Maria Jesus Vega, ACNURek Espainian duen bozeramailea

"Errefuxiatuen krisia gelditzeko etorri da"

1 noviembre de 2015
Img entrevista 2 listado 253

Zergatik piztu dute munduaren arreta Siriako errefuxiatuek?

Aylan-en argazkiak, Turkiako hondartza batean itota hil zen haurraren argazkiak, gure seme-alabetako edozeinen izan zitekeenak, astindu egin ditu kontzientziak. Dagoeneko lau milioi errefuxiatu daude Siriatik kanpo eta zazpi milioi eta erdi desplazatu Siria barrenean.

Beste krisi batzuek ere beharko lukete komunikabideen arreta hori…

Azken bost urteetan, hamabost gatazka baino gehiago lehertu dira Afrikan, Asian, Ekialde Hurbilean, Europan ere bai Ukrainarekin… Azken urtean, milioi erdi pertsonak baino gehiagok ihes egin dute Hego Sudandik, 190.000k Burunditik, milioi batek baino gehiagok Yemendik, 300.000k Libiatik, ia 100.000k Birmaniatik…

Munduan zenbat pertsonak jasaten dute arazo hori?

ACNURek bere historian bildu duen zifrarik handiena da: 60 milioi errefuxiatu daude beren herrialdeetatik kanpo eta gerraren erruz herrialde barrenean desplazatuak; giza eskubideak urratuta; arraza, erlijio, politika eta genero arrazoiengatik jazarriak… Kolonbian, sei milioi desplazatu inguru daude.

Nola erantzun du Europak?

Europaren erantzuna nahiko kaskarra izan da krisi honetan, Bigarren Mundu Gerraren ostean etorri zaion handienean. Eta ez da immigrazio ekonomikoaren krisia, errefuxiatuena baizik: beren herrialdetik alde egin duten pertsonak dira, aski oinarri badutenak jazarriko dituzten beldur izateko, eta babesik gabe daudenak. Ez ditzakegu beren herrialdera itzuli, arriskuan jarriko genituzke eta. Europak aurre egin behar dio kide diren 28 herrialdeen elkartasunetik, ez herrialde bakarretik; eta are gutxiago Greziatik, non 450.000 pertsona sartu diren urtea hasi zenetik. Dagoeneko 3.000 pertsona hil dira itota, eta iaz 3.500. Izan da erantzun hoberik ere, gizartetik sortua, Europari eskatuz bete ditzala bere lege-betebeharrak.

Eta Espainiak nola erantzun du?

Espainiak ere kostata. Irailean onartu egin zuen Europako Batzordearen proposamena, hurrengo bi urteetan 16.000 errefuxiatu hartzeko. Garrantzitsua da Italian eta Grezian integrazio gaitasuna sendotzea, erregistro eta harrera zentroekin, beste herrialde batzuetarako bidean jarri bitartean. Baina ez du izan behar aldi baterako kontua, krisi hau gelditzeko etorri baita. Jende gehiago etorriko da gero ere.

Ez datoz Siriatik bakarrik…

Hala da. Greziako eta Italiako itsasertzera heltzen den jendea Iraketik dator, Afganistandik, Eritreatik, Afrika Erdiko Errepublikatik, Hego Sudandik, Somaliatik… Turkiak bi milioi errefuxiatu ditu dagoeneko. Eta haien egoera okertzen ari da, giza laguntza ematen dugun erakundeek ez dugulako jasotzen behar adina bitarteko.

Zer-nolako bitartekoak falta dira?

ACNUR behartuta dago giza laguntza ematera eta beste erakunde batzuekin koordinatzera, baina orain dela hilabete, Siriako krisiarentzat behar zuen finantzaketaren %37 baino ez zeukan. Maila globalean, ez da iritsiko %45era. Jendea egoera dramatikoan uzten dugu janaria murrizten diegunean, edo mediku arreta, estalpea, laguntza psikologikoa, heziketa… Ez genuen pentsatzen Afrikako, Ekialde Hurbileko eta abarretako errefuxiatu eremuetan bezala lan egin beharko genuenik Europan.

Erakundeetako arduradunen aurretik al doa gizartea?

Bai, politikak markatuz eta elkartasun lezioak emanez. Eta jarraitu egiten du, Grezian adibidez, non egunero 6.000 pertsona heltzen diren Egeo itsasoko uharteetara. Espainian ere ikusgarria izaten ari da erantzuna. Baina behar-beharrezkoa dena lege bideak dira, bisa humanitarioak eta, ikasleentzat, familiak berriz elkartzeko eta kokatzeko programak, eta abar. Ez genuke ikusi behar jendea hil egiten dela Europaren ateetan eta ez beste inon. Askok legez sartu nahi izan dute, baina mafien eskuetan bukatu dute, horiek dira-eta erantzun bateratu bat ez emateari onura gehien ateratzen diotenak.

Nola lagundu dezakegu?

Errefuxiatu bat orain etxean hartzea ez da ideiarik onena, gerra baten izugarrikeriak bizi berri dituzte eta. Profesionalei dagokie, eta erakundeen bidez bideratu behar da. Hemen daudenek ere laguntza behar dute. Harreraguneetan ez dago behar adina leku, errefuxiatuei arreta eskaintzeko aurrekontuak ez dira igo azken hiru urteetan, nahiz eta eskariak bikoiztu. Jende bat bazterkeria eta txirotasun egoeran bizi da. Laguntza ekonomikoa emateko, 902 218 218 telefonora dei dezakete edo gure webgunean sartu (www.acnur.es), edo giza laguntza ematen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan aritu, jarrera arrazistak edo xenofoboak moztu…

Zer esango zenieke krisi honen aurrean elkartasunez jokatzen ez dutenei?

Aurreiritziak dituen jende asko dago, integrazioa zaildu egiten duena. Errefuxiatuak gaitasun handiko jendea dira, beren etxeetatik alde egiteko adorea izan dute, gerra bati ihes egitekoa, aldean zeramatenarekin. Gu bezalakoak dira, kendu egin diete askatasuna eta ihes egiten diote bortizkeriari, horiek ez dira terroristak. Beraz, esango nieke emeten dieten tratua izan dadila besteek eurei ematea nahi luketena bezalakoa.