko sistemen aldekoa edo kanpotik ikuskaritzak egitearen aldekoa?
Elkarren osagarriak dira bi prozesuak. Kanpoko kontabilitate-ikuskaritzak ohikoak dira, eta emaile handiek emandako funtsak zuritzeko arauak oso zorrotzak. Proiektuak ere ikuskatzen dira kanpotik, zer-nolako emaitzak eta eraginak izan dituzten neurtzeko, eta, aurten hasita, Koordinadorako GKEok kanpoko ikuskaritzak egin behar dizkiegu gure gardentasunaren eta gobernu onaren adierazleei.
Funts publikoak edo pribatuak sartzeak baldintzatzen al du neutraltasuna kasuren batean?
GKE baten arriskurik handiena zera da: emaile gutxi batzuengandik jasotzea funtsak, zeren baldintzatzen saia baitaitezke. Finantzaketak dibertsifikatua izan behar du eta, batez ere, emaile askorena. Orain artean, herritarrek jarritako funtsen zati handi bat administrazio publikoen bidez iristen zitzaigun, haiek kudeatzen baitituzte zergak, baina baliabide horiek murrizten ari dira, eta zuzenean jo behar dugu herritarrengana. Kanpo Arazoetarako eta Kooperaziorako Espainiako Ministerioak 1.016 milioi euro gutxiago emango ditu, eta Kooperaziorako Estatu Idazkaritza kendu egin dute. Horrek pentsarazten digu garapen arlora bideratuta dauden funtsak murriztuko dituztela gehien, eta hori oso larria da, krisiak ahulenei eragiten dielako bortitzen.
Arriskuan al dauden GKEen aurtengo proiektuak?
Bai. GKEek ahal bezainbat murrizten ditugu gastuak, baina baliabiderik ez bada, proiektuak itxi beste aukerarik ez dugu. Hori oso kezkagarria da, urritu egiten direlako hezkuntza, osasuna, elikadura edo ura edukitzeko aukerak. Horrexegatik, aurten kemen eta ardura gehiagorekin lan egin behar dugu, laguntzeko moduan daudenei babesa eskatzeko.
Beharrezkoa al da erakundeen arteko elkarlana gehiago sustatzea?
Agian, jendeak ez du jakingo, baina GKEek lan asko egiten ditugu elkarrekin, bai guk jarduten dugun lekuetan eta bai Espainian. Koordinadora bera da horren adibidea, zeinak 25 urte bete baititu, eta erkidegoetako 17 koordinadorak, non 500 erakunde baino gehiago biltzen diren. Guztiok partekatzen ditugu hainbat balio elkarrekin, besteak beste justizia soziala, baliabideen banaketa bidezkoa eta ahulenekiko elkartasuna, dauden lekuan daudela, baita parte-hartzea eta gardentasuna ere.