Alberto Morano, SEME Medikuntza Estetikoko Espainiako Elkarteko kidea eta komunikazio arduraduna.

"Egungo legediarekin, edozein enpresaburuk eros dezake laser bat eta osasun arlokoa ez den langile bat jar dezake depilatzen"

1 julio de 2015
Img entrevista listado 1035

Behin betiko depilazioa behin betikoa al da egiaz?

Depilazio iraunkorra esan behar genuke. Horrek esan nahi du, zenbait saio egoki egin ondoren, ez dela ilerik sortuko zenbait urtetan. Eta saio kopuru hori zenbait faktoreren araberakoa da: larruazalaren kolorea, ilearen kolorea eta loditasuna, larruazalak duen melanina kantitatea, eta abar. Kausa hormonalen eraginik ez duten guneetan, aski izango lirateke 5-6 saio depilazio egoki bat lortzeko. Hormonen eraginaren mende dauden guneetan, baliteke dezente saio gehiago behar izatea.

Zenbat hobetu dira depilatzeko teknikak azken urteetan?

Aurrerapena ikusgarria izan da. Hasi ginean, orain dela ia hogei urte, laserrak nahiko oinarrizkoak ziren, mingarriak eta mantsoak, eta aurrez ez zitekeen jakin zer gertatuko zen. Paziente batzuei emaitza ona ematen zien eta beste batzuei ez. Gaur egun, laserrak seguruagoak dira, nahi gabeko ondorio gutxiago dituzte, ez dira mingarriak eta, batez ere, orain askoz hobeki dakigu zer gertatuko den. Gainera, orain ditugun laser batzuekin ez dago udan tratamendua zertan eten. Eguzkia hartzen jarraitu daiteke, neurrian betiere.

Zer-nolako aldea dago argi pultsatuaren eta laserraren artean?

Biak dira fotodepilazioko sistemak, hau da, argiaren bidez depilatzekoak. Uhin luzera eta argi sistema aldatzen dira. Laserrak oso zehatzak eta doiak dira. Gaitasuna dute inguruko ehuna babesteko eta “jopuntua” bakarrik berotzeko; kasu honetan, ilea eta haren ile folikulua. Argi Pultsatu Bizia darabilten sistemak (IPL ingelesez) ez dira hain zehatzak, baina, aldi berean, balioaniztunak dira, argi mota asko erabiltzeko aukera ematen dute eta.

Zer hartu behar dugu kontuan tratamendu bat hasi aurretik?

Tratamenduaren emaitza optimizatzeko, pazienteak ez du argizariarekin edo pintzekin depilatu behar saioa hasi aurreko hiru edo lau asteetan, eta ilea tiratuz ateratzeko beste ezin sistema ere ez du erabili behar. Ileak beti larruazalaren mailan egon behar du. Egunean bertan edo aurreko egunean, pazienteak moztu egin behar ditu zangoetako biloak. Segurtasuna handiagoa izan dadin, ez da komeni aurreko egunetan eguzki asko hartu izatea eta saihestu egin behar dira ileari kolorea kentzeko kremak. Garrantzitsua da medikuari jakinaraztea zer-nolako sendagaiak hartzen ari garen, batzu-batzuek fotosentiberatasuna sor baitezakete eta nahi gabeko ondorioren bat eragin.

Izaten al da arriskurik?

Laserrak oso konplexuak dira, eta esku trebatuek erabili behar dituzte. Oso emaitza egokia eman dezakeen bezala, gerta daiteke nahi gabeko ondorio larriak sortzea ere. Erredurak izaten dira larrienak, hiperpigmentazioak edo hipopigmentazioak. Edonola ere, tratamendu horiek ematen ari den adituak irtenbidea eman diezaieke une jakin batean sor daitezkeen nahi gabeko ondorio horiei.

Nola saihestu daitezke?

SEMEko espezialistek azpimarratzen dute medikuntza arloko profesionalek erabili behar dutela laser medikoa. Horretarako, araudi egokiak onartu behar lirateke, segurtasun baldintzarik onenak bermatzeko.

Zer egin daiteke intrusismo profesionala geldiarazteko?

Legedi argi bat behar da, erabilera medikoa duten laserren eta horien erabilera eremuen ingurukoa. Tratamendu mediko bat, tratamendu mediko gisa ematen dena, ez litzateke egin behar gimnasia ere egiten den zentroetan, edo ilea ere mozten duten zentroetan edo lentzeria ere saltzen dutenetan. Egungo legediarekin, edozein enpresaburuk eros dezake laser bat eta osasun arlokoa ez den langile bat jar dezake depilatzen.

Publizitateak esaten du behin betiko depilazioa metodo kaltegabea dela, eta ile-apaindegietan eskaintzeak, adibidez, horixe pentsarazten digu. Zuk zer diozu?

Tratamendu batek eraginkortasun egiazkoa, objektiboa eta frogagarria du, aldaketa jakin batzuk sortzen dituelako tratamendu hori ematen den tokian. Aldaketa horiek ez baditugu zuzentzen dagokion tokira, behar bezalako neurriak hartuta, kontraindikazioen zalantzak argituko dizkigun informazioarekin eta historia klinikoarekin, onuragarria izan daitekeen bezala izan daiteke oso kaltegarria ere. Hortaz, sor daitezkeen arazoei aurre egiteko eta irtenbidea emateko gai den arduradun bat egon behar du, gutxienez.

Tratamendurik garestiena al da beti onena?

Teknologia garestia da. Tratamendu ona, segurua eta fidagarria emateak kostu bat dauka. Badira oso eskaintza merkeak, baina ikertzen hasten zarenean, ikusten duzu zalantzazkoak direla kalitatea eta eraginkortasuna. Txinako merkatuak Europa hartu du eta prezio barregarrietan eskaintzen ditu laserrak, baina non eginak diren ikusten duzunean, joan egiten zaizu horiek erosteko gogoa. Hala ere, jende bat erori egiten da eta tratamendu batek duen kostuaren azpitik dabiltzan prezioak eskaintzen ditu zenbaitetan. Ni ez nintzateke ausartuko tratamendu horiek hartzera.

Kalterik egin al diezaiokegu geure buruari behin betiko depilazioko etxetresnekin?

Ez, baina emaitza handirik ere ez dugu lortuko. Horiek biloa ahuldu egiten dute desagerrarazi baino gehiago, eta gero laser bat egin nahi badugu guztiz depilatzeko, ileak ez du izango behar adinako funtsik laserraren energia xurgatzeko. Galdu egingo dugu eraginkortasuna.